71. zk., 2005eko apirilaren 15a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
Bestelako Xedapenak
Kultura Saila
1901
EBAZPENA, 2005eko martxoaren 8koa, Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordearena, Bilbaoko (Bizkaia) Harino Panadera irin lantegia monumentu izendapenaz, Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Orokorrean sartzeko espedienteari hasiera eman eta jendaurrean jarri eta interesdunei entzuteko dena.
Euskal Autonomia Erkidegoak, Konstituzioaren 148.1.16 eta Estatutuaren 10.19 artikuluen babesean, eskumen osoa bereganatu zuen Kultura Ondarearen gaiari dagokionez. Aipaturiko eskumen horretaz baliatuz, uztailaren 3ko Euskal Kultura Ondareari buruzko 7/1990 Legea onartu zen, kultura-interesa duten Euskal Autonomia Erkidegoko ondasunak deklaratzeko prozedurak arautzen dituena.
Bilbaoko Harino Panadera irin lantegiak daukan kultura-interesa azterturik, eta Kultura Ondarearen Zentroko Zerbitzu Teknikoek aurkezturiko Ebazpen Proposamenari jarraituz, honako hau
EBATZI DUT:
Lehena.– Bilbaoko (Bizkaia) Harino Panadera irin lantegia monumentu izendapenaz, Euskal Kultura Ondarearen Zerrendan sartzeko espedienteari hasiera ematea, I. Eranskineko mugaketarekin eta II. Eranskineko deskripzioarekin bat etorriz.
Bigarrena.– Bilbaoko (Bizkaia) Harino Panadera irin lantegia Euskal Kultura Ondarearen Zerrendan sartzeko espedientea jendaurrean jartzea, Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik hasi eta 20 eguneko epean alegazioak egin eta egokitzat jotzen diren agiriak aurkeztu ahal izateko, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen 84. eta 86. artikuluetan oinarrituz. Aipaturiko espedientea Vitoria-Gasteizko Donostia-San Sebastian kaleko 1. zenbakian dagoen Euskal Kultura Ondarearen Zentroan dago ikusgai.
Hirugarrena.– Ebazpen hau interesdunei, Bilbaoko Udalari, Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura eta Hirigintza Sailei eta Eusko Jaurlaritzako Lurralde Antolamendu eta Ingurumen Sailari jakinaraztea, jakinarazpena egin eta 15 eguneko epean alegatu eta egokitzat jotzen dituzten agiriak eta frogagiriak aurkeztu ahal izateko.
Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratzea, jende guztiak Ebazpen horren berri izan dezan.
Vitoria-Gasteiz, 2005eko martxoaren 8a.
Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordea,
GURUTZ LARRAÑAGA ZUBIZARRETA.
I. ERANSKINA
Mugaketa
a) Mugaketaren deskribapena.
Babes-ingurunearen mugaketa erantsitako planoan dago zehaztuta. Mugaketa horretan, bai eraikina, bai eta horren barruan gordetako instalazio mekaniko guztiak ere biltzen dira. Instalazio horien artean, besteak beste, I. eranskinean deskribatutakoak daude. Era berean, azken urbanizazio-obren ondorioz mugatutako lursaila barne hartzen da. Lursail horren definizioa, oro har, honelakoa da:
– Iparraldera eta mendebaldera, 1902ko eraikina hartzen da erreferentzia gisa (40ko hamarkadan egindako zabalkuntzak barne direla); eta haren fatxadekiko lerro paralelo batzuk trazatzen dira, 2,5 metrora. 1912ko eraikinaren mendebaldeko fatxadatik bertatik doan lerroaz hegoalderantz jarraitzen da.
– Hegoaldera, 10 metroko erradioa duen zirkunferentzierdia.
– Ekialdera, fatxadetatik 7 metrora dagoen lerro paraleloa.
Ez da beharrezkotzat jotzen, deskribatutako lursailetik harantzago, ingurune urbanizatuaren gainerakora babesa zabaltzea.
b) Mugaketaren justifikazioa.
Proposatutako mugaketa honako faktore hauek baldintzatzen dute:
– Ondasun-mota, hots: hiri-ingurunean integratutako industria-instalazioa.
– Bertan gordetzen diren instalazio mekanikoen balioa.
Eraikinaren ingurunea aldatu egin da oraintsu. Harino Panadera-ren gainerako instalazioak desagertu egin dira. Horien ordez, bizitegi-eraikuntza bat eta ingurunearen urbanizazio berria egin da. Horregatik, ez da gorde ondasunari lotutzat har litekeen garrantzizko espaziorik, eta behar adinakotzat jo da Harino Panadera-ren instalazioak murriztuta geratu direneko gutxieneko lursaila, Iralabarrin.
II. ERANSKINA
Deskribapena
Harino Panadera sozietateak tradiziozko errotaritza hidraulikoaren amaiera ekarri zuen berekin. 1902an sortu zen, zenbait enpresa txikik bat egitearen ondorioz. Horien artean, Compañía Bilbaína de Molinería y Panificación zegoen. Haren ekarpena, besteak beste, gaur arte iraun duen irin-fabrika izan zen, Bilbaoko Iralabarri auzoan kokatutakoa. Zuen kokapen estrategikoagatik aukeratu zen toki hori; izan ere, Bilbao-Santander eta Bilbao-Portugalete trenbideetako merkantzia-geltokiaren ondoan baitzegoen.
Irin-fabrikak bi zati hauek ditu: iparraldean jatorrizko irin-fabrika, 1902 baino lehenagokoa, eta hegoaldean 1912an egindako zabalkuntza. Hortaz, Harino Panadera-ren Iralabarriko instalazioak osatzen zituzten eraikinen artean zaharrena da, eta hormigoi armatuzko egiturakoen artean aitzindarietakoa gainera, irina ere egiten zuen Bilbaoko “La Ceres” fabrikarekin batera.
1902 baino lehenagoko eraikuntzak behe-oina eta bost solairu ditu (hasiera batean, lau solairu eta zabaltza), 24x11 metro inguruko oinplano angeluzuzenaren gainean altxatutakoak. Egitura hormigoi armatuzkoa da (Hennebique patentekoa), sistema arkupedun erregularrekoa. Hiru arkupe ditu, bi fatxadetan eta bestea erdian, oina bi hormartetan zatitzen den moduan. Hala, oinaren erdian 6 pilareko ilara geratzen da (40ko hamarkadan egin zen eta oina luzatzen duen zabalkuntzaren aurretik 5 pilare zituen). Gainerako pilareak fatxadan integratuta daude, pilastra moduan. Arkupe horien gainean, zeharka, ertzeko habeak ditu, pilareekin bat eginez. Argi erdian, pilare horien gainean, noranzko biko lauza dago. Hori guztia esfortzu handiak jasan ahal izateko dimentsionatuta dago. Fatxadetan, zutabeen eta habeen egitura-sarea nabarmentzen da. Horiek haga osoko adreiluzko eta Portland zementuz estalitako hormatalekin ixten dira, kanporantz akabera pikortsua dutela. Fatxadetan leiho dintelduak modu erregularrean daude antolatuta. Paneletan kristaleztatuak dira eta egitura-sarearen itxura egiten duten inpostez inguratuta daude. Solairuak barrutik komunikatuta daude, burdina galdatuzko landare-motiboak dituen eskailera baten bidez. Barruan, paramentuak azulejoz estalita daude altuera erdiraino, eta gainerakoa luzituta dago. Hormigoi armatuzko sabaiak, zutabeak eta habeak ere luzituta daude. Zorua ageriko hormigoi armatuzkoa da lehen oinean. Gainerako solairuetan, zorua lauza zeramikoz estalita dago (jatorrian zementuzkoa zen). Estalkia laua da eta asfaltatuta dago.
1912ko zabalkuntza Fidel Iturria arkitektoaren proiektua da. Zereala garbitzeko beharrezko makineria hartzera dago zuzenduta. Aurreko eraikinari hegoaldeko muturretik dago erantsita eta solairu-fabrikaren motakoa da, aurreko eraikina bezalaxe. Oinen kopuru bera du eta horiek altueran bat datoz, bosgarren oina izan ezik, metro eta erdi inguru gailentzen baita. Oin bakoitzean, jatorrizko eraikinarekiko itxiera ezabatu zen. Hala, bi eraikinak elkarrengandik bereizten ez dituen espazio jarraitua geratzen da. Oinplano irregularra du, 9x13 metrokoa. Harlangaitz-hormazko zimenduen gainean, hormigoi armatuzko egitura altxatzen da, pilare-ilara baten bidez banandutako bi hormarte desberdin dituena. Estuena iparraldean dago eta jatorrizko fabrikarekin bat egiten du. Era berean, tratamendua eta akaberako materialak (zoruak, paretak, sabaiak eta egitura) jatorrizkoaren antzekoak ditu. Estalkia ere laua da eta asfaltatuta dago. Fatxadetan egitura-sarea ere nabarmentzen da, eta hormatalak adreilu zarpiatuz ixten dira. Leihoek, aldiz, formatu handiagoa dute eta etzanak dira. Fatxaden apaindura-motibo bakarra azulejo zuri eta urdinetako zerrenda batzuk dira; goi-erremate gisa eta, zenbaitetan, behe-erremate gisa ere bai, leihoetako batzuetan.
Irina egiteko instalazio mekaniko osoa gordetzen du. Prozesuak sistema austrohungariarrari jarraitzen dio. Prozesu hori, funtsean, hiru fase hauek osatzen dute: garbiketa, egokitzapena eta ehotzea. Prozesu osoa burutzeko beharrezko instalazioak oinen arabera daude antolatuta: behe-oinean motorrak daude, lehen solairuan errotak, bigarrenean multitubularrak edo kanalak, hirugarrenean sasoreak, laugarrenean planchister-ak eta bosgarrenean zikloiak.
Motor elektrikoek ematen zuten goiko solairuetako makineria abiarazteko beharrezko indar eragilea, energia uhal lauen bidez transmitituz, bi transmisio-ardatzetatik abiatuta. Hiru motor daude, AEG, Siemens eta Aguirena etxeetakoak, eta bost dinamo.
Lehen solairuan, guztira, hemezortzi zilindro-errota bikoitz daude, txirristen, bereizgailuen, tararen, dosifikagailuen eta goi-solairu guztiak bertikalki zeharkatzen dituzten gari bustirako andelen egitura trinkoaren baitan banatuta. Eho eta bahetzeko errotak dira, Dresde-ko Seck etxeak eraikitakoak, batzuk 1912an eta besteak 1920an.
Bigarren oina metalezko hodien sare batek zeharkatzen du. Hodi horiek garai batean zurezkoak ziren eta bertatik igo eta jaisten zen irina, produkzio-diagramak ezarritako beharren arabera. Hodiek libre utzitako lekuan, besteak beste, makina hauek daude: teknologia alemaniarreko triaberjoiak (irinen kalitatea hondatzen zuten haziak bereizteko), bilgailu mahukadunak (hautsa xurgatzeko), eta Holandan eta Bartzelonan fabrikatutako zenbait baskula.
Hirugarren oinean sasoreak daude, dentsitatearen arabera semolak eta zahia sailkatzen zutenak. Horietako sei 1912 eta 1920 bitartean fabrikatu zituen Alemaniako Seck etxeak. Zazpigarrena 1958koa da, Morros etxeak egindakoa. Hartxintxarrak kentzeko makina bat ere badago, gari-aleak baino astunagoak diren harriak bereiztekoa, garbiketa-lana erraztearren; zenbait bereizgailuz gainera. Zaharrena Manchesterren eraikia da, 1920an.
Laugarren solairuan planchister-ak daude, errotetan lortutako semolak, semolinak eta irinak bereizteko makinak. Hamabi dira, guztiak Morros etxeak fabrikatutakoak 1941 eta 1958 bitartean.
Azken solairuan, irin-fabrikak ehotze-prozesu osoan sorrarazitako hauts ugaria xurgatu eta bildu besterik ez zen egiten. Eginkizun horretarako, hiru bilgailu mahukadunak, 1959koak, EMSA etxekoak, eta etxe bereko hamabi zikloi-multzoak, haien alboan kokatutakoak, erabiltzen ziren. Zabaldutako zatian, haizagailuak eta eskuilatzeko makinak daude, bai eta beheko solairuak zeharkatzen dituzten gari-andelak ihinztatzeko instalazioa ere.