Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

71. zk., 2005eko apirilaren 15a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Saila
1890

73/2005 DEKRETUA, apirilaren 5ekoa, Bilboko (Bizkaia) Espetxeetako Pastoralgintzako Bide-Sari Elkartea onuragarria dela aitortzeko dena.

Bazkunei buruzko otsailaren 12ko 3/1988 Legeko 22. artikuluan jartzen duenez, Euskadiko interes orokorraren alde egiten duten elkarteei onuragarritasun-aitormena eman ahalko zaie, inskribatuta baldin badaude.

Lege horren babesean, Bilboko (Bizkaia) Espetxeetako Pastoralgintzako Bide-Sari Elkarteak aitormen hori eman dakiola eskatu du, bere ustez, erakunde onuragarria dela aitortzea merezi duelako, oro har, prebentzioaren eremuan, espetxeetan eta espetxetik kanpo, delinkuentzia, bazterkeria eta pobreziaren arloan, eta bereziki, askatasunaz gabetuta dauden pertsonei zuzenduta burutzen dituen ekintzak direla-eta.

Elkartea 1994an eratu zen, eta Bazkunen Erroldan 1994ko abenduaren 21ean inskribatu zen. Jardute-eremua batez ere Bizkaiko Lurralde Historikoan du; egoitza soziala, berriz, Bilbon (Bizkaia).

Eratu zenetik, Bilboko (Bizkaia) Espetxeetako Pastoralgintzako Bide-Sari Elkarteak askatasunaz gabetuta dauden pertsonei (gizarteko talderik baztertuenetako bat osatzen dutenez) eskaintzen die arreta. Heziketa-programa osoa ematen die, espetxean daudenean hasita, erabateko gizarteratzea lortzeko helburuarekin. Eskuzabaltasun, altruismo eta solidaritate balio esanguratsuak gauzatzen ditu eta borondatezko lana da antolakundearen baliabiderik garrantzitsuena. Horrekin guztiorrekin merezitako ospea lortu du, eta denek aitortu diote burututako lana.

Lege horren 22. artikuluan agindutakoaz bat etorriz, onuragarritasun aitorpena Jaurlaritzaren Kontseiluak erabakitako dekretu baten bidez egingo da, arloa dela-eta kasuan kasuko sailek proposatuta, eta sailek eta interesatuta dauden erakunde eta entitateek txostena eman ondoren. Agindu hori betez, dagokion espedientea instruitu da, eta, ondoren, sailei eta instituzioei eskatu zaizkien txostenak erantsi zaizkio espedienteari. Txosten horietan, bestalde, Bilboko (Bizkaia) Espetxeetako Pastoralgintzako Bide-Sari Elkartea onuragarria dela aitortzearen alde agertzen dira bai sailak bai instituzioak.

Ondorioz, Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuaren eta Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuaren proposamenez, interesaturik dauden erakunde eta entitateek emandako txostenak ikusi ondoren, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2005eko apirilaren 5ean egindako bilkuran aztertu ondoren, hauxe

XEDATU DUT:

Artikulu bakarra.– Bilboko (Bizkaia) Espetxeetako Pastoralgintzako Bide-Sari Elkartea, Bazkunen Errolda Nagusian AS/B/04.972/1994 zenbakiaz inskribatua baitago, onuragarria dela aitortzea, uste baitugu bere jarduerekin Euskadiko interesen alde egiten duela.

Horrekin batera, aitorpen horri dagozkion eskubideak aitortzen zaizkio, hain zuzen ere, otsailaren 12ko 3/1988 Legeko 22.2. artikuluan jasota daudenak.

Vitoria-Gasteizen, 2005eko apirilaren 5ean.

Lehendakaria,

JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.

Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburua,

JAVIER MADRAZO LAVÍN.

Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburua,

JOSEBA AZCÁRRAGA RODERO.


Azterketa dokumentala