71. zk., 2005eko apirilaren 15a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
Bestelako Xedapenak
Jaurlaritzaren Lehendakaritza
1880
EBAZPENA, 2005eko apirilaren 12koa, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariarena; honen bidez, 2005. urterako diru-laguntzetarako deialdia arautzen da, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren inguruan ikerketa-proiektuak argitaratu eta gauzatzeko edo saio gisako ekintzak gauzatzeko diru-laguntzetarako deialdia, hain zuzen.
Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen helburu nagusia da emakumeen eta gizonen artean berdintasun benetakoa eta eraginkorra lortzea, Euskal Autonomia Erkidegoko bizitzaren esparru guztietan: politikan, ekonomian eta gizartean. Ildo horretan, Emakunderen helburu nagusiak dira, batetik, bi sexuen arteko berdintasunari bidea ematen dioten baldintzak sustatzea, eta egitez edo eskubidez emakumearen berdintasun osoa murrizten duten oztopoak kentzea; eta, bestetik, emakumeen baztertze-mota oro ezabatzea Euskadin.
Helburu horiek lortze aldera berdintasunaren aldeko politikak garatuko baditugu, aztertu egin behar dugu gaur egun emakumeen eta gizonen artean ageri diren ezberdintasunen oinarrian, arlo guztietan ageri baitira, zer genero-harreman eta -rol dauden; orobat aztertu behar dugu abian jarri diren edo jarriko diren ekimenek emakumeengan eta gizonengan duten edo izan dezaketen eragina. Bestalde, berdintasunaren esparruan ekintza berritzaileak saiatu behar ditugu, gero, ekintza horiek erabateko politiken barruan sartu ahal izateko. Azterlan eta ekintza horiek gauzatu eta zabaltzea nahitaezkoa da eztabaida publikoari begira, baita erabaki politikoak hartzeari begira ere, are gehiago genero-ikuspegia politika guztietan txertatu nahi badugu. Europako Kontseiluan sortutako “mainstreaming” gisako aditu-taldearen iritziz, politikak planifikatzeko, abian jartzeko eta ebaluatzeko erantzukizun politikoa eta teknikoa dutenek eskura eduki behar dituzte beharrezkoak diren tresnak, generoari buruzko alderdiei ekite aldera, alderdi horiek aztertze aldera eta berdintasunerantz aurrerapausoak emateko neurriak proposatze aldera beharrezkoak diren tresnak, alegia.
Gainera, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren esparruan aurrera egiteko, jakituriatik eta esperientziari esker ikasitakotik abiatu behar dugu. Horrela bada, azterlan eta saio gisako ekintza horiek EAEko Emakumeentzako Ekintza Positiboko III. Plana (genero-ikuspegia politika publikoetan izenekoa) hartu behar dute eredutzat, eta hor bildutako neurriak garatu behar dituzte, neurri horiek garatzen ikasitako esperientzia jarraibidetzat hartu eta urrunago joan.
Hortaz, gizarte-eragileek eta profesionalek ikerlan eta saio gisako ekintza berritzaileak gauzatzen eta argitaratzen parte har dezaten lagundu eta sustatzearren, ebazpen hau eman dugu, aipatutako horretarako diru-laguntzak arautze aldera. Helburu horiek guztiak aintzat hartuta, diru-laguntzetarako deialdi hau arautu dugu, publizitatearen, lehiaren eta objektibitatearen irizpideen arabera.
Horrenbestez, ondokoa
EBATZI DUT:
1. artikulua.– Xedea.
Ebazpen honen xedea da emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren alde ikerlanak gauzatu eta argitaratzeko eta saio gisako ekintzak gauzatzeko diru-laguntzak arautzea eta diru-laguntza horietarako deialdia egitea; ikerlan eta saio gisako ekintza horiek 2005 urtean behar dira gauzatu, eta EAEko Emakumeentzako Ekintza Positiboko III. Planean (genero-ikuspegia politika publikoetan, III. PAPME-EGPP) esku-hartzeko zehazten diren eremuetan lagundu behar dute berdintasun hori lortzen.
2. artikulua.– Helburuak.
Aurkezten diren argitaratze-proiektuek, ikerketa-proiektuek eta eredu gisako ekintzek lagungarri izan behar dute honako xede hauek lortzeko:
a) Emakumeen eta gizonen egoeraren, baldintzen, eta haien arteko ezberdintasunaren berri gehiago jakiteko, eta bizitzaren hainbat arlotan genero-harremanak zer-nolakoak diren eta ezberdintasunak zerk eragiten dituen hobeto ezagutzeko.
b) Estrategiak, teknikak eta tresnak garatu, saiatu nahiz ezagutzera emateko, antzematen diren ezberdintasunei irtenbidea bilatze aldera, berdintasuna lortzeko dauden oztopoak kentze aldera edo ezberdintasun-egoerak saiheste aldera.
c) Erabateko politiketan aplikatu ahal izango diren ekintzak atondu eta saiatzeko.
d) III. PAPME-EGPP planean jasotako helburuetan eta neurrietan sakontzeko.
3. artikulua.– Hautapena eta baliabide ekonomikoak.
1.– Deialdi hau lehiaketa bidez ebatziko da. Horretarako, honako hau ulertuko da lehiaketatzat: lehiaketa da laguntzak edo diru-laguntzak emateko prozedura bat, esleipena egiteko, aurkezten diren eskabideen artean lehentasun-hurrenkera bat finkatze aldera, eskabideak alderatzen dituena 11. artikuluan finkatutako esleipen-irizpideei jarraiki, eta irizpide horien arabera balioespenik onena izan duten eskabideei diru-laguntza ematen diena.
2.– Erakundearen aurrekontuetan horretarako ezarritako aurrekontu-kredituetatik aterako da aurreko artikuluan adierazitako xedeak lortzen laguntzeko diru-zuzkidura, eta, hasieran behintzat, laurogeita hemezortzi mila bederatziehun eta berrogei (98.940,00) euro izango dira.
3.– Zenbateko hori gehitzea zilegi izango da, beti ere egindako eskarien orotarako zenbatekoa aintzat hartuta; horretarako, baina, Emakumearen Euskal Erakundearen beste laguntza-programa batzuk gauzatu ondoren gastatu gabe geratutako aurrekontu-baliabideak erabiltzeko moduan egon behar dute, eta eskari horiei buruz ebatzi baino lehen egon behar dute erabilgarri. Hala gertatuz gero, alegia, zenbatekoa horrela gehitzen bada, Emakundeko zuzendariak ebazpena emango du jendaurrean jakinarazteko.
4. artikulua.– Eskatzaileak.
1.– Pertsona fisikoek eta juridikoek, hala pribatuek nola publikoek eskatu ahal izango dituzte diru-laguntzak –administrazio publikoak nahiz haien erakunde autonomoak alde batera utzita, Euskal Herriko Unibertsitatea izan ezik, azken horrek izango du-eta eskatzeko aukera–, baina honako baldintza hauek bete behar dituzte:
a) Ikerketa-proiektua edo saio gisako ekintza, bai eta, hala balegokio, argitarapenaren zabalkundea, Euskal Autonomia Erkidegoan gauzatzea.
b) Argitarapenak izanez gero, lehenbiziko argitarapena izatea.
c) Zerga-betebeharrak egunean edukitzea.
d) Izaera bereko diru-laguntzen edo laguntzen esparruan hasitako itzulketa- edo zehapen-prozeduraren batean sartuta ez egotea.
e) Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak aurreko ekitaldiren batean emandako beste diru-laguntzaren bat nola erabili den egiaztatu gabe ez edukitzea.
2.– Baldin eta hainbat eskatzailek ikerketa- edo argitarapen-proiektu nahiz saio gisako ekintza bakarra aurkezten badute, horien titular-kide direnek euren arteko bat izendatu beharko dute administrazioaren aurrean ordezkari izan dadin.
5. artikulua.– Diru-laguntzak jaso ditzaketen jarduerak eta gastuak.
1.– III. PAPME-EGPP planean esku-hartzerako zehazten diren esparruetako edozeinetan emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna lortzearren egiten diren ikerketa- edo argitarapen-proiektuak nahiz saio gisako ekintzak lagunduko dira diruz, baldin eta honako kasu hauetakoren batean sartzen badira:
a) Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloko ikerketa-proiektuak, honako xede hauek dituztenak: emakumeek eta gizonek bizitzaren hainbat esparrutan dauzkaten beharrak, baldintzak eta egoerak aztertzea, ezberdintasuna ezabatzeko bideak aztertzea eta berdintasuna sustatzea, eta/edo jarduerek eta proiektuek, Euskal Autonomia Erkidegoan, emakumeengan eta gizonengan duten eragin ezberdina ebaluatzea.
b) Euskal Autonomia Erkidegoan aukera-berdintasunaren esparruan egiten diren saio gisako ekintza berritzaileak, xedetzat honako hauek dituztenak: planteamendu berriak sustatzea eta praktika egokien adibideak aurkitzea, ondoren beste ekintza batzuk gauzatzeko modua hobetu dezaketen planteamendu eta praktikak, alegia.
c) Argitarapen-proiektuak, Euskal Autonomia Erkidegoan gauzatutako ikerketa-lanek nahiz esku-hartzerako eredu gisako ekintzek eman dituzten emaitzen gainekoak.
2.– Bereziki honako gastu hauek lagunduko dira diruz:
– Zuzendaritza eta koordinazioa: gehienez, diru-laguntzaren %10.
– Proiektuaren edo ekintzaren kargura dauden langileak: Gehienez, diru-laguntzaren %25.
– Material bibliografikoa.
– Gai suntsikorrak.
– Landa-lanaren gastuak.
– Testuak zuzentzeko eta maketatzeko gastuak nahiz fotomekanika eta inprimaketakoak.
– Bidaiak eta dietak.
– Beste gastu batzuk: gehienez, diru-laguntzaren %5.
3.– Azpiegituretan inbertitzeko proiektuak ez dira diruz laguntzeko modukoak izango.
4.– Diru-laguntza jasoko duten argitarapenak, ikerketa-proiektuak edo saio gisako ekintzak 2005eko urtarrilaren 1a eta abenduaren 31 bitartean egingo dira, nahiz eta ikerketa-lana edo saio gisako ekintza egun hori baino lehenago hasia izan eta nahiz eta data hori igaro eta gero ere gauzatzen jarraitu. Hainbat urtetako lanei edo ekintzei dagokienez, eskaera aurkezten den urterako baizik ez da laguntzarik emango, eta, hala nahi bada, hurrengo urteetan beste eskaera bat egin beharko da, urte bakoitzean bana.
6. artikulua.– Lehentasunezko arloak.
Ekiteko orduan, honako arlo hauek izango dute lehentasuna:
a) Genero-ikuspegia ekintzetan, programetan, proiektuetan eta erakundeetan sartze aldera, ekintzak, programak, estrategiak, teknikak edo tresna metodologikoak garatzea eta horiekin saioak egitea.
b) Erabakiak hartzeko gune sozialetan, politikoetan eta ekonomikoetan, emakumearen parte hartzea sustatzea.
c) Usadioz emakumeentzat utzi izan diren sektoreetako lan-baldintzak hobetzeko erak bilatzea.
d) Ordainsarietan dagoen bazterkeria aurkitu eta ezabatzea.
e) Sexu-jazarpenari aurrea hartzea eta horrelako egoerei amaiera ematea.
f) Biztanleriaren osasunari buruzko azterketan genero-ikuspegia sartzea.
g) Emakumeen aurkako indarkeriari aurrea hartzea eta indarkeria horren biktimei laguntza ematea.
Horrez gain, gazteak aztergai edo onuradun dituzten proiektuek eta ekintzek lehentasuna izango dute.
7. artikulua. Eskabideak aurkezteko modua.
1.– Eskaerak aurkezteko epea hogeita hamar egunekoa izango da, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.
2.– Eskaerak Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeari zuzendu behar zaizkio (Manuel Iradier kalea, 36, 01005 Vitoria-Gasteiz), edo, bestela, administrazio-prozeduraren araudian aurreikusitako edozein bide jarraituz aurkez daitezke.
8. artikulua.– Eskaerak eta agiriak aurkeztea.
1.– Pertsona fisikoak edo juridikoak I. eranskinean eredu gisa agertzen den eskabidea aurkeztu behar du.
2.– Eskaeran ondoko datu hauek adierazi behar dira, zuzen, adierazi ere:
a) Ikerketaren, argitarapen-proiektuaren edo saio gisako ekintzaren izena eta deskribapen labur bat.
b) Eskatzaileen datuak: izena (pertsona juridikoa bada, pertsona juridikoaren izena; helbidea (pertsona juridikoa bada, pertsona juridikoaren izena; telefonoaren eta faxaren zenbakiak eta posta elektronikoa ere jarri behar dira) eta bankuko datuak (kontu-zenbakia, sukurtsala, bankua edo kutxa). Pertsona juridikoa bada, zer motako erakundea den adierazi behar da.
3.– Eskaerarekin batera, honako agiri hauek aurkeztu behar dira:
a) Argitarapen-proiektuaren, ikerketa-lanaren edo saio gisako ekintzaren laburpen-memoria, II. eranskinaren arabera egina. Argitarapen-proiektua bada, argitaratu behar den material guztia aurkeztu beharko da. Eskaerarekin batera, argitarapen-proiektuaren, ikerketa-lanaren edo saio gisako ekintzaren bina ale aurkeztu beharko dira.
b) Aurreikusitako orotarako gastuen aurrekontua eta horien finantziazioa, jardueren arabera xehekatua, III. Eranskinaren arabera.
c) Jasotako laguntzen edo diru-laguntzen ziurtagiria, edo diru-laguntzarik jaso ez bada, zinpeko aitorpena.
d) “Datuen alta/Hirugarren interesduna” inprimakia.
e) Pertsona fisikoa izanez gero, nortasun agiri nazionalaren fotokopia; eta, pertsona juridikoa izanez gero, eratze-agiriaren eta identifikazio fiskaleko agiriaren fotokopia bana.
f) Curriculum Vitae-a, eta, hor: aztergai den eremuan edo antzeko beste eremu batzuetan ikerketa edo saio gisako ekintza egingo duen pertsonaren edo egingo duten pertsonen prestakuntza eta esperientzia generoaren arloan. Agiri horrekin batera, IV. eranskinean agertzen den idazkia aurkeztu behar da.
g) Honako ziurtagiri hauek, eguneratuta: batetik, eskatzaileak zerga-betebeharrak egunean dauzkala egiaztatzen duena, Foru Ogasunak egindakoa; eta, bestetik, hala behar denean, Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak beterik dituela egiaztatzen duena, Lurraldeko Diruzaintzak egindakoa, edo, salbuetsirik egonez gero, salbuespen hori egiaztatzen duen agiria. Eskabidea egin den eguna baino gehienez hiru hilabete lehenago emanak behar dute izan ziurtagiriok. Dena den, pertsona edo erakunde onuradunak gai honi buruz eskatzen zaizkion egiaztagiri guztiak aurkeztu beharko ditu, edozein dela ere prozedura osoan zehar egiaztagiri horiek eskatzen zaizkion unea, den diru-laguntza esleitzeko aldia, haren erabilera egiaztatzeko aldia edo haren likidazioa egitekoa.
h) Ikerketa edo saio gisako ekintza hainbat lagunen artean egitekoa bada, pertsona bakoitzak prozesuan izango dituen eginkizunak eta zereginak argi eta garbi zehaztu beharko dira, baita ikertzaile nagusia zein izango den edo saio gisako ekintzaren arduraduna zein izango den ere.
i) Partehartzaileak pertsona juridikoak izanez gero, legez eratuta daudela erakusten duten agiriak eta estatutuak.
j) Eskatzailea ordezkatzeko ahalmena duela egiaztatzen duen agiria.
k) Ikerketa-lana edo saio gisako ekintza abian jartzean eta gauzatzean sexua dela-eta bazterkeriarik ez dela egon egiaztatzen duen zinpeko aitorpena.
9. artikulua.– Aurkeztutako eskaeren akatsak zuzentzea.
Baldin eta aurkeztutako eskabideetan zehaztu beharreko guztia zehaztu gabe badago, edo 8. artikuluan eskatutako agiriren bat falta bada, Emakundek falta den dokumentazioa aurkezteko edo antzemandako hutsa zuzentzeko eskatuko du, eta hamar egun naturaleko epea emango du horretarako, jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik hasita. Horrez gain, eskatzaileari ohartaraziko zaio horrela egin ezean eskabidea ezetsiko zaiola, aldez aurretik ebazpena emanez Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 42. artikuluan agindutako eran.
10. artikulua.– Hautaketa Batzordea.
Hautaketa-batzorde bat eratuko da, aurkeztutako eskaerak aztertzeko eta ebaluatzeko; batzorde horretan, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko pertsona hauek egongo dira:
Batzordeburua:
– Idazkari nagusia.
Batzordekideak:
– Programak Sustatzeko arduraduna.
– Programen arduraduna.
– Azterlanen eta Argitalpenen arduraduna.
Idazkaria: Lege Aholkularitzako arduraduna izango da.
11. artikulua.– Diru-laguntzak esleitzeko irizpideak.
1.– Diru-laguntzak emateko eta horien zenbatekoak zehazteko irizpide hauek hartuko ditu kontuan Hautaketa Batzordeak, horietako bakoitzari emandako puntuen arabera:
A) Proposamenaren kalitatea (gehienez 80 puntu).
a) Alderdi berritzaileak (gehienez 30 puntu).
b) Deialdiaren eskakizunak kontuan izanda egokia den, eta helburuak zenbateraino betetzen dituen (gehienez 20 puntu).
c) Lehentasunezko arloekin bat datorren (gehienez 10 puntu).
d) Lan-programa (egutegia eta metodologia barne hartuta) argia eta bideragarria den (gehienez 10 puntu).
e) Proposamenaren kalitatea orotara (gehienez 10 puntu).
B) Pertsonaren edo erakundearen ibilbidea (gehienez 20 puntu).
– Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloan lana egingo duten pertsonek eta erakundeek duten prestakuntza eta egin duten ibilbidea.
2.– Gutxienez 50 puntu lortzen ez dituzten proposamenak atzera botako dira.
3.– Argitarapen-proiektuetan, A) zatiko irizpideak besterik ez da erabiliko, eta irizpide horien arabera dagozkien puntuak proportzionalki doituko dira, orotara gehienez ere 100 puntu eskuratu ahal izango dituztelarik.
12. artikulua.– Diru-laguntzen zenbatekoa.
Diru-laguntzaren zenbatekoak ez du gaindituko dena delako pertsona edo erakunde horrek diru-laguntzaren xede diren jardueretarako aurkeztu duen aurrekontuaren %80.
13. artikulua.– Beste diru-laguntza edo laguntza batzuekiko bateragarritasuna.
Deialdi honetako diru-laguntzak bateragarri dira beste edozein erakunde publikok edo pribatuk helburu bererako eman ditzakeen beste diru-laguntza batzuekin, beti ere ez bada gainfinantzaketarik gertatzen. Gainfinantzaketa gertatuz gero, diru-laguntza murriztu egingo da, dagokion gehienezko mugaraino.
14. artikulua.– Ebazpena.
1.– Hautaketa Batzordeak eskaerak ebaluatuko ditu, diru-laguntzak esleitzeko irizpideen arabera, eta, ondoren, bere proposamena Emakunderen zuzendariari bidaliko dio. Emakunderen zuzendariak ebazpen adierazia emango du, eta, horrenbestez, hasitako lehiaketari buru emango dio, eta diru-laguntza esleituak eta ezetsiak zehaztuko ditu. Ebazpena banan-banan jakinaraziko zaie pertsona edo erakunde onuradunei. Era berean, jendeak horren berri izan dezan, esleitutako diru-laguntzen zerrenda Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.
2.– Diru-laguntza esleitu edo ukatzeko ebazpena jakinarazteko epea sei hilabetekoa izango da, Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita. Baldin eta epe hori igaro eta artean ez bazaio pertsona edo erakunde interesdunari ebazpenik jakinarazi, diru-laguntza ukatu egin zaiola ulertu behar da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 44.1 artikuluak dioen bezala.
3.– Ebazpenean, erakunde onuradunen zerrendaz gain (erakunde horien proiektuak, lanak edo ekintzak ere, diruz lagundutakoak, zehaztuko dira, bai eta eman zaizkien diru-laguntzen zenbatekoak ere), ordezko pertsona edo erakundeen zerrenda ere jaso daiteke, onuradunen batek uko eginez gero, ordezkoengana jo ahal izateko. Pertsona edo erakunde horien zerrenda ordezkapena egiteko hurrenkeraren arabera egingo da, horien ikerketa-proiektuak edo saio gisako ekintzak zehaztuko dira eta, era berean, lehen onuradunak uko eginez gero ordezkoari eman dakiokeen diru-laguntzaren gehienezko zenbatekoa aipatuko da; nolanahi ere, zenbateko hori ez da sekula ere izango uko egin duen onuradunari esleitutakoa baino handiagoa.
4.– Ordezkapena egin ahal izateko, pertsona edo erakunde onuradunak 16. a) artikuluan finkatutako epe barruan egin behar du ukoa.
15. artikulua.– Jabetza intelektualaren eskubideak.
1.– Ikerketa-lanen eta eredu gisako ekintzen gaineko jabetza intelektualaren eskubideak, ekonomikoki ustiatu daitezkeenak eta diru-laguntzen pertsona onuradunei dagozkienak, hiru urtez lagako zaizkio Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrari, jabetza intelektualaren arloan indarrean dagoen legeriak ezarritakoaren arabera.
2.– Diru-laguntzen onuradunek, artikulu honetan aipatzen den jabetza intelektualaren eskubideen lagapen hori ororen agerikoa izan dadin, dagokion agiria eman beharko dute. Hona hemen zeintzuk diren eskubide horiek: erreproduzitzeko, banatzeko, jendaurrean komunikatzeko eta eraldatzeko eskubideak, eta, orobat, ekonomikoki ustiatu daitezkeen gainerako eskubideak, mundu osoan eta egun diren hizkuntza eta prozedura ororen bitartez erabil daitezkeen eskubideak, alegia; lehen aipatutako epe horretarako lagako dira eskubideok, jabetza intelektualari buruzko araudiaren arabera bete beharrekoak diren baldintzak betez eta gainditu ezin diren mugak zainduz.
3.– Diru-laguntza hauek jaso dituzten lanen ale bat Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen dokumentazio-zentroarentzat izango da.
16. artikulua.– Pertsona edo erakunde onuradunen betebeharrak.
Ebazpen honetan arautzen diren diru-laguntzak jaso dituzten pertsona edo erakunde onuradunek, ondoren aipatzen diren betebehar hauek bete beharko dituzte:
a) Emandako diru-laguntza onartu egin beharko dute. Horri gagozkiola, onartutzat emango da, baldin eta diru-laguntzaren esleipenaren jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epean, pertsona edo erakunde onuradunek diru-laguntza horri beren beregi eta idatziz uko egiten ez badiote.
b) Diru-laguntza zertarako eman den, horretarakoxe erabili behar dute, non eta ez den 18. artikuluan ezarritakoa aplikatu behar; orobat, gauzatu beharreko jarduerak, diruz lagundutakoak, Emakundek ikuska ditzan onartu behar dute, noiznahi.
c) Hala behar bada, jabetza intelektualaren eskubideak lagatzeko agiri publikoa eman behar dute, 15. artikuluak zehaztutakoaren arabera.
d) Ekonomia Kontrolerako Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak, beren eginkizunetan dihardutela, deialdi honen kontura jasotako diru-laguntzen inguruan eskatzen dieten informazioa eman behar dute.
e) Onartutako proiektuaren edo ekintzaren edukian edo hasierako baldintzetan aldaketarik eginez gero, idatziz jakinarazi behar dizkiote Emakunderi, eta Emakunderen zuzendariak berariaz onetsi beharko ditu, aldaketok gauzatuko badira.
f) Diru-laguntza jaso duten jarduerei buruzko argitarapenetan eta publizitate orotan, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen laguntza jaso duela adierazi behar dute, V. eranskinean xedatutakoaren arabera.
g) Proiektuaren ikerketan edo saio gisako ekintza gauzatzean sortzen diren agirietan, hala nola azken memorietan eta txostenetan, hizkera sexistarik ez dela erabili egiaztatu behar dute.
h) Argitarapenei dagokienez, proiektua burutu ondoren gutxienez 60 ale eman beharko dizkiote Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeari.
17. artikulua.– Diru-laguntzaren ordainketa.
1.– Diru-laguntza zatika ordainduko da: ehuneko berrogeita hamarra diru-laguntza emateko ebazpena jakin eta esleipena onartu ondoren ordainduko da, eta, gainerakoa, diruz lagundutako jarduerek sortutako gastu guztiak egiaztatutakoan; gastuak egiaztatzeko, bestalde, honako agiri hauek aurkeztu behar dira, bi aletan, 2006ko otsailaren 28a baino lehen:
– Jasotako funts publikoak nola erabili diren arrazoitzeko memoria. Memoria horretan, proiektuan aurreikusitako egutegiaren arabera egindako jarduerak eta lortutako emaitzak deskribatuko dira.
– Diruz lagundutako jardueraren edo jardueren balantze ekonomikoa.
– Diru-laguntza jaso duten jardueretan eragindako gastuaren jatorrizko fakturak edo agiriak. Fakturetako edo agirietako gastuaren data ezin da izan 2005ko abenduaren 31 baino beranduagokoa.
– Diru-laguntza jaso duten jarduerei buruz egiten den publizitate orotan Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundea aipatu dela egiaztatzen duten agiriak.
2.– Baldin eta ikerketa-proiektuaren edo saio gisako ekintzaren behin betiko kostu orotarakoa txikiagoa gertatzen bada diru-laguntza kalkulatzeko kontuan hartu zen kostua baino, edo gastua egiaztatzeko agirien bidez (fakturen bidez, ordainagirien bidez, etab.) frogatzen den zenbatekoa emandako laguntza baino txikiagoa bada, proportzioz dagokion zatia kenduko da diru-laguntzaren zenbatekotik.
18. artikulua.– Diru-laguntza emateko baldintzen aldaketa.
1.– Diru-laguntza emateko kontuan hartu ziren baldintzetakoren bat aldatu egiten bada, jakinarazi egin beharko zaio Emakunderen Zuzendaritzari. Diru-laguntza emateko kontuan izan diren baldintzak aldatuz gero, eta, beti ere, diru-laguntzaren helburua bete bada, edo bestelako erakunde publikoren edo pribaturen batek, aldi berean, laguntzarik edo diru-laguntzarik eman badu, diru-laguntzak emateko ebazpena aldatu egin daiteke.
2.– Aurreko artikuluan aipatutako dokumentazio hori jaso ondoren, eta dokumentazioa aztertu eta ebaluatu ondoren, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen zuzendariak, administrazio-bidea amaitutzat emango duen ebazpen baten bidez, emandako diru-laguntza aldatu eta/edo likidatu egingo du, kasu bakoitzean zer dagokion; eta, hala behar bada, aldaketan edo likidazioan, emandako diru-laguntzen zenbatekoak egokituko ditu.
19. artikulua.– Ez betetzeak.
Diru-laguntza emateko arrazoi izan ziren baldintzak zernahi gisan ez direla bete egiaztatzen bada, jasotako zenbatekoak eta zenbateko horri dagozkion lege-interesak itzuli egin beharko zaizkio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuan eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoaren arabera, eta egoki diratekeen gainerako akzioak ere erabili ahal izango dira.
20. artikulua.–Dirua itzultzeko prozedura.
Ezarritako baldintzak edota betebeharrak bete ez direla-eta emandako diru-laguntza itzultzeko prozedura abenduaren 17ko 689/1991 Dekretuan xedatutakoari lotuko zaio. Dekretu horrek honako hau ezartzen du:
a) Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen zuzendariak prozeduraren hasiera jakinaraziko dio erakunde interesatuari, bai eta prozedura hasteko arrazoiak ere, eta hamabost egun balioduneko epea emango dio erakundeari, egoki deritzen alegazioak egin ditzan.
b) Alegazioak jaso ondoren edo alegaziorik egin gabe epea igaro ondoren, prozedura bukatutzat joko da, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen zuzendariaren ebazpen bidez. Ebazpen horrek administrazio-bidea amaituko du.
Baldin eta ebazpenak irizten badio ez direla baldintzak bete, diru-laguntza jasotzeko eskubidea galdutzat joko da, eta, hala badagokio, jasotako zenbatekoak eta ezarri behar zaizkion legezko korrituak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaizkio. Itzulketa egiteko, gehienez bi hileko epea izango da, jakinarazpena egiten den egunetik hasita. Epe hori borondatezko alditzat joko da.
c) Borondatezko aldian itzulketarik egiten ez bada, Eusko Jaurlaritzaren Ogasun eta Herri Administrazio Saileko organo eskudunari jakinaraziko zaio, premiamendu-bideari ekin ahal izateko, aplikatzekoa den legezko araudian xedatutakoaren arabera.
d) Aplikatzekoak diren arauak ez betetzeagatik emandako diru-laguntzak itzultzeko prozedura, artikulu honetan arautzen dena, ebazteko eta jakinarazteko epea gehienez sei hilabetekoa izango da.
21. artikulua.– Datu pertsonalekin nola jardun.
Deialdi honetan parte hartzen dutenen datu pertsonalak Emakunderen fitxategi automatikoan sartuko dira, erabiltze aldera, Datu Pertsonalak Babesteari buruzko 15/1999 Lege Organikoak xedatutakoaren pean dagoen fitxategi automatikoan, alegia. Fitxategi hori Emakundek ematen dituen diru-laguntzetarako beste ezertarako ezingo da erabili. Pertsona interesatuek legeak aurreikusten dituen eskubideak erabili ahal izango dituzte fitxategi horri dagokionez, hala nola fitxategiotako informazioa eskuratu ahal izateko eskubidea, edo informazio hori zuzentzeko, ezabatzeko edo haren aurka egiteko eskubideak; horretarako, ordea, Azterlan, Plangintza eta Dokumentazio Arloari, fitxategi horren arduradunari, idazki bat zuzendu beharko diote, helbide honetara: Manuel Iradier kalea, 36, 01005 Vitoria-Gasteiz.
AZKEN XEDAPENAK
Lehenengoa.– Ebazpen honek amaitu egiten du administrazio-bidea. Beraren aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariari, hilabeteko epean, Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa ezar daiteke zuzenean Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzietarako Salan, bi hilabeteko epean, Ebazpena EHAAn argitaratu eta biharamunetik hasita.
Bigarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara eman eta hurrengo egunetik hasiko da eragina izaten.
Vitoria-Gasteiz, 2005eko apirilaren 12a.
Zuzendaria,
TXARO ARTEAGA ANSA.
I. ERANSKINA
ESKAERA
1.– ARGITARAPEN-PROIEKTUAREN, IKERKETA-LANAREN EDO SAIO GISAKO EKINTZAREN DATUAK
Izena:
Iraupena (urteak): 	1 n 	2 n 	3 n 	Bestelakoak: ___ (argitarapen-proiektuak izan ezik)
Argitarapen-proiektuaren, ikerketa-lanaren edo saio gisako ekintzaren laburpena edo deskribapen laburra:
2.– EGILEAREN, IKERTZAILEAREN EDO SAIO GISAKO EKINTZARAEN ARDURADUNAREN DATUAK:
Abizenak:
Izena:	NAN:
Erakundea (pertsona fisikoak izan ezik):
IFK. Erakundea:
Zentroa:
Saila:
Telefonoa (aurrezenbakia, zenbakia, luzapena):
Faxa:
Posta elektronikoa:
Posta-helbide osoa:
Kontu-zenbakia:
3.– ERAKUNDEAREN LEGEZKO ORDEZKARIAREN DATUAK ETA SINADURA (pertsona fisikoek ez):
Jn./And.:
Kargua:
Erakundea:
Erakundearen helbidea:
PK:	Herria:
Tf.:	Faxa:	(Sinadura eta zigilua)
Behean sinatzen duen arduradunak edo koordinatzaileak hitz ematen du badakiela deialdi honen arauak zein diren, eta baimena ematen du, eskaera finantzatuz gero, Datu Pertsonalak Babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoak ezarritakoaren ondorioetarako, eskaeran jasota dagoen edukia datu-baseetan zabalduz erabiltzeko.
_____________(e)n, 2005eko ________(a)ren ___(e)an
Ikertzaile nagusiaren sinadura
ZUZENDARI ANDREA
II. ERANSKINA
MEMORIA
1.– JUSTIFIKAZIOA
Argitarapen-proiektuaren, ikerketa-lanaren edo saio gisako ekintzaren justifikazioa: gehienbat, garrantzia eta interesa ematen dizkioten alderdiak eta alderdi berritzaileak nabarmendu behar dira.
2.– HELBURUAK
Argitarapen-proiektuaren, ikerketa-lanaren edo saio gisako ekintzaren helburu zehatzen deskribapena.
3.– LANERAKO METODOLOGIA ETA PLANA (Alde batera utzita argitarapen-proiektuak)
Lan-hipotesiak egitea, eta aztertu beharreko aldagaiak edo dimentsioak definitzea, aurrez ikusten diren aldiak eta emaitzak zehaztuta. Erabiliko den populazioa (edo unibertsoa) eta lagina mugatzea eta deskribatzea. Informazio biltzeko eta emaitzak aztertzeko teknikak aurkeztea edo zerrendatzea. Egutegia egitea. Diru-laguntza eskuratu nahi duen proiektuarekin edo ekintzarekin zerikusia duen bibliografia.
III. ERANSKINA
AURREKONTUA
Atal bakoitzean, argi eta garbi jaso behar dira proiektua, lana edo ekintza egiteko eskura dituen baliabideak, norberarenak edo beste batzuek emandako laguntzak, bai eta egin beharreko zereginetarako eskatzen den laguntza ere.
Aurrekontuak zorrotz bete behar du azaldutako lan-plana.
1.– ZUZENDARITZA ETA KOORDINAZIOA
	Baliabidearen beharra 	Eskatzen den laguntza	Beste ekarpen batzuk
	arrazoitzea
			Norberaren 	Beste laguntza
			baliabideak	batzuk
2.– PROIEKTUAREN, LANAREN EDO EKINTZAREN KARGURAKO LANGILEAK
	Langileen beharra 	Eskatzen den laguntza	Beste ekarpen batzuk
	arrazoitzea
			Norberaren 	Beste laguntza
			baliabideak	batzuk
3.– MATERIAL BIBLIOGRAFIKOA
	Baliabidearen beharra 	Eskatzen den laguntza	Beste ekarpen batzuk
	arrazoitzea
			Norberaren 	Beste laguntza
			baliabideak	batzuk
4.– GAI SUNTSIKORRAK
	Baliabidearen beharra 	Eskatzen den laguntza	Beste ekarpen batzuk
	arrazoitzea
			Norberaren 	Beste laguntza
			baliabideak	batzuk
5.– LANDA-LANAREN GASTUAK
	Baliabidearen beharra 	Eskatzen den laguntza	Beste ekarpen batzuk
	arrazoitzea
			Norberaren 	Beste laguntza
			baliabideak	batzuk
6.– MOLDIZTEGI-GASTUAK
	Baliabidearen beharra 	Eskatzen den laguntza	Beste ekarpen batzuk
	arrazoitzea
			Norberaren 	Beste laguntza
			baliabideak	batzuk
7.– BIDAIAK ETA DIETAK
	Baliabidearen beharra 	Eskatzen den laguntza	Beste ekarpen batzuk
	arrazoitzea
			Norberaren 	Beste laguntza
			baliabideak	batzuk
8.– BESTE GASTU BATZUK
	Baliabidearen beharra 	Eskatzen den laguntza	Beste ekarpen batzuk
	arrazoitzea
			Norberaren 	Beste laguntza
			baliabideak	batzuk
9.– BESTELAKO DIRU-LAGUNTZEN LABURPENA:
	Erakundea	Kontzeptua	Zenbatekoa
Eskatutako beste diru-laguntza batzuk
Jasotako beste diru-laguntza batzuk
10.– PROIEKTUAREN EDO EKINTZAREN AURREKONTUAREN LABURPENA
KONTZEPTUA	Eskatzen den 	Beste ekarpen batzuk
	laguntza
		Norberaren 	Beste laguntza
		baliabideak	batzuk
9)	Zuzendaritza eta koordinazioa
10)	Proiektuaren edo ekintzaren kargurako langileak
11)	Material bibliografikoa
12)	Gai suntsikorrak
13)	Landa-lanaren gastuak
14)	Bidaiak eta dietak
15)	Moldiztegi-gastuak
Beste gastu batzuk
	GUZTIRA
IV. ERANSKINA
CURRICULUM VITAE-A
(Argitarapen-proiektuak izan ezik)
Izena eta abizenak:
Curriculumak dituen orriak:
Behean sinatzen duenak hitz ematen du curriculum honetan agertzen diren datuak egiazkoak direla, eta, horrela ez balitz, bere gain hartzen duela legokiokeen erantzukizuna, bertan dauden datuak okerrak balira.
_____________(e)n, 2005eko ________(a)ren ___(e)an
Sinadura:
• Ez ahaztu orri bakoitzaren ertzean sinatu behar duzula.
• Curriculum hau aurkeztu arren, ebaluazio-prozesuan hemen agertzen den informazioa zabaltzeko eskatu ahal izango dizute.
V. ERANSKINA
EMAKUNDE MARKAREN EZAUGARRIAK
Emakunde markak, erabili behar denean, erakunde horrek izan duen parte-hartzearen heineko agerkera eta kokapena izango du hedapenerako erabiliko den publizitate-euskarrian, eta hauteman ere hein horren arabera hautemateko moduan ezarriko da, abuztuaren 31ko 318/1999 Dekretuan (Eusko Jaurlaritzaren erakunde-nortasunaren eskuliburua arautzen du) ezarritakoaren arabera. Hona hemen zer eite izango duen:
Marka koloretan ipini behar bada, honako arau hauek bete beharko dira:
<IMG SRC="Image9.gif" WIDTH=181 HEIGHT=188>
Emakumearen irudia: pantone 529, cuatricomia: %26 cian, %43 magenta, %22 horia.
Zutabeak: pantone 421, cuatricomia: %28 beltza
Testua: tipografia: Optima Bold (Emakunde) Helvetica 55 Roman (gainerako testuan).
VI. ERANSKINA
AURKEZTEN DIREN AGIRIAK
n 	Eskaera
n 	Argitarapen-proiektuaren, ikerketa-lanaren edo saio gisako ekintzaren memoria
n 	Argitaratuko den materiala1
n 	Aurrekontu xehekatua
n 	Ikertzaile nagusiaren curriculum vitae-a2
n 	Ikerketa-taldeko lagun guztien curriculum-vitae-a.2
n 	Jasotako beste laguntza batzuen ziurtagiria, edo batere laguntzarik jaso ez bada hori egiaztatzen duen zinpeko aitorpena
n 	“Datuen alta/Hirugarren interesduna” inprimakia3
n 	NANaren fotokopia
n 	Estatutuen, eratze-agiriaren eta identifikazio fiskaleko agiriaren fotokopia
n 	Eskaera izenpetzen duen pertsonaren legezko ordezkaritzaren egiaztapena
n 	Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneraturik izatea ziurtatzen duen egiaztagiria
n 	Ikerketa-proiektua edo saio gisako ekintza abian jartzean eta gauzatzean sexua dela-eta bazterkeriarik egon ez dela egiaztatzen duen zinpeko aitorpena.2
1 Argitarapen-proiektuetan bakarrik.
2 Argitarapen-proiektuetan ez da beharrezkoa
3 Eusko Jaurlaritzaren bulegoetan eskuratu daiteke