213. zk., 2005eko azaroaren 9a, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
Bestelako Xedapenak
Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila
5557
AGINDUA, 2005eko urriaren 25ekoa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuarena, unibertsitate aurreko irakasmailetan erabiltzeko asmoz argitaraturiko euskal ikasmaterial hoberenak saritzeko 2005. urteko «Isaac López-Mendizabal» lehiaketa jakinarazten duena. 138/1983 Dekretuak (uztailaren 19ko EHAA, 108. zenbakia) eta, aurrekoa garatuz, 1983ko abuztuaren 1ean emandako Aginduak (abuztuaren 19ko EHAA, 122. zenbakia) diotenaren ildotik, hainbat ekintza bideratzen ditu urtero Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak, euskal ikasmaterialgintza sustatzeko asmoz. Horren lekuko da, besteak beste, EIMA programa. Era berean, aipatzekoa da ikasmaterialon egokitasuna, edukizkoa eta hizkuntzazkoa, bermatze aldera egindako saioa, gaur egun 295/1998 Dekretuak arautzen duena (azaroaren 27ko EHAA, 227. zenbakia). Horiei esker, besteak beste, euskal ikasmaterialgintza, gaur eta hemen, ageriko errealitatea da, egunez egun, hezkuntzaren etengabeko zaharberritzeari zein irakas-sistemaren hobetzeari ahalik eta erantzun egokiena ematen dakiena. Euskarazko ikasmaterial inprimatuen ondarea ugaldu eta aberastea zuzena eta bidezkoa bada ere, hori bezain garrantzitsua da esandako ikasmaterialok, beren ezaugarri teknikoei zein kalitatezkoei esker, eskola-munduan berariazko onarpena eta sarbidea izatea. Atal honetan ere hainbat urrats eman da eta, aurrerantzean ere, eman beharko da. Hori dela-eta, 1985ean hartutako bideari jarraituz, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak irakaskuntzan hain beharrezkoa den lan-tresna horren kalitatea bultzatu eta saritzea erabaki du. Horiek guztiak gogoan izanik, honako hau
1. artikulua.– Unibertsitate aurreko irakasmailetan erabiltzeko asmoz argitaraturiko euskarazko ikasmaterial hoberenak aukeratu eta saritzeko, 2005. urteari dagokion «Isaac López-Mendizabal» lehiaketa jakinaraztea. 2. artikulua.– Lehiaketan parte hartzeak deialdi honetan esaten direnak onartu beharra dakar berekin, eta bertan hartzen den erabakia apelaezina izango da.
3. artikulua.– Euskal ikasmaterialgintzan diharduten eta beharrezko lege-nortasunez horniturik dauden argitaletxeak eta egile-editoreak izan daitezke, soilik, sari-jasotzaile. Hala ere, ezingo dute deialdi honetan parte hartu Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50. artikuluko 5. paragrafoak, Emakumeen eta Gizonen berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeak aldatuak, ezarritako arrazoiren baten eraginpean daudenek. Honen haritik, Lege horrek aipatu artikuluan ezarritako arrazoiren baten eraginpean ez dagoela egiaztatzen duen zinpeko aitormena egin beharko du eskatzaileak. 4. artikulua.– Lehiaketa honek unibertsitate aurreko irakasmailetan erabiltzekoak diren bost ikasmaterial-mota hauek hartuko ditu kontuan: a) Euskaraz irakasteko testu-liburuak. b) Euskara irakasteko testu-liburuak. c) Irakaslearen gidaliburuak. d) Oinarrizko irakurgaiak. e) Ikasmaterial osagarriak. 5. artikulua.– Lehiaketa honetan parte hartu nahi duen orok, gehienik ere, hiru ikasmaterial aurkeztu ahal izango ditu 4. artikuluan zehaztutako mota bakoitzeko. 6. artikulua.– Ikasmaterial horiek, 2004. urtean argitaraturik egonik, Lege-gordailua, ISBNa eta egile-eskubidearekiko eginbideak behar bezala beteak izan beharko dituzte ezinbestean. Argitalpen-data moduan ikasmaterialean bertan adierazitako Lege-gordailuarena hartuko da.
7. artikulua.– Deialdi honetara ezin bildu ahal izango dira ondoko ezaugarri hauetakoren bat (edo gehiago) duten ikasmaterialak: a) Goian aipaturiko baldintzaren bat betetzen ez duten ikasmaterialak. b) 295/1998 Dekretuak arautzen duen onespena ez duten ikasmaterialak. c) Aurreko urteetan argitaraturiko ikasmaterialen berrargitalpenak. d) Literatura-lanak.
8. artikulua.– 1.– Agindu honen diru-laguntzetarako hemezortzi mila hirurehun eta hogei (18.320) euroko zenbatekoa erabiliko da 2005eko ekitaldian, EAEko Aurrekontu Orokorretan horretarako ezarritako aurrekontu-partidaren kontura. Laugarren artikuluan esandako ikasmaterial-mota bakoitzeko, sari bana izango da. Sari bakoitzaren zenbatekoa hiru mila seiehun eta hirurogeita lau (3.664) eurokoa izango da; horrekin batera oroigarri bana ere eskainiko da. 2.– Lehiaketara aurkezturiko ikasmaterialek beharrezko kalitaterik ez badute, sariak banatu gabe utzi ahal izango dira. 3.– Epaimahaiaren erabakiz sari bat eman gabe geldituko balitz, diru-kopuru horrekin aipamen berezi bat (edo gehiago) egin ahal izango da. Edozein kasutan, emandako aipamen berezi horien baturak ez du sariari agindutako diru-kopurua gaindituko eta diru-kopuru hori berdina izango da aipamen berezi guztientzat, betiere bat baino gehiago direnean.
9. artikulua.– 1.– Lehiaketa honetan parte hartu nahi duen orok Agindu honi eransten zaion eskabide-orria zuzen eta osorik bete beharko du eta, lehiaketan parte hartu nahi duen ikasmaterialaren sei ale erantsiz, garaiz aurkeztu. 2.– Ikasmaterialak, saritutakoak izan ezik, nork berea idatziz eskatzen badu atzera bueltatuko dira, sarien berri eman eta handik bi hilabeteko epean. 3.– Eskabidea aurkezteko epea, Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita hamabost egun naturalekoa izango da. 4.– Eskabide-orriak eta sei aleak Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzaren Euskara Zerbitzura bidaliko dira, orobat Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legeak bere 38.4 artikuluan adierazten dituen lekuetariko edozeinetan aurkez daitezkeelarik.
10. artikulua.– 1.– Ikasmaterial hoberenak aukeratu eta sari-proposamena egiteko berariazko epaimahaia osatuko da. Epaimahaiaren buru Hezkuntza sailburuordea izango da, edota bere ordezkoa. 2.– Gainerako mahaikideak honako hauek izango dira: a) Kultura Saileko Kultura Ondarearen zuzendaria, edo bere ordezkoa. b) Arte Grafikoen saileko ordezkari bat, Hezkuntza sailburuordeak izendatua. c) Euskal Herriko Unibertsitateko Arte Ederren Fakultateko ordezkari bat, Hezkuntza sailburuordeak izendatua. d) Euskal Autonomia Erkidegoko irakasle bat, Hezkuntza sailburuordeak izendatua. e) Ikasketa Antolamenduaren Zerbitzuko kide bat, Hezkuntza sailburuordeak izendatua. f) EIMA I programaren teknikaria, hizpidez eta botorik gabe. Berau izango da epaimahaiaren idazkari. 3.– Hartarako pisuzko arrazoirik ikusiko balitz, epaimahaikide ez diren beste hainbat espezialistarengana jo ahal izango da, laguntza eta aholku bila.
11. artikulua.– 1.– Sarituen hautapena, hartarako izendatutako epaimahaiak eginkizun horretarako antolatutako lan-bilera(k) eginez eta botazio zuzenez egingo da. 2.– Ikasmaterial-mota bakoitzean saridun zein gertatuko den jakiteko, honako irizpideok hartu ahal izango dira kontuan: ikasmaterialaren xedea, salneurria, edizio-prestakuntza eta elementu guztien uztartze-modua (diseinua, argazki-irudiak, konposizioa, inprimaketa eta koadernaketa). 12. artikulua.– Hautapena egin ostean, epaimahaiak alor desberdinetarako aukeratutako ikasmaterialen izenak aurkeztuko dizkio Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuari. 13. artikulua.– 1.– Epaimahaiaren proposamena ikusirik, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuak lehiaketa hau erabakiko du. Erabakia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, arlo bakoitzean sariduna zein gertatu den adieraziz, Agindu hau indarrean jarri eta sei hilabeteko epean, gehienez. 2.– Adierazitako epean Ebazpen zehatzik emango ez balitz, saririk ez dela emango ulertuko da. 3.– Administrazio-bidea agortuko duen Erabaki horren kontra, berraztertzeko errekurtsoa jarri ahal izango da sailburuaren aurrean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara eman eta hurrengo egunetik hasita hilabeteko epean. Era berean, Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango da, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Gorenean dagokion gelan, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara eman eta hurrengo egunetik hasita bi hilabeteko epean.
14. artikulua.– Sarien banaketa Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak berariaz antolatuko duen ekitaldi ofizialean egingo da.
15. artikulua.– Saritutako ikasmaterialek jasotako sariaren aipamena egin ahal izango dute. Publizitatea egiteko ere erabil dezakete aipamen hori, betiere zein motatan sarituak izan diren adieraziz.
AZKEN XEDAPENAK Lehenengoa.– Agindu honetako euskal eta erdal idazkien artean interpretazio-auzirik sortuko balitz, jatorrizkoa euskaraz idatzitakoa dela kontuan izanik, hura hartuko da korapiloa askatzeko gidari. Bigarrena.– Administrazio-bidea agortzen duen Agindu honen aurka berraztertzeko errekurtsoa jar liteke Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren aurrean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik hasi eta hilabeteko epean. Era berean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Gorenean, dagokion gelan, esandako egunetik hasi eta bi hilabeteko epean. Hirugarrena.– Agindu honetan prozedurari buruz zehaztu ez den edozertarako, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legea hartuko da kontuan. Laugarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean. Vitoria-Gasteiz, 2005eko urriaren 25a. Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburua, JOSÉ ANTONIO CAMPOS GRANADOS.
ESKATZAILEA	 Izen-abizenak:	NAN: 	 Argitaletxearen izena eta helbidea: LEHIAKETARA AURKEZTEN DEN IKASMATERIALA	 Izenburua: Egilea(k): Irakasmaila: Jakintzagaia: Ikasmaterial-mota: Lege-gordailua:	I.S.B.N.: Salneurria:	Onespen-data: ADIERAZPENA	 Unibertsitate aurreko irakasmailetan erabiltzeko asmoz argitaraturiko euskal ikasmaterial hoberenak aukeratu eta saritzeko 2005eko «Isaac López-Mendizabal» izeneko lehiaketaren arauak kontuan izanik, goian adierazitako ikasmaterialaren sei ale aurkezten dituela esandako lehiaketan parte hartzeko. 	 ZINPEKO AITORMENA	 Eskabide hau sinatzen dugunok zera aitortzen dugu: sexuaren ziozko bereizkeria egiteagatik ez dugula zigor administratibo edo penalik jaso, ez eta Emakumeen eta Gizonen berdintasunerako Legea dela bide inolako debekurik ere. 	 ESKABIDEA	 Goian zehaztutako ikasmateriala onartua eta erroldatua izateaz gainera, lehiaketa horretan kontuan hartua izan dadila. ..................(e)n, 2005eko ..........aren ....(e)an (izenpea eta zigilua) 	 Isaac López-Mendizabal lehiaketa. EIMA programa. Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila. Vitoria-Gasteiz.XEDATU DUT:
I. KAPITULUA
DEIALDIAREN XEDEA
II. KAPITULUA
LEHIAKETARA BIL DAITEZKEENAK
III. KAPITULUA
BAZTERREAN UTZIKO DIRENAK
IV. KAPITULUA
SARIEN ZENBATEKOA
V. KAPITULUA
ESKABIDE-AURKEZPENA
VI. KAPITULUA
EPAIMAHAIA
VII. KAPITULUA
HAUTAPEN-BIDEA
VIII. KAPITULUA
ORDAINBIDEA
IX. KAPITULUA
ERABILERA PUBLIZITARIOAZ
ERANSKINA
EIMA PROGRAMA
2005. URTEKO «ISAAC LÓPEZ-MENDIZABAL» LEHIAKETA
ESKABIDE-ORRIA