Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

132. zk., 2006ko uztailaren 12a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
3598

EBAZPENA, 2006ko ekainaren 28koa, Merkataritza eta Kontsumo sailburuordearena. Honen bitartez, 2006ko ekitaldirako Euskal Autonomia Erkidegoko txikizkako udal merkatuei zuzendutako diru laguntzen deialdia argitaratzen da. Merkatariek berek edo beren erakunde ordezkariek bultzatuta merkatu horietan egiturazko aldaketak egitearren emango dira diru laguntzak.

Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuaren 2003ko ekainaren 25eko Aginduaz, (EHAA, 137. zenbakia, 2003ko uztailaren 14koa) Euskal Autonomia Erkidegoko txikizkako udal merkatuei zuzendutako diru laguntzen emakida arautu da, merkatu horietan egiturazko aldaketak egin ditzaten, merkatariek berek edo beren erakunde ordezkariek bultzatuta.

Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuaren 2006ko ekainaren 16ko Aginduak aldatu du agindu hori.

Laguntza horiek ematera bideratutako ekonomia baliabideek iturburu hau dute: 2006ko ekitaldian Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan horretarako ezarritako aurrekontu partidak (ekitaldi honetarako, abenduaren 29ko 5/2005 Legeaz arautuak).

2003ko ekainaren 25eko Aginduko 14. artikuluan ezarritakoari jarraituz, egoki da han ezarritako laguntzetarako 2006ko ekitaldiko deialdia egitea, beharrezko arauak emanez.

Horregatik guztiagatik, agindu horretako 14. artikuluan emandako ahalmenaz baliatuz,

XEDATU DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Ebazpen honen xede da, Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuaren 2003ko ekainaren 25eko Aginduan (Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuaren 2006ko ekainaren 16ko Aginduak aldatua) araututako laguntzen 2006ko ekitaldirako deialdia egitea. Euskal Autonomia Erkidegoko txikizkako udal merkatuei zuzendutako diru laguntzak dira, merkatariek berek edo beren erakunde ordezkariek bultzatuta merkatu horietan egiturazko aldaketak egitekoak.

Xede horretara, guztira 1.200.000,00 euro bideratuko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko 2006. urterako Aurrekontu Orokorretan gai horretarako ezarritako aurrekontu kredituan ageri denez.

Deialdi honen barruan eskainiko diren laguntzen guztizko zenbatekoak ezingo du gainditu artikulu honetan ezarritako kopurua, ez eta artikulua eguneratzean ezartzen dena ere, indarrean dagoen legedian xedatutako kreditu loturaren araudiari nahiz aurrekontuak aldatzeko araudiari jarraikiz. Ez da bidezkoa izango, beraz, kopuru hori agortzean laguntza gehiago eskaintzea; hala, bada, une horretatik aurrera, bertan behera geratuko da xedapen honen eragina. Bi egoera horietakoren bat gertatuz gero, horren berri zabalduko da, Merkataritza eta Kontsumo sailburuordearen ebazpenaren bidez.

2. artikulua.– Betekizunak.

Eskatzaileek Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuaren 2003ko ekainaren 25eko Aginduan (Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuaren 2006ko ekainaren 16ko Aginduak aldatua) ezarritako laguntzak jaso ahal izateko, agindu horretako 4. artikuluan ezarritako betekizunak bete beharko dituzte.

3. artikulua.– Eskabideak eta epea.

1.– Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Sailaren lurralde bulegoetan daude eskuragarri eskaera eredua eta formularioak, bai eta Interneten ere, <www.euskadi.net/comercio> helbidean.

2.– Eskabideak eta gainerako agiri osagarriak Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Sailari zuzendu beharko dizkiote. Eskabide eta agiri horiek lurralde historikoko Industria, Merkataritza eta Turismoko lurralde bulegoan aurkeztu ahal izango dituzte; edo, bestela, 30/1992 Legeko 38.4 artikuluan (Administrazio Publikoen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legea, azaroaren 26koa) zehaztutako lekuetan.

3.– Deialdiaren ebazpen hau argitaratu eta biharamunean hasiko da eskabideak aurkezteko epea, eta 2006ko irailaren 15ean amaituko da.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean deialdi ebazpen hau.

Bigarrena.– Ebazpen honen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango da, Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuari aurkeztuta. Horretarako epea hilabetekoa izango da, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

Vitoria-Gasteiz, 2006ko ekainaren 28a.

Merkataritza, Kontsumo eta Industria

Segurtasuneko sailburuordea,

RODRIGO GARCIA AZURMENDI.


Azterketa dokumentala