Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

132. zk., 2006ko uztailaren 12a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Saila
3605

EBAZPENA, 2006ko ekainaren 27koa, Ingurumen sailburuordearena, Aguraingo udalerrian, Agurain Energías Renovables, S.L. enpresak sustatzen duen instalazio fotovoltaikoa egiteko proiektuak ingurumenean duen eragina ebaluatzeko azterlana jendaurrean jartzen duena.

Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumena Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 41. artikuluak ezarritakoari jarraituz, Euskal Autonomia Erkidegoaren esparruan gauzatu nahi diren plan eta proiektuek (publiko zein pribatu izan) ezinbestekoa izango dute ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioa, baldin eta lege horren I. eranskinean jasota badaude.

Ingurumen organo honetan izapideak hasi dira Agurain udalerrian, Agurain Energías Renovables, S.L. enpresak sustatutako instalazio fotovoltaikoa egiteko proiektuak ingurumenean duen eragina ebaluatzeko. Proiektua otsailaren 27ko 3/1998 Legearen I.B eranskinean jasota dagoenez, ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioari buruzko ekainaren 28ko 1302/1986 Legegintzako Errege Dekretuak eta xedapen hori garatzeko Arautegia onartzen duen irailaren 30eko 1131/1988 Errege Dekretuak aurreikusitako jardunbidea bete behar da eta, ondorioz, aipatutako arautegiaren 17. artikuluan finkatutako 30 eguneko epean jarri beharko da jendaurrean.

Ondorioz, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean xedatutakoari atxikiz, honako hau

EBATZI DUT:

1. artikulua.– Aguraingo udalerrian, Agurain Energías Renovables, S.L. enpresak sustatzen duen instalazio fotovoltaikoa egiteko proiektuak ingurumenean duen eragina ebaluatzeko azterlana jendaurrean jartzea, ebazpen hau EHAAn argitaratzen den hurrengo egunetik hasi eta 30 egun balioduneko epean. Epe horretan bidezko iritzitako arrazoibideak aurkeztu ahal izango dira.

2. artikulua.– Aurreko artikuluan aurreikusitakoa betetzeko, proiektuak ingurumenean duen eragina ebaluatzeko azterlana Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Saileko Ingurumenaren Plangintza, Ebaluazio eta Kontrolerako Zuzendaritzan egongo da eskuragarri (Donostia kalea 1, 2. solairua, Vitoria-Gasteiz).

Halaber, aipatutako dokumentua hiritarren eskura izango da Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Saileko web orrialdean (www.ingurumena.ejgv.euskadi.net).

Era berean, adierazitako dokumentazioa hiritarrek errazago eskura dezaten, proiektuak ingurumenean duen eraginaren azterlana Aguraingo Udalari bidaliko zaio, horrek espedientea erakusteko, jendaurrean jartzeko epean.

Vitoria-Gasteiz, 2006ko ekainaren 27a.

Ingurumen sailburuordea,

IBON GALARRAGA GALLASTEGUI.


Azterketa dokumentala