Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

239. zk., 2005eko abenduaren 19a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Saila
6244

EBAZPENA, 2005eko urriaren 14koa, Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Saileko Zerbitzu zuzendariarena, SD2-16610/04 espedientean Martín Javier Parissenti jaunak aurkeztutako gora jotzeko errekurtsoa ebazten duena.

AURREKARIAK:

1.– Martín Javier Parissenti jaunak eta M.ª Jesús Buffa andreak etxebizitza-eskatzaileen erregistroan sartzeko 2004ko azaroaren 30ean egindako eskabidearekin batera hasi ziren jarduera hauek.

2.– Bizkaiko Lurralde Ordezkaritzako iragarki-taulan 2005eko urtarrilean argitaratutako lurralde ordezkariaren ebazpenaren bidez eskatu zitzaien 2005eko urtarrilaren 20a baino lehen M.ª Jesús Buffa andrearen 2003. urteko zerga-aitorpen konpultsatua aurkezteko. Aitorpena aurkeztu ezean, alabaina, lan-bizitzaren txostena edo, hala bazegokion, 2003. urtean kontzeptu guztiengatik jasotako diru-sarreren egiaztagiria aurkeztu behar zuten. Martín Javier jaunari lan-bizitzaren txostena eskatu zioten.

Horretarako emandako epea igaro zen, baina interesatuak ez zuen inolako egiaztagiririk aurkeztu.

3.– Bizkaiko lurralde-ordezkariak 2005eko martxoaren 1ean emandako Ebazpenaren bidez babes ofizialeko etxebizitza-eskatzaileen erregistroan izena emateko aukera ukatu zioten, eskatutako diru-sarrerak ez zituelako egiaztatu.

4.– Martín Javier Parissenti jaunak 2005eko martxoaren 21ean gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu zuen aurreko ebazpenaren aurka, berarekin bat ez baitzetorren. Errekurtsoarekin batera M.ª Jesús Buffa aandrearen lan-bizitzaren txostena eta Martín Javier jaunak jasotako diru-sarrerei buruzko Ogasunaren egiaztagiria aurkeztu zituen.

Aurrekari horiek oinarri hartuz, honakoak azaltzen dira:

ZUZENBIDEKO OINARRIAK:

1.– Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Saileko Zerbitzu zuzendaria da gorako errekurtso hau ebazteko eskumena duena, horrela xedatzen baita Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailaren egitura organikoa ezartzen duen otsailaren 12ko 40/2002 Dekretuan.

2.– Errekurtsogileak interesduna dela egiaztatzen du, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 31. artikuluan ohartemandakoaren ondorioetarako, eta errekurtsoa lege horren 114. eta 115. artikuluetan finkatutako epean eta moduan aurkeztu da. Artikulu horiek urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatu zituen.

3.– Azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 71.1. artikuluan xedatzen denez (urtarrilaren 13ko 4/1999 Legearen bidez aldatu zen), prozedura hasteko eskabidean aurreko artikuluko baldintzak edo aplikagarri den berariazko legedian eskatutakoak betetzen ez badira, interesdunari eskatu egingo zaio hamar eguneko epean akatsa zuzentzeko edo aurkeztu ez dituen nahitaezko agiriak eramateko. Jakinarazten zaio, halaber, horrela egiten ez badu, eskaeran atzera egin duela ulertuko dela, horretarako ebazpena hartu ondoren.

Bestalde, 71.1. artikuluak aipatzen duen berariazko araua 2002ko ekainaren 14ko Agindua da —2003ko abenduaren 16ko Aginduak aldatutakoa—, babes ofizialeko etxebizitzak esleitzeko prozedurari buruzkoa alegia, eta agindu horrek, eskatzaileen erregistroari dagokionez, honela dio bigarren artikuluan: "Ondokoak dira bizikidetza-unitateak edo pertsona fisikoak babes ofizialeko etxebizitzen eskatzaileen erregistroan bere eskaerari alta emateko bete beharreko baldintzak:

a) Babes ofizialeko etxebizitzaren geroko titularretako batek Euskal Autonomia Erkidegoko udalerriren batean bizi beharko du.

b) Bizikidetza-unitateko kideek ez dute etxebizitzarik eduki behar, ez jabetzan, ez jabetza soilean, ez azalera-eskubide edo usufruktuan ere, babes ofizialeko etxebizitzen eskatzaileen erregistroan izena emateko eskabidearen egunean.

c) Babes ofizialeko etxebizitzei buruzko arau orokorrek babes ofizialeko etxebizitza baten esleipenaren onuradun izateko ezartzen dituzten gutxieneko eta gehieneko diru-kopuruen arteko diru-sarrerak dituela egiaztatu behar du bizikidetza-unitateak.

Oraingo honetan, eskatzaileen diru-sarrerak egiaztatu gabe zeudenez, Lurralde Ordezkaritzako iragarki-oholtzaren bidez eskatu zitzaien 2003an kontzeptu guztiengatik jasotako diru-sarrerei buruzko agiriak aurkez zitzaten, baina ez zituzten eskatutako agiriak aurkeztu.

Errekurtso bidez aurkeztu zituzten M.ª Jesús Buffa andrearen lan-bizitzaren txostena eta Martín Javier jaunak jasotako diru-sarrerei buruzko Ogasunaren egiaztagiria. Hala ere, agiri horiek epez kanpo aurkeztu dira eta ezin dira onartu, aipatutako 71.1. artikuluan ezarritakoa aplikatuta. Errekurtsoarekin batera aurkeztutako agiriak ez dira iragarki-oholaren bidez eskatu ziren guztiak eta falta direnak orain errekurtsoarekin batera egiaztatu izan balira ere ezingo ziratekeen kontuan hartu espedientearen fase honetan.

Azaldutako oinarriak, aipatutako xedapenak eta horiekin bat datozenak eta oro har erabilgarriak diren gainerakoak ikusita, hauxe

EBATZI DUT:

Martín Javier Parissenti jaunak aurkeztutako gora jotzeko errekurtsoa ezestea. Errekurtsoa Bizkaiko Lurralde ordezkariak SD2-16610/04 espedientean emandako ebazpenaren aurka aurkeztu zen, eta bere hartan sendetsi behar da, zuzenbidearekin bat baitator.

Ebazpen honek administrazio-bidea amaitzen du. Hala ere, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Bilboko Administrazioarekiko Auzietako Epaitegian. Ebazpena jakinarazten den egunaren biharamunean hasi eta bi hilabetekoa izango da horretarako epea.

Vitoria-Gasteiz, 2005eko urriaren 14a.

Zerbitzu zuzendaria,

MIKEL ARANA ETXEZARRETA.


Azterketa dokumentala