45. zk., 2006ko martxoaren 6a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
Bestelako Xedapenak
Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila
1162
AGINDUA, 2006ko otsailaren 15ekoa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuarena. Honen bidez, Mondragon Unibertsitatean graduondoko programa ofizialak ezartzeko baimena ematen da.
Unibertsitateei buruzko abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoaren 8.2 artikuluak dioenaren arabera, izaera ofiziala eta estatuko lurralde osorako balioa izango duten tituluak lortzeko irakaskuntzak ezartzea eta kentzea autonomia-erkidegoaren erabakia izango da, bai Gizarte Kontseiluak proposatuta, bai erkidegoaren beraren ekimenez, aipatu Kontseiluaren adostasunarekin, betiere unibertsitatearen Gobernu Kontseiluak txostena eman ondoren.
Euskal Unibertsitate Sistemaren 3/2004 Legeak, otsailaren 25ekoak, bere 51. artikuluan arautu du Goi-mailako Hezkuntzako Europako Esparrura egokitzea. Unibertsitateen gaietan eskumenak dituen sailak eta unibertsitateek euskal unibertsitate-sistema goi-mailako irakaskuntzako Europako sisteman sartzeko eta tituluaren Europako gehigarriaren diploma emateko nahitaezko egokitzapenak bultzatuko dituzte ikasketa-planetan eta kredituen eta balorazioen sistemetan, eta haiekin batera beharrezkoak diren gainerako neurriak.
56/2005 Errege Dekretuak, urtarrilaren 21ekoak, unibertsitateko graduondoko ikasketa ofizialak arautu ditu. Errege Dekretu horren helburua da graduondoko ikasketa ofizialen antolamenduaren oinarrizko alderdiak arautzea, bertan sartzen baitira unibertsitate-hezkuntzako Espainiako sistemaren bigarren eta hirugarren zikloak, Goi-mailako Hezkuntzako Europako Esparrutik ateratako ildo orokorrekin bat etorriz.
2005eko abenduaren 20an argitaratu da abenduaren 16ko 1509/2005 Errege Dekretua, 56/2005 Errege Dekretua zati batean aldatzera etorri dena. Planteatu diren aldaketen artean dago graduondoko programen onarpenari buruzkoa. Ildo horretatik arautu denez, dagokion autonomia-erkidegoak erabakiko du graduondoko programa ofizialen ezarpena. Gero, Unibertsitate Koordinazioko Kontseiluari emango dio horren berri.
Era berean, Mondragon Unibertsitateko Errektore Kontseiluak 2006ko urtarrilaren 26an onetsi ditu 2006-2007 ikasturterako graduondoko lau programa ofizial. Gero, dokumentazio guztia bidali dio Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailari, baimena emateari ekin diezaion.
Dokumentazioa aztertu ondoren, eta urtarrilaren 21eko 56/2005 Errege Dekretuarekin bat datorrela ikusita, honako hau
XEDATU DUT:
Artikulu bakarra.– Mondragon Unibertsitateari baimena ematea 2006-2007 ikasturterako honako graduondoko programa ofizial hauek ezar ditzan:
GRADUONDOKO PROGRAMA OFIZIALA	MASTER OFIZIALA
Ingeniaritza	Portaera Mekanikoa eta Materialak.	
	Informazio eta Komunikazioko Teknologiak.	
Enpresa Kudeaketa Aurreratua.	Enpresa-Zuzendaritza –MBA.	
Hezkuntza	XXI. Mendeko Hezkuntzaren Erronkak: Kulturartekotasuna eta Eleaniztasuna.	
	Hezkuntzako Ikerkuntza.	
Kooperatibagintza eta Gizarte-Ekonomia	Enpresa Kooperatiboen Kudeaketa.	
	Garapen Soziokooperatiboa.	
XEDAPEN GEHIGARRIAK
Lehenengoa.– Master titulu ofiziala ateratzeko ikasketak, 56/2005 Dekretuaren 8.3 artikuluak aipatzen dituenak, emateko, Unibertsitate Koordinazioko Kontseiluaren aurreko homologazioa beharko da.
Bigarrena.– Unibertsitate Koordinazioko Kontseiluari jakinaraztea autonomia-erkidego honek baimendu dituen graduondoko programa ezarri berriak, BOEn argitara daitezen.
AZKEN XEDAPENA
Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean hartuko du indarra agindu honek.
Vitoria-Gasteiz, 2006ko otsailaren 15a.
Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburua,
JOSÉ ANTONIO CAMPOS GRANADOS.