Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

132. zk., 2006ko uztailaren 12a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Saila
3601

EBAZPENA, 2006ko martxoaren 21ekoa, Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Saileko Zerbitzu zuzendariarena, SD3-02044/02 espedientean Manuela Garmendia Romero andreak aurkeztutako gora jotzeko errekurtsoa ebazten duena.

AURREKARIAK:

1.– Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuaren 2005eko apirilaren 15eko Aginduaren bitartez, EB3-1231/04-LC espedientearen babespean, hasiera eman zitzaion Errenteria Udalerriko Larzabal-Arragua (1., 2., 3., 4. eta 5.) aldean babes ofizialeko 120 etxebizitza esleitzeko administrazio-prozedurari. Agindu hori 2005eko maiatzaren 27an argitaratu zen Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian. Etxebizitzok arauzko baldintzak ondoen betetzen zituzten eskatzaileei emango zitzaizkien.

2.– 2005eko urriaren 10ean egin zen 120 etxebizitzak esleitzeko zozketa eta 35 urtetik beherakoen kupoan Manuela Garmendia Romero eta José Miguel Zudaire Villegasek egindako eskaria aukeratua suertatu zen.

3.– 2005eko azaroaren 21ean Gipuzkoako lurralde-ordezkariak emandako ebazpenaren bitartez Manuela Garmendia eta José Miguel Zudaire Villegasen esleipena bertan behera utzi zen ez zutelako etexebizitza-ezaren eskakizuna betetzen.

Ebazpen hori ezin izan zen jakinarazi 2006ko urtarrilaren 19ra arte, jaso izanaren agiriaren arabera, ezin izan zelako jakinarazpena entregatu Etxebideko inskripzio-eskarian adierazitako helbidean.

4.– 2006ko otsailaren 17an, ebazpenarekin bat ez zetorrela-eta, Manuela Garmendia Romero andreak gora jotzeko errekurtsoa jarri zuen aipatu ebazpenaren aurka. Alegatu zuen 2006ko urtarrilaren 12an dibortzio-epaia eman zela eta hitzarmen arautzailearen arabera familia-etxebizitzaren erabilera berari esleitu zaiola. Hori dela eta, etxebizitzaren premiaren inguruko egoerei buruzko 2002ko abenduaren 30eko Aginduan xedatutakoaren arabera, eskatzen du etxebizitza bere ezkontide ohiari esleitzea, hark ez baitu etxebizitzarik.

Aurrekari horiek oinarri hartuz, honakoak azaltzen dira:

ZUZENBIDEKO OINARRIAK:

1.– Sail honetako Zerbitzu zuzendaria da errekurtsoa ebazteko eskumena duena, horrela xedatzen baita Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailaren egitura organikoa ezartzen duen otsailaren 12ko 40/2002 Dekretuan. Errekurtsoa, nolanahi ere, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean aurreikusitakoari jarraituz aurkeztu da.

2.– Errekurtsogileak interesduna dela egiaztatzen du, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 31. artikuluan ohartemandakoaren ondorioetarako, eta errekurtsoa lege horren 114. eta 115. artikuluetan finkatutako epean eta moduan aurkeztu da. Artikulu horiek urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatu zituen.

3.– Bestalde, babes ofizialeko etxebizitzen erregimenari eta etxebizitzaren eta lurzoruaren inguruko finantza-neurriei buruzko abenduaren 30eko 315/2002 Dekretuaren 16. artikuluak xedatzen duenaren arabera, babes ofizialeko etxebizitza baten esleipenaren onuradun izateko baldintza izango da, besteak beste, bizikidetza-unitateko kideetatik inork etxebizitzarik ez izatea, ez jabetzan, ez jabetza soilean, ez azalera-eskubidean, ez gozamenean, esleipen-prozedurari hasiera emango dion Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuaren Agindua argitaratu baino bi urte lehenagotik, eta egoera horretan egon behar du harik eta salerosketaren eskritura publikoa egiten den arte.

Eskuartean dugun kasuan, espedientean dauden agirietan

ikusten da 2004ko irailaren 14an eskatzaileek etxebizitza bat erosi zutela salerosketa-titulu bidez Errenteriako udalerrian. Beraz, ez dute betetzen etxebizitza-ezaren eskakizuna, Errenterian 120 etxebizitza esleitzeko Agindua argitaratu aurreko bi urteetan etxebizitza baten titular baitziren; are gehiago, zozketa egin zenean ere bazuten etxebizitza.

Azaldutako oinarriak, aipatutako legezko xedapenak eta horiekin bat datozen eta osagarri diren gainontzeko xedapen aplikagarriak ikusita, hauxe

EBATZI DUT:

2005eko azaroaren 21eko Gipuzkoako lurralde-ordezkariaren ebazpenaren aurka Manuela Garmendia Romero andreak aurkeztutako gorako errekurtsoa ezestea. Ebazpenak, Errenterian Visesak sustatutako babes ofizialeko 120 etxebizitza esleitzeko prozeduran Manuela Garmendia Romero andreari egindako esleipena bertan behera uzten du —EB3-01231/04-LC espedientea—. Ebazpena, bere hartan geratzen da Zuzenbidearekin bat datorrelako.

Ebazpen honek administrazio-bidea amaitzen du; hala ere, Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Donostia-San Sebastiángo Administrazioarekiko Auzietako dagokion Epaitegian. Horretarako epea ebazpen hau jakinarazten den egunaren biharamunean hasi eta bi hilabetekoa izango da.

Vitoria-Gasteiz, 2006ko martxoaren 21a.

Zerbitzu zuzendaria,

MIKEL ARANA ECHEZARRETA.


Azterketa dokumentala