78. zk., 2006ko apirilaren 25a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
Bestelako Xedapenak
Ogasun eta Herri Administrazio Saila
Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
2139
77/2006 DEKRETUA, apirilaren 11koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari Bilbao Exhibition Centre, SA sozietatearen kapital-gehikuntzan parte hartzeko baimena ematen diona.
Euskal Autonomia Erkidegoaren parte-hartzea Bilbao Exhibition Centre, SA sozietatea burutzera doan kapital-gehikuntzan, 2002ko ekainaren 6an Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak eta Bizkaiko Foru Aldundiak Ansion (Barakaldo) erakustazoka berria garatzeko eta EITBren egoitza Bilbon kokatzeko izenpetutako lankidetza-hitzarmenean ezartzen da. Ondoren, lankidetza-hitzarmen hori 2002ko urriaren 30ean Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak eta Bilbao Exhibition Centre, SA sozietateak izenpetutako beste hitzarmen batek garatu du.
Aipatu hitzarmen horien ondorioz, Ansioko (Barakaldo) Erakustazoka eraikitzeko finantzaketa burutzeko, Bilbao Exhibition Centre, SA sozietateak erabakitako kapital-gehikuntzetan Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak 12.020.242 euroko urteko ekarpena egiteko konpromisoa hartzen du akzio-harpidetzaren bidez.
Euskadiko Ondareari buruzko uztailaren 27ko 14/1983 Legearen 44.1 artikuluan xedatzen denez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak edozein eratako sozietateak sortzeko eta horietako partaidetzak erosteko baimena eman beharko da dekretu baten bidez, Ekonomia eta Ogasun sailburuak eta enpresa menpe duen saileko sailburuak elkarrekin proposatuta.
Ondorioz, Ogasun eta Herri Administrazio sailburuaren eta Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuaren proposamenez, Jaurlaritzaren Kontseiluak 2006ko apirilaren 11n egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe
XEDATU DUT:
1. artikulua.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari baimena ematea Bilbao Exhibition Centre, SA sozietateko Akziodunen Biltzar Nagusiak erabakitzen duen kapital-gehikuntzaren hamabi milioi hogei mila berrehun eta berrogeita bi euroko (12.020.242 euro) harpidetza egiteko. Halaber, baimena ematen zaio aipatu batzarrak ezarritako epeetan eta moduan egiteko ordainketa.
2. artikulua.– Ogasun eta Herri Administrazio Saileko Ondare eta Kontratazio zuzendariari ahalmena ematea aurreko artikuluan xedatutakoa burutzeko beharrezkoak diren ekintzak gauzatzeko eta agiriak izenpetzeko.
AZKEN XEDAPENA
Dekretu hau onartzen den egunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteizen, 2006ko apirilaren 11n.
Lehendakaria,
JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.
Ogasun eta Herri Administrazio sailburua,
IDOIA ZENARRUTZABEITIA BELDARRAIN.
Industria, Merkataritza eta Turismo sailburua,
ANA AGUIRRE ZURUTUZA.