Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

71. zk., 2005eko apirilaren 15a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Saila
1894

AGINDUA, 2005eko martxoaren 8koa, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko Prokuradoreen Kontseilu Nagusiaren Estatutuak onartzen dituena.

Abenduaren 18ko 3/1979 Lege organokoaren bitartez, Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutua onartu zen, eta bere 10.22 artikuluan ezartzen denez, Euskal Autonomia Erkidegoari dagokio lanbide-elkargoen eta tituludun lanbidetan jardutearen arloko eskumen esklusiboa, betiere Konstituzio espainiarraren 36. eta 139. artikuluen kontra egin gabe.

Uztailaren 30eko 192/2002 Dekretuaz Euskal Autonomia Erkidegoko Prokuradoreen Kontseilua sortu zen; eta bere 1. eta 2. Xedapen Gehigarrietan ezartzen denez, Kontseilua osatzen duten elkargo guztiak ordezkaturik dauden batzorde batek, batetik, Kontseiluaren estatutuak prestatu behar ditu, eta, bestetik, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrari jakinarazi beharko dizkio, Justiziaren arloko eskumenak dituen sailaren bitartez jakinarazi ere. Eta sail horrek estatutuak legezkotasunarekin bat datozela egiaztatuko du, hain justu ere Tituludun Lanbideetan Jardutearen eta Lanbide Elkargo eta Kontseiluen azaroaren 21eko 18/1997 Legeko 33.5 eta 45.3 artikuluetan aurreikusitakoaren arabera, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara daitezela aginduko du.

Euskal Autonomia Erkidegoko Prokuradoreen Kontseiluaren Estatutuak legezkotasunarekin bat datozela egiaztatu da, eta Tituludun Lanbideetan Jardutearen eta Lanbide Elkargo eta Kontseiluen azaroaren 21eko 18/1997 Legeak ematen dizkidan eskumenez baliatuaz, honako hau

ERABAKI DUT:

1. artikulua.– Onarpena.

Euskal Autonomia Erkidegoko Prokuradoreen Kontseiluaren Estatutuak onartzea.

2. artikulua.– Argitarapena.

Euskal Autonomia Erkidegoko Prokuradoreen Kontseiluaren Estatutuak argitara daitezela agintzea, agindu honen eranskinean.

3. artikulua.– Inskripzioa.

Euskal Autonomia Erkidegoko Prokuradoreen Kontseiluaren Estatutuak Tituludun Lanbideen Erregistroan inskriba daitezela agintzea, hain justu ere kontseilu hori behar bezala eraturik dagoenean.

AZKEN XEDAPENA

Indarra hartzea.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hartuko du indarra agindu honek.

Vitoria-Gasteiz, 2005eko martxoaren 8a.

Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburua,

JOSEBA AZKARRAGA RODERO.

MARTXOAREN 8KO AGINDUAREN ERANSKINA
EAEko PROKURADOREEN KONTSEILU NAGUSIAREN ESTATUTUA
HITZAURREA

Uztailaren 30eko 192/2002 Dekretuaren bitartez eratu zen EAEko Prokuradoreen Kontseilua, eta orain aurkezten den Estatutu honen xede nagusia da Kontseiluaren garapen organikoa zehaztea; horretarako, Kontseiluari dagozkion funtzioak, organoak eta barne-prozedurak erabaki behar dira. Ondoren landu eta onartuko da EAEko Prokura barne hartuko duen Estatutu Orokorra, eta funtsezko hainbat alderdi erabakiko dira bertan, hala nola prokuradoreen lanbidean sartzeko erregimena, bateraezintasunak, deontologia profesionala, arau-hauste eta zigorren erregimena eta prokuradoreen lanbidea bera EAEko Prokuraren profesional guztientzako komuna izango den erregimen baten arabera antolatzea, Espainiako Prokuradoreen Estatutu Orokorrean (aurrerantzean PEO) ezarritako arauekin adostasunean (108. atala).

Orain aurkezten dugun Estatutu honen arabera, Kontseiluaren Osoko Bilkura da lanbidea, bere osotasunean, barne hartuko duen organo nagusia, eta honakoak aipatu Osoko Bilkura osatuko duten kideak: Elkargoetako Dekanoak eta sei aholkulari, hain zuzen, Bizkaiko hiru, Gipuzkoako bi eta Arabako bat, beti ere 18/1997 Legearen, azaroaren 21ekoaren, zehazki, Tituludun Lanbideei eta Lanbide Elkargo eta Kontseiluei buruzkoaren 46.2 artikuluan adierazitakoa betez. Kontseilariak diharduten prokuradore izateko baldintza ezarri da, hartara prokuradoreen lanbidean eragina duten alderdiak ezagutzen dituela ziurtatzeko; aldi berean, dagokion Gobernu Batzordeko kide izateko baldintza ezarri da eta modu horretan lortzen da antolakuntza profesionala osatzen duten instantzia guztien arteko koordinazioa

Bestalde, Estatutuan Batzorde Iraunkorraren figura aipatzen da: dekanoa eta idazkaria dira Batzorde Iraunkorreko kideak, eta azkenak, hots, idazkariak, ez du boto-eskubiderik. Estatutuaren 151 artikuluan adierazi dira Batzorde Iraunkorrari dagozkion funtzioak, hain zuzen, arbitrajea, Kontseiluaren beraren zereginak sustatzea eta lehendakaritzari laguntzea. Batzorde Iraunkorraren osaera egokia da koordinaturik lan egiteko eta adostasuna lortzeko.

Kontseiluko Lehendakaritza txandakakoa izango da, eta dagokion Elkargo bakoitzeko dekanoa izango da lehendakari.

Kontseiluaren eta Elkargoen artean harremanak izateko printzipioari garrantzi berezia emango zaio, beti ere elkarrenganako leialtasuna, lankidetza, koordinazioa eta bakoitzaren eskumenekiko errespetua azpimarratuz.

Horrenbestez, gure antolakuntzaren oinarri gisa adiskidetasuna eta lanbidearen duintasuna zehaztu dira eta, ildo horretan, orain aurkezten dugun estatutu honen helburua da, arbitrajearen bitartez, erakunde profesionalen artean (eta erakunde bakoitzaren baitan) sortu ahal diren arazo eta gatazkei konponbidea ematea.

Funtzionamendurako arauak eta administrazio- eta aurrekontu-mailako erregimena zehazten dira estatutu honetan.

LEHENENGO KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.– Lurralde-esparrua.

EAEko Prokuradoreen Kontseilua uztailaren 30eko 192/2002 Dekretuaren bitartez eratu zen eta bertan sartzen dira Arabako, Gipuzkoako eta Bizkaiko Prokuradoreen Elkargoak.

2. artikulua.– Izaera eta nortasun juridikoa.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko esparruan, Prokuraren lanbidearen ordezkaritza, kontsulta, koordinazio eta lanbidearen defentsarako organo gorena da EAEko Prokuradoreen Kontseilua, eta gizartearen interes eta behar orokorrekin bat etorriz jokatzen du.

2.– Zuzenbide publikoko korporazioa da Kontseilua eta nortasun juridiko propioa du, bai eta dagozkion funtzioak betetzeko gaitasuna ere.

3. artikulua.– Hizkuntz ofizialtasun bikoitza.

1.– Euskara eta gaztelania dira EAEko Prokuradoreen Elkargoko bi hizkuntza ofizialak.

2.– Kontseiluko Osoko Bilkurari dagokio bi hizkuntzen erabilera normalizatzeko neurriak hartzea.

4. artikulua.– Egoitza.

1.– Bizkaiko Jaurerriko Prokuradoreen Elkargoan (Bilbon) du egoitza Kontseiluak.

2.– Aurreko atalean esandakoari kalterik egin gabe, Lehendakaritzak erabakitako lekuan egingo dituzte bilerak Kontseiluko organoek.

5. artikulua.– Funtzioak.

Honakoak dira EAEko Prokuradoreen Kontseiluak bete beharreko funtzioak:

a) Kontseiluaren Estatutuak lantzea, onartzea eta aldatzea, bai eta Eusko Jaurlaritzan justiziaren arloko eskumenak dituen sailera bidaltzeko akordioa hartzea ere, hartara estatutuen legezkotasuna kontrolatzeko eta, ondoren, argitaratzeko. Kontseiluari dagokio, halaber, Estatutua garatzeko barne-araudiak lantzea eta onartzea, eta aldaketak egitea.

b) EAEko Prokuraren Estatutua lantzea, onartzea eta aldatzea, hartara jardun profesionala antolatu ahal izateko, eta Eusko Jaurlaritzan justizia-esparruko eskumenak dituen sailera bidaltzeko akordioa hartzea, hartara estatutuen legaltasuna kontrolatzeko eta, ondoren, argitaratzeko. Horrez gain, Kontseiluari dagokio Estatutu Orokorra eta beraren aldaketak garatzeko araudiak lantzea eta onartzea, bai eta xedapen guztiak aplikatzeko jarraibideak ematea ere.

c) Euskal Autonomia Erkidegoko Prokuradoreen Elkargo guztien eta lanbidearen beraren ordezkaritza.

d) Lanbidean sartzeko prozeduran parte hartzea, Espainiako Prokuradoreen Kontseilu Orokorrak adierazitakoaren arabera.

e) EAEko Prokuradoreen Elkargoen arteko koordinazioa, beti ere jardueraren izaerak horrela eskatzen badu; horrez gain, Kontseiluari dagokio Kontseiluaren beraren eta Elkargoen artean, edo Elkargo desberdinen artean, edo Elkargoen baitan sortutako arazoak konpontzea, honako Estatutu honen 201. artikuluan adierazitakoari jarraituz.

f) Elkargo bakoitzaren Estatutuen eta aldaketen derrigorrezko txostena igortzea, 18/1997 Legearen, azaroaren 21ekoa eta tituludun lanbideei eta profesionalen elkargo eta kontseiluei buruzkoa, 33.4 artikuluaren arabera.

g) Elkargoen organoen ekintzen aurka jarritako errekurtsoei erantzutea, beti ere honako Estatutu honetan edo EAEko Prokuraren Estatutu Orokorrean edo Elkargoen Estatutuetan berariaz aurreikusten bada.

h) Elkargoetako eta Kontseiluko Gobernu Batzordeetako kideenganako diziplina-funtzioak betetzea.

i) EAEko Prokuradoreen Errolda eta jarritako isunen erregistroa eguneratuta edukitzea.

j) Herri Administrazioek aztertutako proiektu arau-emaileei buruzko txostenak igortzea eta, batez ere, Eusko Jaurlaritzak Prokurarekin eta eskaintzen diren zerbitzuekin erlazioan landutako aurreproiektuei buruzko txostenak ematea; horrez gain, Prokurarekin lotuta Herri Administrazioetara igorritako txosten, iradokizun edo eskariak lantzea eta onartzea, Autonomi Kontseiluko lurralde eremuaren barne.

k) Kontseiluak hartutako erabakiak edo akordioak Prokuradoreen Elkargoei betearaztea, eta Kontseiluak, bere eskumenekoak diren esparruetan, hartutako erabakiak Elkargoek betetzeko neurriak hartzea.

l) Intrusismo profesionala eta legez kanpoko lehia edo lehia desleiala saihesteko neurriak hartzea (administrazioan zein maila judizialean), edo Prokuraren bateraezintasunak arautzen dituzten xedapenen eraginkortasuna ziurtatzeko neurriak hartzea, beti ere Prokuradoreen Elkargoak, hots, aipatutako jokaerak gertatzen diren lurralde-esparruari dagokion elkargoak legaltasuna ezartzeko neurriak hartzen ez baditu.

m) Behin-behineko Gobernu Batzordeak izendatzea, hala dagokionean.

n) Aurrekontua onartzea, eta urteko kontuen likidazioa lantzea eta onartzea; gainera, Kontseiluaren sostengu ekonomikoan elkargoen bidezko partaidetza erabakitzea ere Kontseiluari dagokion funtzio bat da.

o) Kontseiluko langile propioak aukeratzea eta izendatzea, hala badagokio.

p) Kontseiluaren beraren administrazio-mailako eskumenak eta ondarea erabiltzeko eskumena, edonolako xedapen-ekintzatan eta kargak ezartzen dituzten ekintzatan.

q) Prokurarekin erlazionatutako erakunde, kontzertazio, zerbitzu eta jarduerak sustatzea, sortzea eta antolatzea, beti ere helburu nagusiak erantzukizun zibila ziurtatzea, prestakuntza, kultur sustapena, gizarte- eta osasun-laguntza eta lankidetza badira. Horretarako, beharrezkotzat jotzen diren kontzertu eta akordioak egin ahal ditu Kontseiluak herri-administrazioekin eta erakundeekin Autonomi Kontseilu honen lurralde eremuaren barne.

r) Oro har, legeetan berariaz adierazitako funtzioez gain, lanbidearen legaltasuna eta egokitasuna ziurtatzera bideratutako funtzioak; helburu nagusia, bezeroen eskubideak eta interesak errespetatzea da.

s) Orain artean aipatutako funtzio guztiak eraginkortasunez betetzeko beharrezkoak diren funtzioak.

t) Herri Administrazioek eskuordetutako funtzioak.

6. artikulua.– Erakundeen arteko harremanak.

Azaroaren 21eko 18/1997 Legearen, hots, tituludun lanbideei eta profesionalen elkargo eta kontseiluei buruzkoaren 56.2 artikuluan aurreikusitako ondorioetarako, Eusko Jaurlaritzan justizia-esparruko eskumenak dituen sailarekin eta Espainiako Prokuradoreen Kontseilu Orokorrarekin izango ditu harremanak EAEko Prokuradoreen Kontseiluak.

BIGARREN KAPITULUA
ANTOLAKUNTZA ETA FUNTZIOAK
LEHENENGO SEKZIOA
ANTOLAKUNTZA

7. artikulua.– Organoak.

Kontseilua osatzen duten organoak dira: Osoko Bilkura, Lehendakaritza, Batzorde Iraunkorra eta Idazkaritza.

8. artikulua.– Osoko Bilkura.

1.– EAEko Prokuradoreen Kontseiluko organo elkartu gorena da Osoko Bilkura.

2.– Osoko Bilkuraren kide dira:

a) Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Elkargoetako Dekanoak, berezko aholkulari gisa.

b) Elkargo bakoitza ordezkatzeko aukeratutako sei aholkulari: Bizkaiko hiru, Gipuzkoako bi eta Arabako bat; horretarako, Elkargoetako Estatutuetan adierazitakoari jarraituko zaio, edo, hala badagokio, Elkargoek kasu bakoitzean berariaz erabakitakoari.

3.– Osoko Bilkurako kide izango dira dekanoak, dekano diren bitartean.

Gainerako aholkulariak Gobernu Batzorde bakoitzak izendatuko ditu bere kideen artetik.

4.– Aholkulari izateko eskubidea galtzeko arrazoiak dira:

a) Heriotza.

b) Uko egitea.

c) Edozein arrazoi dela medio, prokuradore izateko eskubidea galtzea, desgaitze profesionala barne hartuta.

d) Dekano izateari edo Elkargoko Gobernu Batzordeko kide izateari uztea.

e) Gobernu Batzordeak izendatutako aholkulariei dagokienez, elkargo bakoitzaren estatutuen arabera adostutakoak edo, hala badagokio, Elkargoko eskumeneko organoak erabakitakoak.

f) Osoko Bilkuraren hiru bileretan jarraian arrazoirik gabe agertu ez izana edo urte osoan bost bileretan agertu ez izana, Osoko Bilkurak erabakia hartu ondoren.

9. artikulua.– Lehendakaritza.

1.– Kontseiluaren kide bakarreko organo gorena da Lehendakaritza; berari dagokio Kontseiluaren ordezkaritza eta goi-zuzendaritza, Kontseiluko gainerako organoen eskumenen eta Elkargoetakoen kaltetan izan gabe.

2.– Kontseiluko Lehendakariak EAEko Dekano Nagusia izena erabiltzeko eskubidea du.

3.– Kontseiluko Lehendakaritza txandaka hartuko dute Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Prokuradoreen Elkargoetako Dekanoek, beti ere lehenengo xedapen gehigarrian adierazitako lehentasun-ordenari jarraituz.

4.– Elkargo bakoitzeko dekanoa izango da, beraz, lehendakari, bi urtez. Lehendakaritza duen elkargoak dekano berria aukeratzen badu, dekano berria izango da lehendakari agintaldiak irauten duen bitartean.

Lehendakaritza duen elkargoko dekano-postua hutsik badago, eta egoerak horrela irauten duen bitartean, dekanordea izango da lehendakari, atribuzio guztiekin (beti ere eragindako elkargoko estatutuak errespetatuz), edo dekanorderik ez badago, eragindako Elkargoaren barne-arduratzat joko da.

10. artikulua.– Batzorde Iraunkorra.

1.– Elkargoetako dekanoek eta Kontseiluko idazkariek osatzen dute Batzorde Iraunkorra, eta dekano orokorra da lehendakari. Edozein kasutan, 91.4 artikuluko bigarren paragrafoan adierazitakoa aplikatuko da.

2.– Idazkariak hitza badu baina botorik ez.

11. artikulua.– Idazkaritza eta Diruzaintza.

1.– Lehendakaritzak aukeratuko ditu, dagokion elkargo profesionaleko aholkularien artetik, idazkaria eta diruzaina. Pertsona bakar bat aukera daiteke bi karguak betetzeko.

2.– Bi kasuetan, kargutik kentzeko arrazoiak 81.4 artikuluan aurreikusi dira, eskuarki; bestalde, kargutik kentzeko arrazoia izan daiteke, lehendakariak berak erabakitzea edo Lehendakaritzaren agintaldia amaitzea.

12. artikulua.– Batzordeak.

1.– Osoko Bilkurak kontsulta-batzordeak eratzeko erabakia hartzeko ahalmena du. Aldi baterakoak edo gai jakin baterako sortutakoak izan daitezke, edo iraupen mugagabea eduki dezakete, hartutako akordioaren arabera.

2.– Kontsulta-batzordearen ardura izango da Osoko Bilkuran aurkezteko txostenak lantzea. Eskuordetutako funtzioak beteko dituzte kontsulta-batzordeek eta erabakiak hartzeko gaitasun osoa izango dute.

Kontsulta-batzordeek hartutako akordioetan “Osoko Bilkurak erabakita” adierazpena jarriko da eta sorrera-akordioa aipatuko da.

3.– Kontseiluko kideek eta elkargoetako gobernu batzordeetako kideek osatuko dituzte kontsulta-batzordeak eta Kontseiluko kideek osatuko dute batzordeko gehiengoa.

Elkargoko kideen artetik libreki izendatuko dira kontsulta-batzordeetako kideak, eta Kontseiluko kide bat izango da bertako lehendakari.

4.– Osoko Bilkurak hartu behar du, gehiengo absolutuaren bitartez, funtzioak aldatzeko eta iraupen mugagabeko kontsulta-batzordeak sortzeko akordioa eta erabakiak hartzeko batzordeak sortzeko erabakia, iraupen mugagabekoak izan zein aldi baterakoak izan; batzordeak desagerrarazteko edo funtzioak bereganatzeko erabakiei dagokienez, ordea, nahikoa izango da gehiengo soila lortzea.

BIGARREN SEKZIOA
FUNTZIOAK ETA ESKUMENAK

13. artikulua.– Osoko Bilkura.

Osoko Bilkurari dagokio estatutu honen arabera Kontseiluari (ez beste inolako organori) esleitu zaizkion ahalmen eta eskumenak gauzatzea, bai eta legeek eta horiek garatzeko autonomia-arauek kontseilu profesionalei esleitutakoak ere.

14. artikulua.– Lehendakaritza.

EAEko Prokuradoreen Kontseiluko Lehendakaritzak bete beharreko funtzioak dira:

a) Kontseiluko ordezkaritza ofiziala eta, ekintza jakin batzuetan, berau eskuordetzea.

b) Osoko Bilkuraren eta Batzorde Iraunkorraren jarduera zuzentzea eta koordinatzea eta, bereziki, hartutako akordioak betetzen direla ziurtatzea.

c) Osoko Bilkura eta Batzorde Iraunkorra deitzea, gai-zerrenda onartzea, saioak zuzentzea eta, eskuarki, administrazio-mailako organo elkargokideetako lehendakariei dagozkien funtzioak betetzea.

d) Osoko Bilkurak sortutako batzorde edo sekzio ororen lehendakari izatea.

e) Edonolako negozio edo egintza juridikotan Kontseiluaren ordezkari izatea, beti ere Kontseiluaren izenean kontraturik sinatu aurretik edo betebeharrik bere gain hartu aurretik Osoko Bilkuraren adostasuna lortzen bada.

f) Kontseiluaren eta lanbide osoaren bozeramaile ofiziala izatea, bere lurralde eremuaren barne.

g) Gastuak baimentzea eta ordainketak agintzea.

h) Aktak eta ziurtapenak ikus-onestea.

i) Osoko Bilkurak edo Batzorde Iraunkorrak eskuordetutako funtzioak betetzea.

j) Legeek, araudiek eta honako estatutu honek esleitutako funtzio guztiak eta, orokorrean, aurrekoak hobeto betetzeko beharrezkoak diren funtzio guztiak, baldin eta elkargoek, bakoitzak bere lurralde-esparruan, esleituta dituzten eskumenak eragiten ez badira, ez eta PEOk Espainiako Prokuradoreen Kontseilu Orokorrari esleitutako ahalmenetan ere.

15. artikulua.– Batzorde Iraunkorra.

Batzorde Iraunkorraren funtzioak dira:

a) Kontseiluko lehendakariari laguntzea eta aholkularitza eskaintzea.

b) Izaera orokorreko aginduak ematea, deontologia profesionalari buruzko arauak aplikatu ahal izateko.

c) Honako proiektu hauek lantzea eta/edo lantzen laguntzea: Kontseiluaren Estatutua, EAEko Prokuraren Estatutu Orokorra .

d) 51. artikuluko f) eta l) hizkietan aipatutako gaiei dagokienez, proposamenak egitea, Osoko Bilkuran eztabaidatzeko eta onartzeko ondoren.

e) 201. artikuluan aurreikusitako ondorioetarako arbitrajeak proposatzea eta, hala badagokio, Udal Osoko Bilkuran izendatzeko arbitrajeak proposatzea.

f) Kontseiluaren aurrean korporazio-errekurtsoa eragiten duten diziplina-espedienteak, erabakiak eta ekintzak etetea erabakitzea, beti ere alde batek eskatzen badu eta txostengileari edo instruktoreari aurretik entzun ondoren.

g) Honako estatutu honetan eta PEOk esleitutako gainerako funtzio guztiak.

h) Osoko Bilkurak eskuordetutako funtzioak betetzea, hartutako neurriak Osoko Bilkurari jakinaraziz.

16. artikulua.– Idazkaritza eta Diruzaintza.

1.– Kontseiluko Idazkariari dagokio:

a) Osoko Bilkuren eta Batzorde Iraunkorraren gai-zerrenda prestatzea, Lehendakaritzak emandako jarraibideen arabera, eta deialdiak egitea.

b) Kontseiluaren eta Batzorde Iraunkorraren aktak idaztea eta baimentzea, eta onartzeko proposatzea. Akten liburua eguneratuta edukitzea ea Kontseiluaren dokumentazioa gordetzea edo zaintzea.

c) Osoko Bilkurari eta Batzorde Iraunkorrari aholkuak ematea, legaltasunaren alde. Eskatzen diren legaltasun-txostenak ematea.

d) EAEko Prokuradoreen errolda eguneratuta edukitzea.

e) Kontseiluaren jardueren urteko memoria lantzea, Osoko Bilkurak onar dezan.

f) Eskatutako ziurtapenak luzatzea eta baimentzea, eta Osoko Bilkurak, Batzorde Iraunkorrak edo lehendakariak erabakitako komunikazio, agindu eta zirkularrak ematea.

g) Orokorrean, administrazio-organo elkargokideei dagozkien funtzio guztiak eta Idazkaritzari dagozkionak hobeto garatzeko beharrezkoak diren funtzioak bete beharko dira, bai eta Kontseiluaren organoek esleitutako beste edozein ere.

2.– Kontseiluaren Diruzainaren funtzioak dira:

a) Aurrekontuaren eta urteko kontuen proiektua lantzea, ondoren Osoko Bilkuran aurkezteko.

b) Kontseiluaren gastuak eta kargak finantzatzeko behar diren elkargoen konturako ekarpen arruntak eta apartekoak egiteko proposamenak lantzea.

c) Sei hilabèterik behin, gutxienez, sarrera eta gastuen kontuen eta aurrekontuen exekuzio-mailaren berri ematea.

d) Kontseiluaren diru-bilketa eta kontabilitatea kontrolatzea eta Kontseiluaren kontabilitate-liburuak zaintzea.

e) Kontu korronteak irekitzea eta ixtea, banku-kontutik funtsak sartzea eta ateratzea, lehendakariarekin batera.

f) Kontseiluaren ondasunen inbentarioa egitea eta eguneratuta edukitzea.

g) Aurrekoekin lotutako beste edozein funtzio edo Kontseiluko organoek esleitutako beste edozein funtzio.

HIRUGARREN KAPITULUA
ELKARGO PROFESIONALEKIKO HARREMANAK

17. artikulua.– Elkargo Profesionalen autonomia.

1.– EAEko Prokuradoreen Elkargoen autonomia: Erkidegoko legeetan, PEO-n eta Elkargoetako Estatutuetan xedatutakora mugatuta dago. Lege eta Estatutuetan adierazitakoaz gain, lanbidea sustatuko duten funtzioak edo elkargokideen eta horiek ordezkatzen dituzten pertsonen eskubideak bermatzeko funtzioak bete ahal dituzte elkargoek, beti ere, legeek, horiek garatzeko arauek, honako estatutu honek eta EAEko Prokuraren Estatutu Orokorrak Kontseiluari esleitutako funtzioen baitan.

2.– Lege, Estatutu eta, hala badagokio, EAEko Prokuraren Estatutu Orokorraren arabera, Kontseiluari dagozkion ahalmenak betez, ezinezkoa da berariaz esleitutako ahalmenetatik at eta legeek eta/edo Estatutuek Elkargo profesionalei esleitutakoetatik at besterik bereganatzea. Hala ere, elkargoek, dagozkien ahalmenak betez, Kontseiluaren eskumeneko organoetara jo dezakete txostenak eskatzeko edo kontsultak egiteko.

18. artikulua.– Elkargoen eskubideak eta betebeharrak Kontseiluarekin dituzten harremanetan.

1.– Kontseiluko kide diren prokuradoreen elkargoek honako eskubide hauek dituzte:

a) Euren ordezkarien bitartez Kontseiluan aktiboki parte hartzeko eskubidea, hitz egiteko eta botoa emateko eskubidearekin, honako Estatutu honetan aurreikusitakoaren arabera.

b) Elkargoari dagozkion lurralde eta esparruko alderdi, gai eta eskumen esklusiboen autonomiari eusteko eskubidea.

c) Edozein auzitegi, administrazio edo erakunderen aurrean Kontseiluak ordezkatzeko eta defendatzeko eskubidea, lanbidearekin erlazionatutako alderdi orotan, beti ere dagokion elkargoak horrelakorik eskatzen badio Kontseiluari.

d) Kontseiluaren kontuen egoerari eta finantzen eta ondarearen egoerari buruzko informazioa jasotzeko eskubidea.

e) Azaroaren 21eko 8/1997 Legearen, hots, tituludun lanbideei eta profesionalen elkargo eta kontseiluei buruzkoaren 42.2 artikuluan xedatutakoari jarraituz, sustatu beharreko lanbidearen Estatutu Orokor bakarraren proiektuari edo proposamenari buruzko informazioa emateko eskubidea, eta, kasua bada, aldaketei buruzkoa ere.

f) Kontseiluaren estatutu honen aldaketen informazioa jasotzeko eta informazioa emateko eskubidea, aldez aurretik Osoko Bilkuran eztabaidatu eta onartu ondoren.

g) Kontseiluaren desegitearen eta bere likidazioaren faseen informazioa jasotzeko eskubidea, ondasunen eta eskubideen xedea barne.

h) Estatutu honen arabera Kontseiluko organoek hasten dituzten edo ebazten dituzten diziplina-prozedurei buruzko informazioa jasotzeko eskubidea.

i) Kontseilutik, horrek eman dezakeen informazio guztia eta zerbitzu guztiak eskuratzeko eskubidea: aholkularitza juridikoa, fiskala, lan-esparrukoa, etengabeko prestakuntza, eta abar

j) Honako Estatutu honek, Euskal Autonomia Erkidegoko Prokuraren Estatutu Orokorrak eta, eskuarki, ezar daitekeen legeriak ondorioztatzen dituen eskubide edo ahalmen guztiak.

2.– Elkargoek honako betebehar hauek dituzte Kontseiluarekiko:

a) Kontseiluko kide diren elkargoei jakinarazi beharreko jarduerak, baldintzak, egintzak edo ebazpenak Elkargo horiei jakinarazteko betebeharra.

b) Elkargokide guztiei Kontseiluak emandako ebazpen, akordio edo arauei, hots, elkargoan eragina izan dezaketenak edo interesgarriak izan daitezkeenei buruzko informazioa emateko betebeharra.

c) Kontseiluko organoek deitutako ekintza eta bileretan puntualtasunez eta erregularki bertaratzeko betebeharra, ordezkoen bitartez.

d) Kontseiluaren aurrekontua laguntzeko betebeharra, ildo horretan zehazten diren kuota arruntak eta aparteko derramak ordainduz.

e) Kontseiluari, lanbidearen defentsa, duintasun, sendotzea eta interesa sustatzeko behar dituen laguntzak edo lankidetzak eskaintzeko betebeharra.

19. artikulua.– Harremanetarako printzipioak.

1.– Elkarrekiko leialtasuna izango da Kontseiluaren eta elkargoen arteko harremanen oinarrian, bai eta elkargoen arteko harremanen oinarrian ere; eta leialtasunaz gain, bereziki azpimarratuko dira lankidetza, lanbidearen interes orokorraren sustapena eta esku-hartze koordinatua.

2.– Aurreko atalean aurreikusitakoa betetzeko, Kontseiluak elkargo bakoitzarekin dituen harremanek jarraian adierazten diren baldintzak bete beharko dituzte:

a) Erakunde bakoitzari dagozkion eskumenen gauzatze legitimoa errespetatzea.

b) Bakoitzari dagozkion eskumenak erabiltzerakoan, gainerako erakundeenak haztatzea.

c) Bakoitzak bere eskumenak garatzean, jarduerari buruzko informazioa erraztea elkarri.

d) Erakunde bakoitzari dagokion esparruan, eskumenak modu eraginkorrean erabiltzeko beharrezkoa den lankidetza eta laguntza aktiboa eskaintzea.

20. artikulua.– Arbitrajea.

1.– Batzorde Iraunkorraren arbitrajearen bitartez konponduko dira Kontseiluaren eta Elkargoen artean, edo Elkargoen artean edo Elkargo bereko prokuradoreen artean gertatu ahal diren arazo edo gatazkak.

2.– Elkargo bereko Prokuradoreen arteko barne-arazoak arbitrajearen bitartez konponduko dira, dagokion Dekanoak horrela eskatzen duenean.

Gainerako kasuetan, Osoko Bilkurak proposatu ahal du, ofizioz, arbitrajea eta arbitroak, baldin eta gatazkan nahastutako aldeek eskatzen ez badute.

PEO izango da aplikagarri modu osagarrian.

3.– 1. atalean aurreikusi denaz gain, Kontseiluaren eta Elkargoen artean sortutako arazoetan, eta Batzorde Iraunkorrak arbitrajea baztertzen duen gainerako kasuetan, EAEko Produkuradoreen antolakuntzatik kanpoko arbitroak aukeratu ahal izango dira.

Arazoan nahastutako aldeek onartu beharko dituzte aukeratutako arbitroak; zentzu horretan, ezinezkoa da arbitroa gatazkan nahastutako organokoa izatea, edo barne-arazoa bada, arazoa gertatu den elkargoko arbitroa izatea. Arbitroak onartzearekin batera arbitrajearen ondoriozko emaitzak onartu beharko dira eta, hala badagokio, arbitrajearen ondorioz sortutako kostu eta gastuen ordainketa.

Elkargoetako Gobernu Batzordeei entzun ondoren, Kontseiluak landuko eta onartuko ditu, gehiengo absolutuaren bitartez, arbitrajeen prozedura-arauak, horien balioa edo eraginkortasuna eta arbitroak izendatzeko sistema (inpartzialtasuna bermatuko duena).

LAUGARREN KAPITULUA
KONTSEILUAREN ARAUBIDE JURIDIKOA
LEHENENGO SEKZIOA
ARAUBIDE OROKORRA

21. artikulua.– Administrazio-zuzenbidearekiko mendekotasuna.

1.– Kontseiluko organoen ekintzak administrazio-zuzenbidearen mendekoak dira; zentzu horretan, salbuespen dira abenduaren 21eko 18/1997 Legearen, hots, tituludun lanbideei eta profesionalen elkargo eta kontseiluei buruzkoaren 48. artikuluan aurreikusitako kasuak.

2.– Honako estatutu honetan aurreikusi gabeko kasuetan, EAEko Prokuraren Estatutu Orokorrean xedatutakoa ezarriko da, beti ere Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legean eta berau garatzeko oinarrizko xedapenetan edo Euskal Autonomia Erkidegoan gaiarekin lotuta garatutako araudian adierazitakoaren kaltetan izan gabe.

22. artikulua.– Bete beharra.

1.– Kontseiluko organoek hartutako akordio oro bete beharko da berehalakoan; akordioak hartzen eta onartzen diren unean bertan sartuko dira indarrean, akordioan bertan bestelakorik adierazten ez den bitartean.

2.– Hala ere, Kontseiluko Estatutua eta EAEko Prokuraren Estatutu Orokorra onartzeko akordioak, bai eta egin beharreko aldaketak onartzeko akordioak ere ez dira indarrean sartuko akordio horiek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu bitartean.

Gainera, Prokuradoreei zereginak ezartzeko akordioak, edo deontologia profesionala eragiten dutenak edo arau-hauste eta zigorren erregimenean eragina duten akordioak ez dira eraginkorrak izango, horiek argitaratu edo jakinarazi bitartean; baldintza hori bete ezean, ezingo dira diziplina-zigorrak jarri. Nahikoa izango da Elkargoetako iragarki-oholean jartzea aipatu erabakiak edo akordioak.

3.– Korporazio-errekurtsorik aurkezteak ez du baliogabetzen hartutako akordioa, xedapen batek aurkakoa esaten ez duen bitartean.

Batzorde Iraunkorrak akordioa baliogabetzea erabaki ahal du, beti ere 30/1992 Legean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legea, aurreikusitakoa betez. Akordioa baliogabetzeko aukera ukatzen bada, ezin izango da korporazio-errekurtso gehiago aurkeztu.

23. artikulua.– Errekurtsoak.

1.– Interesdunek Kontseiluko organoen erabakien eta izapide-ekintzen aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal dute, akordio edo izapide-ekintza horiek arazoa zuzenean zein zeharka erabakitzen badute, edo prozedurarekin jarraitzeko aukera oztopatzen badute, edo defentsa-gabezia eragiten bada edo eskubide eta interesak kaltetzen badira; gainera, aukerako berraztertzeko errekurtsoa jarri ahal da, hala badagokio.

2.– Aurreko atalean adierazitakoaz gain, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri aurretik, Osoko Bilkurari eskuordetutako funtzioak betez Kontseiluko organoen eta Batzordeen ekintzen aurka gorako errekurtsoa aurkeztu ahal da Osoko Bilkuraren aurrean.

3.– Herri Administrazioak eskuordetutako esparrutan hartutako akordioen aurka jarritako errekurtsoen araubidea, eskuordetzearen baldintzek zehaztuko dute. Berariazko xedapenik eman ezean, 1. atalean aurreikusitakoa aplikatuko da.

BIGARREN SEKZIOA
OSOKO BILKURAREN FUNTZIONAMENDUA

24. artikulua.– Kontseilarien zereginak.

1.– Kontseilariei, lehendakaria barne, Kontseiluko kide diren neurrian, ardura eta dedikazioa eskatuko zaie beren funtzioak betetzeko orduan, beti ere Kontseiluarekin eta lanbidearekin berarekin erlazionatutako legeak eta araudiak, Estatutu hau, EAEko Prokuraren Estatutu Orokorra eta aplika daitezkeen gainerako arauak betez.

2.– Kontseilariek, lehendakariak barne, isilean gordeko dituzte Kontseiluko organoek hartutako erabakiak; gainera, ezinezkoa da Kontseiluak erreserbatuta duen informazioa edo aholkulari-kargua dela eta berak bakarrik duen informazioa helburu pribatuekin erabiltzea.

Aipatutako betekizunak eta debekuak Kontseiluko bileretan (kontsulta-batzordeak barne hartuta) parte hartzen duten pertsona guztiengana zabalduko dira.

3.– Aholkulari batek edo lehendakariak gai jakin baten inguruko interesa agertzen badu, eztabaidatik eta bozketatik at geratuko da; aktan adieraziko da aholkularia edo lehendakaria kanpo geratu direla eta eztabaidan eta bozketan parte hartu ez dutela. Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen 28.2 artikuluan aurreikusi dira abstentzioa eragiten duten arrazoiak.

25. artikulua.– Aldizkakotasuna eta deialdia.

1.– Sei astean behin egingo da Osoko Bilkura (bilera arrunta); Lehendakaritzak edo, gutxienez, hiru aholkularik eskatzen dutenean egingo da Aparteko Bilkura.

2.– Bilkuraren deialdia (gai-zerrenda, lekua, data eta hasiera-ordua) idatziz egingo da eta, ondoren, jakinarazi. Deialdiarekin batera eguneko gai-zerrendan barne hartutako gaiei buruz beharrezkoa den dokumentazioa aurkeztuko da.

Ez da gai-zerrendan zehaztu gabeko gairik aztertuko, Lehendakaritzak aurkakoa esaten ez duen bitartean; edozein modutan, dekanoen edo ordezkarien adostasuna lortu beharko da.

3.– Deialdia bilera baino bost egun aurretik egingo da, gutxienez, premiazko kasuetan izan ezik, eta Lehendakaritzak erabakiko du premiazkotasuna.

26. artikulua.– Osaera baliagarria.

Lehen deialdian bilera garatu ahal izateko aholkulari gehienak, edo horien ordezkari gehienak bertaratu beharko dira eta ezinbestekoa izango da lehendakaria eta idazkaria, edo horiek ordezkatzen dituzten pertsonak, bertaratzea.

Bigarren deialdian ez da bertaratze-quorumik eskatuko, bai, ordea, lehendakaria edo horren ordezko pertsona bertaratzea. Idazkaria bertaratu ezean Lehendakaritzak aholkulari bat izendatuko du akta idazteko.

27. artikulua.– Akordioak hartzea.

1.– Botoen gehiengo soila beharko da akordioak hartzeko, baldin eta honako estatutu honek edo gaiarekin lotutako legeek gehiengo absolutua edo bestelako gehiengo kualifikatua eskatzen ez badute.

2.– Aholkulari guztien botoek balio bera dute. Hala ere, berdinketarik gertatuz gero, lehendakariaren edo bere ordezko pertsonaren botoak balio erabakigarria izango da (estatutu honetan adierazitakoari jarraituz); bestela jokatuko da gehiengo absolutua edo bestelako gehiengo kualifikatua behar bada.

3.– Gehiengoak zenbatzeko honakoa hartuko da kontuan: akordio bat gehiengo absolutuarekin hartu dela ulertuko da akordioaren aldeko botoa eman badute Kontseiluko kide guztien artetik erdiak eta batek. Gehiengoa zenbatzeko, kontuan hartu behar dira abstentzioak eta, bozketa isilpekoa denean, boz zuriak eta baliogabeak.

Akordio batek gehiengo soila izango du aldeko botoek kontrako botoak gainditzen dituztenean, abstentzioak kontuan hartu gabe, eta isilpeko bozketa bada, boto zuriak eta baliogabeak kontuan hartu gabe.

4.– Gehiengo absolutuaren edo beste quorum baten bidez akordioa aurrera ateratzeko, Elkargo bakoitzeko kide batek, gutxienez, parte hartu behar du bozketan, beti ere legeetan, estatutu honetan edo EAEko Prokuraren Estatutu Orokorrean berariaz eskatzen bada.

5.– Eskua jasozko bozketak izango dira eskuarki. Hala ere, isilpeko bozketak egingo dira honako kasu hauetan: a) berariaz eskatzen badute hiru aholkularik, gutxienez, b) pertsonak aukeratzeko edozein bozketa, diziplina-prozedura bat hasteko eta ebazteko akordioak eta Elkargoek ezarritako zigorren aurka aurkeztutako errekurtsoen ebazpen-akordioak barne.

6.– Idazkariak idatziko du akordioen akta eta bilkuraren amaieran edo hurrengo bilkuraren hasieran onartuko da aipatu akta. Legearen, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen 27. artikuluan xedatutakoaren arabera idatziko da akta.

28. artikulua.– Ordezkapenak.

1.– Osoko Bilkuran edo Batzorde Iraunkorraren bileran Lehendakaria bertaratzea ezinezkoa denean, dekanoaren funtzioak betetzea dagokion pertsonak ordezkatuko du, Elkargoko Estatutuei jarraituz; edo, berariazko aurreikuspenik egon ezean, Elkargoko Gobernu Batzordeko kideen artetik dekanoak aukeratutako pertsonak.

2.– Batzorde Iraunkorreko kide diren gainerako dekanoak aurreko atalean aurreikusi denaren arabera ordezkatuko dira.

3.– Lehendakari gisa jarduten ez duten aholkulariek, dekanoak barne, Osoko Bilkuran bertaratu ezin badute, Elkargo bakoitzaren Estatutuetan ordezkapenak egiteko aurreikusi denari jarraituko zaio edo, hala badagokio, Elkargo bakoitzeko Gobernu Batzordetik dekanoak izendatutako kideak ordezkatuko du.

4.– Osoko Bilkuran lehendakaria edo dekanoa ordezkatzeko aholkulariak aukeratu behar badira, Elkargoko Estatutuen arabera, ordezkapena egitea dagokion Gobernu Batzordeko kidea aukeratuko da ordezkari edo, hala badagokio, Gobernu Batzordeko kideen artetik dekanoak aukeratutakoa, beti ere 81.2 artikuluan zehazten denaren arabera, ordezkapenen proportzionaltasuna bermatuz.

5.– Idazkariak adieraziko ditu, aktan, egindako ordezkapenak. Ordezkariek egotzi zaien karguari dagozkion eskubideak bereganatuko dituzte, boto-eskubidea barne.

29. artikulua.– Osoko Bilkuraren aurrean errekurtsoak aurkeztea eta txostengileak.

1.– Osoko Bilkurari dagokio Elkargoen edo Kontseiluko organoen ekintza edo erabakien aurka jarritako gorako errekurtso guztien ebazpena ematea.

2.– Osoko Bilkuraren aurrean jarritako gorako errekurtsoak eta organo horrek hartutako akordioen aurka jarritako berraztertze-errekurtsoak txostengile batek jakinaraziko ditu eta txostengileari dagokio, halaber, egindako proposamena idatziz jartzea; aipatu proposamenak ez du Osoko Bilkura lotesten.

3.– Txosten-egileak aukeratu aurretik, aholkularien zerrenda prestatuko du Osoko Bilkurak; ez dira dekanoak barne hartuko zerrenda horretan. Kontseiluko kide batek Kontseilua uztean, ordezkatzen duen kidearen lehentasun-ordenari eutsiko dio.

4.– Abstentzioa edo ezespena eragingo dute Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen 28 eta 29 artikuluetan aurreikusitako kasuak. Era berean, abstentzioa eragingo da errekurritu den Elkargoko kide bada.

Abstentzioa edo ezespena gertatzen bada, lehentasun-ordenaren arabera, erabakia jakinarazi eta proposatzea dagokion txosten-egilea zerrendako hurrengo kideak ordezkatuko du, eta horrela jokatuko da, beti, ordezkapenetan ere abstentziorik gertatuz gero. Hala ere, ordezkatu den pertsonari dagokio Kontseiluan sartuko den eta abstentziorik eragiten ez duen hurrengo gaiaren ardura, eta ondoren, aurreko abstentzio-kausan parte hartu izanagatik txosten bat esleitu zaion kidearen txanda izango da.

Kontseiluko Lehendakaritzari dagokio abstentzioaren eta ezespenaren arrazoiak aztertzea eta ezin izango da korporazio-errekurtsorik aurkeztu lehendakariak hartutako erabakiaren aurka.

30. artikulua.– Diziplina-espedienteak bideratzea.

1.– Kontseiluaren Osoko Bilkurari dagokio Kontseiluko kide guztien eta Elkargoetako Gobernu Batzordeetako kide guztien gaineko diziplinako ahalmena, beti ere EAEko Prokuraren Estatutu Orokorrean aurreikusitakoari jarraituz.

2.– Organoek egingo dute instrukzioa, Osoko Bilkuratik bereizita. Instruktorea izendatzeko 291. artikuluan agertzen den zerrenda lehenetsiaren arabera jokatuko da, eta kontuan hartuko da bertan agertzen den lehentasun-ordena, nahiz eta txosten eta diziplina-instrukzioak independenteak izango diren funtzio bakoitzerako.

3.– 291.4 artikuluan aurreikusitako guztiak dira abstentzioa eta ezestea eragiten duten kausak; Kontseiluko Lehendakaritzak onartu beharko ditu eta berak hartutako erabakiaren aurka ezin izango da korporazio-errekurtsorik aurkeztu.

BOSGARREN KAPITULUA
EKONOMIA ETA AURREKONTU ERREGIMENA

31. artikulua.– Autonomia ekonomikoa eta finantzarioa.

Kontseilu profesionalei buruzko EAEko legerian ezarritako baldintzak jarraituz, Kontseiluak autonomia ekonomiko eta finantzarioa du bere helburuak eta funtzioak betetzeko.

32. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

1.– Kontseiluaren baliabide ekonomikoak dira:

a) EAEko Prokuradoreen Elkargoek egindako ekarpenak.

b) Kontseiluko ondarea osatuko duten ondasun eta eskubideak sortzen dituzten errendimenduak, bai eta Kontseiluko kontuetan gordetako funtsen errendimenduak.

c) Ziurtapenak luzatzeagatik ezarri ahal diren eskubideak.

d) Edozein gairi buruzko erabaki, txosten, ebazpen edo kontsulten ondorioz jaso ahal diren kantitateak, bai eta bestelako zerbitzuak eskaintzeagatiko sarrerak ere, hala nola etengabeko prestakuntza.

e) Osoko Bilkurak Gobernu Batzordeko edo Kontseiluko kideei jarritako isun ekonomikoen zenbatekoa; kopuru horiek etengabeko lanbide-prestakuntzara bideratuko dira nahitaez.

f) Estatuak, Autonomia Erkidegoak eta bestelako erakunde eta partikularrek emandako diru-laguntzak eta emariak.

g) Edozein motako ondasunak eta eskubideak, jaraunspena, legatua edo beste titulu bat dela eta Kontseiluko ondarean zati izatera pasako direnak.

h) Indarrean dagoen legeriaren arabera, Kontseiluak, edozein kontzeptu dela eta, jaso beharreko kantitateak.

2.– Aurreko ataleko a) hizkiaren arabera, Elkargoei dagozkien ekarpenak ekarpen arruntak eta apartekoak izan ahal dira. Kontzeptu horrengatik jasoko den sarreraren guztizkoa Elkargo bakoitzari egotziko zaio, Elkargo bakoitzaren kolegiatu kopuruaren arabera, Kontseiluaren osoko bilkurak erabakitzen duen proportzioan.

33. artikulua.– Aurrekontua.

1.– Kontseiluaren aurrekontuaren indarraldia urte naturalarekin bat etorriko da. Aurrekontuan zehaztuko dira sarrera eta gastu guztiak.

2.– Batzorde Iraunkorrari dagokio aurrekontua osatzea, Diruzainak proposatu ondoren edo, hala badagokio, idazkariak, Diruzaintzako funtzioak ere betetzen baditu. Urteko azken Osoko Bilkuran eztabaidatu eta onartuko da aurrekontua.

Azken Osoko Bilkurarako deialdiarekin batera laburpen-taula bat aurkeztuko da, nahiz eta aukera utziko den, halaber, edozein aholkularik proiektu osoa Kontseiluaren egoitzan edo dagokion Elkargoan aztertzeko (azken kasu horretan, aurrekontuaren ale bat bidaliko da Elkargora).

3.– Edozein arrazoi dela medio, urte hasieran aurrekontua onartu gabe badago, aurreko urteko aurrekontua luzatuko da, aribideko urteari dagokiona onartu bitartean; honakoak kontuan hartu beharreko espezialitateak:

a) Luzapenak ez ditu eragingo kapituluak edo inbertsio-programak, aldez aurretik onartutako urte anitzeko konpromisoak salbuespen direlarik.

b) Lan-erregimeneko Kontseiluko langileen lansarien gorakada kasu bakoitzean aplikatuko den hitzarmenaren araberakoa izango da.

4.– Aurrekontuaren egitura, kudeaketa eta likidazioa eta kontabilitate-sistema garatzeko orduan, irabazi-asmorik gabeko erakundeei buruzko legerian xedatutakoari jarraituko zaio.

34. artikulua.– Kontuak ematea.

1.– Diruzainak edo, hala badagokio, idazkariak proposatu ondoren, abenduaren 31n ixten den urteko ekitaldiari dagozkion kontuak formulatuko ditu Batzorde Iraunkorrak; Osoko Bilkuran eztabaidatu ondoren erabakiko da onartu ala ez, eta hurrengo urteko ekainaren 30a baino lehen erabaki beharko da.

2.– Batzorde Iraunkorrak kontu-auditore bat izendatuko du, Tituludun lanbideei eta profesionalen elkargo eta kontseiluei buruzkoa azaroaren 21eko 18/1997, 50.3 artikuluan xedatutakoa betez.

35. artikulua.– Ondarea eta kudeaketa.

1.– Osoko Bilkurak kudeatuko du Kontseiluaren ondarea, Lehendakaritzaren eta Diruzainaren bitartez; edo Idazkariari badagokio Diruzainaren funtzioak betetzea, idazkariaren bitartez egingo du.

2.– Ondasun higiezinak eskuratzeko, zergapetzeko edo besterentzeko Osoko Bilkuraren onespena lortu beharko da.

SEIGARREN KAPITULUA
ESTATUTUAREN ERREFORMA

36. artikulua.– Ekimena.

1.– Estatutu hau erreformatzeko ekimena honako estamentu hauei dagokie:

a) Kontseiluaren Osoko Bilkurari, gehiengo absolutuaren bitartez hartutako akordioarekin.

b) Prokuradoreen Elkargo bakoitzeko Gobernu Batzordeari, kide guztien artean hartutako akordioaren bitartez (gehiengo absolutua).

2.– Ekimen-akordioak testu artikulatu batean garatu behar dira: bertan zehaztuko dira proposatutako aldaketa edo aldaketak. Aldaketen artean, xedapenak kentzea edo xedapen berriak sartzea erabaki ahal da.

Ekimena aurrera ateratzeko eskumena duten organoetako edozein kidek eskatu ahal du proposatutako erreformaren zati bat edo erreforma osorik bereizirik bozkatzea; horretarako, gehiengo absolutua lortu beharko da, aitzitik, ez da onartuko.

37. artikulua.– Erreformarako proposamenen izapidetzea.

1.– Osoko Bilkurak ekimena adostu ondoren, edo Gobernu Batzordeen ekimena Kontseilura iritsi ondoren, Elkargoetako Gobernu Batzordeei eta elkargokideei jakinaraziko zaie; jakinarazpena egin eta hilabeteko epea utziko da oharrak, alegazioak, emendakinak eta egokitzat jotzen dituzten testuak aurkezteko.

Ezin da aurkeztu ekimenean barne hartu ez diren artikuluen edo aginduen aurkako emendakinik. Batzorde Iraunkorrak baztertu egingo ditu eta ez ditu eztabaidan kontuan hartuko aipatutako baldintza betetzen ez duten emendakin guztiak edo, nahiz eta formalki aipatutako baldintza bete, ekimenean aipatutako aginduetatik kanpoko aginduak eragiten badira; ildo horretan, ezin izango da korporazio-errekurtsorik aurkeztu Batzorde Iraunkorrak hartutako erabakiaren aurka.

2.– Aurreko atalean aipatutako epea amaitu eta hurrengo hamar egunetan, Kontseiluaren Osoko Bilkurarako deialdia egingo du Lehendakaritzak, eta bilkura horretan eztabaidatuko da eta, hala badagokio, onartuko da, proposatutako erreforma. Deialdiaren jakinarazpena egiten denetik aparteko bilkura egiten denera hilabete igaro beharko du, gutxienez.

3.– Bozketaren prozedura ekimena artikulatu den ordenaren arabera antolatuko da. Emendakina duten aginduen kasuan, emendakinak bozkatuko dira lehenik eta behin; emendakinak onartuko balira, ekimenari dagokion testua baliogabetuta geratuko litzateke baina, aitzitik, emendakina baztertuz gero, ekimenean barne hartutako testua bozkatuko litzateke. Bi bozketen kasuan gehiengo soila behar izango da eta, berdinketarik gertatzen bada, Lehendakariak erabakiko du.

4.– Aurreko atalean aipatu diren eztabaida eta bozketa amaitu ondoren, erreforma osorik bozkatuko da Osoko Bilkuran. Horrela, Osoko Bilkurako kideen gehiengo absolutua lortuz gero erreforma onartutzat joko da, baina beharrezkoa izango da gehiengo horretan Elkargo bakoitzeko aholkulari bat egotea.

Gehiengo absolutua lortu ezean, Lehendakaritzak negoziaziorako epe bat utziko du (hilabete gehienez), eta epe horretan proposatu beharko dira egokitzat jotzen diren aldaketak edo eragiketak. Epea amaitu ondoren, Osoko Bilkuran berriro bozkatuko da erreforma, negoziazioan adostutako aldaketak barne hartuta; kasu honetan ere gehiengo absolutua beharrezkoa izango da erreforma aurrera ateratzeko. Gehiengo absolutua lortzen ez bada, baliogabetuta geratuko da erreformarako proiektua. Hala ere, erreformaren alderdi desberdinak bereizirik bozkatzeko eskatu ahal du Lehendakaritzak; kasu horretan, aldeko bozen gehiengo absolutua lortzen dutenak onartuko dira, beti ere aipatutako gehiengo horretan elkargo bakoitzeko aholkulari batek, gutxienez, parte hartzen badu.

5.– Estatutuaren zatiko erreformak egiteko edo Estatutu osorik erreformatzeko, agindu honetan aurreikusi den prozedurari jarraituko zaio.

6.– Erreforma onartu ondoren Justizia-esparruan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako Sailari jakinaraziko zaio, 18/1997 Legearen, azaroaren 21ekoa eta tituludun lanbideei eta profesionalen elkargo eta kontseiluei buruzkoa, 43.3 artikuluan zehaztutakoa betez.

Era berean Espainiako Prokuradoreen Kontseilu Orokorrari ere jakinaraziko zaio.

ZAZPIGARREN KAPITULUA
DESEGITEA ETA LIKIDAZIOA

38. artikulua.– Desegitea.

1.– Eusko Jaurlaritzaren dekretu bidez bakarrik desegin ahal da EAEko Prokuradoreen Kontseilua; horretarako, desegitea agindu aurretik, horretarako eskaria egin eta akordioa hartu beharko da, Osoko Bilkurako kide guztien bi herenek osatutako gehiengoarekin, beti ere gehiengo horretan Elkargo bakoitzeko aholkulari batek parte hartzen badu.

2.– Hainbat arrazoik eraginda hartuko du Osoko Bilkurak desegiteko akordioa, hala nola:

a) Prokuradorearen lanbidea kolegiatzeko derrigorrezkotasuna galtzea.

b) Kontseiluak 51. artikuluan adierazitako funtzioak modu eraginkorrean garatzeko adierazitako ezintasuna.

c) Kontseilua behin betirako geldiaraztea, ondorioz bere funtzionamendua eragotziz.

39. artikulua.– Likidazioa.

1.– EAEko Prokuradoreen Kontseilua desegiteko dekretua argitaratzearekin batera irekitzat joko da likidazioa egiteko aldia. Dekretuan zehaztuko da Kontseiluaren ondarea, eskubideak eta betebeharrak likidatzeko sistema.

2.– Soberakinik geratuz gero, Elkargoen artean banatuko litzateke, Kontseiluaren sostengu ekonomikoan egiten den partaidetza-kuotarekiko proportzioan.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenengoa.– Lehendakaritza izendatzeko ordena.

9.31 artikuluan aurreikusitakoari jarraituz, honakoa elkargoetako dekanoen artetik lehendakaria aukeratzeko ordena: lehenengo Bizkaia, ondoren Gipuzkoa eta Araba azkenik.

Azkenak agintaldia amaitzerakoan, aurreko atalean adierazitako hurrenkerari jarraituz aukeratuko da, berriro, Lehendakari berria.

Bigarrena.– Osoko Bilkuraren osaera eta izendapenak.

1.– Lehenengo xedapen gehigarriaren arabera izendatutako Lehendakaritzak egingo du Osoko Bilkura osatzeko deialdia. Horretarako, honako estatutu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hilabete bateko epea utziko da, 81. artikuluan xedatutakoa jarraituz.

2.– Era berean, Osoko Bilkuraren lehen saioan izendatuko ditu Lehendakaritzak idazkaria eta diruzaina, edo Idazkaritza eta Diruzaintzaren funtzioak betetzeko pertsona.

3.– 291. eta 301. artikuluetan aipatzen diren txostengileen eta instruktoreen zerrendei dagokienez, Osoko Bilkuraren lehen saioan adostuko dira, Lehendakaritzak proposatuta.

Hirugarrena.– Kontseiluaren sarreren partaidetza-kuotak.

1.– Honako Estatutu honetako 321.2 artikuluan xedatutakoaren arabera, honakoak Elkargoen partaidetza-kuotak: Bizkaiak %44,34, Gipuzkoak %33,33 eta Arabak %22,33.

2.– Kontseiluaren Osoko Bilkurak, gehiengo absolutuz, aurreko atalean adierazitako partaidetza-kuotak aldatzeko erabakia har dezake, beti ere Elkargo bakoitzaren kide-kopurua nabarmenki ugaritzen bada.

XEDAPEN IRAGANKORRAK

Lehenengoa.– Abenduaren 5eko 1281/2002 EDren bitartez onartutako Estatutu Orokorraren aplikagarritasuna.

Erkidegoari dagokion araudia ebazten ez den bitartean, Erkidegoari garatzea dagozkion eskuduntzak arautzen dituzten Abenduak 5eko 1281/2002 Errege Dekretuak onartutako Prokuradorren Kontseilu Nagusiaren arauak izango dira aplikagarri, beti ere beharrezkoak diren moldaketa organiko eta izapidetzazkoak kontuan hartuta

Bigarrena.– Diziplina-erregimena.

1.– EAEko Prokuraren Estatutu Orokorrak ezarriko du arau-hauste eta zigorrei dagokien diziplina-erregimena, bai eta diziplina-prozedura komuna ere.

2.– EAEko Prokuraren Estatutu Orokorra indarrean sartu bitartean, Tituludun lanbideei eta profesionalen elkargo eta kontseiluei buruzko azaroaren 21eko 18/1997 Legean ezarritakora egokituko dira Elkargo bakoitzaren estatutuetan eta Prokuradoreen Estatutu Orokorrean (abenduaren 5eko 1281/2002 EDren bidez onetsitakoa) aurreikusitako arau-hauste eta zigorrei dagokien diziplina-erregimena, bai eta diziplina-prozedura komuna ere. Eta aipatutako estatutuen artean kontraesanik gertatzen bada, Tituludun lanbideei eta profesionalen elkargo eta kontseiluei buruzko azaroaren 21eko 18/1997 Legean aurreikusitakoari jarraituko zaio, estatutuetan ezarritakoa edozer delarik ere.

3.– Diziplina-prozedurari dagokionez, EAEn lanbidea garatzeko Estatutu Orokorrean prozedura osoa arautu bitartean, Tituludun lanbideei eta profesionalen elkargo eta kontseiluei buruzko azaroaren 21eko 18/1997 Legean ezarritakoa aplikatuko da eta, hala badagokio, Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioen Zigortzeko Ahalmenari buruzko otsailaren 20ko 2/1998 Legean adierazitako arauak aplikatuko dira, beti ere jarraian aipatzen diren alderdiak kontuan hartuta:

a) Elkargo bakoitzeko gobernu batzordeari bakarrik dagokio zehapen-espedientea irekitzeko akordioak hartzea, kautelazko neurriak hartzea eta Prokuradore elkargokideek egindako arau-hausteak zigortzea. Bestalde, EAEko Prokuradoreen Kontseiluak eskumen berdinak izango ditu elkargoetako gobernu batzordeetako eta Kontseiluko kideei dagokienez. Ezinezkoa da aipatutako ahalmenak eskuordetzea.

b) Instruktoreak osatuko ditu diziplina-espedienteak; berari dagokio proposamena dagokion organora luzatzea prozedurarekin jarraitzeko. Bestalde, instruktoreak ez du organoaren deliberamenduan parte hartuko eta ez du bozkatzeko zein erabakirik hartzeko ahalmenik edukiko.

c) Gobernu Batzordeak hartutako akordioaren ondorioz ireki beharreko diziplina-espedienteen instruktore izan daiteke Gobernu Batzordeetako edozein kide, dekanoa izan ezik eta Elkargokide izan eta 10 urte baino gehiagotan lanbidean jardundako prokuradoreak izan ezik. Gobernu Batzordeak instruktoreen behin-behineko zerrenda bat landuko du, lehentasun-ordena zehaztuz, eta horri jarraituko zaio abstentzioa gertatzen den kasu guztietan. Zerrenda horiek jendaurrean jarriko dira.

d) Gobernu Batzordeek ezarritako zigorrak EAEko Prokuradoreen Kontseiluaren aurrean errekurritu ahal izango dira, beti ere administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri aurretik (hala badagokio).

EAEko Prokuradoreen Kontseiluak irekitako diziplina-espedienteen kasuan, 30. artikuluan aipatutako zerrendaren arabera dagokion aholkularia izango da Instruktore.

Azken XEDAPENAK

Lehenengoa.– Garapena eta exekuzioa.

Kontseiluaren Osoko Bilkurak ahalmena du Kontseiluaren Barne-funtzionamenduko Araudia lantzeko, bai eta honako estatutu hau garatzeko eta/edo exekutatzeko eman beharreko xedapenak eta aginduak emateko ere.

Bigarrena.– Indarraldia.

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean bertan sartuko da indarrean honako Estatutu hau.


Azterketa dokumentala