49. zk., 2005eko martxoaren 11, ostirala
- Bestelako formatuak:
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
Xedapen Orokorrak
Jaurlaritzaren Lehendakaritza
1179
2/2005 LEGEA, otsailaren 17koa, 2005-2008 aldirako Euskal Estatistika Planarena.
Eusko Legebiltzarrak otsailaren 17ko 2/2005 Legea, 2005-2008 aldirako Euskal Estatistika Planarena, onartu duela jakinarazten zaie Euskadiko herritar guztiei.
OTSAILAREN 17KO 2/2005 LEGEA, 2005-2008 ALDIRAKO EUSKAL ESTATISTIKA PLANARENA.
ZIOEN ADIERAZPENA
Euskal Herriaren Autonomia Estatutuak ondokoa xedatzen du 10. artikuluko 37. puntuan: "Euskal Herriko Autonomia Erkidegoak bakarreko eskumena du honako gai hauetan: (…) 37. Euskal Herriko estatistika, bere helburu eta eskumenetarako".
Artikulu hori aplikatuz, Eusko Legebiltzarrak 23koa, Euskal Autonomia Erkidegoaren Estatistikari buruzko apirilaren 23ko 4/1986 Legea onartu zuen. Lege horretan, Autonomia Erkidegoko estatistika-jarduera arautzen da; horrekin batera, erakunde bat sortzen da, arlo horretan lan egingo duena eta lurralde historikoetako estatistikak eta Autonomia Erkidegoaren lurralde-eremuan dauden beste ente publiko batzuen estatistikak arautuko dituena. Legea, hortaz, beharrezko eta ezinbesteko abiaburua da.
Nolanahi ere, estatistika-jardueraren arauketa ez du arau horrek agortzen, jarduera hori antolatuko duen tresna Euskal Estatistika Plana izan dadila aurreikusten baita. Plan horretan bilduko dira legearen indarraldian egin beharreko estatistikak eta izaera bereko beste jarduerak, eta lege bidez onartu beharko da. Plana jardun-esparruaren gorengo erpina da, eta urteko estatistika-planen bidez garatuko da.
Aurreko planak (1989-1992, 1993-1996, 1997-2000 eta 2001-2004) urtebeteko estatistika-programetan garatu ziren, eta aldi horietarako zein estatistika egin behar ziren, nork eta zein baldintza teknikotan egingo zituen zehaztu zuten. Plan horietako azkena aurki iritsiko da amaierara, eta Eusko Legebiltzarrak beste bat onartu behar du.
Aurrekoarekin bat etorriz, lege honen bidez 2005-2008 aldirako Euskal Estatistika Plana onartzen da, lau urte horietan Euskal Autonomia Erkidegoko estatistika-antolamenduak burutu beharreko estatistikak eta izaera horretako beste jarduerak jasoko dituena.
Kontuan izanik informazioa, eta batez ere estatistika-informazioa, funtsezkoa dela gaur egungo gizarteak eskatzen dituen politika publikoen funtzionamendu, plangintza eta sustapenerako, Euskal Administrazio publikoak lan egin beharko du edozein estatistika-sistema onek eskaini beharreko kalitateko informazioak oreka lortu dezan kostuen eta informazio hori eskuratzeak Erkidegoaren diru-kutxari eta herritarrei dakarzkien kargen artean.
Ondorioz, legean bertan dago legea definitu eta mugatuko duten koordenatu materialaren zein tenporalaren definizioa.
Legearen eremu materiala 1. artikuluan muga-tzen da, eta testu artikulatuaren eranskinean zehazten diren estatistikak eta izaera bereko beste jarduera ba-tzuk burutzean datza. Eranskina legean integratzen da, horren balio arauemaile berarekin.
4/1986 Legeko 6.2 artikuluak xedatzen du estatistikak eta izaera bereko beste jarduerak jasoko direla planean. 2005-2008 aldirako Euskal Estatistika Plana aipamen labur horretaz harago doa, eta eragiketa bakoitzaren ezaugarri nagusiak zehazten ditu, horiek sartzea beharrezkotzat jotzen baita eragiketak hobeto definitzeko, baina horrek ez du urteko estatistika-programen eraginkortasuna ezabatuko, izan ere programon barruan egingo dira eragiketa bakoitzari buruz beharrezkoak diren zehaztapenak.
Hori dela eta, eranskinak ez du eragiketak zerrendatu bakarrik egiten, horietako bakoitzarentzat ondoko ezaugarriak ere azaltzen baititu:
a) Helburu orokorrak. Urteko estatistika-programe-tan garatuko dira, eta ikertu beharreko aldagaiak ere programa horietan zehaztu eta definituko dira.
b) Erakunde arduraduna. 4/1986 Legeak, Euskal Autonomia Erkidegoaren Estatistikari buruzkoak, II. tituluko III. kapituluan aipatzen duen eskumena dauka. Eskumen hori, legeko 35. artikuluan jasotzen diren Euskal Autonomia Erkidegoko estatistika-antolamenduaren esparruko organo eta erakundeei ematen zaie soilik.
c) Beste erakunde parte-hartzaile batzuk. Partaide bezala aritzeko aukera dute, bai eragiketa osoan zehar, bai eragiketaren faseren batean.
d) Gaia. Ikerketa zein jarduera-esparrutakoa den zehaztea da kontua.
e) Egoera. Jakin behar da estatistika-eragiketa lehenagotik esperimentaturik dagoen, hots, behin eta berriz eginik dagoen, edo lehenengo saiakuntza den.
f) Emaitzak zenbatean behin zabalduko diren. Emaitzen berri zenbatean behin izango duen jakinarazten zaio administratuari, lana egiteko maiztasuna alde batera utzita (informazioa behin eta berriz bilduz nahiz datuak behin eta berriz landuz lortutako emaitzak izan daitezke).
g) Eragiketa-mota. Estatistika zein motatakoa den azaldu nahi da, batez ere informazio-bilketarik ote dakarren berekin (gidazerrenda, zentsua, inkesta), edo abiapuntu izan diren informazioei bestelako xehetasunik gehitzen zaien (bilketa, sintesia), edo tresna osagarriren bat ote den eta normalizazioa, metodologia hobetzea edo estatistika garatzea ote dakarren tresna horrek.
Planak dakartzan estatistika-jarduerak direla-eta, legeak bi jarduera-mota bereizten ditu 2. artikuluan: estatistikako datuak lortzeko beharrezkoak direnak, eta administrazio-datuekin estatistikak egitea. Lehenengoak Euskal Autonomia Erkidegoaren Estatistikari buruzko 4/1986 Legeko I. tituluan arauturik daudenak dira; eta bigarrenak, berriz, lege horretako 5.2 artikuluan daude jasota, estatistikarako aprobetxatzeko aukera moduan.
Ildo horretatik, ezin dugu ahantzi Euskal Autonomia Erkidegoaren Estatistikari buruzko 4/1986 Legearen zioen adierazpenean defendatzen dena, hots, estatistikak administrazio-datuekin egin behar direla, Herri Administrazioak bere jardunbideak berritzeko egiten dituen ahaleginei atarramenturik handiena ateratzeko; horrela, kudeaketa zein estatistika xedeak aldi berean betetzen dira, eta administratuei ez zaie bi aldiz eskatzen informazio bera.
Hortaz, tartean diren organoek zer dioten kontuan harturik, plan bat egiteko estatistikoki aprobetxa daitezkeen administrazio-jarduerak zein izango diren aurreikusten du lege honek, eta kohesiorako beharrezko osagai batzuk ere badakartza, jarduera horiek benetako zeresana izan dezaten Euskal Autonomia Erkidegoko estatistika ofizialean, baina tartean diren organo eta erakundeei administrazio-eskumenik batere kendu gabe.
Azkenik, lege honetako azken xedapenak planak dituen funtsezko koordenatuetako bati buruzkoak dira, koordenatu tenporalari buruzkoak, alegia. Legearen indarraldiaren amaiera 2008ko abenduaren 31n ezartzen da, hori bat dator-eta aurrekontu-ekitaldien amaierarekin; halaber, plan hau luzatu egingo dela ezartzen du, baldin eta horren indarraldia amaitzerakoan ez bada beste bat onartu.
1. artikulua.– Edukia.
1.– 2005-2008 aldirako Euskal Estatistika Plana lege honetako eranskinean jasota dauden estatistikak eta izaera bereko beste jarduera batzuk egiteko da eta horixe du edukia.
2.– Urteko estatistika-programetan zehaztu eta definituko dira esandako estatistika-eragiketen ezaugarriak, aurrekontuetako zuzkidurak aintzat hartuz.
2. artikulua.– Zedarriztatzea.
Planaren ondoriozko estatistika-jarduerak hauexek dira: planean bertan jasotako estatistika-eragiketak burutzeko behar diren jarduerak, Euskal Autonomia Erkidegoaren Estatistikari buruzko 4/1986 Legearen 5.2 artikuluan aipatzen diren administrazio-datuak lortzeko jarduerak izan ezik.
3. artikulua.– Arautzea.
1.–Planaren ondoriozko estatistika-jarduera honako hauei lotuko zaie: batetik, Euskal Autonomia Erkidegoaren Estatistikari buruzko 4/1986 Legeak 2. artikuluan dakartzan arauei, eta, bestetik, lege honi.
2.–Plana garatu eta betetzeko onartzen diren urteko estatistika-programak artikulu horren 1. paragrafoan aipatzen diren erregelamendu-xedapenen zati izango dira.
4. artikulua.– Proiektu teknikoa.
1.– Urteko estatistika-programetan jasotzen diren estatistika-eragiketek proiektu tekniko bana izango dute.
2.– Proiektu teknikoek estatistika-eragiketa bakoitza bere fase guztietan betetzeko prozedurak sistematizatuko dituzte.
5. artikulua.– Eskumena.
1.– Lege honen eranskinean arduradun edo parte-hartzaile agertzen diren organo edo erakundeei dagokie lege honetako 2. artikuluan aipatzen diren estatistika-jarduerak egitea, aplikagarriak diren arauak betez. Eskumen hori erabiltzerakoan, urteko estatistika-programetan zehazten diren organo edo erakundeen partaidetza eskatuko da, eta programa horietan ezarritako moduan erabiliko da.
2.– Gidazerrendak edo fitxategi-gidazerrendak Euskal Estatistika Erakundeak eta berariazko estatistika-organoek egin eta eguneratuko dituzte.
XEDAPEN GEHIGARRIA
Jaurlaritzari ahalmena ematen zaio eskatzen duten foru-aldundiak eta udalak lege honen eranskinean eta urteko estatistika-programetan jasotzen diren eragiketa eta jardueretara biltzeko, erakunde horietakoren batek lehenagotik parte hartu duen faseetan.
AZKEN XEDAPENAK
Lehena.– Kredituen afektazioak eta aldaketak.
Baimena ematen zaio Eusko Jaurlaritzari lege hau betearazi eta martxan jartzeko beharrezkoak diren kreditu afektazio eta aldaketa guztiak egin ditzan, inolako mugarik gabe. Jarduketa horien berri eman behar zaio Eusko Legebiltzarrari, burutu direnetik eta hilabetera gehienez ere, eta xehetasun nahikoak eskaini behar dira afektatutako programa, atal eta kapituluei buruz.
Bigarrena.– Planaren indarraldia.
2005-2008 aldirako Euskal Estatistika Plana indarrean sartzen denetik 2008ko abenduaren 31ra arte egongo da indarrean.
Hirugarrena.– Luzapena.
Plan honen epea amaitu eta ez bada beste Euskal Estatistika Plan bat onartu, besterik gabe luzatuko da plan hau hurrengoa indarrean sartu arte, salbu eta ezarritako epe edo aldien arabera kanpo utzi behar diren estatistika-jarduerei dagokien hartan.
Laugarrena.– Indarrean sartzea.
Lege hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean sartuko da indarrean.
Beraz, Lege honi men egiteko eta men eginarazteko agintzen diet, norbanako zein agintari direla, Euskadiko herritar guztiei.
Vitoria-Gasteiz, 2005eko otsailaren 21a.
Lehendakaria,
JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.
ERANSKINA / ANEXO A LA LEY 2/2005, de 17 de febrero, del Plan Vasco de Estadística 2005-2008 Otsailaren 17ko 2/2005 LEGEA, 2005-2008 aldirako Euskal Estatistika Planarena.
(Ikus .PDF)