59. zk., 2006ko martxoaren 24a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
Bestelako Xedapenak
Kultura Saila
1578
EBAZPENA, 2006ko otsailaren 17koa, Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordearena, aurri espedientean den Azkoitiko Kale Nagusiko 80. zenbakidun higiezina, kultura-ondasun izatetik kentzeko espedienteari hasiera emateko, jendaurrean jartzeko eta interesdunei entzuteko dena.
Euskal Kultura Ondarearen uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 36. artikuluan ezarritakoaren arabera (157. zenbakiko EHAA, abuztuaren 6koa), ez dago sailkatutako edo zerrendatutako kultura-ondasunik botatzerik, baldin eta aldez aurretik euren aurri-egoera adierazi ez bada eta dagokion Foru Aldundiak eraisteko baimenik eman ez badu. Era berean, derrigorrezkoa izango da Eusko Jaurlaritzak sailkatutako kultura-ondasun izatetik kentzeari buruzko baimena aldez aurretik ematea.
Aipatutako araudia garatzeko honako dekretu hau eman zen: 306/1998 Dekretua, azaroaren 10ekoa, sailkatutako eta zerrendatutako kultura-ondasunen aurri-egoeraren deklarazioari buruzkoa eta berauek eraisteko erabakiaren aurretik eta ondoren egin beharrekoei buruzkoa (226. zenbakiko EHAA, azaroaren 26koa).
Azkoitiko Udalak Euskal Kultura Ondarearen Zentroari 2005eko uztailaren 11n Azkoitiko hirigune historikoan den Kale Nagusiko 80. zenbakian den higiezinaren aurri-deklarazioaren espedientearen kopia igorri zion, eta aipatutako 306/1998 Dekretuari jarraituz desafektatzeko espedienteari hasiera emateko eskatu zuen.
Izan ere, urtarrilaren 25eko 17/2005 Dekretuaren arabera higiezina babesteko elementu bat da; izan ere, dekretu horren bitartez, Azkoitiko (Gipuzkoa) Hirigune Historikoa Kultura Ondasun gisa Monumentu Multzo izendapenaz kalifikatu zen eta hura zaintzeko babes arauak ezarri ziren (otsailaren 4ko EHAA, 24. zk.).
Zerbitzu Teknikoen txostenak, aurri egoeraren espedientea eta izan diren ekintzak ikusirik, Euskadiko Monumentuen Ondare Arkitektonikoaren Aholku batzordeak 2005eko azaroaren 8an egindako batzarrean Azkoitiko Kale Nagusiko 80. zenbakidun higiezina partzialki desafektatzea erabaki zuen.
Euskal Kultura Ondarearen Zentroko zerbitzu teknikoek aurkeztutako Erabaki Proposamena aztertu ondoren eta Euskal Kultura Ondarearen uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 36. artikuluan eta azaroaren 10eko 306/1998 Dekretuaren 17. artikuluan ezarritakoarekin bat, azken hori sailkatutako eta zerrendatutako kultura-ondasunen aurri-egoeraren deklarazioari buruzkoa eta berauek eraisteko erabakiaren aurretik eta ondoren egin beharrekoei buruzkoa dena, honako hau
EBATZI DUT:
Lehenengoa.– Aurri-prozeduraren barnean den Azkoitiko Kale Nagusiko 80 zenbakiko eraikinaren desafektazio partzialaren prozedurari hasiera ematea. Izan ere, higiezin horri babes ertaina esleitu zitzaion urtarrilaren 25eko 17/2005 Dekretuaren bidez (Azkoitiko Hirigune Historikoa Kultura Ondasun gisa Monumento Multzo izendapenaz kalifikatzeko eta horren babes-araudia ezartzeko den urtarrilaren 25eko Dekretua, otsailaren 4ko EHAAn argitaratua, 24. zk.). Desafektazioak baldintza hauek bete behar ditu: Kale Nagusiko 80ko higiezinean egindako edozein esku-hartzek nahitaez bermatu behar du Jesusen Bihotza plazara jotzen duen fatxadaren egonkortasuna eta zaharberritze kontserbatzailea, eta oraingo egoera hobetu eta balioztatzea posible egingo du. Era berean, aipatutako fatxada horrekiko paraleloan dagoen barneko luzetarako karga-horma kontserbatuko da, nahiz eta tarteka zulaketa puntualak (ahalik eta txikienak) egin ahal izango diren, alde biak komunikatzeko. Edozein esku-hartze baino lehen, higiezinaren azterketa estratigrafikoa egin beharko da, bereziki bi fatxada nagusietan eta barneko horman. Kale Nagusira jotzen duen fatxadan zatikako aldaketak onartuko dira, bertako baoak Jesusen Bihotza plazara jotzen duen fatxadako baoekin doitzeko, betiere aldez aurretik aintzakotzat hartuta higiezinaren azterlanaren emaitzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Ondare Zerbitzuaren nahitaezko txostena.
Bigarrena.– Espedientea jendaurrean jartzea, Euskal Kultura Ondarearen Zentroan ikusgai jarriaz (Donostia-San Sebastián kalea, 1 Vitoria-Gasteiz) eta interesdunei entzuteko izapideari ekitea. Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita, 20 eguneko epea egongo da alegazioak egin eta egokitzat jotzen diren agiriak aurkeztu ahal izateko, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legeko 84. eta 86. artikuluek ezartzen dutenaren arabera.
Hirugarrena.– Ebazpena interesdunei, Azkoitiko Udalari, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Hirigintza Departamentuei eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailari jakinaraztea, ebazpen honen aurka errekurtsorik jartzerik ez dagoela adieraziz, ebazpen hau tramite hutsezko egintza baino ez da eta.
Vitoria-Gasteiz, 2006ko otsailaren 17a.
Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordea,
GURUTZ LARRAÑAGA ZUBIZARRETA.