Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

49. zk., 2005eko martxoaren 11, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Xedapen Orokorrak

Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Saila
1181

42/2005 DEKRETUA, martxoaren 1ekoa, hiri-inguruneen, espazio publikoen, eraikinen eta informazio eta komunikazioko sistemen irisgarritasun-baldintzei buruzko arau teknikoak onartzen dituen dekretua aldatzeko dena.

Irisgarritasuna sustatzen duen abenduaren 4ko 20/1997 Legea hiri-ingurunearen, espazio publikoen, eraikinen, garraiabideen eta informazio eta komunikazioko sistemen irisgarritasuna bermatzeko eta, horrela, horiek guztiak pertsona guztiek eta bereziki mugikortasun urria, komunikatzeko zailtasunak edo beste edozein muga psikiko edo sentsorial (aldi baterakoak edo iraunkorrak) dituztenek autonomiaz erabili eta gozatzea ahalbidetzeko helburuarekin onartu zen.

20/1997 Legearen Bigarren Azken Xedapenean ezarritakoa betetzeko eta legezko testua garatzeko xedez, dagokion teknika-alorreko arauak garatu ziren. Arau horietan, hiri-inguruneen, espazio publikoen, eraikinen eta informazio eta komunikazioko sistemen irisgarritasun-baldintzak zehaztu ziren (apirilaren 11ko 68/2000 Dekretua eta uztailaren 10eko 126/2001 Dekretua).

Hiri-inguruneen, espazio publikoen, eraikinen eta informazio eta komunikazioko sistemen irisgarritasun-baldintzei buruzko arau teknikoak onartzen dituen apirilaren 11ko 68/2000 Dekretuaren IV. eranskinak, errotulazioaz aritzen den 2.4.1.3. artikuluaren 4. paragrafoan, idatzitako materiala irakurterraza, ulergarria eta, beraz, erabilgarria izan dadin, eskatu beharreko betekizunei dagokienez, honakoa esaten du: "Testurik izanez gero, inprenta-letrak izango ditu, xeheak ahal bada. Letra horien gutxieneko tamaina 4 cm-koa izango da eta karaktereen artean 0,5 cm-ko bereizketa egongo da (tamaina aproposa ukipen-pertzepziorako)."

Orain arte testu idatzia duten errotuluen tamaina oso handia dela ikusi da, gaurko arauek eskatzen dituzten betekizunengatik. Horregatik, erabili beharra murriztu beharko litzateke eta hasierako baldintzak zintzilik dauden eta/edo irteten diren adierazleetan bakarrik erabili beharko lirateke.

Irisgarritasuna Sustatzeko Euskal Kontseiluak, 2004ko ekainaren 28an egindako Osoko bilkuran, dekretua ildo horretan aldatzea erabaki zuen.

Ondorioz, Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuaren proposamenez, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoaren adostasunarekin eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2005eko martxoaren 1ean egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe

XEDATU DUT:

Artikulu bakarra.– Idazketa berria ematen zaio apirilaren 11ko 68/2000 Dekretuaren IV. eranskinaren 2.4.1.3 artikuluaren 4. paragrafoari, Errotulazioaz aritzen denari hain zuzen ere. Dekretu horrek espazio publikoen, eraikinen eta informazio eta komunikazioko sistemen irisgarritasun-baldintzei buruzko arau teknikoak onartu zituen. Paragrafoa aurrerantzean honela geratuko da idatzita:

"Testurik izanez gero, inprenta-letrak izango ditu, eta karaktereen artean 0,5 cm-ko bereizketa egongo da. Zintzilik dauden eta/edo irteten diren adierazleetan, karaktereen tamaina gutxienez 4 cm-koa izango da."

XEDAPEN IRAGANKORRA

Dekretu hau indarrean jarri ostean eskatzen diren baimen, emakida eta lizentzia guztiek dekretu honetan bertan ezarritakoa izango dute erabilgarri.

AZKEN XEDAPENA

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean hartuko du indarra dekretu honek.

Vitoria-Gasteizen, 2005eko martxoaren 1ean.

Lehendakaria,

JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.

Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburua,

JAVIER MADRAZO LAVÍN.


Azterketa dokumentala