Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

49. zk., 2005eko martxoaren 11, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Lurralde Antolamendu eta Ingurumen Saila
1201

44/2005 DEKRETUA, martxoaren 1ekoa; Donostia-San Sebastiángo Udalak, nahitaezko desjabetzea egiteko, Miracruz-Bidebietako "MB.03 Gomistegi" hirigintza-jarduerarako eremuko lurrak desjabetzeko espedientea burutzeko beharrezko ondasun eta eskubideak lehenbailehen hartu behar dituela adierazteko dena.

Donostiako Udalak, 2004ko abuztuaren 19an egindako osoko bilkuran, Miracruz-Bidebietako "MB.03 Gomistegi" hirigintza-jarduerarako eremuko lurrak desjabetzeko espedienteak eragindako ondasun eta eskubideak jendaurrean jartzea erabaki zuen, nahitaezko desjabetzea egiteko. Gero, alkateak 2004ko urriaren 21ean emandako ebazpenaren bidez, nahitaez desjabetu beharreko ondasunak eta eskubideak lehenbailehen hartu beharrekoak zirela deklaratzeko eskatu zitzaion Eusko Jaurlaritzari, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan ezarritakoaren arabera.

Lehenbailehen hartu beharreko ondasunak eta eskubideak banakatuta eta xehatuta agertzen dira espedientean jasotako zerrendan, zeintzuk diren jakiteko beharrezkoak diren datuekin. Zerrenda hori jendaurrean jarri zen zegokion garaian; arrazoibide-idazki bat aurkeztu zitzaion eta administrazio-espedientean adierazten den moduan ebatzi zen idazki hori.

Zerbitzu Teknikoek ikusi dutenez, ez dago espedientea izapidetzeko inolako hirigintza-oztoporik.

Ondasun eta eskubide horiek hartzea luza ezinezkotzat jotzen da honako arrazoi hauengatik:

Donostiako 1995eko Plan Orokorrak goian aipatutako eremuan eraldaketa txikia egitea proposatu zuen, alegia, lehendik zeuden eraikin eta erabileretako batzuk sendotzea eta pixkanaka jarduerak hirugarren sektorearen aldera bideratzea. Horiek horrela, bi ekintza estrategiko burutu behar ziren: barruko bide berria egitea eta eremuan aparkatzeko lekuak atontzea.

Geroago, eremuan ezarritako jardueren egoera berriak eta Pasaiako Badiako hirialdeak birmoldatzeko prozesuari eusten zioten zuzentarau berriek abagune berrirako eta esku hartzeko irizpide berrietarako bide ematen zutela iritzi zitzaion. Horregatik sustatu zen "Plan Orokorreko elementu batzuen aldaketa, Miracruz-Bidebietako "MB.03 Gomistegi" hirigintza-jarduerarako eremuari dagokiona". Gipuzkoako Foru Aldundiko Diputatuen Kontseiluak aldaketa hori behin betiko onetsi zuen 2002ko uztailaren 23an; eremuan esku hartzeko irizpide orokorra bere hartan mantendu zen, eta eremu horren hiri-kalifikazioa berritzea eta hura inguruko hiri-bilbaduran sartzea proposatu zen. Kanpoko eta barruko bideei buruzko irizpideak berretsi egin ziren. Lehendik zeuden etxebizitza-eraikin gehienak sendotzea, eraikin zaharkituen ordez berriak egitea eta aparkatzeko plaza asko egitea proposatu zen lehen bezalaxe. Funtsezko aldaketa bat proposatu zen, bi jarduera-lerro berriren bidez gauzatu beharrekoa:

– Erabilera nagusia etxebizitza izatea, eta ez, aurreko planean bezala, hirugarren sektoreko eskaintza. Etxebizitzetarako bi lur-zati antolatzea guztira 170 etxebizitza eraikitzeko, horietako 34 babes ofizialekoak.

– Sestra gaineko eraikinen okupazioa murriztea; horrela lur eremu handiagoa hartu ahal izango da erabilera eta gozamen publikorako.

Aldaketaren aurrekarietan adierazten denez, eremuan barne-berrikuntzako prozesua behar-beharrezkoa da eta lehenbailehen ekin behar zaio, gaur egun eremua hirialde isolatua delako, hiri osoko birmoldaketa-prozesutik baztertuta geratu dena. Izan ere, ingurune hurbilean bai egin dela prozesu hori. Eremu honetan han-hemen lantegi zahar batzuek iraun dute etxebizitzek osatzen duten hiri-bilbaduraren barruan. Lantegi horiek etenune nabarmenak dira eta baldintzatu egiten dute eremuaren eta auzo osoaren nortasuna.

Beste alde batetik, Udaleko Gobernu Batzordeak 2004ko martxoaren 18an "MB.03 Gomistegi egikaritzapen-unitateko konpentsazio-proiektua" onetsi zuen eta ondoren, 2004ko irailaren 24an, unitate hori urbanizatzeko proiektua onetsi zuen. Dagoeneko urbanizazio obrak hasi dira. Beraz, ukitutako ondasunak lehenbailehen hartu behar dira, beharrezkoak direlako arestian aipatutako urbanizazio proiektua burutzeko.

Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolakuntzari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legearen 26.1.f artikuluan xedatzen denaren arabera, Eusko Jaurlaritzari dagokio nahitaez desjabetu beharreko ondasun eta eskubideak lehenbailehen hartu beharrekoak direla deklaratzea, nahitaezko desjabetzeak honako hauek hartzen dituenean: egikaritzapen-unitate osoak, lurraldearen hirigintza-antolaketari dagozkion sistema orokorrak edo antolaketa horren elementuren bat eta hiri-lurrean egin beharreko banakako egintzak. Goian aipatutako Lege horrek 26.2. artikuluan ezarritakoaren arabera, Hirigintza, Etxebizitza eta Ingurumen sailburuari zegokion horretarako proposamena Jaurlaritzaren Kontseiluari aurkeztea.

Ondorioz, Lurralde Antolamendu eta Ingurumen sailburuaren proposamenez eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2005eko martxoaren 1ean egindako bilkuran aztertu ondoren, hauxe

XEDATU DUT:

Artikulu bakarra.– Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolakuntzari buruzko Legearen 26.ean xedatutakoari jarraituz, Miracruz-Bidebietako "MB.03 Gomistegi" hirigintza-jarduerarako eremuko lurrak desjabetzeko espedientea burutzeko beharrezkoak diren ondasun eta eskubideak Donostiako Udalak, nahitaezko desjabetzea egiteko, lehenbailehen hartu beharrekoak direla deklaratzea. Berariaz hasiarazitako espedientean jasotako zerrendan daude zehaztu eta banakatuta ondasun eta eskubide horiek.

Vitoria-Gasteizen, 2005eko martxoaren 1ean.

Lehendakaria,

JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.

Lurralde Antolamendu eta Ingurumen sailburua,

SABIN INTXAURRAGA MENDIBIL.


Azterketa dokumentala