Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

45. zk., 2005eko martxoaren 7a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Lurralde Antolamendu eta Ingurumen Saila
1083

EBAZPENA, 2004ko abenduaren 22koa, Ingurumen sailburuordearena, Eibar udalerriko Matsaribarren SAPUI 3 sektorea urbanizatzeko proiektuak ingurumenaren gainean duen eraginari buruzko adierazpena egiteko dena.

Euskal Autonomia Erkidegoko ingurugiroa babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege orokorraren arabera, I. eranskineko B) idatz-zatian agertzen diren proiektuak ingurumenaren gaineko eragina banaka ebaluatzeko prozedura baten menpe izango dira eta prozedura honi amaiera emateko Ingurumenaren gaineko Eraginari buruzko Adierazpena egin beharko da, betiere proiektu horiek egiteko edo, hala badagokie, baimentzeko hartzen den administrazio-erabakiaren aurretik.

Hasi da Eibarko Matsaribarren SAPUI 3 sektorea urbanizatzeko proiektua onartzeko prozedura, eta aplikagarria denez bai otsailaren 27ko Euskal Autonomia Erkidegoko ingurugiroa babesteko 3/1998 Legean xedatutakoa, bai Ingurumenaren gaineko eraginaren Ebaluazioari buruzko ekainaren 28ko 1302/1986 Legegintzako Errege Dekretuan eta hori garatzeko Araudia onartu duen irailaren 30eko 1131/1988 Errege Dekretuan xedatutakoa, proiektu horrekin zerikusia duten izapideak gauzatu dira, beste batzuen artean ondokoak:

* 2004ko uztailaren 9an Tokiko Gobernu Batzordeak Eibarko udal-mugartean dagoen Matsaribarren SAPUI 3 sektorea urbanizatzeko proiektua hasieran onetsi zuen.

* Proiektua eta ingurumen-inpaktuko azterlana hamabost egunez jendaurrean egon ziren (Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala, 139. zenbakia, 2004ko uztailaren 22koa, eta 147. zenbakia, 2004ko abuztuaren 3koa).

* Eibarko Udalak Ingurumen Sailburuordetzara bidali zuen espedientea. Espedientea 2004ko azaroaren 9an osatu zen.

Erreferentziazko proiektuaren espedientean dauden txostenak eta agiri teknikoak aztertu ondoren, eta ingurumen-inpaktuko azterlana zuzena dela, eta indarrean dagoen araudian aurreikusten diren alderdiei egokitzen zaiela aintzat hartuta, Ingurumen Sailburuordetzak, Ingurumenaren gaineko Eraginari buruzko Adierazpena emateko eskumena duen organoa izanik eta Euskal Autonomia Erkidegoko ingurugiroa babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren eta Lurralde Antolamendu, eta Lurralde Antolamendu eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 20ko 306/2001 Dekretuaren arabera, ondokoa

EBATZI DU:

1.– Eibarko udal-mugarteko Matsaribarren SAPUI 3 sektorea urbanizatzeko proiektuaren Ingurumenaren gaineko Eraginari buruzko aldeko Adierazpena egitea.

2.– Proiektua gauzatzeko ondoko baldintzak finkatzea:

2.A.– Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio-prozeduraren barruan Ingurumen Sailburuordetza honetan aurkeztu diren agirien arabera burutuko da, proiektua, bai eta Ebazpen honetantxe jasotako zehaztapenekin ere.

2.B.– Proiektua zabaldu edo aldatzen bada, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurugiroa babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege orokorraren 50. artikuluan xedatutakoa aplikatuko da.

2.C.– Neurri babesleak eta zuzentzaileak.

Proiektuaren sustatzaileak aurkeztutako agirietan onartutakoaren arabera bete beharko dira neurri babesleak eta zuzentzaileak, Ingurumenaren gaineko Eraginari buruzko Ebaluazioa egiteko. Gainera, Ebazpen honetan ezarritakoak gehitu beharko zaizkie. Neurri horiek guztiak obraren kontratazioko baldintza-agirien baitan sartuta geratuko dira, eta neurriak betetzea bermatuko duen aurrekontua izan beharko dute.

2.c.1.– Ondare naturala babesteko neurriak.

Gipuzkoako mendien ustiaketa eta erabilera arautu dituen Mendiei buruzko uztailaren 8ko 6/1994 Foru Arauan, eta Gipuzkoako florako zenbait espezie babestu dituen urtarrilaren 16ko 4/1990 Foru Dekretuan jasotako baldintzak betetzeaz gainera, honako neurri hauek bete beharko dira:

2.c.1.1.– Lurzorua atzematea eragiten duten obrak, eta bai obron eragiketa osagarri guztiak ere, proiektuaren mugen barruan landuko dira. Arestion aipatu diren mugetatik at ahalik eta gehien murriztuko da makineriaren eta obrako ibilgailuen zirkulazioa.

Adierazi den eremutik kanpo ustekabeko eraginik gertatuko balitz, zuzentzeko eta leheneratzeko neurri egokiak aplikatuko lirateke, ebazpen honetako 2.c.9 idatz-zatian ezarritako ingurumen-arloko aholkularitzak txostena egin ondoren.

2.c.1.2.– Obrarako sarbideak, makinak edukitzeko guneak, obra-materialak aldi batean biltegiratzeko nahiz landare-lurrak eta hondakinak aldi baterako metatzeko aldeak ingurumenean ahalik eta gutxien eragiteko irizpideen arabera proiektatuko dira. Hortaz, ez dira okupatuko jabari publiko hidraulikoa eta honen zortasuna eta arreta berezia jarriko da Matsaria errekastoaren tartean; aurreikusitakoaren arabera, tarte horretan egungo trazadura bere horretan mantenduko da.

Lan-eremu osagarri horiek kontratistak egokituko ditu, garatu nahi diren jarduera guztiek ingurumenean izan ditzaketen ondorioak gutxiagotzeko.

Bai zedarriak, bai kontratistaren instalazio-aldeak, obraren zuzendariak onartu behar ditu, ebazpen honen 2.c.9 idatz-zatian aipatutako ingurumen-arloko aholkularitzak txostena egin ondoren.

Nolanahi ere, obrako ibilgailuen mantentze-eragiketei eta erregaia kargatzeari dagokienez, eta bai tailerreko berezko jarduerei doakienez ere, eragiketa horiek zoladura iragazgaitza eta isurketak biltzeko sistema duen alde batean egin beharko dira.

2.c.1.3.– Poligonoa urbanizatzeko obren planetan, eta sarbide eta pista berriak egiterakoan, okupazio zuzena aurreikusten ez den aldeetako landaretza autoktonoa kentzea saihestu behar da. Horretarako, landaretza mantendu eta artatu behar den aldeak zehatz-mehatz zedarritu behar dira, batez ere proiektuaren eragin-eremutik gertu dauden hariztiak eta haltzadiak.

2.c.1.4.– Proiektuaren ingurunean, Itsas Fauna eta Landaredian Arriskuan dauden Espezieen Euskadiko Katalogoan barne hartuta dauden zenbait espezie dago, besteak beste, gorostia (Ilex aquifolium) eta eskulapioren sugea (Elaphe longissima).

Espezie horiei edo beren habitatei kalterik eragin diezaiekeen edozein jardun egin ahal izateko, Euskal Autonomia Erkidegoko Natura Babesteko ekainaren 30eko 16/1994 Legean eta Itsas Fauna eta Landaredian Arriskuan dauden Espezieen Euskadiko Katalogoa arautu duen uztailaren 9ko 167/1996 Dekretuan ezarritakoa eta, hala bada, foru-organo eskudunak ezartzen duena hartuko da kontuan.

Obren zuinketa-fasean eta lurrak mugitzerakoan, Ebazpen honen 2.c.9 idatz-zatian aipatutako ingurumen-arloko aholkularitzako fauna eta florako espezialista egongo da bertan, obra-zuzendaritzari aholku emateko zein neurri babesle eta zuzentzaile aplikatu behar dituen espezieek eta habitatek ondorio kaltegarriak izan ez ditzaten.

2.c.1.5.– Eraikuntza-lanak egin bitartean ahalik eta material xehe gutxien bota behar da drainatze-sarera. Horretarako, erretenak, sedimentuei eusteko hesiak eta solido esekien dekantazio-putzuak proiektatu eta egingo dira. Halaber, proiektuaren sustatzaileak "Eibarko Matsaria (SAPUI-3) sektorearen Industria Plan Partzialari buruzko ingurumen-inpaktuko azterlana. Ingurumena zaintzeko programa. Eibarko Udala. Estudio K, kooperatiba-sozietatea. 2004ko azaroa." agirian proposatzen dituen neurri zuzentzaileak proiektatu eta burutuko dira. (Agiri hori 2004ko azaroaren 9an igorri zen Ingurumen Sailburuordetzara).

Errekastoa desbideratu eta ibilgu berria egiteko lanak ahalik eta denbora laburrenean egiteko programatu eta sinkronizatuko dira.

2.c.1.6.– Gipuzkoako Foru Aldundiko Diputatuen Kontseiluak hartutako erabakiaren bidez, behin betiko onesten da "Eibarko Matsari-Barren 3. sektorearen antolamendu-plan partziala" (GAO, 62 zk.koa, 2004ko apirilaren 1ekoa), baldin eta planaren eremuan sortzen diren hondakin-ur guztiak Matsaria errekastoaren paraleloan egongo den kolektore orokorrera bideratzen badira eta, ondoren, sektorearen mugetan eraikitako behin-behineko araztegira ateratzen badira.

Aurrekoa kontuan izanik, proiektuak azpiegitura hori jasoko du, Plan Partziala behin betiko onesten duen erabakian ezarritako baldintzetan.

2.c.2.– Ibaiko ekosistema berreskuratzeko neurriak.

2.c.2.1.– Arroan eskumena duen erakundeak jabari publiko hidraulikoa eta haren zortasun-aldeak ukitzen dituzten obrei buruz ezar lezakeena ezertan galarazi gabe, honako neurri zuzentzaileak garatuko dira.

a) Matsaria errekastoaren ibilgu berria egiteko, ohe irregularra jarriko da. Honi esker, agorraldiko emariak kontzentratuko dira eta mikrohabitat ezberdinak sortuko dira uretako fauna eta florarentzat. Orobat, ibaiaren ohean hondo zimurra eta irregularra jarriko da; hondo horrek arrainei eta ibaian egon ohi diren beste espezie batzuei pasatzen utziko die. Ildo honetatik, eta errekastoaren potentzial ekologikoa arriskuan jar dezakeen oztoporik ez sortzeko, azkenean ez dira egingo proiektuak ibilgu berriaren oherako aurreikusita dituen eskailera-mailak. Horien ordez, ibaiaren malda longitudinala dibertsifikatzeko beste sistema batzuk erabiliko dira, besteak beste, harrizko arrapalak. Sistema horiek ibilguaren dibertsitate naturala islatuko dute, eta ekarrien maila finkatzea, ibaiaren ohea dibertsifikatzea eta arrainak gorantz nahiz beherantz igarotzea ahalbidetuko dute.

Nolanahi ere, proiektuak eragindako errekasto-tartean ibilguaren ohea lehengoratzeko, horrekin bat datorren granulometria egingo da (errekarria eta legarra).

b) Ibilgu berriaren sekzioak eta bere ertzak egonkortzeko irtenbideek ur-bazterreko landaredia ezartzea ahalbidetuko dute, gutxienez marjinaren ezkerraldean, bideratutako tartearen potentzialtasun ekologikoa gehitzeko.

c) Landaketak egingo dira gutxienez bideratutako tarte berriaren ezkerraldeko ezponda-goiburuan, ibilguari itzala ematen dioten espezieekin. Espezie horiek luzeran eta zabaleran landatuko dira.

Lehen aipatutako alderdiak proiektuaren sustatzaileak garatu behar ditu eta arroen arloan eskumena duen organoari aurkeztuko dizkio jabari publiko hidraulikoan eta honen zortasunetan eragina duten lanak baimentzeko prozeduran kontuan har ditzan.

2.c.2.2.– Egungo trazadura bera izango duen errekasto-zatian, lanak dagoen landaredia eta ibilguaren morfologia ahalik eta gehien errespetatzeko moduan garatuko dira, bereziki ibaiaren ohearen osotasuna dagoen-dagoenean mantentzeko. Nolanahi ere, eremuan lurrak mugitzen bukatu ondoren, ibai-marjina guztian berriro landareak jarriko dira, ibaia itzalpean izango duten ur-bazterreko espezie autoktonoak erabilita.

2.c.2.3.– Fallopia japonica moduko landare inbaditzaileak ez hedatzeko ekintzak jarriko dira abian. Hau dela eta, landaretza lehengoratzeko lanetan erabiltzen diren lurren jatorria kontrolatu beharko da batez ere eta aipatu espezieak kutsatu dituen lurrak erabiltzen ez direla bermatuko da.

2.c.3.– Airearen kutsadura saihesteko neurriak.

2.c.3.1.– Lanek irauten duten bitartean, zorrotz kontrolatuko dira ibilgailuak pasatzeko bidearen garbiketa-lanak, bai lanek eragindako aldean bai obra-gunerako sarbideetan. Pistak eta aldi batean gorri egongo diren azalerak ureztatzeko sistema bat izango da.

2.c.3.2.– Obra-guneko irteeretan, dekantazio-putzuei lotutako gailuak jarriko dira ibilgailuak garbitzeko.

Elementu horien ezaugarriak, kokapen zehatza eta tamaina Ebazpen honen 2.c.10 puntuan adierazitako agirietan jasota egon beharko du.

2.c.4.– Zaratek eta dardarek eragindako efektuak gutxitzeko neurriak.

2.c.4.1.– Eraikuntza-faseak irauten duen bitartean, ingurumen-inpaktuko azterlanean aipatzen diren obra-jardunbide egokien multzoa aplikatu beharko da, obra-makineriaren mantentze orokorrari eta zarata gutxitzeari dagokienez.

2.c.4.2.– Lehergailuak erabili behar izanez gero, leherketeak UNE-22-381-93 Araua bete behar dute. Hain zuzen ere, ingurumen-inpaktuko azterlanaren atxikipen-eremuko eraikinetan eta instalazioetan erregistratzen den bibrazioa ezin da izan arau horretan ezarritako mugez gaindikoa.

Aire-uhinaren presioa ezin da izan 128 dB(L) baino gehiago etxebizitzetako hurbileneko fatxadan.

2.c.5.– Hondakinak kudeatzeko xedatuko diren neurriak.

2.c.5.1.– Obrek iraun bitartean sortutako hondakinak Hondakinei buruzko apirilaren 21eko 10/1998 Legean eta arautegi zehatzetan aurreikusitakoarekin bat etorriz kudeatuko dira, honelako hondakinak barne direla: desegiten diren egitura, bide-zoru eta zoladuren hondarrak, obra-arloak prestatzeko eragiketetatik sortzen direnak, enbalajeak, baztertzen diren lehengaiak, landare-hondakinak, indusketa- eta garbiketa-lanetako soberakinak.

Zabortegira eramaten diren arriskurik gabeko hondakinak, bestalde, hondakinak zabortegira botata desagerrarazteari buruzko abenduaren 27ko 1481/2001 Errege Dekretuaren arabera eta hondakin inerte eta inertizatuen kudeaketari buruzko azaroaren 2ko 423/1994 Dekretuaren arabera kudeatuko dira.

Era berean, erabilitako olioentzat Euskal Autonomia Erkidegoan erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen irailaren 29ko 259/1998 Dekretua aplikatuko da.

2.c.5.2.– Hondakinak teknikoki eta ekonomikoki bideragarriak badira, baimendutako hondakinen baloratzailera eraman behar dira.

2.c.5.3.– Proiektuaren eremuan dauden industria-pabiloiak eraitsi eta suntsitzeko jardunak Lurralde Antolamendu eta Ingurumen Sailaren Industria-aurriak leheneratzeko ingurumen-irizpideen gida teknikoan (1998) aurreikusitako prozedurak kontuan izanik burutuko dira.

2.c.5.4.– EAEko lurzorua kutsa dezaketen jardueretarako eremuen inbentarioan jasotako partzelaren batean lur-mugimenduak egin behar izanez gero, lurzoruak analizatu eta horien ezaugarriak aztertuko dira; horrela, indusketako materialei xede egokiena eman ahal izango zaie eta lurzoru-gerakinaren kalitatea eremu horretarako aurreikusitako erabilerekin bateragarria izatea bermatuko da.

Analisi hori lur-mugimenduei ekin baino lehen egingo da, "Eibarren (Gipuzkoa) dagoen Matsariako SAPUI 3 sektorearen garapenak ukitutako industria-lurzoruaren ezaugarriak aztertzeko eskaintza. CINSA, 2004ko urria" izeneko agirian aurreikusitakoarekin bat etorriz. Agiri hori 2004ko urriaren 20an igorri zuen Eibarko Udalak Ingurumen Sailburuordetzara.

Aurrekoa gorabehera, agiri horren inguruan 2004ko abenduaren 13an IHOBE-Ingurumenaren Kudeaketarako Sozietate Publikoak egin zuen txostena kontuan izanik, Eibarko Udalak aurkeztutako proposamena aldatu ahal izango da Lurralde Antolamendu eta Ingurumen Sail honek lurzoruaren kutsadura ikertzeko 1998an argitaratu zuen gida metodologikoaren "informazioa biltzeko fasea" (azterketa historikoa, ingurune fisikoaren azterketa eta landa-lanak) amaitu ondoren. Informazioa biltzeko fase horren emaitzak laginketa-puntuen kopurua optimizatzea eragin dezake eta, beraz, kostu gutxiago egongo dira.

Lortutako emaitzak ikusita, eta kontuan izanik, gainera, mobilizatu nahi diren material-kantitateak ugariak direla, horiek kudeatzeko proposamen zehatza egingo da.

Aurrekoa eragotzi gabe, obrak egin bitartean beste lekuren bat kutsaturik egon litekeela ikusten bada eta hura ukitzea edo bertako lurra mugitzea aurreikusita badago, halaber leku horren ezaugarriak aztertuko dira eta proposamena egingo da hura erabiltzeko eta kudeatzeko.

2.c.5.5.– Ingurumen-inpaktuko azterlanean jasotako proposamenarekin bat etorriz, obrek ukitutako lurrak egokitzeko eta leheneratzeko berriro erabiltzen ez diren indusketako soberakinak "Pagei" ibarbidean erabiliko dira, betelaneko material gisa (honen eraikuntza-proiektua Ingurumen Sailburuordetzan dago, baimena lortzeko izapidean). Nolanahi ere, betelan horiek baimentzeko baldintzak beteko dira.

Edozein inguruabar dela medio, lur-soberakin guztia edo horien zati bat ezin bada betelaneko material gisa erabili eta beharrezkoa bada proiektuan aurreikusi ez diren indusketako soberakinetarako beste biltegi batzuk egitea, azaroaren 2ko 423/1994 Dekretuan ezarritakoa betez, soberakinen biltegiak instalatzeko proiektua idatziko da. Horren edukia bat etorriko da Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurumen sailburuak 1995eko otsailaren 15ean eman zuen aginduan ezarritakoarekin (agindu horren bidez, hondakin inerteak eta inertizatuak, betelaneko materialak eta lurra egokitzeko materialak biltzeko instalazioei buruzko proiektuen eta deskripzio-memorien edukia ezartzen da). Horrez gain, kontuan hartutako kokalekuetako bakoitzak ingurumenean duen eraginaren analisia, hartutako irtenbidearen justifikazioa, aurreikusitako leheneratze- eta kontrol-neurriak, eta dagokien aurrekontu xehatua.

Ingurumen Sailburuordetzak erabakiko du proiektu horiek guztiak baimendu behar dituen.

2.c.5.6.– Erabilitako olioak aldi baterako biltegiratzea, hau da, baimendutako kudeatzaileak biltzen dituen arte, ontzi edo segurtasun-sistema batean gordetako biltegietan egingo da, horrela biltegi nagusia apurtuz edo galduz gero olioa sakabanatzea saihesteko.

2.c.5.7.– Araudi hau betetzea errazte aldera, zeregin desberdinetan sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak prestatuko dira. Sistema horiek zeregin bakoitzaren arduradunek kudeatuko dituzte eta beraiek arduratuko dira langileei behar bezala betearazteaz. Bereziki, inolaz ere ez da eragingo kontrolatu gabeko efluenterik erregai eta produktuak biltegiratzean eta makineria mantentzeko lanak egitean, ezta hondakinik erreko ere.

Aurrekoaren arabera, berariazko gune bat atonduko da eta bertan jarriko dira hondakin arriskutsuak (olio-latak, iragazkiak, olioak, pinturak eta abar) bilduko diren instalazio estaliak. Horiez gainera, eta bereiz, hondakin inerteak biltzeko berariazko edukiontziak jarri behar dira. Orobat, obrak egiten ari diren bitartean sortzen diren hondakinak biltzeko elementu estankoak (bidoiak eta abar) instalatu behar dira; elementuok hondakin-moten arabera bereizi behar dira. Gero hondakinok aurrean aipatutako gune garbira eramango dira.

2.c.6.– Kultura-ondarea babesteko neurriak.

Euskal Kultura Ondareari buruzko 7/1990 Legean xedatutakoa kaltetu gabe, lur-erauzketako lanetan edo lurzorua harrotzerakoan arkeologia aztarnaren bat aurkituz gero, zuzenean jakinaraziko zaio Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Sailari. Horrek adieraziko ditu hartu beharreko neurriak.

2.c.7.– Paisaiarekiko egokitzapena.

2.c.7.1.– Lur-mugimenduak egitean, lur begetala bereizita kendu, bildu eta zabalduko da. Horren helburua da ingurumena lehengoratzeko lanak eta eragina jasan duten tokien landare-berritzeko lanak erraztea.

2.c.7.2.– Obrak eragindako eremu guztiak lehengoratuko dira, ingurumen-inpaktuko azterlanean jasota ez badaude ere obraren amaieran eragina jasaten dutenak barne. Ingurumena lehengoratzeak landare-azalera izan dezaketen guneen landare-berritzea barneratuko du.

2.c.7.3.– Ereindako sailak eta sail landatuak zaintzeko lanak egingo dira, besteak beste, urratzeak, ongarritzeak, ureztatzeak eta hutsarteak betetzeko lanak.

2.c.8.– Garbiketa eta obra bukatzea.

Obrak amaitzen direnean, garbiketa-kanpaina zorrotza burutuko da eta proiektuak eragindako area guztiz garbi geratuko da obra-hondakinetatik.

2.c.9.– Ingurumen-arloko aholkularitza.

Obrak amaitu arte eta horren bermeak dirauen arte, ingurumen-arloko gaietan eta bereziki neurri babesle eta zuzentzaileetan ondo jantzitako aholkularitza eduki beharko du obraren zuzendaritzak. Baldintza-agirian obraren zuzendaritzari izendatutako egitekoak direla eta, aipatutako gaiei buruz obraren zuzendaritzak erabakiak hartu aurretik aholkularitza horretako espezialistek egindako txostena hartu beharko dute gogoan.

2.c.10.– Lan-programaren diseinua.

Ondoren zehazten diren azpi-ataletako alderdiei buruzko jarduera xehatuen proposamenak landu beharko ditu kontratistak. Proposamen horiek Ingurumenaren gaineko Eraginaren Adierazpen honetan ezarritako irizpideen arabera egingo dira, eta lanak burutzeko programaren barne geratuko dira. Obraren zuzendaritzak esanbidez onetsi beharko ditu, aurreko atalean aipatutako ingurumen-arloko aholkularitzaren txostenaren ondoren. Honakoak dira agiriok:

* Obra-sarbideak, makinen parkea, materialak aldi baterako biltegiratzeko eremua eta landare-lurra eta hondakinak aldi baterako metatzeko non kokatuta dauden eta horiei buruzko ezaugarriak, Ebazpen honen 2.c.1.2 idatz-zatian aurreikusitakoarekin bat etorriz.

* Intereseko landaretza-eremuen ezaugarrien kartografia bidezko seinaleztapena, ez baldin bada 2.c.1.3. idatz-zatian zehaztutako okupazio zuzenik aurreikusten.

* Ebazpen honen 2.c.1.5 idatz-zatian aurreikusten diren ura eramateko sareen eta solidoen dekantazio-putzuen xehekapena.

* Kamioien gurpilak garbitzeko gailuen ezaugarriak eta kokalekua, Ebazpen honen 2.c.3.2 idatz-zatian aurreikusten den bezala.

* Indusketa-sistemen deskripzioa. Leherketak egin behar izanez gero, 22-381-93 UNE Araua bete behar dute. Hain zuzen ere, ingurumen-inpaktuko azterlanaren eremuko eraikinetan eta instalazioetan erregistratzen den bibrazioa ezin da izan arau horretan ezarritako mugez gaindikoa.

2.D.– Ingurumena zaintzeko programa.

Ingurumena zaintzeko programa, oro har, Eibarko "Matsaria" SAPUI-3 sektorearen Industria Plan Partzialaren Ingurumen Inpaktuko Azterlana. Ingurumena zaintzeko programa. Eibarko Udala. Estudio K, kooperatiba-sozietatea. 2004ko Azaroa deitutako agirian aurreikusitakoarekin bat etorriz burutuko da (neurketak egiteko lekuei, parametroei eta maiztasunari buruz ezarritakoarekin). Udalak 2004ko azaroaren 11n bidali zuen agiri hori. Programa hau obra kontratatzeko baldintza-agirian barneratuko da eta dagokion aurrekontua egingo zaio, eta ondoren zehazten diren kontrolak gehitu beharko dira.

2.d.1.– Gorabeheren erregistroa.

Obrak egin ahala sortutako gorabeheren erregistroa egin beharko da, baita neurri zuzentzaileak eta babesleak noraino bete diren jasotzeko ere. Erregistro horrek Ingurumen Sailburuordetzak ikuskatzeko modukoa izan beharko du, eta, obrak amaitzen direnean Sailburuordetzari bidali beharko zaio. Hala badagokio, proiektua garatu bitartean sartutako aldaketak xehetasunez dokumentatu beharko dira. Aldaketa horiek ingurumenean duten eraginaren ikuspegitik justifikatu egin beharko dira.

2.d.2.– Obraren okupazio-mugen kontrola.

Egindako okupazioa proiektuko aurreikuspenekin bat datorrela egiaztatuko da; obrek ez dute aurreikusitako azalera baino gehiago izango.

2.d.3.– Uren kalitatearen kontrola.

Eibarko "Matsaria" SAPUI-3 sektorearen Industria Plan Partzialari dagokion Ingurumen Inpaktuko Azterlana. Ingurumena zaintzeko programa. Eibarko Udala. Estudio K, kooperatiba-sozietatea. 2004ko azaroa izeneko agiriarekin bat etorriz, Matsaria errekastoko azaleko uren kalitatea eta ibilguaren egoera kontrolatu eta zaintzeko lanak honako alderdiotan aldatuko dira:

a) Obrek irauten duten bitartean, errekastoko uren kalitatea kontrolatu eta zainduko da. Horretarako, laginak hartuko dira hilero, batetik, obra-zonatik gora dauden uretan eta, bestetik, errekastoan behera joanda dagoen flotatzaileei eusteko putzuan. Hurrengo parametroak aztertuko dira: pH-a, tenperatura, uhertasuna, konduktibitatea, solido esekiak, eta olio eta koipeak.

b) Proiektuak ukitzen duen errekastoa leheneratzeko neurri zuzentzaileen eraginkortasuna egiaztatze aldera, bideratze-lanak amaitu eta hurrengo hiru urtetan zehar uren kalitatearen jarraipena egingo da jarraian aipatzen diren lekuetan. Parametro fisiko-kimikoen kontrola hiru hilean behin egingo da eta adierazle biotikoena, berriz, udaberrian eta agorraldian. Parametro fisiko-kimikoak errekastoan obra-fasean proposatu zirenak dira.

Kontrol-puntuak honako lekuotan egongo dira:

– Bat obra-zona baino gorago, eta beste bat trazadura bere horretan mantentzen duen errekasto-zatian. Bi puntu horiek bat datoz Eibarko Udalak 2004ko azaroaren 9an bidali zuen Eibarko "Matsaria" SAPUI-3 sektorea urbanizatzeko proiektuak ukitzen dituen ibilguen egoera ekologikoaren zehaztapena. Anbiotek, S.L., 2004ko azaroa. izeneko agirian adierazitako M-1 eta M-5 laginketa-estazioekin.

– Puntu bat egin beharreko errekasto-tartean. Puntu hau Ebazpen honen 2.d.8 idatz-zatian aurreikusitako ingurumena zaintzeko programaren testu bateginean zehaztuko da.

2.d.4.– Leherketetako bibrazioen eta aire-uhinak duen presioaren kontrola.

Lur-erauzketako lanetan lehergailuak erabili behar izanez gero, bibrazioak eta aire-uhinak neurtuko dira leherketa egiten den lekutik gertuen dauden eraikinetan. Neurketak UNE 22-381-93 Arauan ezarritakoarekin bat etorriz egingo dira eta emaitzak aurkezterakoan, leherketari buruzko datu guztiak adieraziko dira.

2.d.5.– Zarataren kontrola.

Obrei ekin baino lehen eta proiektuak ukitzen duen eremuan jardun aurretik zein egoeratan dagoen ezartze aldera, zarata neurtuko da jarduteko eremuetatik gertuen dauden etxebizitzetan.

Neurketa horiek egiterakoan zarata sortzen duten jarduera eta ekintza guztiak aztertu eta erregistratuko dira.

2.d.6.– Lehengoratzearen arrakasta kontrolatzea.

Obrak egin bitartean eta horiek amaitu ondoko urtean zehar, aldizkako jarraipena egingo da hirigintza-proiektuak kaltetu dituen azalerak leheneratzeko lanek eta, batez ere, Matsaria errekastoko ibaiertzak berriro landarez estaltzeko lanek arrakasta izan ote duten jakiteko.

2.d.7.– Emaitzen igortzea.

Ingurumena zaintzeko programa osatzen duten txosten eta analisien emaitzak behar bezala erregistratu eta Ingurumen Sailburuordetza honetara bidaliko dira. Ingurumena zaintzeko programaren emaitzak urtean behin bidaliko dira ingurumenean aditua den erakundeak egindako txostenarekin batera. Aipatutako txostenean emaitzen analisia jasoko da, epe horretan emandako gertakari nagusiak, gertakarien arrazoiak eta konponbideak bereziki aipatuta.

Sustatzaileak datuak euskarri egokian bilduko ditu bi urtez gutxienez eta Herri Administrazioen ikuskaritza zerbitzuen eskueran egongo dira; hori guztia, hala ere, ez da eragozpen izango kasu bakoitzean aplikagarri den araudia betetzeko.

2.d.8.– Ingurumena zaintzeko programari buruzko agiri bategina.

Sustatzaileak ingurumena zaintzeko programaren agiri bategina prestatu beharko du; bertan ingurumen-inpaktuko azterlanean proposatzen diren betebehar guztiak eta Ebazpen honetan ezarritakoak bilduko dira.

Programa honek kontrolatu beharreko parametroak zehaztuko ditu eta, horrekin batera, parametro bakoitzari dagozkion erreferentziako balioak, laginketak eta analisiak egiteko metodologia, kontrol-puntuek xehetasun-kartografian duten kokapena, eta kontrolen maiztasuna ere adieraziko ditu. Halaber, dagokion aurrekontua ere agertu beharko du.

2.E.– Neurri babesle eta zuzentzaileak eta, halaber, ingurumena zaintzeko programa aldatu ahal izango dira, baita neurtu behar diren parametroak, neurketa egiteko maiztasuna eta parametro horien mugak ere. Araudi berriak indarrean jartzeak edo inplikatutako sistemen egitura eta funtzionamenduari buruzko ezagutza esanguratsu berrietara egokitzeko beharrak hala gomendatzen duenean egingo dira aldaketok. Halaber, bai neurri babesle eta zuzentzaileak bai ingurumena zaintzeko programa aldatu ahal izango dira, sustatzaileak eskatuta zein ofizioz, ingurumena zaintzeko programaren emaitzen arabera.

2.F.– Sustatzaileak honako dokumentu hauek bidali beharko dizkio Ingurumen Sailburuordetzari, honek onar ditzan. Hori guztia, hala ere, ez da eragozpena izango ebazpen honen aurreko ataletan ezarritakoa betetzeko.

2.f.1.– Obrak hasi aurretik, Ebazpen honen 2.d.8 idatz-zatian ezarritako ingurumena zaintzeko programaren agiri bategina.

2.f.2.– Pabiloiak eraisteko eta suntsitzeko jardunei ekin baino lehen, eraitsiko diren eraikin eta egituretan kutsadurarik ba ote dagoen jakiteko proiektuan aurreikusi den ikerketaren emaitza, eta horrekin batera, sortutako hondakinak kudeatzeko proposamena, 2.c.5.3 idatz-zatian adierazitakoarekin bat etorriz.

2.f.3.– Lurrak mugitzeko lanei ekin aurretik, Ebazpen honen 2.c.5.4 idatz-zatian aurreikusi den lurzoruen kalitateari buruzko ikerketa-programaren emaitzak; halaber, alde horietan sortzen diren indusketako materialak kudeatzeko proposamena.

2.f.4.– Urbanizazio-plataforma berria taxutu ondoren, lurzoruaren erabilerak eta lurzoruaren kalitate-hondarra bateragarriak ote diren jakiteko egindako analisiaren emaitza, Ebazpen honen 2.c.5.4 idatz-zatian aurreikusitakoarekin bat etorriz.

2.G.– Halaber, proiektuaren sustatzaileak honako dokumentazioa igorri beharko du ingurumen-organo honetara:

2.g.1.– Obrak amaitzean, obra horiek garatu bitartean sortutako gorabeheren erregistroa, neurri babesleak eta zuzentzaileak zein neurritaraino bete diren jasoko duena, Ebazpen honen 2.d.1 idatz-zatian aurreikusitakoaren arabera.

2.g.2.– Urtero, obrak hasten direnetik, Ebazpen honen 2.d.7 idatz-zatian aurreikusitako ingurumena zaintzeko programari buruzko dokumentua.

3.– Euskal Autonomia Erkidegoko ingurugiroa babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege orokorraren 47.8 artikuluaren arabera, bi urteko epea zehazten da proiektuaren burutzapenari hasiera emateko, Ingurumenaren gaineko Eraginaren Adierazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik. Epe hori proiektuari hasiera eman gabe bukatzen bada, sustatzaileari egotzi dakizkiokeen arrazoiengatik, Ingurumenaren gaineko Eraginaren Adierazpen hau baliogabetu egingo da. Hala ere, organo aginpidedunak hasiera emateko epea luzatu ahal izango du, behar bezala justifikatutako arrazoirik balego.

4.– Ingurumenaren gaineko Eraginaren Adierazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.

Vitoria-Gasteiz, 2004ko abenduaren 22a.

Ingurumen sailburuordea,

IÑAKI EZKURRA YURREBASO.


Azterketa dokumentala