Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

71. zk., 2005eko apirilaren 15a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Kultura Saila
1898

63/2005 DEKRETUA, martxoaren 29koa, Gasteizen Hedegile kaleko 66. eta 70. zk.etan eta Errementari kaleko 45. zk.an dauden higiezinak desafektatzea ebazten duena. Higiezin horiek aurri deklaratzeko prozedura baten barnean daude, eta kultura-ondasun dira; izan ere Gasteizko Hirigune Historikoaren barruan daude eta, abenduaren 23ko 312/1997 Dekretuaren bitartez, hirigune osoa monumentu multzo izendatu eta berori zaintzeko babes-araudia ezarri zen.

Gasteizen Hedegile kaleko 66. eta 70. zk.etan eta Errementari kaleko 45. zk.an dauden higiezinak Eusko Jaurlaritzak abenduaren 23an emandako 312/1997 Dekretuaren barnean daude (1998ko urtarrilaren 15eko EHAA, 9. zk.); izan ere, horren eraginez izendatu zuten kultura-ondasun Gasteizko Hirigune Historikoa, monumentu-multzo izendapena emanda, Euskal Kultura Ondarearen uztailaren 3ko 7/1990 Legeko manuei jarraituz.

Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legeak (abuztuaren 6ko EHAA, 157. zk.) 36. artikuluan ezartzen duenez, debekatuta dago sailkatutako edo zerrendatutako kultura-ondasunak eraistea, baldin eta aldez aurretik aurri-deklarazioa egiten ez bada eta dagokion Foru Aldundiak berariazko baimenik eman ez badu. Era berean, nahitaezkoa izango da aurretiaz Eusko Jaurlaritzak ondasun hori desafektatzeko baimena ematea.

Arautegi hori garatze aldera, 306/1998 Dekretua eman zen, azaroaren 10ekoa, sailkatutako eta zerrendatutako kultura-ondasunak aurri-egoeran daudela deklaratzeari eta horiek eraisteko ebazpena eman aurreko eta ondoko jardunak ezartzeari buruzkoa (azaroaren 26ko EHAA, 226 zk.).

Gasteizko udalaren Etxebizitzarako eta Hiri Berrikuntzarako Udal Eragintegiak Hedegile kaleko 66. eta 70. zk.etan dauden eraikinak hurre-hurreko aurriko egoeran daudela jakinarazi zien Arabako Foru Aldundiko eta Eusko Jaurlaritzako teknikariei, eta aurri-egoera aitortzeko espedientea izapidetzeari ekin zitzaion, 306/1998 Dekretuari jarraituz.

Halaber, Gasteizko Udalak Errementari kaleko 45. zk.ko eraikina desafektatzeko eskatu zuen, aurri-egoeran dagoelako.

Hiru higiezinak oinarrizko babesa behar duten elementuak dira, abenduaren 23ko 312/1997 Dekretuari jarraiki. Esan bezala, dekretu horren bidez, Gasteizko Hirigune Historikoa, monumentu-multzo izendapenaz, kultura-ondasun izendatu zen, eta hura zaintzeko babes-araubidea ezarri zen (1998ko urtarrilaren 15eko EHAA, 9. zk.).

Txosten teknikoak, aurri-espedientea eta egindako jardunak aztertu ondoren, Euskadiko Ondare Arkitektoniko Monumentalaren Aholku Batzordeak, 2004ko martxoaren 5eko bilkuran, Hedegile kaleko 66. eta 70. zk.etan dauden higiezinak desafektatzea erabaki zuen, eta 2004ko abenduaren 2ko bilkuran, Errementari kaleko 45. zk.an dagoen higiezina partzialki desafektatzea, beheko solairuko fatxada eta horma-hobia gordetzeko agindu baitzuen.

Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordeak 2004ko abenduaren 27an emandako Ebazpenaren bidez (2005eko urtarrilaren 26ko EHAA, 17. zk.), Hedegile kaleko 66. eta 70. zk.etan eta Errementari kaleko 45. zk.an dauden higiezinak desafektatzeko espedientea ireki zen, eta espedientea jendaurrean jartzeko izapidea eta interesdunen entzunaldia egin ziren.

Espedientea jendaurrean jartzeko izapidea eta interesdunen entzunaldia burututa, ez da alegaziorik aurkeztu.

Hori dela-eta, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legean ezarritakoaren arabera, Euskal Kultura-ondarearen Zentroko Zerbitzu Teknikoen aldeko txostena ikusirik, Kultura sailburuak proposamena egin ondoren eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2005eko martxoaren 29ko bilkuran aztertuta, honako hau

XEDATU DUT:

Artikulu bakarra: Abenduaren 23ko 312/1997 Dekretuan jasota dauden zenbait higiezin, ondoren aipatzen direnak, desafektatzea, gaurko egunean ez baitute, Euskal Kultura Ondarearen araudiaren arabera, babes hori izaten jarraitzeko kultura-baliorik: guztiz Gasteizko Hedegile kaleko 66. eta 70. zk.etan daudenak eta partzialki Errementari kaleko 45. zk.an dagoena, horretan beheko solairuko fatxada eta horma-hobia gorde egin behar baitira. Aipatutako Dekretuaren bitartez, Gasteizko Hirigune Historikoa, monumentu-multzo izendapenaz, sailkatutako kultura-ondare izendatu zen eta babes-araubidea ezarri zen.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenengoa.– Kultura Sailak Euskal Kultura-ondarearen Zentroari eskatuko dio Sailkatutako Kultura Ondasunen Erregistroan ondasun higiezin horri dagokionez jasotako behin-behineko idatzoharra ezaba dezala, erregistro hori Zentroari atxikita baitago.

Bigarrena.– Kultura Sailak dekretu honen berri jakinaraziko die interesdunei, Gasteizko Udalari, Arabako Foru Aldundiko Kultura eta Hirigintza Sailei eta Eusko Jaurlaritzako Lurralde Antolamendu eta Ingurumen Sailari.

Hirugarrena.– Desafektazioa egin ahal izateko, memoria bat aurkeztuko da, higiezinei buruz behar beste agiri jasota, betiere, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 36.2 artikuluan adierazten denari jarraiki. Kultura Sailak eskatuko die higiezinen titularrei memoria aurkezteko, eta, horretarako, hamabost eguneko epea emango die, dekretu honen berri jakinarazten den egunetik zenbatzen hasita. Nahitaez egin beharreko memoria hori aurkeztu ezean, Eusko Jaurlaritzaren Kultura Ondareko zerbitzu teknikoek egingo dute, interesdunek ordainduta.

Laugarrena.– Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Araba Lurralde Historikoaren Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, jende guztiak horren berri izan dezan.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Administrazio-bidea amaitzen duen Dekretu honen aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaioke interesdunak Jaurlaritzaren Kontseiluari, Dekretua azkenengoz argitaratzen den egunaren biharamunetik hasi eta hilabeteko epean, edo, bestela, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezake EAEko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan, Dekretua azkenengoz argitaratu zen egunaren biharamunetik hasi eta bi hilabeteko epean.

Bigarrena.– Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean bertan jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2005eko martxoaren 29an.

Lehendakaria,

JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.

Kultura sailburua,

MIREN KARMELE AZKARATE VILLAR.


Azterketa dokumentala