Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

45. zk., 2005eko martxoaren 7a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Lurralde Antolamendu eta Ingurumen Saila
1082

43/2005 DEKRETUA, martxoaren 1ekoa, Gipuzkoako Foru-Aldundiak, nahitaezko desjabetzea egiteko, "GI-3710 errepideko 1,590, 3,520 eta 4,560 kilometro-guneak zabaldu, hobetu eta pontoiak ordezteko proiektua (4-OF-35/2004)" burutzeko beharrezkoak diren ondasun eta eskubideak lehenbailehen hartu behar dituela adierazteko dena.

Gipuzkoako Foru-Aldundiko Bide-Azpiegituretako Departamentuko diputatuaren 2004ko irailaren 23ko Foru-Aginduaren bidez, jendaurrean jarri ziren lehendabizi, nahitaezko desjabetzea egiteko, "GI-3710 errepideko 1,590, 3,520 eta 4,560 kilometro-guneak zabaltzeko proiektua (4-OF-35/2004)" burutzeko beharrezkoak diren ondasun eta eskubideak. Geroago, 2004ko azaroaren 30ean egindako bilkuran, nahitaezko desjabetzearen eraginpean dauden ondasun eta eskubideak lehenbailehen hartu beharrekoak direla deklaratzeko Eusko Jaurlaritzari eskatzea erabaki zen, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan ezarritakoaren babespean.

Lehenbailehen hartu beharreko ondasun eta eskubideak banakatuta eta zehaztuta agertzen dira espedientean jasotako zerrendan, zeintzuk diren jakiteko beharrezkoak diren datuekin. Zerrenda hori jendaurrean jarri zen zegokion garaian, hainbat alegazio-idazki aurkeztu ziren eta administrazio-espedientean adierazten den moduan ebatzi ziren.

Zerbitzu Teknikoek ikusi dutenez, ez dago espedientea izapidetzeko inolako oztoporik.

Ondasun eta eskubide horiek hartzea luza ezinezkotzat jotzen da honako arrazoi hauengatik:

Errepideak Mantentzeko Planari jarraituz gertatu da proiektua eta hiru pontoi ordeztea du xede, hain zuzen ere Oriotik Aiarako GI-3710 errepidean (Andatzatik); eta, horretaz gain, pontoien ondoko errepideen trazadura zabaldu eta hobetzea. Eragindako egiturek Dorreko zubia, Mañarin Zelai zubia eta Errekondoko zubia dute izena eta Santio errekastoaren gainekoa da lehenengoa eta errekasto horren bi adarren gainekoa beste biak. Pontoiak hurre-hurreko aurri-egoeran daude, oso txarto beraz, eta horrek berehala ordeztu beharra dakar. Egitura indartzeko irtenbidea baztertu da orohar oso egoera txarrean daudelako.

Euskal Herriko Lurralde Antolamenduari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legearen 26.1.f artikuluan xedatzen denaren arabera, Eusko Jaurlaritzari dagokio nahitaez desjabetu beharreko ondasun eta eskubideak lehenbailehen hartu beharrekoak direla deklaratzea nahitaezko desjabetzeak honako hauek hartzen dituenean: burutze-unitate osoak, lurraldearen hirigintza-antolamenduari dagozkion sistema orokorrak edo antolaketa horren elementuren bat eta hiri-lurzoruan egin beharreko banakako egintzak. Goian aipatutako Lege horrek 26.2 artikuluan ezarritakoaren arabera, orduko Hirigintza, Etxebizitza eta Ingurumen sailburuari zegokion horretarako proposamena Jaurlaritzaren Kontseiluari aurkeztea.

Ondorioz, Lurralde Antolamendu eta Ingurumen sailburuaren proposamenez eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2005eko martxoaren 1ean egindako bilkuran aztertu ondoren, hauxe

XEDATU DUT:

Artikulu bakarra.– Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan eta Euskal Herriko Lurralde Antolamenduari buruzko Legearen 26.ean xedatutakoari jarraituz, "GI-3710 errepideko 1,590, 3,520 eta 4,560 kilometro-guneak zabaldu, hobetu eta pontoiak ordezteko proiektua (4-OF-35/2004)" burutzeko beharrezkoak diren ondasun eta eskubideak Gipuzkoako Foru Aldundiak lehenbailehen hartu beharrekoak direla deklaratzea. Berariaz hasiarazitako espedientean jasotako zerrendan daude zehaztu eta banakatuta ondasun eta eskubide horiek.

Vitoria-Gasteizen, 2005eko martxoaren 1ean.

Lehendakaria,

JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.

Lurralde Antolamendu

eta Ingurumen sailburua,

SABIN INTXAURRAGA MENDIBIL.


Azterketa dokumentala