71. zk., 2005eko apirilaren 15a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
Bestelako Xedapenak
Kultura Saila
1899
62/2005 DEKRETUA, martxoaren 29koa, Durangon (Bizkaia) Barrenkaleko 12. zk.an dagoen higiezina desafektatzea ebazten duena. Higiezin hori aurri deklaratzeko prozedura baten barnean dago, eta kultura-ondasuna da; izan ere Durangoko Hirigune Historikoaren barruan dago eta, urtarrilaren 14ko 4/1997 Dekretuaren bitartez, hirigune osoa monumentu multzo izendatu eta berori zaintzeko babes-araudia ezarri zen.
Durangon, Barrenkaleko 12. zk.an dagoen higiezina Eusko Jaurlaritzak urtarrilaren 14an emandako 4/1997 Dekretuaren barnean dago (urtarrilaren 30eko EHAA, 20. zk.); izan ere, horren eraginez izendatu zuten kultura-ondasun Durangoko Hirigune Historikoa, monumentu-multzo izendapena emanda.
Euskal Kultur Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legeak (abuztuaren 6ko EHAA, 157. zk.) 36. artikuluan ezartzen duenez, debekatuta dago sailkatutako edo zerrendatutako kultura-ondasunak eraistea, baldin eta aldez aurretik aurri-deklarazioa egiten ez bada eta dagokion Foru Aldundiak berariazko baimenik eman ez badu. Era berean, nahitaezkoa izango da aurretiaz Eusko Jaurlaritzak ondasun hori desafektatzeko baimena ematea.
Arautegi hori garatze aldera, 306/1998 Dekretua eman zen, azaroaren 10ekoa, sailkatutako eta zerrendatutako kultura-ondasunak aurri-egoeran daudela deklaratzeari eta horiek eraisteko ebazpena eman aurreko eta ondoko jardunak ezartzeari buruzkoa (azaroaren 26ko EHAA, 226. zk.).
Durangoko Udalak 2004ko irailaren 16an Euskal Kultura-ondarearen Zentrora igorri zuen Durangoko Hirigune Historikoan dagoen Barrenkaleko 12. zk.ko higiezina aurri-egoeran dagoela deklaratzen duen espedientearen kopia. Horrekin batera, desafektazio-espedientea hasteko eskabidea ere igorri zuen, aipatutako 306/1998 Dekretuarekin bat etorriz.
Higiezin hori oinarrizko babesa behar duen elementua da, urtarrilaren 14ko 4/1997 Dekretuari jarraiki. Esan bezala, dekretu horren bidez, Durangoko (Bizkaia) Hirigune Historikoa, monumentu-multzo izendapenaz, kultura-ondasun izendatu zen, eta hura zaintzeko babes-araubidea ezarri zen (urtarrilaren 30eko EHAA, 20. zk.)
Txosten teknikoak, aurri-espedientea eta egindako jardunak aztertu ondoren, Euskadiko Ondare Arkitektoniko Monumentalaren Aholku Batzordeak, 2004ko abenduaren 2ko bilkuran, Durangoko Barrenkaleko 12. zk.ko higiezina partzialki desafektatzea erabaki zuen, eta fatxada gordetzeko agindu zuen.
Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordeak 2004ko abenduaren 15ean emandako Ebazpenaren bidez (2005eko urtarrilaren 18ko EHAA, 11. zk.), Durangoko Barrenkaleko 12. zk.ko higiezina desafektatzeko espedientea ireki zen, eta espedientea jendaurrean jartzeko izapidea eta interesdunen entzunaldia egin ziren.
Espedientea jendaurrean jartzeko izapidea eta interesdunen entzunaldia burututa, ez da alegaziorik aurkeztu.
Hori dela-eta, Euskal Kultur Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legean ezarritakoaren arabera, Euskal Kultura-ondarearen Zentroko Zerbitzu Teknikoen aldeko txostena ikusirik, Kultura sailburuak proposamena egin ondoren eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2005eko martxoaren 29ko bilkuran aztertuta, honako hau
XEDATU DUT:
Artikulu bakarra.– Urtarrilaren 14ko 4/1997 Dekretuan jasota dagoen Barrenkaleko 12. zk.ko higiezina desafektatzea, gaurko egunean ez baitu, Euskal Kultur Ondarearen araudiaren arabera, babes hori izaten jarraitzeko kultura-baliorik, nahiz eta fatxada bere horretan gorde behar den. Dekretu horren bidez, Durangoko Hirigune Historikoa, monumentu-multzo izendapenaz, sailkatutako kultura-ondare izendatu zen.
XEDAPEN GEHIGARRIAK
Lehenengoa.– Kultura Sailak Euskal Kultura-ondarearen Zentroari eskatuko dio Sailkatutako Kultura Ondasunen Erregistroan ondasun higiezin horri dagokionez jasotako behin-behineko idatzoharra ezaba dezala, erregistro hori Zentroari atxikita baitago.
Bigarrena.– Kultura Sailak dekretu honen berri emango die interesdunei, Durangoko Udalari, Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura eta Hirigintza Sailei baita Eusko Jaurlaritzako Lurralde Antolamendu eta Ingurumen Sailari ere.
Hirugarrena.– Desafektazioa egin ahal izateko, memoria bat aurkeztuko da, higiezinari buruz behar beste agiri jasota, betiere, Euskal Kultur Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 36.2 artikuluan adierazten denari jarraiki. Kultura Sailak eskatuko die higiezinaren titularrei memoria aurkezteko, eta, horretarako, hamabost eguneko epea emango die, dekretu honen berri jakinarazten den egunetik zenbatzen hasita. Nahitaez egin beharreko memoria hori aurkeztu ezean, Eusko Jaurlaritzaren Kultura Ondareko zerbitzu teknikoek egingo dute, interesdunak ordainduta.
Laugarrena.– Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, jende guztiak horren berri izan dezan.
AZKEN XEDAPENAK
Lehenengoa.– Administrazio-bidea amaitzen duen Dekretu honen aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaioke interesdunak Jaurlaritzaren Kontseiluari, Dekretua azkenengoz argitaratzen den egunaren biharamunetik hasi eta hilabeteko epean, edo, bestela, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezake EAEko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan, Dekretua azkenengoz argitaratu zen egunaren biharamunetik hasi eta bi hilabeteko epean.
Bigarrena.– Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean bertan jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteizen, 2005eko martxoaren 29an.
Lehendakaria,
JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.
Kultura sailburua,
MIREN KARMELE AZKARATE VILLAR.