Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

49. zk., 2005eko martxoaren 11, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Jaurlaritzaren Lehendakaritza
1192

EBAZPENA, 2005eko martxoaren 1ekoa, Lehendakaritzako idazkari nagusiarena, Gaztemundu programaren 2005eko deialdia egiten duena.

Abenduaren 23ko 316/2003 Dekretuak Gaztemundu programa arautu zuen, Euskadin egonaldi bat egin eta gaurko errealitatera hurbiltzeko, Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak finantzaturik. Egonaldi horretan, onuradunek parte hartu beharko dute eurentzat antolatzen diren jardunaldietan, eztabaida foroetan eta kultur guneetara, erakundeetara eta turismo guneetara egingo diren bisitaldietan.

Aipatutako dekretuaren 8. artikuluan ezarritakoaren arabera, bidezkoa da diru-laguntza horien 2005eko deialdia egitea.

Horrenbestez, hauxe

EBATZI DUT:

Artikulu bakarra.– Deialdia.

Gaztemundu programa deitzea, euskal etxeetako gazteek egonaldia egin dezaten Euskadin. Eranskin bakarrean jaso dira horretarako onartu diren oinarriak.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Ebazpen honetan eta abenduaren 23ko 316/2003 Dekretuan aurreikusita ez dagoen guztian, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legea aplikatuko da. Lege hori urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatu zuen.

Bigarrena.– Ebazpen honek administrazio bidea agortzen du; hala ere, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez daiteke organo berean hilabeteko epean; edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi hilabeteko epean. Epeok ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera hasiko dira kontatzen.

Hirugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2005eko martxoaren 1a.

Lehendakaritzaren idazkari nagusia,

JESÚS PEÑA MARTÍNEZ.

ERANSKINA
GAZTEMUNDU 2005 PROGRAMAREN DEIALDIAREN OINARRIAK

Lehenengoa.– Helburua.

Oinarri hauen helburua Gaztemendu programa deitzea da, hurrengo artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten gazteek egonaldia egin dezaten Euskadin uztailaren 3tik 16ra.

Aurten eskainitako egonaldi kopurua 35ekoa da.

Bigarrena.– Eskatzaileek bete beharreko baldintzak.

1.– 18 urte beteak edukitzea 2005eko urtarrilaren 1ean.

2.– Bizilekua Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo izatea.

3.– Ofizialki aintzatetsi eta Euskal Etxeen Erregistroan inskribaturiko euskal etxe bateko bazkide izatea, deialdia argitaratu baino hiru urte lehenagotik, gutxienez.

4.– Bosgarren Oinarriaren 2. c) zatian proposatutako gaiei buruzko ikerketa edo azterlana eginda edukitzea.

5.– Gaztemundu programako egonaldirik inoiz egin gabekoa izatea.

Hirugarrena.– Zenbatekoa.

Programa honek 96.000 euroko zenbatekoa izango du 2005ean.

Laugarrena.– Eskabideak baloratzeko irizpideak.

1.– Ebaluazio Batzordeak honako irizpide hauek erabiliko ditu aurkeztutako eskabideak baloratzeko:

a) Ikerketa edo azterlanaren balorazioa gehienez: 40 puntu

b) Eskatzaileak zenbateraino parte hartzen duen bere euskal etxeko gehienez: 35 puntu gehienez

c) Euskara jakitea: 15 puntu gehienez

d) Euskal Herrian inoiz egon gabekoa izatea: 10 puntu gehienez

2.– Hautaketa prozesuan onartzeko, eskabideek 50 puntu lortu beharko dituzte gutxienez.

Bosgarrena.– Eskabideak aurkeztea.

1.– Hona hemen non aurkeztu behar diren eskabideak: Eusko Jaurlaritzaren Lehendakaritza, Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusia, Nafarroa kalea 2, 01007 Vitoria-Gasteiz.

Eskaerak formalizatzeko, oinarri hauei erantsitako inprimaki eredua erabili beharko da; www.euskadi.net web orrialdean izango dute eskura interesatuek inprimaki hori.

2.– Eskabidearekin batera, honako dokumentu hauek aurkeztu beharko dira:

a) Pasaportearen edo nortasun agiriaren kopia, adina eta bizilekua egiaztatzeko.

b) Euskal etxeak emandako ziurtagiria, eskatzaileak honako baldintza hau betetzen duela egiazteko: ofizialki aintzatetsi eta Euskal Etxeen Erregistroan inskribaturiko euskal etxe bateko bazkide izatea, deialdia argitaratu baino hiru urte lehenagotik, gutxienez. Euskal etxeak ziurtatu beharko du bere gain hartuko dituela esleipendunak bere betebeharrak ez betetzean sor daitezkeen gastuak, eta txostena erantsi beharko du eskatzaileak etxe horren jardueretan duen parte hartzeaz.

c) Ondoko gaietako bati buruzko ikerketa edo azterlana:

– Euskal Etxean gaur egun haurrentzako eta gaztetxoentzako eskaintzen diren programen azalpena: programa horiek dituzten helburuak, jarduerak, euskal etxeak jartzen dituen baliabideak, eta jarduteko eta ebaluatzeko estrategiak.

– Euskal gizataldeetako haurrentzako eta gaztetxoentzako udaleku bat antolatzeko proiektua gauzatzea: programa horrek izango lituzkeen helburuak, jarduerak, euskal etxeak jarri beharreko baliabideak, eta jarduteko eta ebaluatzeko estrategiak.

d) Euskara badakiela egiaztatzeko agiria.

3.– Eskatzaileak izenpetu beharko du eskabidea.

Seigarrena.– Aurkezteko epea.

Abenduaren 23ko 316/2003 Dekretuan eskatutako baldintzak betetzen dituztenek 2005eko apirilaren 13a baino lehen aurkeztu beharko dituzte kandidaturak eta horretarako Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean aurreikusitako bideak erabiliko dituzte. Lege hori urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatu zuen.

Zazpigarrena.– Ebaluazio Batzordea.

Abenduaren 23ko 316/2003 Dekretuaren 11. artikuluan aurreikusitako ebaluazio batzordeak honako kide hauek izango ditu:

– Iñaki Aguirre Arizmendi jauna, Kanpo Harremanetarako idazkari nagusia, edo eskuordetzen duena, batzordeburua.

– Josu Legarreta Bilbao jauna, Euskal Gizataldeekiko Harremanetarako zuzendaria, edo eskuordetzen duena, bokala.

– Andoni Gamboa Martinez jauna, Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusikoa, edo eskuordetzen duena, bokala.

– Benan Oregi Inurrieta jauna, Lehendakaritzako teknikaria, edo eskuordetzen duena, bokala.

– Goiatz Aizpuru Lizarralde, Lehendakaritzako teknikaria, edo eskuordetzen duena, bokala eta batzordearen idazkaria.

ESKABIDE INPRIMAKIA

(Ikus .PDF)


Azterketa dokumentala