Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

76. zk., 2006ko apirilaren 21a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Saila
2075

EBAZPENA, 2006ko martxoaren 8koa, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuordearena. Honen bidez, abenduaren 23ko 329/2003 Dekretuan –enplegurako laguntzak arautzen dituena– aurreikusitako laguntzak emateko 2006an ezarritako kredituen guztizko zenbatekoa jakinarazten da.

Abenduaren 23ko 329/2003 Dekretuak –enplegurako laguntzak arautzen dituena– zenbait jarduera-ildori ekiten dio, lan-merkatuan sartzeko zailtasun handienak dituzten kolektiboak, kontrataziorako laguntzen bidez, laneratzen laguntzeko, lanpostuen zerrendak berritzeko, lanerako denbora banatzeko, toki eremuan enpleguko eta prestakuntzako programak gauzatzeko, eta lana eta familia bateragarri egiteko, betiere enpleguaren kantitatea eta kalitatea hobetzen laguntze aldera.

Irailaren 13ko 239/2005 Dekretuaren bidez, enplegurako laguntzak arautzen dituen Dekretua aldatu zen, laguntzen kudeaketa hobetzeko zenbait zuzenketa sartzeko eta Dekretuan aurreikusitako helburuak lortzeko, baita legezko egokitzapenak egiteko ere, esate baterako, otsailaren 18ko 4/2005 Legeko –Gizonen eta Emakumeen arteko berdintasunarena– azken xedapenetatik seigarrenak sartutako aldaketari buruzkoa.

Abenduaren 23ko 329/2003 Dekretua iraupen mugagabeko araua da, intenporala, eta honako ebazpen honen bidez publizitate-printzipioa bete nahi da; printzipio hori abenduaren 23ko 329/2003 Dekretuko 58.3. artikuluan arautzen da, han ezartzen baita Lan eta Gizarte Segurantza sailburuak, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian ekitaldi ekonomiko bakoitzeko lehenengo hiruhilekoan argitaratuko den ebazpenaren bidez, urtero jakinaraziko duela dekretuan aurreikusitako laguntza-lerroak finantzatzeko esleitutako kredituen guztizko zenbatekoa, edo, hala balegokio, azken horiek gaurkotzearen ondorioz ateratzen den zenbatekoa.

Abenduaren 23ko 329/2003 Dekretuko 60.1. artikuluan ezarrita dagoenez, aipatutako dekretuaren xedea betetzeko ezarritako diruzko baliabideak Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorretan, edo aurrekontu-izaerako arauetan, lege-mailakoetan, propio ezarritako kredituetatik aterako dira.

Horren ondorioz, abenduaren 29ko 5/2005 Legea, Euskal Autonomia Erkidegoaren 2006ko ekitaldirako Aurrekontu Nagusiak onartzen dituena, onartu denez, honako hau

EBATZI DUT:

Lehenengoa.– Abenduaren 23ko 329/2003 Dekretuko –enplegurako laguntzak arautzen dituena– II. eta V. kapituluen bitartean aurreikusitako laguntza-lerroak, Enpleguaren 32110 azpiprogramaren kontura, finantzatzeko, 2006ko aurrekontu arruntean eta zenbait urtetarakoetan (2007, 2008, 2009 eta 2010ekoak) ezarritako kredituen guztizko zenbatekoa jakitera ematea; guztira: 19.884.018,00 euro.

Bigarrena.– Abenduaren 23ko 329/2003 Dekretuko –enplegurako laguntzak arautzen dituena– VI. kapituluan aurreikusitako laguntza-lerroak, 31242 Familiaren azpiprogramaren kontura, finantzatzeko, 2006ko aurrekontu arruntean eta zenbait urtetarakoetan (2007, 2008 eta 2009koak) ezarritako kredituen guztizko zenbatekoa aditzera ematea; guztira, 16.175.000,00 euro.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Ebazpen honek ez du amaitzen administrazio-bidea, eta, azaroaren 26ko Legeko –Administrazio Publikoen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearena– 107. eta ondorengo artikuluak aplikatuta, haren kontra badago gora jotzeko errekurtsoa aurkeztea Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuari, hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den biharamunetik kontatzen hasita.

Bigarrena.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera izango du indarra erabaki honek.

Vitoria-Gasteiz, 2006ko martxoaren 8a.

Lan eta Gizarte Segurantza sailburuordea,

JUAN JOSÉ LOROÑO DOISTUA.


Azterketa dokumentala