71. zk., 2005eko apirilaren 15a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
Bestelako Xedapenak
Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
1888
EBAZPENA, 2005eko martxoaren 30ekoa, Turismo sailburuordearena; honen bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko turismo-establezimenduetan segurtasuna indartu asmoz, autobabeserako planak egiteko eta horiei buruzko prestakuntza-jarduerak antolatzeko laguntzak 2005eko ekitaldian emateko deialdia argitaratzen da.
Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuaren 2003ko maiatzaren 21eko Aginduaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko turismo-establezimenduetan segurtasuna indartu asmoz, autobabeserako planak egin eta horiei buruzko prestakuntza-jarduerak antolatzeko Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak emango dituen laguntzen nondik-norakoak ezartzen dira (ekainaren 12ko EHAA, 115. zk.; lehenengo aldaketa 2003ko abenduaren 23ko Aginduaren bidez, 255. zk., eta bigarrena, 2004ko abenduaren 13ko aginduaren bidez, 2005eko urtarrilaren 14ko EHAA, 9. zk.; hutsen zuzenketa 2003ko ekainaren 30eko EHAAn, 127. zk. ).
Agindu horren 3. artikuluan ezarrita dagoenez, turismo-enpresa txiki eta ertainek jaso ditzakete laguntza horiek. Horretarako, ordea, artikulu horretan ezarritako betekizunak konplitu, eta hor adierazitako kategoriaren batean sartuta egon beharko dute. Halaber, hortxe ezartzen da agindu horren ondorioetarako zer hartzen den enpresa txiki eta ertaintzat. Izan ere, apirilaren 3ko 1996/28/CE Gomendioan —enpresa txiki eta ertainen definizioari buruzkoan— edo hori ordeztu edo aldatzen duten xedapenetan xedatutakoaren arabera interpretatuko dira horiek.
2005eko urtarrilaren 1etik aurrera, gomendio horren ordez maiatzaren 6ko 2003/361/CE Gomendioa eman da. Beraz, halako enpresatzat jo ahal izateko, azken gomendio horretan finkatutako betekizunak konplitu beharko dituzte enpresa txiki eta ertainek.
Diru-laguntza horiek emateko erabiliko diren diru-baliabideak Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorretan horretarako izendatutako aurrekontu-ataletatik aterako dira; ekitaldi honi dagokionez, abenduaren 28ko 10/2004 Legean dago ezarrita hori arautzeko modua.
Aipatutako aginduaren 7. artikuluan ezarritakoaren arabera, egoki da hor iragarritako diru-laguntzak 2005eko ekitaldian emateko deialdia egitea, eta, horretarako eman beharreko arauak ematea.
Horiek horrela, aipatutako aginduaren 7. artikuluan ezarritako eskumenaren arabera, hau
XEDATU DUT:
1. artikulua.– Xedea.
Esan denez, Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuaren 2003ko maiatzaren 21eko Aginduaren bidez, autobabeserako planak egiteko eta horiei buruzko prestakuntza-jarduerak antolatzeko laguntzak emateko modua arautzen da, Euskal Autonomia Erkidegoko turismo-establezimenduetan segurtasuna indartu asmoz. Hain zuzen ere, laguntza horiek 2005eko ekitaldian emateko deialdia egitea da ebazpen honen xedea.
Helburu hori betetzeko, 50.000 euro bideratuko dira, Euskal Autonomia Erkidegoaren 2005eko Aurrekontu Orokorretan berariaz arlo horretarako izendatutako aurrekontu-kredituaren arabera.
Deialdi honen kontura eman beharreko laguntzen guztirakoak ezingo du gainditu artikulu honetan jarritako diru-izendapena, edo, indarrean dagoen legeriaren arabera aurrekontuaren aldaketarik onartzen bada, esleipenaren eguneratzetik sortzen dena. Beraz, zenbateko hori agortzen den unetik aurrera ez da laguntza gehiagorik emango, xedapen honen eraginkortasuna bertan behera geratuko baita une horretan. Aipatutako bi egoera horiek gertatuz gero, Turismo sailburuordeak horren berri emango du ebazpen baten bidez.
2. artikulua.– Betekizunak.
Eskatzaileek, 2003ko maiatzaren 21eko Aginduan aurreikusitako laguntzak eskuratu ahal izateko, agindu horren 3. artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte. Autobabeserako planak egiteko eta horiei buruzko prestakuntza jarduerak antolatzeko laguntzak emateko modua arautzen du aipatu aginduak, Euskal Autonomia Erkidegoko turismo-establezimenduetan segurtasuna indartu asmoz.
3. artikulua.– Eskabideak eta epea.
1.– Eskabidearen eta inprimakien ereduak Industria, Merkataritza eta Turismo Saileko lurralde-bulegoetan jaso daitezke, edo web-orri honetan: www.eragintza.net.
2.– Eskatzaileek Turismoa Antolatzeko Zuzendaritzara bidali beharko dituzte eskabide-orria eta gainerako agiri osagarriak. Aurkeztu, berriz, Industria, Merkataritza eta Turismo Sailaren lurralde-bulegoetan aurkeztu beharko dituzte, edo, bestela, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarritako lekuetan (30/1992 Legea, Herri Administrazioen Araubide Juridiko eta Administrazio Prozedura Erkidearena).
3.– Eskabideak aurkezteko epea ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu, eta biharamunean hasiko da; amaitu, berriz —horretarako kreditua agortu artean betiere—, 2005eko ekainaren 15ean.
AZKEN XEDAPENAK
Lehenengoa.– Deialdia egiteko ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu, eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.
Bigarrena.– Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuari. Hilabeteko epea emango da horretarako, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu, eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.
Vitoria-Gasteiz, 2005eko martxoaren 30a.
Turismo sailburuordea,
KORO GARMENDIA GALBETE.