59. zk., 2006ko martxoaren 24a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
Bestelako Xedapenak
Jaurlaritzaren Lehendakaritza
1574
EBAZPENA, 2006ko martxoaren 9koa, Lehendakaritzaren idazkari nagusiarena, Gaztemundu programaren 2006ko deialdia egiten duena.
Abenduaren 23ko 316/2003 Dekretuak Gaztemundu programa arautu zuen, Euskadin egonaldi bat egin eta gaurko errealitatera hurbiltzeko, Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak finantzaturik. Egonaldi horretan, onuradunek parte hartu beharko dute eurentzat antolatzen diren jardunaldietan, eztabaida foroetan eta kultur guneetara, erakundeetara eta turismo guneetara egingo diren bisitaldietan.
Aipatutako dekretuaren 8. artikuluan ezarritakoaren arabera, bidezkoa da dirulaguntza horien 2006ko deialdia egitea.
Horrenbestez, hauxe
EBATZI DUT:
Artikulu bakarra.– Deialdia.
Gaztemundu programa deitzea, euskal etxeetako gazteek egonaldia egin dezaten Euskadin. Eranskinean jaso dira horretarako onartu diren oinarriak.
AZKEN XEDAPENAK
Lehenengoa.– Ebazpen honetan eta abenduaren 23ko 316/2003 Dekretuan aurreikusita ez dagoen guztian, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legea aplikatuko da. Lege hori urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatu zuen.
Bigarrena.– Ebazpen honek administrazio bidea agortzen du; hala ere, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez daiteke organo berean hilabeteko epean; edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi hilabeteko epean. Epeok ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera hasiko dira kontatzen.
Hirugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteiz, 2006ko martxoaren 9a.
Lehendakaritzaren idazkari nagusia,
JESÚS PEÑA MARTÍNEZ.
ERANSKINA
GAZTEMUNDU 2006 PROGRAMAREN
DEIALDIAREN OINARRIAK
Lehenengoa.– Helburua.
Oinarri hauen helburua Gaztemendu programa deitzea da, hurrengo artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten gazteek egonaldia egin dezaten Euskadin uztailaren 3tik 15era.
Aurten eskainitako egonaldi kopurua 35ekoa da.
Bigarrena.– Eskatzaileek bete beharreko baldintzak.
1.– 18 urte beteak edukitzea 2006ko urtarrilaren 1ean.
2.– Bizilekua Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo izatea.
3.– Ofizialki aintzatetsi eta Euskal Etxeen Erregistroan inskribaturiko euskal etxe bateko bazkide izatea, deialdia argitaratu baino hiru urte lehenagotik, gutxienez.
4.– Bosgarren Oinarriaren 2.c zatian proposatutako gaiei buruzko ikerketa edo azterlana eginda edukitzea.
5.– Gaztemundu programako egonaldirik inoiz egin gabekoa izatea.
Hirugarrena.– Zenbatekoa.
Programa honek 96.000 euroko zenbatekoa izango du 2006an.
Laugarrena.– Eskabideak baloratzeko irizpideak.
1.– Ebaluazio Batzordeak honako irizpide hauek erabiliko ditu aurkeztutako eskabideak baloratzeko:
a) Ikerketa edo azterlanaren balorazioa: 40 puntu gehienez.
b) Eskatzaileak zenbateraino parte hartzen duen bere euskal etxeko jardueretan: 35 puntu gehienez.
c) Euskara jakitea: 15 puntu gehienez.
d) Euskal Herrian inoiz egon gabekoa izatea: 10 puntu gehienez.
2.– Hautaketa prozesuan onartzeko, eskabideek 50 puntu lortu beharko dituzte gutxienez.
Bosgarrena.– Eskabideak aurkeztea.
1.– Hona hemen non aurkeztu behar diren eskabideak: Eusko Jaurlaritzaren Lehendakaritza, Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusia, Nafarroa kalea 2, 01007 Vitoria-Gasteiz.
Eskaerak formalizatzeko, oinarri hauei erantsitako inprimaki eredua erabili beharko da; www.euskadi.net web orrialdean izango dute eskura interesatuek inprimaki hori.
2.– Eskabidearekin batera, honako dokumentu hauek aurkeztu beharko dira:
a) Pasaportearen edo nortasun agiriaren kopia, adina eta bizilekua egiaztatzeko.
b) Euskal etxeak emandako ziurtagiria, eskatzaileak honako baldintza hau betetzen duela egiazteko: ofizialki aintzatetsi eta Euskal Etxeen Erregistroan inskribaturiko euskal etxe bateko bazkide izatea, deialdia argitaratu baino hiru urte lehenagotik, gutxienez. Euskal etxeak ziurtatu beharko du bere gain hartuko dituela esleipendunak bere betebeharrak ez betetzean sor daitezkeen gastuak, eta txostena erantsi beharko du eskatzaileak etxe horren jardueretan duen parte hartzeaz.
c) Ondoko gaietako bati buruzko ikerketa edo azterlana:
– Euskal Etxean gaur egun haurrentzako eta gaztetxoentzako eskaintzen diren programen azalpena: programa horiek dituzten helburuak, jarduerak, euskal etxeak jartzen dituen baliabideak, eta eguneratzeko eta ebaluatzeko estrategiak.
d) Euskara badakiela egiaztatzeko agiria.
3.– Eskatzaileak izenpetu beharko du eskabidea.
Seigarrena.– Aurkezteko epea.
Abenduaren 23ko 316/2003 Dekretuan eskatutako baldintzak betetzen dituztenek 2006ko apirilaren 25a baino lehen aurkeztu beharko dituzte kandidaturak eta horretarako Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean aurrikusitako bideak erabiliko dituzte. Lege hori urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatu zuen.
Zazpigarrena.– Ebaluazio Batzordea.
Abenduaren 23ko 316/2003 Dekretuaren 11. artikuluan aurreikusitako ebaluazio batzordeak honako kide hauek izango ditu:
– Iñaki Aguirre Arizmendi jauna, Kanpo Harremanetarako idazkari nagusia, batzordeburua.
– Josu Legarreta Bilbao jauna, Euskal Gizataldeekiko Harremanetarako zuzendaria, bokala.
– Andoni Gamboa Martinez jauna, Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusikoa, bokala.
– Benan Oregi Iñurrieta jauna, Lehendakaritzako teknikaria, bokala.
– Goiatz Aizpuru Lizarralde andrea, Lehendakaritzako teknikaria, bokala eta batzordearen idazkaria.
ESKABIDE INPRIMAKIA
DATU PERTSONALAK JAKINARAZPENA JASOTZEKO:
Izen-abizenak:
Jaioteguna:
Jaioterria:Herrialdea:	
Posta helbidea:	Kalea:
Posta kodea:	Herria:	Probintzia:	Herrialdea:
E-mail:
Bazkide duen euskal etxea:
CURRICULUM VITAE:
Egindako ikasketak edota ikasten (ikasturtea adierazi)
Lanean	Bai:	Ez.
Lanean arituz gero, zein lanbidetan eta zein lanpostutan:
HIZKUNTZAK:
Ama-hizkuntza:
Bestelako hizkuntzak:	Oinarrizko maila	Maila ertaina	Maila altua
Euskara
Gaztelania
Ingelesa
Frantsesa
Besterik (zehaztu)
EUSKADI EZAGUTZEA:
Adierazi zenbatetan izan zaren Euskadin eta zein urtetan:
ZERGATIA:
Azaldu Gaztemundun parte hartzeko arrazoiak.
Data eta sinadura:
Inprimaki honekin batera, deialdi ebazpenaren bosgarren oinarriko 2. zatian ezarritako dokumentuak aurkeztu behar dira.