76. zk., 2006ko apirilaren 21a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
Bestelako Xedapenak
Kultura Saila
2078
EBAZPENA, 2006ko martxoaren 21ekoa, Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordearena, Leaburuko (Gipuzkoa) Ubillots baserria monumentu izendapenaz, Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Orokorrean sartzeko espedienteari hasiera eman, eta jendaurrean jarri eta interesdunei entzuteko dena.
Euskal Autonomia Erkidegoak, Konstituzioaren 148.1.16 eta Estatutuaren 10.19 artikuluen babesean, eskumen osoa bereganatu zuen Kultura Ondarearen gaiari dagokionez. Aipaturiko eskumen horretaz baliatuz, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legea onartu zen, kultura-interesa duten Euskal Autonomia Erkidegoko ondasunak deklaratzeko prozedurak arautzen dituena.
Leaburuko Ubillots baserriak daukan kultura-interesa azterturik, eta Kultura Ondarearen Zentroko Zerbitzu Teknikoek aurkezturiko Ebazpen Proposamenari jarraituz, honako hau
EBATZI DUT:
Lehenengoa.– Leaburuko (Gipuzkoa) Ubillots baserria monumentu izendapenaz, Euskal Kultura Ondarearen Zerrendan sartzeko espedienteari hasiera ematea, I. eranskineko mugaketarekin eta II eranskineko deskripzioarekin bat etorriz.
Bigarrena.– Leaburuko Ubillots baserria Euskal Kultura Ondarearen Zerrendan sartzeko espedientea jendaurrean jartzea, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik hasi eta 20 eguneko epean alegazioak egin eta egokitzat jotzen diren agiriak aurkeztu ahal izateko, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen 84 eta 86 artikuluetan oinarrituz. Aipaturiko espedientea Vitoria-Gasteizko Donostia-San Sebastián kaleko 1. zenbakian dagoen Euskal Kultura Ondarearen Zentroan dago ikusgai.
Hirugarrena.– Ebazpen hau interesdunei, Leaburuko Udalari, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Hirigintza Sailei eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailari jakinaraztea, jakinarazpena egin eta 15 eguneko epean alegatu eta egokitzat jotzen dituzten agiriak eta frogagiriak aurkeztu ahal izateko.
Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, jende guztiak ebazpen horren berri izan dezan.
Vitoria-Gasteiz, 2006ko martxoaren 21a.
Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordea,
GURUTZ LARRAÑAGA ZUBIZARRETA.
I. ERANSKINA
Mugaketa
a) Mugaketaren eremua.
Mugaketak eraikina bera eta haren ingurumaria hartzen ditu. Horrenbestez, eremuak muga hauek ditu: N-ra, 14 m-ko zerrenda bat, fatxadarekiko paraleloan; E-ra, 20 m-ra dagoen lerro bat, fatxadarekiko paraleloan; S-ra, 20 m-ra dagoen lerro bat, fatxadarekiko paraleloan; W-ra, ondoko landa-bideko areka hurbilena, gertuenik 18 m-ra eta urrutienik 21 m-ra dagoena (eranskinak aintzat hartu gabe).
b) Mugaketaren justifikazioa.
Proposatzen den mugaketa justifikatzen da Ubillots baserriko ingurumariko ingurumen-balioak eta ikuseremua babestu behar direlako, nekazaritzagune bakartu batean baitago. Inguruaren mugaketak –beharrezkoa baita ondarea behar bezala babesteko eta balioesteko– zera dakar, baserriaren ondoko inguruak ere babestea, alegia, inguruko lurrak eta baserrirako sarbidea, horrela baserriaren bereizgarritasunak kontserbatzeko. Hori dela eta, mugaketak ez du soilik baserriaren eraikina hartzen, ezpada ere haren ingurumaria.
II. ERANSKINA
Deskribapena
Baserria Leaburuko herrigunetik W-ra dago, malda handiko harkaitz-muino batean. Oinplano karratua du, 12 m x 12 m-koa, bi isurkiko estalki zurezkoa, zeinaren gailurra fatxada nagusiarekiko perpendikularra baita.
Bi solairu, ganbara handi bat eta soto bat ditu. Kokalekua oso aldatsua denez, S-ko soto handiko hormak harlanduxkoz eta harlangaitzez eginak dira. Horien gainean bermatzen da zurezko egitura osoa, zuloak harlagaintzez zarpiatuak eta kanpotik kareztatuak dituena, eta E-ko fatxada nagusitik eta S-ko fatxadatik bilbadurak ikusgai dituena. N-ko fatxada ia ez da existitzen, desnibela dela eta. W-ko fatxada estalia dago guztiz, hainbat tamaina eta garaitako eranskinek zeharkatzen dutelako. E-ko fatxadan, sotorako pasabidea ez ezik, zurezko bastidorea eta bi orriko atea dituen sarbide-baoa ere dago. Fatxada honetan zortzi leihozulo ezberdin irekitzen dira, zurezko markodunak, bilbaduren arteko zuloak baliatuz. S-ko fatxada oso altua da, desnibelaren kariaz. Sotoan zenbait bao ditu, eta beste sei leihozulo zurezko bilbaduren arteko zuloak baliatuz.
Barrualdetik, baserriari zurezko zortzi zutoin pieza bakarrekok eusten diote; horietatik lau pilare bikoitzak dira eta baserriko dolare gotikoa osatzen dute. Estalkiaren egiturak gailur bikoitza du. Bizitokia baserriaren S-aldean dago: sukaldea behe-solairuan eta gelak lehenengo solairuan. Sukalde zaharra behe-solairuko SW-an zegoen; beheko sua zuen erdialdean, baina desagertua dago.
W-ko fatxadako hiru eranskinak eta estalpeak ez dira monumentuan sartzen.