71. zk., 2005eko apirilaren 15a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
Bestelako Xedapenak
Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
1884
EBAZPENA, 2005eko martxoaren 30ekoa, Turismo sailburuordearena, herritar guztiak euskal turismo-eskaintzara iritsi ahal izatea sustatzeko laguntzak 2005eko ekitaldian emateko deialdia argitaratzeko dena.
Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuaren 2003ko apirilaren 16ko Aginduaren bidez, herritar guztiak euskal turismo-eskaintzara iritsi ahal izateko neurriak ezarri zituen (maiatzaren 16ko EHAA, 95. zk.; hutsen zuzenketa, 2003ko ekainaren 30eko EHAA, 127. zk.). Horrekin batera, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak turismo-enpresetan eta baliabideetan arkitektura-trabak kentzeko inbertsio-proiektuak egiteko ematen diren diru-laguntzen nondik-norakoak ezarri ziren.
Agindu horren 3. artikuluko 1. paragrafoko b) idatz-zatian jasota dagoenez, turismo-enpresa txiki eta ertainek jaso ditzakete aipatutako laguntzak. Horretarako, ordea, agindu horretan ezarritako betekizunak konplitu beharko dituzte eta hor adierazitako kategoriaren batekoak izan beharko dute.
Horren haritik, 3. artikuluko 2. paragrafoan xedatuta dago agindu horren ondorioetarako zer hartzen den enpresa txikitzat eta ertaintzat. Izan ere, apirilaren 3ko 1996/28/CE Gomendioan —enpresa txiki eta ertainen definizioari buruzkoan— edo hori ordeztu edo aldatzen duten xedapenetan xedatutakoaren arabera interpretatuko dira horiek.
2005eko urtarrilaren 1etik aurrera, gomendio horren ordez maiatzaren 6ko 2003/361/CE Gomendioa eman da. Beraz, halako enpresatzat jo ahal izateko, azken gomendio horretan finkatutako betekizunak konplitu beharko dituzte enpresa txiki eta ertainek.
Diru-laguntza horiek emateko erabiliko diren diru-baliabideak Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorretan horretarako izendatutako aurrekontu-ataletatik aterako dira; ekitaldi honi dagokionez, abenduaren 28ko 10/2004 Legean dago ezarrita hori arautzeko modua.
Aipatutako aginduaren 7. artikuluan ezarritakoaren arabera, egoki da hor iragarritako diru-laguntzak 2005eko ekitaldian emateko deialdia egitea, eta, horretarako, eman beharreko arauak ematea.
Horiek horrela, aipatutako aginduaren 7. artikuluan ezarritako ahalmena erabilita, hau
XEDATU DUT:
1. artikulua.– Xedea.
Ebazpen honen xedea da Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuaren 2003ko apirilaren 16ko Aginduan iragarritako laguntzak 2005eko ekitaldian emateko deialdia egitea. Herritar guztiak euskal turismo-eskaintzara iritsi ahal izateko neurriak ezarri ziren agindu horretan.
Helburu hori betetzeko, 90.150 euro bideratuko dira, Euskal Autonomia Erkidegoaren 2005eko Aurrekontu Orokorretan berariaz arlo horretarako izendatutako aurrekontu-kredituaren arabera.
Laguntzetarako jarritako kopurua aldatu egin daiteke —diru-laguntzei buruzko ebazpena hartu aurretik, betiere— kontuan hartuta eskatu diren laguntza guztiak eta Industria, Merkataritza eta Turismo Sailak beste laguntza-programa batzuen aurrekontuetan agortu gabe dituen baliabideak. Horrelakorik gertatuz gero, Turismo sailburuordeak horren berri emango du ebazpen baten bidez.
2. artikulua.– Betekizunak.
Eskatzaileek, Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuaren 2003ko apirilaren 16ko Aginduan aurreikusitako laguntzak jasotzeko, agindu horren 3. artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte. Herritar guztiak euskal turismo-eskaintzara iritsi ahal izateko neurriak ezarri ziren agindu horretan.
3. artikulua.– Eskabideak eta epea.
1.– Eskabidearen eta inprimakien ereduak Industria, Merkataritza eta Turismo Saileko edozein lurralde-bulegotan jaso daitezke, edo web-orri honetan: www.eragintza.net.
2.– Eskatzaileek Turismoa Antolatzeko Zuzendaritzara bidali beharko dituzte eskabide-orria eta gainerako agiri osagarriak. Aurkeztu, berriz, Industria, Merkataritza eta Turismo Sailaren lurralde-bulegoetan aurkeztu beharko dituzte, edo, bestela, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarritako lekuetan (30/1992 Legea, Herri Administrazioen Araubide Juridiko eta Administrazio Prozedura Erkidearena).
3.– Eskabideak aurkezteko epea ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu, eta biharamunean hasiko da; amaitu, berriz, 2005eko ekainaren 1ean.
AZKEN XEDAPENAK
Lehenengoa.– Deialdia egiteko ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu, eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.
Bigarrena.– Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuari. Hilabeteko epea emango da horretarako, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu, eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.
Vitoria-Gasteiz, 2005eko martxoaren 30a.
Turismo sailburuordea,
KORO GARMENDIA GALBETE.