54. zk., 2005eko martxoaren 18a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
Xedapen Orokorrak
Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Saila
1300
51/2005 DEKRETUA, martxoaren 8koa, etxeko edo sexuagatiko indarkeriaren biktimak diren emakumeei argibideak eta arreta emateko zerbitzu bat ezartzea zuzeneko ekintza deklaratzen duena.
Euskal Herriko Autonomia Estatuaren abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoak 10.12 artikuluan ezartzen duenez, Euskal Autonomia Erkidegoak bakarreko eskumena du gizarte-laguntzan. Lurralde Historikoei buruzko Legeak, halaber, honela dio bere 7 c) artikuluko 1. puntuan: Lurralde Historikoei dagokie bakoitzaren lurraldearen barruan Autonomia Erkidego osorako erakundeen legeria betearaztea, Autonomia Erkidego osorako erakundeek zuzenean jardun badezakete ere. Eta, azkenik, Gizarte Zerbitzuen urriaren 18ko 5/1996 Legeak ezartzen duenez, Eusko Jaurlaritzaren eskumenekoa da gizarte-zerbitzuen alorrean zuzeneko ekintza burutzea; hain zuzen ere, interes orokorrekoak direlako, Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde osoan batera garatu behar diren programak betearazteko eskumena.
Horiek horrela, erasoen biktimak diren emakumeek, gizarte zerbitzuen berariazko arretaren gai direnez gero, Euskal Autonomia Erkidego Osorako batera diseinatu eta kudeatu beharreko zerbitzu bat behar dute; horrela, emakume guztiei bertara iristeko baldintza berberak bermatu ahal izango zaie.
Horrela, bada, Gizarte-Zerbitzuei buruzko urriaren 18ko 5/1996 Legearen 1. eta 3. artikuluek eta Lehenengo Xedapen Gehigarriak, helburuen artean, gizarte-zerbitzuak sustatu eta zerbitzuok eraginkor jarduteko beharrezko diren baliabideen hornidura begiesten dute eta, nolanahi ere, premiarik larrien dutenei lehentasuna eman beharra. Zerbitzu berri honen bidez, beraz, egoera horiekiko arreta bideratzen da, hain zuzen ere desabantaila soziala edo arrisku-egoera gertatzen direnean eskuartu ahal izateko eta, horrela, egoera horietan dauden pertsonei argibideak eta entzunaldi bizia eman ahal izateko.
Ondorioz, Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuaren proposamenez, Gizarte-Ongizateko Euskal Kontseiluak aldeko irizpena eman ondoren, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2005eko martxoaren 8an aztertu eta onartu ondoren, hauxe
XEDATU DUT:
Artikulu bakarra.– Gizarte-Zerbitzuei buruzko urriaren 18ko 5/1996 Legearen 9.2 artikuluan aurreikusitako ondorioetarako, etxeko edo sexuagatiko indarkeriaren biktimak diren emakumeei argibideak eta arreta emateko zerbitzu bat ezartzea zuzeneko ekintza deklaratzen da.
AZKEN XEDAPENA
Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean hartuko du indarra dekretu honek.
Vitoria-Gasteizen, 2005eko martxoaren 8an.
Lehendakaria,
JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.
Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburua,
JAVIER MADRAZO LAVÍN.