71. zk., 2005eko apirilaren 15a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
Xedapen Orokorrak
Ogasun eta Herri Administrazio Saila
1874
65/2005 DEKRETUA, apirilaren 5ekoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioan lan-istripuen eta lanbide-gaixotasunen gertakizunetatiko babesa formalizatzeari buruzkoa.
Gizarte Segurantzari buruzko Lege Orokorraren testu bategina onartzeko den ekainaren 20ko 1/1994 Legegintzako Errege Dekretuaren 70.1. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, enpresariek, beren zerbitzuan diharduten langileen lan-istripuen eta lanbide-gaixotasunen gertakizunekiko babesa formalizatzeko, hauta dezakete erakunde kudeatzaile eskudunean egitea edo bestela Gizarte Segurantzako Lan Istripuen eta Lanbide Gaixotasunen Mutualitateari atxikitzea.
Gizarte Segurantzako Lan Istripuen eta Lanbide Gaixotasunen Mutualitate bati atxikitzeak kudeaketa eraginkorragoa ekarriko dio onuradunari, zuzendaritzan eta kudeaketan parte hartu ahal izango da eta gainera zerbitzuen kalitatea areagotuko da; ahaztu gabe, jakina, asistentzi sanitarioari dagokionez, Osakidetza Zerbitzuarekin, baita beste osasun-erakunde batzuekin ere, elkarlanean aritzeko eratu daitezkeen bideak.
Hori horrela, behar ziren txostenak eta irizpideak bitarteko, Ogasun eta Herri Administrazio sailburuaren proposamenez, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2005eko apirilaren 5ean egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe
XEDATU DUT:
1. artikulua.– Dekretu hau Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioan, administrazio horren erakunde autonomoetan eta Zuzenbide Pribatuko erakunde publikoetan ezarriko da.
2. artikulua.– Dekretu honen ezarpen-eremuak hartzen dituen langileak eta goi-kargudunak lan-istripu eta lanbide-gaixotasunen gertakizunetatik babesteko modua Gizarte Segurantzari buruzko Lege Orokorrean eta horrekin bateragarri diren xedapenetan ezarritako neurrietan arautuko da, Gizarte Segurantzako Lan Istripuen eta Lanbide Gaixotasunen Mutualitateei atxikiz.
3. artikulua.– Zein Mutua edo Mutuak aukeratu Jaurlaritzaren Kontseiluak erabakiko du, Ogasun eta Herri Administrazio Sailaren proposamenari jarraiki. Horretarako, aukera egiterakoan, besteak beste, ondare eta finantza-egoerari, Euskal Autonomia Erkidegoan kokatuta dauden osasun-zentroei eta, orokorrean, eskaintzen diren zerbitzuei begiratuko zaie, eta horrezaz gain, bai kideek gobernu-organoetan duten partaidetzari ere.
Horretarako, Ondare eta Kontratazio Zuzendaritzak dagokion espedientea prestatuko du prestatze-jarduerei ezarri dakizkiekeen printzipioak eta legedia betez eta egoki diren atxikitzeak burutuz. Prestatze-jardueren berri langileen ordezkariei emango zaie, 10 eguneko epe barruan egoki deritzeten oharrak egin ditzaten.
XEDAPEN GEHIGARRIA
Administrazioaren ordezkariei baimena ematen zaie Administrazioa partaide den elkarteetan, 2. artikuluan adierazitako bidea hartua izateko bultza dezaten.
XEDAPEN IRAGANKORRA
Atxikitze hori gauzatu eta benetakoa izan arte oraingo babes-moduari eutsiko zaio.
AZKEN XEDAPENAK
Lehenengoa.– Dekretu honen ezarpen-eremutik kanpo geratzen dira Gizarte Segurantzaren Erregimen Berezien menpe dauden langileak.
Bigarrena.– Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteizen, 2005eko apirilaren 5ean.
Lehendakaria,
JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.
Ogasun eta Herri Administrazio sailburua,
IDOIA ZENARRUTZABEITIA BELDARRAIN.