Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

59. zk., 2006ko martxoaren 24a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Saila
Kultura Saila
1576

AGINDUA, 2006ko martxoaren 15ekoa, Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuarena eta Kultura sailburuarena, Euskadiko Gazteak Lankidetzan programarako aurtengo deialdia egiteko dena.

Euskal gazteen artean elkartasun balorea indartzeko eta kontuan hartuta Eusko Jaurlaritzaren Garapenerako Lankidetza Fondoak azken urteotan hegoaldeko herriak garatzen laguntzeko bultzatu dituen lankidetza-jarduerak, egokitzat jo da 1993. urtean eratutako Euskadiko Gazteak Lankidetzan programari jarraipena ematea.

Euskadiko gazteak garapenerako elkarlanean sentsibilizatzea da aipatutako Programaren helburua. Jardunaldi honetan ere, Euskadiko gazteak lankidetza kontzeptura hurbil daitezen lortu nahian jarraitzen dugu, era berean, ekintza horiek nola burutzen diren bertatik ezagutzeko aukera emanez. Horretaz gainera, esperientzia hau informazio eta orientazio jardunaldi batzuen bidez zabaldu eta osatuko da.

Euskadiko Gazteak Lankidetzan deritzon programa garapenerako lankidetzaren arloari zein gazteria arloari lotuta dagoenez, zerikusia du bai Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailaren jardun arloekin, Garapen Lankidetzarako Zuzendaritzaren bidez, bai Kultura Sailaren jardun-arloekin, Gazteria eta Gizarte-Ekintza Zuzendaritzaren bidez. Beraz, ekitaldi honetan bidezko da sail biek batera jokatzea, programaren deialdia egiteko.

Horrenbestez,

XEDATU DUGU:

1. artikulua.– Helburua.

Agindu honen bitartez, 2006ko ekitaldian Euskadiko Gazteak Lankidetzan programarako dei egiten da, Euskal Autonomia Erkidegoko instituzioek eta garapenerako gobernuz kanpoko erakundeek batera hegoaldeko herrietan antolatzen dituzten lankidetza jardueretan batik bat elkartasun kultura susper dadin eta, aldi

berean, bertan parte hartzeko modua ere arautzen da.

2. artikulua.– Zuzkidura.

Programa honek 2006ko ekitaldirako guztira duen gehieneko zenbatekoa 125.000 eurokoa da, eta EAEko 2006. urteko aurrekontu orokorretan berariaz ezarritako aurrekontu-ataletik aterako da. Zenbateko hori handitu egin ahalko da Agindu honen Xedapen Gehigarrian zehaztutakoaren arabera.

3. artikulua.– Bete beharreko baldintzak.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio orokorrak edo bere erakunde autonomiadunek onuradunari ezaugarri bereko beste laguntza edo diru-laguntzaren batzuk eman badizkiote eta horiek itzultzeko edo zigortzeko prozesuren bat oraindik ere izapidetzen ari bada, diru-laguntzaren esleipena eta, hala badagokio, ordainketa egoera hori konpondu arte baldintzatua egongo da.

2.– Horrez gain, eskatzaileek ondorengo baldintzak ere bete behar dituzte:

a) 2006ko urtarrilaren 1a baino lehenagotik Euskal Autonomia Erkidegoan egoitza izatea edo, bestela, euskal izaera politikoa izatea, Autonomia Estatutuaren 7. artikuluan ezarritakoaren arabera.

b) Eskabidea aurkezteko unean 20 urtetik gorako adina izatea eta 2006ko abenduaren 31ra arte 31 urtetik beherakoa izatea.

c) Jarduera egingo den herrialdean hitz egiten duten nazioarteko hizkuntza menperatzea.

3.– Sexu-diskriminazioagatik zehapen administratibo edo penalik duten pertsona fisiko edo juridikoek ezingo dute parte hartu agindu honen bidez irekitzen den deialdian, ezta Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legearen indarrez debeku hori ezarrita daukatenek ere, betiere zehapenak ezartzen duen denboraldiaren barruan.

4. artikulua.– Eskabideak aurkezteko epea.

Eskabideak aurkezteko epea 15 egun baliodunekoa izango da, Agindu hau ondorioak izaten hasten den egunetik hasita.

5. artikulua.– Eskabideak eta aurkeztu beharreko agiriak.

1.– Eskabideak Gazteria eta Gizarte-Ekintza zuzendariari zuzenduko zaizkio eta Lurralde Historikoetako Kulturako Lurralde Zerbitzuetan aurkeztuko dira (Donostia kalea 1, Vitoria-Gasteiz; Kale Nagusia 85, Bilbo; Andia kalea 13, Donostia-San Sebastián) zuzenean edo 30/1992 Legean ezarritako edozein bidetatik (30/1992 Legea, azaroaren 26koa, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearena).

2.– Agindu honen eranskinean emandako eskabide-orri ofizialarekin batera, bertan aipatutako dokumentazioa aurkeztu beharko da.

6. artikulua.– Akatsak zuzentzea.

Gazteria eta Gizarte-Ekintza Zuzendaritzak eskabidean zerbait gaizki dagoela edo zerbait falta duela ikusten badu, hamar eguneko epea emango dio interesatuari akatsa zuzentzeko edo aurkeztu beharreko agiriak aurkezteko, eta ohartaraziko dio eskatutakoa ez betetzeak eskabideari uko egitea ekarriko duela. Uko-egite hori ebazpen baten bidez gauzatuko da.

7. artikulua.– Hautaketa Batzordea.

1.– Informazio eta orientazio aldian sartuko diren parte-hartzaileak proposatzeko eta, ondoren, azken hautaketa-proposamena egiteko, Hautaketa Batzordea eratuko da. Hautaketa Batzordeko kideak hauek izango dira:

– Kultura Saileko Gazteria eta Gizarte-Ekintza Zuzendaritzako Gazteria burua, edo berak izendatutako pertsona bat. Batzordeburua izango da eta, kalitate botoa izanik, azken hitza izango du boto berdinketa gertatuz gero.

–Garapen Lankidetzarako Zuzendaritzako teknikari bat, Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Saileko Garapen Lankidetzarako zuzendariak izendatua.

– Euskadiko Gazteriaren Kontseiluko ordezkari bat, kontseiluak proposatua eta Kultura Saileko Gazteria eta Gizarte-Ekintza zuzendariak izendatua.

– Garapenerako lankidetza-programetan diharduten garapenerako gobernuz kanpoko erakundeetako hamar ordezkari, gehienez, Kultura Sailak proposatuak eta Gazteria eta Gizarte-Ekintza zuzendariak izendatuak.

– Gazteria eta Gizarte-Ekintza Zuzendaritzako teknikari bat, idazkari gisa, Gazteria eta Gizarte-Ekintza zuzendariak izendatua; hitza izango du baina ez, ordea, botorik.

Hautaketa Batzordeak, egoki iritziz gero, arlo horretako beste adituei ere eska diezazkieke aholkuak eta laguntza. Laguntzaile horiek, ordea, hitza bai baina ez dute boto eskubiderik izango.

2.– Batzordekideak abstenitu egingo dira edo errefusatu egin daitezke, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 28. eta 29. artikuluetan ezarritakoari jarraituz.

3.– Hautaketa Batzordearen osaera Gazteria eta Gizarte-Ekintza zuzendariaren berariazko ebazpen baten bitartez jakinaraziko da.

8. artikulua.– Balorazioa.

1.– Hautaketa Batzordeak, lehen aukeraketa proposatzerakoan, gehienez jota 170 parte-hartzaile aukeratuko ditu informazio eta orientazio aldirako, eta honako ezaugarri hauek baloratuko ditu:

a) Aurten egiten ari diren lankidetza jardueretarako egokienak izan daitezkeen titulazio akademikoak, lanbide ezagutzak eta bestelako ikasketak, % 30 gehienez.

Nahiz eta lanbide bat edo bestea izatea baztertzailea ez den, hauek dira lankideek parte hartuko duten garapen proiektuetarako pertsona egokienak:

– informatikariak

– ekonomilariak

– kontableak

– medikuak

– farmazialariak

– erizainak

– osasun-laguntzaileak

– pedagogoak

– begiraleak/gizarte-hezitzaileak

– sistema-ingeniariak

– industri ingeniariak

– agronomoak

– psikologoak

– elebitasunean adituak diren hezitzaileak

– albaitariak

– tornero mekanikoak

– elektrizistak

– arotzak

– iturginak

– gizarte langileak

– diseinugile industrialak

– nutrizionistak.

b) Garapenerako Lankidetzarekin zerikusia duten esperientziak eta jakintza-arloak, % 20 gehienez.

c) Garapenerako gobernuz kanpoko erakunde bateko kide izatea, % 20 gehienez.

d) Gazte-elkarte batekoa zein helburu soziala duen beste erakunde bateko kide izatea, % 30 gehienez.

Batzordeak, egoki iritziz gero, elkarrizketa pertsonala egin diezaieke hautagaiei aipatutako gai horiei buruz eta bakoitzak aurkeztutako dokumentazioaren arabera.

2.– Batzordeak gehienez bi hilabeteko epearen barruan egingo du aipatutako aurrehautaketarako proposamena, eskabideak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita.

9. artikulua.– Jakinaraztea.

1.– Batzordeak egindako aurrehautaketarako proposamena ikusita, Kultura Saileko Gazteria eta Gizarte-Ekintza zuzendariak Ebazpena emango du zazpi egun balioduneko epean, Batzordeak dagokion aurrehautaketarako proposamenaren berri ematen dionetik hasita. Ebazpen horretan, informazio eta orientazio aldirako aurreaukeratutako partaideen zerrenda emateaz batera, informazio eta orientazio aldi hori non eta noiz egingo den zehaztuko da.

2.– Aurreaukeratutako pertsonei banan-banan eta berariaz horren berri jakinarazteaz gainera, aurreaukeratutakoen zerrenda Lurralde Historikoetako Kulturako Lurralde Zerbitzuetan jarriko da ikusgai, 9.1. artikuluan Ebazpena emateko jarritako epea bukatzen denetik aurrera; www.gazteaukera.euskadi.net gazte-atarian ere argitaratuko da, interesdunek horretarako baimena idatziz emanez gero.

3.– Aurreaukeraketa honetarako onartu ez diren eskabideak ezetsitzat joko dira.

10. artikulua.– Informazio eta orientazio aldia.

1.– Informazio eta orientazio aldian, garapen lankidetzari buruzko bi jardunaldi izango dira:

a) Lehen jardunaldian, aurreaukeratutako pertsona guztiek parte hartuko dute.

b) Bigarren jardunaldian, berriz, bigarren hautaketan aukeratutako pertsona guztiek parte hartuko dute.

2.– Jardunaldietan parte hartzeak ekar ditzakeen ostatu- eta janari-gastuak, horrelakorik balego behintzat, Eusko Jaurlaritzak ordainduko ditu; kanpoan geratuko dira, ordea, partaideen bidaia gastuak.

11. artikulua.– Hautagaiak izendatzea.

1.– Lehen jardunaldia (aurreaukeratutako pertsona guztiei zuzendua) bukatu eta zazpi egun balioduneko epean, Batzordeak beraren iritziz egokienak diren gazteak proposatuko dizkio Gazteria eta Gizarte-Ekintza zuzendariari. Gehienez, 100 gazte aukeratuko dira, beti ere aurrekontu-zuzkiduraren arabera. Batzordeak, gazte horiek aukeratzeko, batetik, jardunaldian izan duten errendimendua, eta, bestetik, gobernuz kanpoko erakundeek deialdi honetarako aurkeztutako lankidetza-ekintzetarako ezaugarri egokiak dituzten aintzat hartuko ditu, baita lankidetza-ekintza horietan parte hartzeko duten astia ere. Batzordearen proposamena jaso eta 7 eguneko epean, Gazteria eta Gizarte-Ekintza zuzendariak Ebazpena emango du. Ebazpen horretan, Euskadiko Gazteak Lankidetzan programako lankidetza-ekintzetan parte hartzeko aukeratutako gazteen zerrenda adieraziko da. Gazte horiek Agindu honen 10. artikuluan aipatutako informazio eta orientazio aldiko bigarren jardunaldian parte hartu beharko dute nahitaez.

2.– Lankidetza jarduera, ahal dela, uztailetik aurrera egingo da eta hiru bat hilabeteko iraupena izango du, salbu eta aparteko kasuetan, jardueraren tutore den garapenerako gobernuz kanpoko erakunde bakoitzarekin adostutako baldintzen arabera.

3.– Interesdunei, banan-banan, Gazteria eta Gizarte-Ekintza zuzendariaren Ebazpenaren berri emango zaie. Horretaz gainera, 11.1. artikuluan Ebazpena emateko zehaztutako epea bukatzen denetik aurrera,aukeratutakoen zerrenda EHAAn argitaratuko da, baita www.gazteaukera.euskadi.net gazte-atarian ere, interesdunek baimena idatziz emanez gero. Halaber, Lurralde Historikoetako Kulturako Lurrade Zerbitzuetan ikusgai jarriko da.

4.– Epea igarota, Kultura Saileko Gazteria eta Gizarte-Ekintza zuzendariak berariazko ebazpenik eman ez badu, eskaria ezetsitzat jo ahal izango da, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 44. artikuluaren arabera.

12. artikulua.– Lankidearen konpromisoak.

Garapen lankidetzako jardueran parte hartzeko aukeratutako gazte bakoitzak, aldez aurretik, Gazteria eta Gizarte-Ekintza Zuzendaritzan aurkeztuko duen dokumentuan, honako hauek beteko dituela hitz emango du:

a) Hegoaldeko herrietan esperientzia hasi aurretik, garapenerako gobernuz kanpoko erakunde tutoreak antolatutako prestakuntza fasean parte hartuko du.

b) Bete beharreko jarduerak eskatzen duen bizimodura moldatuko da.

c) Jarduera egin behar den herrialdean egongo da, esperientzia-aldia bukatu arte.

d) Osasunari dagokionez emandako aholku guztiak beteko ditu.

e) Esperientzia-aldia bukatu ondoren, balorazio txostena aurkeztuko du; bertan, bizi izandako jarduera nolakoa izan den eta nola burutu den azalduko du eta, aurrerantzean antolatzen diren beste proiektu batzuetarako, akatsak eta hutsuneak nola konpon daitezkeen zehaztuko du.

f) Aurtengo egitasmoa amaitu ondoren, esperientzia bakoitzaren eta programaren garapenaren ebaluazio-jardunaldietan parte hartuko du.

g) Urtebetez, GKEek nahiz Eusko Jaurlaritzako Garapen Lankidetzarako Zuzendaritzak eta Gazteria eta Gizarte-Ekintza Zuzendaritzak antolatutako sentsibilizazio-jardueretan parte hartzeko prest egongo da.

h) Gutxienez 30 ordu dedikatzea gobernuz kanpoko garapenerako erakunde tutoreari, lankidea iritsi eta biharamunetik kontatzen hasita 30 eguneko epearen barruan.

13. artikulua.– Ordainduko diren gastuak.

Eusko Jaurlaritzak ordainduko ditu jarduera egin behar den herrialdeko garapenerako gobernuz kanpoko erakundearekin elkartu arteko bidaia-gastuak (joan-etorrikoak), herrialde horretara joateko behar den bisa barne, baita hautatutako parte-hartzaileetako bakoitzaren gaixotasun eta istripuetarako asegurua ere.

Esperientzia bakoitzaz arduratzen den garapenerako gobernuz kanpoko erakundeak egindako proposamena eta bere baliabideak kontuan hartuta, jarduera-tokiko ostatu eta janari kontuak euren esku geratuko dira eta beren bitartekoen araberakoak izango dira, beti ere, kasuan kasu, horretarako izenpetuko diren Hitzarmenetan ezarritakoak errespetatuz. Gazteak, bere baliabideak kontuan harturik, ahal duen neurrian lagunduko du gastu horiei aurre egiten.

14. artikulua.– Arauak onartzea.

Esperientzia honetan parte hartzeak berari dagozkion arau guztiak onartzea dakar. Lankidearen partaidetza, batez ere, berari egokitutako proiektuan garatzen diren zereginetan gauzatuko da, baita itzulitakoan ere, zeren eta 12. artikuluan ezarritakoaren arabera, garapenerako gobernuz kanpoko erakundeek nahiz Garapen Lankidetzarako Zuzendaritzak eta Gazteria eta Gizarte-Ekintza Zuzendaritzak antolatzen dituzten ekintzetan parte hartuko baitute.

15. artikulua.– Baldintzak ez betetzea eta eskubideak galtzea.

Hautatutako pertsonetakoren batek Agindu honetan ezarritako baldintzak errespetatu ezean, bete gabetzat joko da Agindua eta galdu egingo du zehaztutako onurak jasotzeko eskubidea. Halaber, Euskal Herriko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko dio bidaia- eta aseguru-gastuei dagokien diru-kopurua, baita horri dagozkion interes legalak ere, aldez aurretik azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuan, eta, hala badagokio, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan adierazitako prozedurari jarraituz.

16. artikulua.– Kudeaketa.

Agindu honen bidez sortutako programa kudeatzeko lanak Gazteria eta Gizarte-Ekintza Zuzendaritzari dagozkio.

17. artikulua.– Datu pertsonalen tratamendua.

1.– Euskadiko Gazteak Lankidetzan programan parte hartzen duten gazteen datuak Gazteria eta Gizarte-Ekintza Zuzendaritzaren fitxategi batean sartuko dira, ondoren erabili ahal izateko. Fitxategi hori Datu Pertsonalak Babesteko 15/1999 Lege Organikopean dago. Fitxategia Euskadiko Gazteak Lankidetzan programa kudeatzeko baino ez da erabiliko.

2.– Euskadiko Gazteak Lankidetzan programan parte hartzen dutenek, bere datu pertsonalak Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailari jakinarazteko baimena ematen diote Eusko Jaurlaritzako Gazteria Zuzendaritzari, beti ere, jakinarazpen edo datu-lagatze hori Euskadiko Gazteak Lankidetzan programa kudeatu ahal izateko ezinbestekoa baldin bada.

3.– Hautaketa faseen ondoren, aurrez hautatutako edo betiko hautatutako pertsonen izen-abizenak argitaratuko ditu Eusko Jaurlaritzako Gazteria Zuzendaritzak www.gazteaukera.euskadi.net web gunean, beti ere interesdunek horretarako baimena eman eta gero.

4.– Aipatutako Lege horretan jasotzen den moduan, interesatuak bere datuak ikusi, zuzendu edo ezabatu ahal izango ditu, baita fitxategian ez sartzeko eskatu ere; horretarako, Gazteria eta Gizarte-Ekintza Zuzendaritzara idatzi beharko du (Donostia-San Sebastián kalea, 1 – 01010 Vitoria-Gasteiz), bera baita fitxategiaren arduraduna.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Eskatutako diru-laguntzen zenbateko osoa kontuan hartuta, 2. artikuluan ezarritako zenbateko globala aldatu ahal izango da, baldin eta hasieran aurreikusitako diru-kopurua gainditzen bada pertsona lankide boluntarioak hautatzearen ondorioz joan-etorriko txartela –eta, hala badagokio, herrialdean sartzeko bisatua– erosteaz arduratzen den enpresa esleitzean. Zenbateko hori aldatu ahal izango da, halaber, Kultura Sailaren beste programa batzuk gauzatu ondoren aurrekontuak agortu ez badira. Aldaketa hori eskabideei buruzko erabakia hartu aurretik egin beharko da. Gazteria eta Gizarte-Ekintza zuzendariaren ebazpen baten bitartez jakinaraziko da hori.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Administrazio-bidea agortzen duen agindu honen aurka interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Kultura sailburuari agindu hau argitaratzen den egunaren biharamunetik hasi eta hilabeteko epean edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, Administrazioarekiko Auzitarako Salan, agindu hau argitaratzen den egunaren biharamunetik hasi eta bi hilabeteko epean.

Bigarrena.– Agindu honek EHAAn argitaratzen den egunaren biharamunetik hasita izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2006ko martxoaren 15a.

Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburua,

JAVIER MADRAZO LAVÍN.

Kultura sailburua,

MIREN AZKARATE VILLAR.

ERANSKINA/ANEXO

EUSKADIKO GAZTEAK LANKIDETZAN PROGRAMAN PARTE HARTZEKO ESKABIDEA

SOLICITUD DE PARTICIPACION EN EL PROGRAMA JUVENTUD VASCA COOPERANTE

(Ikus .PDF)


Azterketa dokumentala