49. zk., 2005eko martxoaren 11, ostirala
- Bestelako formatuak:
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
Iragarpenak
Getxoko Udala
1216
IRAGARKIA, Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren aldarazpena hasieran onetsi dela jakinarazteko.
Getxoko Udaleko Batzar Osoak, 2005eko urtarrilaren 28an egindako bilkura arruntean, besteak beste, honako hau erabaki du:
"Lehenengoa.– Hasierako izaeraz onetsiko da Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren aldarazpen zehatza, Hirigintzako Arauen 6.3.37, 6.3.44 eta 7.4.4 artikuluei dagokienez. Honela idatziko lirateke, beraz:
6.3.37 artikulua.– Bizigelak.
Bizigela guztiak kanpoko espazioarekin komunikaturik egon behar dira, gutxienez metro karratu bat daukan bao baten bidez, eta betiere, lokalaren oinplanoak daukanaren 1/8 baino txikiagoa ez dena, baldin eta hondoa, guztira, baotik aurrera zenbatuta, ez bada 10 metro baino handiagoa.
Bainugela edo komunek ez dute zertan kanpoko espazioarekin zuzenean komunikaturik egon. Ez badaude komunikaturik, aireztatzeko bide eta sistema egokiak jarri beharko dira. Kanpoko espaziorako baorik badago, gutxieneko azalera 0,25 m2koa izango da.
Ez da bigarren argirik onartuko inola ere. Zuzeneko aireztapen eta argirik gabeko lokalek, trasteleku edo armairu gisa erabiltzen badira, ezin dute eduki, oinplanoan, metro bat eta hirurogeita hamar zentimetro baino alde handiagorik.
Artikulu honen ondorioetarako, bigarren argiak hauek izango dira: bi metro eta erdi baino sakonago diren ataripeen edo galeria arkupedunen bidez egiten diren argiztapen eta aireztapenak.
6.3.44 artikulua.– Sukaldeak eta komunak aireztatzeko baldintzak.
1.– Sukaldeek keak ateratzeko eta aireztatzeko bide hauek edukiko dituzte teilaturaino.
a) Lehena, giroa aireztatzeko, kolektore nagusian gutxienez 400 cm2ko ebakidura duena, eta banakako bideetan gutxienez 150 cm2ko ebakidura duena.
b) Bigarrena, etxebizitza bakoitzarentzat berea, sukaldeko ke eta gasen ebakuazio aktibaturako. Sukaldea egongelari loturik dagoenean, bide horrek haizagailu zentrifugoa eduki behar du, 300 m3/h-ko ateratzea ziurtatzen duena.
c) Hirugarrena, ur-berogailuko edo ur beroko galdarako erreketa gasetarako eta berogailurako, sukaldean balego.
2.– Komunek eta jaki-tokiek eraikinaren teilaturainoko aireztapen bidea eduki behar dute, aurreko ataleko a) paragrafoan azaldu denez.
3.– Aireztapeneko bide guztiek teilatuan xurgagailu estatiko bat eduki behar dute, erreketa gasak ebakuatzeko direnak izan ezik, txapel bat edukiko baitute.
4.– Baldintza hauek bakarrik exijituko dira eraikuntza berrietan, edo berriztatzen diren eraikinetan, baldin eta eraikuntzaren azalera eraikiaren %75 baino azalera handiagoan erabilera orokorraren aldaketa ekartzen badute.
7.4.4 artikulua.– Beheko solairuaren baldintzak.
1.– Beheko solairua eraikinaren erreferentziako kotaren gaine-gainean dagoena da. Bere altueraren bi herenak, gehienez, lurperaturik egon daitezke. Lurperatutako zatiaren neurketa egiteko, ordenantzen arabera eraikuntzaren altuera osoak neurtzeko erabili behar diren puntu berberak hartuko dira aintzat.
2.– Egoitza edo etxebizitzarako erabiltzen den solairu osoa kaleko sestraren gainean edo behin betiko urbanizatutako lurraren profilaren gainean altxaturik egongo da. Baldintza hori perimetro osoan bete beharko da. Ez da onartuko lurraren aurka hormaren bat daukaten bizigelak etxebizitzarako erabiltzea.
3.– Sotorik gabeko eraikinetan beheko solairuan bizi ahal izateko, zoruaren edo zoladuraren azpian hormigoizko oinarri bat egon behar da, iragazgaitza, gutxienez hamabost zentimetrokoa (0,15 m), eta legarrezko drainatze bat, hamabost zentimetrokoa ere (0,15 m), haren azpian. Bestela, aire-kamera bat utziko da, aireztaturik, gutxienez hamabost zentimetroko (0,15 m) altuerakoa.
4.– Beheko solairuaren altuera librea, egoitzazko erabilerarako izan ezik, ezin da hiru metro eta hogeita bost zentimetro baino txikiago izan (3,25 m).
5.– Beheko solairua hiri zerbitzuen erabileretarako, edo administrazio, ekipamendu edo komertzio erabileretarako bada, eta gainera gaineko edo azpiko solairuetan loturik lokalik badauka, erabilera horiek dituzten solairuen altuera partzialak aldatu ahal izango dira, beharrezko diren egokitzapen funtzionalak egiteko. Horretarako baldintza bat egongo da: beheko solairua aurrean daukan kalearen mailan egotea (hogei bat zentimetro), gutxienez bost (5) metroko sakoneran.
Bigarrena.– Erabaki hori eta jatorrizko espedientea jendaurrean erakutsiko dira, alegazioak egin ahal izateko, Bizkaiko Aldizkari Ofizialean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Bizkaian gehien irakurtzen diren egunkarietako batean, hilabeteko epean. Epe horretan espedientea nahi duen orok aztertu ahalko du.
Hirugarrena.– Beren beregi adierazten da erabaki honen bidez lizentziak ematea eteten dela, ekainaren 23ko 2159/1978 E.D.ak onetsitako Hiri Plangintzaren Araudiaren 120. artikuluan adierazi bezala. Halere, indarreko araubidean oinarritutako lizentziak eman daitezke, plangintza berriaren zehaztapenak betetzen badira.
Etenak bi urtez iraungo du gehienez.
Laugarrena.– Alkatetza-Udalburutzari ahalmena emango zaio erabaki hauek burutzeko behar diren ebazpenak eman ditzan."
Hirigintza, Obrak eta Zerbitzuak Arloko zinegotzi arduraduna, Alkatearen 2003ko uztailaren 1eko 3843 Dekretuaren bidez eskuordetuta,
ANDRÉS URIARTE GARMENDIA.