Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

49. zk., 2005eko martxoaren 11, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Xedapen Orokorrak

Herrizaingo Saila
1180

47/2005 DEKRETUA, martxoaren 8koa, laugarren aldiz aldatzen duena uztailaren 28ko 330/1994 Dekretua, zeinaren bidez Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeetan erabili beharreko hautestontzi, kabina, boto-txartel, gutunazal eta gainerako agirien eredu ofizialak eta ezaugarriak zehaztu baitziren, eta bai material horiek banatzeko prozedura ezarri ere.

Eusko Jaurlaritzak, Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko ekainaren 15eko 5/1990 Legearen 88.1. artikuluan araugintzarako eman zitzaion ahalmena erabiliz, uztailaren 28ko 330/1994 Dekretua eman zuen, 1994ko hauteskundeetan erabiliko ziren hautestontzi, kabina, boto-txartel, gutunazal eta gainerako agirien eredu ofizialak eta ezaugarriak zehazteko.

Eusko Legebiltzarrerako 1998ko eta 2001eko hauteskundeen aurretik, Eusko Jaurlaritzak irailaren 8ko 228/1998 Dekretua eta martxoaren 22ko 57/2001 Dekretua eman zituen, eta horien bitartez, uztailaren 28ko 330/1994 Dekretua aldatuz, hauteskundeetako inprimaki eta gutunazalen ereduak 1998ko eta 2001eko hauteskunde autonomikoetarako egokitu zituen.

Honako dekretuak laugarrenez aldaraziko du 330/1994 Dekretua. Hain zuzen ere, dekretu horren eranskinetan zenbait gauza aldatu egin behar dira; besteak beste, Eusko Legebiltzarrerako 2005eko hauteskundeei begira, gutunazal, boto-txartel eta gainerako inprimakietan urtea aldatu egin behar da. Halaber, Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko ekainaren 15eko 5/1990 Legeak —martxoaren 28ko 1/2003 Legeak, ikuskatzaile eta ahaldunen izendapenari dagokionak, eman zion idazketaren arabera— aurreikusitakoa betez, ikuskatzaileak zein ahaldunak izendatzeko inprimakia aldatu da. Atzerrian egon eta bizilekua EAEn duten arren, hauteskunde-garaian aldi baterako Espainiara itzuli diren pertsonek (CERAn izena emanda daudenek) botoa postaz bidaltzeko erabiliko duten gutunazalaren eredu berria ere sortu da; gutunazal hori uztailaren 28ko 330/1994 Dekretuari erantsi behar zaio. Azkenik, 330/1994 Dekretu horren 1.2 artikuluan jasota dauden hautestontzi eta hauteskunde-kabinen ezaugarri teknikoak eta neurriak egokitu behar dira.

Horrenbestez, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoarekin bat etorriz, eta Herrizaingo sailburuaren proposamena onarturik, Jaurlaritzaren Kontseiluak 2005eko martxoaren 8ko bilkuran eztabaidatu eta onetsi ondoren, hauxe

XEDATU DUT:

Artikulu bakarra.– 1.– Urtea aldatu egingo da, "2001"en ordez "2005" jarriz, uztailaren 28ko 330/1994 Dekretuaren 1, 2, 3, 4, 5, 6 eta 7. eranskinetako inprimaki eta gutunazaletan, 8. eranskineko EHDM/8.4 eta 8.11 bitarteko inprimakien ereduetan eta 9. eranskineko EHEG/9.5 inprimakiaren ereduan. Dekretu horrek Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeetan (1994) erabili beharreko hautestontzi, kabina, boto-txartel, gutunazal eta gainerako agirien eredu ofizialak eta ezaugarriak zehaztu zituen.

2.– Aldatu egingo da, Dekretu honen I. Eranskinean dagoen ereduaren arabera, Ikuskatzaileen izendapenaren ale anitzeko inprimakiko orrien hurrenkera: EHIA/5.1.a, b, c, d eta e eredua.

3.– Aldatu egingo da, Dekretu honen II. Eranskinean dagoen ereduaren arabera, Ahaldunen izendapenaren ale anitzeko inprimakiaren edukia: EHIA/5.4a, b eta c eredua.

4.– Arestian aipatu den 330/1994 Dekretuari beste gutunazal bat gehituko zaio: EHRA/7.4 eredua, Dekretu honen III. eranskinean dagoen bezala. Gutunazal hori atzerrian egon eta bizilekua EAEn duten arren, hauteskunde-garaian aldi baterako Espainiara itzuli diren pertsonek (CERAn izena emanda daudenek) botoa postaz bidaltzeko erabiliko dute.

5.– Aipatutako 330/1994 Dekretuko 1. artikuluko 2. paragrafoa, hurrengo hauteskunde autonomikoetan erabiliko diren hautestontzi eta kabinen ezaugarriei buruzkoa, aldatu egingo da; ezaugarriok, hain zuzen ere, apirilaren 14ko 605/1999 Errege Dekretuaren, hauteskunde-prozesuen arauketa osagarriari buruzkoaren, 1. eta 2. eranskinetan ezartzen direnak izango dira. (1999ko apirilaren 17ko BOE, 92. zk.).

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indargabeturik daude dekretu honen maila berekoak edo beheragokoak izanik beronek ezarritakoarekin bat ez datozen xedapen guztiak.

AZKEN XEDAPENA

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2005eko martxoaren 8an.

Lehendakaria,

JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.

Herrizaingo sailburua,

JAVIER BALZA AGUILERA.

MARTXOAREN 8KO 47/2005 DEKRETUAREN I. ERANSKINA

EHIA/5.1.a, b, c, d eta e. Ikuskatzaileen izendapenaren ale anitzeko inprimakia.

(Ikus .PDF)

MARTXOAREN 8KO 47/2005 DEKRETUAREN II. ERANSKINA

EHIA/5.4a, b eta c. Ahaldunen izendapenaren ale anitzeko inprimakia.

(Ikus .PDF)

MARTXOAREN 8KO 47/2005 DEKRETUAREN III. ERANSKINA

EHRA/7.4. Lurralde Historikoko Hauteskunde Batzordeko presidenteari zuzendutako gutunazala CERA botoa Espainiatik bidaltzeko.

(Ikus .PDF)


Azterketa dokumentala