71. zk., 2005eko apirilaren 15a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
Bestelako Xedapenak
Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Saila
1893
AGINDUA, 2005eko martxoaren 2koa, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuarena, Irungo Aduanetako Agente eta Komisio-hartzaileen Elkargo Ofizialaren estatutuen aldaketa onartzen duena.
Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutua onartu zuen abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoaren 10.22 artikuluan ezartzen denez, Profesionalen Elkargoen eta Tituludun Lanbideen alorreko eskumena Euskal Autonomia Erkidegoari baino ez dagokio, Espainiako Konstituzioaren 36. eta 139. artikuluetan agindutakoa hautsi gabe, betiere.
Tituludun Lanbideei eta Profesionalen Elkargo eta Kontseiluei buruzko azaroaren 21eko 18/1997 Legea eta profesionalen elkargoei eta kontseiluei eta Tituludun Lanbideen Erregistroaren Araudiari buruzko otsailaren 3ko 21/2004 Dekretua aipatu eskumenaren indarrez eman ziren. Legeko 33. artikuluan eta dekretuko 38. artikuluan ezartzen denez, elkargoen estatutuak eta horien aldaketak Eusko Jaurlaritzako Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailari jakinarazi beharko zaizkio. Gero, sail horrek, estatutuok legearen barruan daudela egiaztatu ondoren, behin betiko onartuko ditu, agindu baten bitartez. Azkenik, agindua, estatutuekin batera, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da eta Tituludun Lanbideen Erregistroan inskribatuko.
Irungo Aduanetako Agente eta Komisio-hartzaileen Elkargo Ofizialaren estatutuetan egindako aldaketa legearen araberakoa dela egiaztatuta, Tituludun Lanbideei eta Profesionalen Elkargo eta Kontseiluei buruzko azaroaren 21eko 18/1997 Legeak ematen dizkidan eskumenak erabiliz, hau
EBATZI DUT:
1. artikulua.– Onarpena.
Irungo Aduanetako Agente eta Komisio-hartzaileen Elkargo Ofizialaren estatutuen aldaketa onartzea.
2. artikulua.– Argitalpena.
Irungo Aduanetako Agente eta Komisio-hartzaileen Elkargo Ofizialaren estatutuen aldaketa agindu honen eranskin gisa argitara dadin agintzea.
3. artikulua.– Inskripzioa.
Irungo Aduanetako Agente eta Komisio-hartzaileen Elkargo Ofizialaren estatutuetan egin den aldaketa Tituludun Lanbideen Erregistroan inskriba dadin agintzea, elkargoa formalki osatzen den unean.
AZKEN XEDAPEN BAKARRA
Indarrean jartzea.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu, eta biharamunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteiz, 2005eko martxoaren 2a.
Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburua
JOSEBA AZKARRAGA RODERO.
2005EKO MARTXOAREN 2KO AGINDUAREN ERANSKINA
Lehenengo artikulua.– Aldatu egiten da Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuaren 2001eko maiatzaren 10eko Aginduz onartutako Irungo Aduanetako Agente eta Komisio-hartzaileen Elkargo Ofizialaren estatutuetako 30. artikulua. Erredakzio hau izango du aurrerantzean:
“Gutxienez 4 kide eta gehienez 10 izango dituen Gobernu Batzar batek eraenduko du elkargo hau. Kide horietariko bat lehendakaria izango da, beste bat lehendakariordea, hirugarren bat idazkaria, eta azken bat diruzaina.”