71. zk., 2005eko apirilaren 15a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
Bestelako Xedapenak
Lurralde Antolamendu eta Ingurumen Saila
1902
75/2005 DEKRETUA, apirilaren 5ekoa, Bizkaiko Foru Aldundiak, nahitaezko desjabetzea egiteko, “BI-2235 errepidearen Gernika-Mundaka tartean, zorua eta drainadura hobetzeko eraikuntza-proiektua” burutzeko beharrezkoak diren ondasun eta eskubideak, lehenbailehen hartu behar dituela deklaratzeko dena.
Bizkaiko Foru Aldundiko Garraio eta Herri Lan Sailaren 2004ko azaroaren 23ko Foru Aginduaren bidez, jendaurrean jarri ziren “BI-2235 errepidearen Gernika-Mundaka tartean zorua eta drainadura hobetzeko eraikuntza-proiektua” burutzeko beharrezkoak diren ondasun eta eskubideak, nahitaezko desjabetzea egiteko. Bilera berean erabaki zen Eusko Jaurlaritzari eskatzea nahitaezko desjabetzea egiteko beharrezkoak diren ondasunak eta eskubideak lehenbailehen hartu beharrekoak direla deklaratzeko, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan ezarritakoaren arabera.
Lehenbailehen hartu beharreko ondasun eta eskubideak banakatuta eta xehatuta agertzen dira espedientean jasotako zerrendan, zeintzuk diren jakiteko beharrezkoak diren datuekin. Zerrenda hori jendaurrean jarri zen zegokion garaian; zenbait arrazoibide-idazki aurkeztu zitzaizkion eta administrazio-espedientean adierazten den moduan ebatzi ziren idazkiok.
Zerbitzu teknikoek adierazi dutenez, ez dago espedientea izapidetzeko hirigintza-arloko inolako oztoporik.
Ondasun eta eskubide horiek hartzea luza ezinezkotzat jotzen da honako arrazoi hauengatik:
Proiektuak Gernika eta Mundaka lotzen dituen BI-2235 errepidearen tartean zorua eta drainadura hobetuko ditu eta gaur egungo estandarretara egokituko. Horrela, bidea seguruagoa izango da inguruko hiriguneetako biztanleentzat, alde horren ezaugarriak aintzat hartuta inguratzen diren turista ugarientzat eta Bermeoko portutik datozen edo bertara doazen guztientzat.
Gaur egun, ezkerretarako biraketak eta noranzko-aldaketak errepidearen erdian egiten dira, inolako babesik gabe. Hori ekiditeko, zenbait gurutzagune birmoldatu dira; hala, beraz, erdiko erreia proiektatu da ezkerretarako biraketak egiteko eta biribilgune txiki baten moduko irlatxoa albo batean, noranzko-aldaketa galtzada nagusitik kanpo egin ahal izateko.
Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamenduari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legearen 26.1 f) artikuluan xedatzen denaren arabera, Eusko Jaurlaritzari dagokio nahitaez desjabetu beharreko ondasun eta eskubideak lehenbailehen hartu beharrekoak direla deklaratzea, nahitaezko desjabetzeak honako hauek hartzen dituenean: burutze-unitate osoak, lurraldearen hirigintza-antolaketari dagozkion sistema orokorrak edo antolaketa horren elementuren bat eta hiri-lurrean egin beharreko banakako egintzak. Goian aipatutako Lege horrek 26.2. artikuluan ezarritakoaren arabera, Hirigintza, Etxebizitza eta Ingurumen sailburuari zegokion horretarako proposamena Jaurlaritzaren Kontseiluari aurkeztea.
Ondorioz, Lurralde Antolamendu eta Ingurumen sailburuak proposatuta eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2005eko apirilaren 5ean egindako bilkuran aztertu ondoren, hauxe
XEDATU DUT:
Artikulu bakarra.– Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamenduari buruzko Legearen 26.ean xedatutakoari jarraituz, “BI-2235 errepidearen Gernika-Mundaka tartean zorua eta drainadura hobetzeko eraikuntza-proiektua” burutzeko beharrezkoak diren ondasun eta eskubideak Bizkaiko Foru Aldundiak lehenbailehen hartu beharrekoak direla deklaratzea, nahitaezko desjabetzea egiteko. Berariaz hasarazitako espedientean jasotako zerrendan daude zehaztu eta banakatuta ondasun eta eskubide horiek.
Vitoria-Gasteizen, 2005eko apirilaren 5ean.
Lehendakaria,
JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.
Lurralde Antolamendu
eta Ingurumen sailburua,
SABIN INTXAURRAGA MENDIBIL.