Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

91. zk., 2005eko maiatzaren 17a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Jaurlaritzaren Lehendakaritza
2455

EBAZPENA, 2005eko apirilaren 19koa, Lehendakaritzako idazkari nagusiarena, 2005erako “Euskal Gizartearen Egoera” sariaren deia egiteko dena.

Ekainaren 24ko 135/2003 Dekretuaren bidez aldatutako ekainaren 11ko 137/1996 Dekretuak “Euskal Gizartearen Egoera” izeneko ikerketa-saria sortu eta arautu zuen, azterlanak eta ikerlanak saritzeko asmoz; beti ere, azterlan eta ikerlanok Euskadiko egoera soziopolitikoa ezagutarazten edo errealitate horren ikerketa teorikoki edo metodologikoki garatzen lagunduko duten ingurukoak badira. Dekretu horren lehenengo artikuluan xedatzen denez, urtero egingo da sarirako deialdia ebazpen bidez, beraz 2005eko diru-laguntzen deia egitea egokia da.

Ondorioz, hauxe

EBATZI DUT:

Artikulu bakarra.– Deialdia.

Euskadiko egoera soziopolitikoa aztertzeko “Euskal Gizartearen Egoera” ikerketa-sariaren 2005eko deialdia egitea. Ebazpen honen eranskinean jasota daude horretarako onartu diren oinarriak.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Ebazpen honek eta ekainaren 11ko 137/1996 Dekretuak jasotzen ez duenaren gainean, urtarrilaren 13ko 4/1999 Legearen bidez aldatutako Herri-Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Guztientzako Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legea aplikatuko da.

Bigarrena.– Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2005eko apirilaren 19a.

Lehendakaritzako idazkari nagusia,

JESÚS PEÑA MARTÍNEZ.

ERANSKINA
“EUSKAL GIZARTEAREN EGOERA” SARIAREN
2005EKO DEIALDIAREN OINARRIAK

Lehenengoa.– Helburua.

Oinarri hauen helburua Euskadiko egoera soziopolitikoari buruzko “Euskal Gizartearen Egoera” ikerketa-sariaren 2005eko deialdia egitea da.

Bigarrena.– Egileek bete beharreko baldintzak.

1.– Beraien lanak aurkeztu ahal izango dituzte, lanak aurkezteko amaitzen den momentuan, goi-mailako titulazioa eta 35 urtetik bera dituzten pertsona fisikoek.

2.– Pertsona fisiko horiek beren kasa edota beste batzuekin elkartuta aurkez daitezke; kasu honetan, taldeko partaide guztiek bete beharko dituzte deialdiko baldintzak, eta ikerketa-buru bat aukeratuko dute.

Inola ere ez da onartuko pertsona fisikoak pertsona juridikoen izenean edo ordea aurkezterik (institutuak, unibertsitateak, erakundeak, enpresak, elkartek, e.a.).

3.–Debekatuta dute sari honetara aurkeztea Euskal Administrazio Publikoetako langileek (Euskal Autonomi Elkarteko Administrazio Orokorra eta bere erakunde autonomoak, Foru Administrazioa eta Tokikoa) eta Estatuko beste Lurralde Administrazio batzuetakoek, baldin eta ikerketa-lana beren lanarekin batera burutu badute, edo ikerketa-lana beren lanbidearekin elkarlotuta dagoenean.

Edozein zentrotako (publiko naiz pribatua) unibertsitate irakasle guztiek, berriz, parte hartu ahal izango dute.

Hirugarrena.– Sarirako diru-kopurua.

Hau da “Euskal Gizartearen Egoera” sariak 2005ean izango duen diru-kopurua, zergak barne:

Lehenengo saria:	7.500 euro.

Akzesita:		1.800 euro.

Laugarrena.– Azterlanak aurkeztea.

1.– Ekainaren 24ko 135/2003 Dekretuaren bidez aldatutako ekainaren 11ko 137/1996 Dekretuaren 4. artikuluan ezarritakoaren arabera, honako hauek aurkeztu beharko dituzte hautagaiek ikerlanarekin batera:

• Helburuen txostena. Bertan honako hauek zehaztuko dira: gaiaren justifikazioa, erabilitako metodologia, azterlanak hartzen duen aldia, azterlana noiz burutu den eta, hala badagokio, azterlanaren ekarpen berriak.

• Plika edo gutunazal itxia. Bertan zehaztuko dira azterlana egin duenaren edo egin dutenen datu pertsonalak eta curriculum vitaea edo curriculun vitaeak.

2.– Azterlanak helbide honetan aurkeztu behar dira: Eusko Jaurlaritzaren Lehendakaritza, Azterlan eta Lege Araubide Zuzendaritza, Nafarroa kalea 2 - 01007 Vitoria-Gasteiz (telefonoa: 945 01 80 53). Argi adierazi behar da 2005eko “Euskal Gizartearen Egoera” sarian aurkezteko direla.

Bosgarrena.– Azterlanak aurkezteko epea.

Azterlanak aurkezteko epea 2005eko irailaren 26ko 12:00etan bukatuko da.

Seigarrena.– Aurkeztutako lanen ezaugarriak.

Lanak euskaraz edo gaztelaniaz aurkeztu ahalko dira. Horretarako DIN-A4 formatuko orriak erabiliko dira, orrialde batetik eta tarte bikoitzarekin makinaz idatzita, saria arautzen duen dekretuaren 4. artikuluan ezarritakoaren arabera.

Aurkeztutako lanetan ez da inolako daturik jasoko egilearen edo egileen izena eta lana burutu edo aurkeztu duen ikastegiarena ezagutzera emateko.

Zazpigarrena.– Saria esleitzeko irizpideak.

Honako irizpide hauek izango ditu kontuan epaimahaiak saria nori esleitu proposatzeko:

– Kalitatea eta zehaztasun teknikoa eta zientifikoa.

– Ikuspuntuaren originaltasuna.

– Erabilitako metodologia.

– Izaera berritzailea.

Zortzigarrena.– Esleipena eta ordainketa.

Saria eta akzesita, hala badagokio, Lehendakaritzako idazkari nagusiaren ebazpenez esleituko dira, saria esleitzeko beren-beregi osatutako epaimahaiak proposamena egin ondoren. Esleipen-ebazpen horrek administrazio bidea amaituko du eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da sei hilabeteko epean, deialdiaren ebazpenak indarra hartzen duenetik kontatzen hasita.

Epe horretan aipatutako argitaratzea egiten ez bada, aurkeztutako kandidaturak gaitzetsitzat joko dira.

Sariak esleitu ondoren, ordainketa egingo da eta, hala badagokio, ekitaldi publikoan emango zaie irabazleei.

Bederatzigarrena.– Oinarriei men egitea.

“Euskal Gizartearen Egoera” sarira lanak aurkezteak ekainaren 11ko 137/1996 Dekretuan, zehazki, ekainaren 24ko 135/2003 Dekretuak aldatutakoan eta deialdi-erabaki honetan xedatutakoa onartzeko konpromiso formala dakar berekin.


Azterketa dokumentala