Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

45. zk., 2005eko martxoaren 7a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Saila
1080

AGINDUA, 2005eko otsailaren 16koa, Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuarena eta Kultura sailburuarena, Euskadiko Gazteak Lankidetzan programarako aurtengo deialdia egiteko dena.

Euskal gazteen artean elkartasun balorea indartzeko eta kontuan hartuta Eusko Jaurlaritzaren Garapenerako Lankidetza Fondoak azken urteotan Hirugarren Munduko herriak garatzen laguntzeko bultzatu dituen lankidetza-jarduerak, egokitzat jo da 1993. urtean eratutako Euskadiko Gazteak Lankidetzan programari jarraipena ematea.

Euskadiko gazteak garapenerako elkarlanean sentsibilizatzea da aipatutako Programaren helburua. Jardunaldi honetan ere, Euskadiko gazteak lankidetza kontzeptura hurbil daitezen lortu nahian jarraitzen dugu, era berean, ekintza horiek nola burutzen diren bertatik ezagutzeko aukera emanez. Horretaz gainera, esperientzia hau informazio eta orientazio jardunaldi batzuen bidez zabaldu eta osatuko da.

Euskadiko Gazteak Lankidetzan deritzon programa garapenerako lankidetzaren arloari zein gazteria arloari lotuta dagoenez, zerikusia du bai Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailaren jardun arloekin, Garapen Lankidetzarako Zuzendaritzaren bidez, bai Kultura Sailaren jardun-arloekin, Gazteria eta Gizarte-Ekintza Zuzendaritzaren bidez. Beraz, ekitaldi honetan bidezko da sail biek batera jokatzea, programaren deialdia egiteko.

Horrenbestez,

XEDATU DUGU:

1. artikulua.– Helburua.

Agindu honen bitartez, 2005eko ekitaldian Euskadiko Gazteak Lankidetzan programarako dei egiten da, Euskal Autonomia Erkidegoko instituzioek eta gobernuz kanpoko erakundeek batera Hirugarren Munduko herrietan antolatzen dituzten lankidetza jardueretan batik bat elkartasun kultura susper dadin eta, aldi berean, bertan parte hartzeko modua ere arautzen da.

2. artikulua.– Zuzkidura.

Programa honek 2005eko ekitaldirako guztira duen gehieneko zenbatekoa 130.000 eurokoa da, eta EAEko 2005. urteko aurrekontu orokorretan berariaz ezarritako aurrekontu-ataletik aterako da. Zenbateko hori handitu egin ahalko da Agindu honen Xedapen Gehigarrian zehaztutakoaren arabera.

3. artikulua.– Bete beharreko baldintzak.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio orokorrak edo bere erakunde autonomiadunek onuradunari ezaugarri bereko beste laguntza edo diru-laguntzaren batzuk eman badizkiote eta horiek itzultzeko edo zigortzeko prozesuren bat oraindik ere izapidetzen ari bada, diru laguntzaren esleipena eta, hala badagokio, ordainketa egoera hori konpondu arte baldintzatua egongo da.

2.– Horrez gain, eskatzaileek ondorengo baldintzak ere bete behar dituzte:

a) 2005eko urtarrilaren 1a baino lehenagotik Euskal Autonomia Erkidegoan egoitza izatea edo, bestela, euskal izaera politikoa izatea, Autonomia Estatutuaren 7. artikuluan ezarritakoaren arabera.

b) Eskabidea aurkezteko unean 20 urtetik gorako adina izatea eta 2005eko abenduaren 31ra arte 31 urtetik beherakoa izatea.

c) Jarduera egingo den herrialdean hitz egiten duten nazioarteko hizkuntza menperatzea.

4. artikulua.– Eskabideak aurkezteko epea.

Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, Agindu hau ondorioak izaten hasten den egunetik hasita.

5. artikulua.– Eskabideak eta aurkeztu beharreko agiriak.

1.– Eskabideak Gazteria eta Gizarte-Ekintza zuzendariari zuzenduko zaizkio eta Lurralde Historikoetako Kulturako Lurralde Zerbitzuetan aurkeztuko dira (Donostia kalea 1, Vitoria-Gasteiz; Kale Nagusia 85, Bilbo; Andia kalea 13, Donostia-San Sebastián) zuzenean edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearena azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritako edozein bidetatik.

2.– Agindu honen eranskinean emandako eskabide-orri ofizialarekin batera, bertan aipatutako dokumentazioa aurkeztu beharko da.

6. artikulua.– Akatsak zuzentzea.

Gazteria eta Gizarte-Ekintza Zuzendaritzak eskabidean zerbait gaizki dagoela edo zerbait falta duela ikusten badu, hamar eguneko epea emango dio interesatuari akatsa zuzentzeko edo aurkeztu beharreko agiriak aurkezteko, eta ohartaraziko dio eskatutakoa ez betetzeak eskabideari uko egitea ekarriko duela. Uko-egite hori ebazpen baten bidez gauzatuko da.

7. artikulua.– Hautaketa Batzordea.

1.– Informazio eta orientazio aldian sartuko diren parte-hartzaileak proposatzeko eta, ondoren, azken hautaketa-proposamena egiteko, Hautaketa Batzordea eratuko da. Hautaketa Batzordeko kideak hauek izango dira:

– Kultura Saileko Gazteria eta Gizarte-Ekintza Zuzendaritzako Gazteria burua, edo berak izendatutako pertsona bat. Batzordeburua izango da eta, kalitate botoa izanik, azken hitza izango du boto berdinketa gertatuz gero.

– Lehendakaritzako Garapen Lankidetzarako Zuzendaritzako teknikari bate, Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Saileko Garapen Lankidetzarako zuzendariak izendatua.

– Euskadiko Gazteriaren Kontseiluko ordezkari bat, kontseiluak proposatua eta Kultura Saileko Gazteria eta Gizarte-Ekintza zuzendariak izendatua.

– Garapenerako lankidetza-programetan diharduten gobernuz kanpoko erakundeetako hamar ordezkari, gehienez, Kultura Sailak proposatuak eta Gazteria eta Gizarte-Ekintza zuzendariak izendatuak.

– Gazteria eta Gizarte-Ekintza Zuzendaritzako teknikari bat, idazkari gisa, Gazteria eta Gizarte-Ekintza zuzendariak izendatua; hitza izango du baina ez, ordea, botorik.

– Hautaketa Batzordeak, egoki iritziz gero, arlo horretako beste adituei ere eska diezazkieke aholkuak eta laguntza. Laguntzaile horiek, ordea, hitza bai baina ez dute boto eskubiderik izango.

2.– Batzordekideak abstenitu egingo dira edo ezetsi egin daitezke, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 28. eta 29. artikuluetan ezarritakoari jarraituz.

3.– Hautaketa Batzordeko osaera Gazteria eta Gizarte-Ekintza zuzendariaren berariazko ebazpen baten bitartez jakinaraziko da.

8. artikulua.– Balorazioa.

1.– Hautaketa Batzordeak, lehen aukeraketa proposatzerakoan, gehienez jota 170 parte-hartzaile aukeratuko ditu informazio eta orientazio aldirako, eta honako ezaugarri hauek baloratuko ditu:

a) Aurten egiten ari diren lankidetza jardueretarako egokienak izan daitezkeen titulazio akademikoak, lanbide ezagutzak eta bestelako ikasketak, %30 gehienez.

Nahiz eta lanbide bat edo bestea izatea baztertzailea ez den, hauek dira lankideek parte hartuko duten garapen proiektuetarako pertsona egokienak:

– informatikoak.

– ekonomilariak.

– kontulariak.

– medikuak.

– farmazialariak.

– erizainak.

– osasun-laguntzaileak.

– pedagogoak.

– begiraleak/gizarte-hezitzaileak.

– sistema-ingeniariak.

– industri ingeniariak.

– agronomoak.

– psikologoak.

– elebitasunean adituak diren hezitzaileak.

– albaitariak.

– tornulari mekanikoak.

– elektrikariak.

– arotzak.

– iturginak.

– gizarte langileak.

– diseinugile industrialak.

– nutrizionistak.

b) Garapenerako Lankidetzarekin zerikusia duten esperientziak eta jakintza-arloak, %20 gehienez.

c) Gobernuz kanpoko erakunde bateko kide izatea, %20 gehienez.

d) Gazte-elkarte batekoa zein helburu soziala duen beste erakunde bateko kide izatea, %30 gehienez.

Batzordeak, egoki iritziz gero, elkarrizketa pertsonala egin diezaieke hautagaiei aipatutako gai horiei buruz eta bakoitzak aurkeztutako dokumentazioaren arabera.

2.– Batzordeak gehienez bi hilabeteko epearen barruan egingo du aipatutako aurre-hautaketarako proposamena, eskabideak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita.

9. artikulua.– Jakinaraztea.

1.– Batzordeak egindako aurre-hautaketarako proposamena ikusita, Kultura Saileko Gazteria eta Gizarte-Ekintza zuzendariak Ebazpena emango du zazpi egun balioduneko epean, Batzordeak dagokion aurre-hautaketarako proposamenaren berri ematen dionetik hasita. Ebazpen horretan, informazio eta orientazio aldirako aurre-aukeratutako partaideen zerrenda emateaz batera, informazio eta orientazio aldi hori non eta noiz egingo den zehaztuko da.

2.– Aurre-aukeratutako pertsonei banan-banan eta berariaz horren berri jakinaraziko zaien arren, aukeratutakoen zerrenda Lurralde Historikoetako Kulturako Lurralde Zerbitzuetan jarriko da, 9.1. artikuluan Ebazpena emateko jarritako epea bukatzen denetik aurrera.

3.– Aurre-aukeraketa honetarako onartu ez diren eskabideak ezetsitzat joko dira.

10. artikulua.– Informazio eta orientazio aldia.

1.– Informazio eta orientazio aldian, garapen lankidetzari buruzko bi jardunaldi izango dira:

a) Lehen jardunaldian, aurre-aukeratutako pertsona guztiek parte hartuko dute.

b) Bigarren jardunaldian, berriz, bigarren hautaketan aukeratutako pertsona guztiek parte hartuko dute.

2.– Jardunaldietan parte hartzeak ekar ditzakeen ostatu- eta janari-gastuak, horrelakorik balego behintzat, Eusko Jaurlaritzak ordainduko ditu; kanpoan geratuko dira, ordea, partaideen bidaia gastuak.

11. artikulua.– Hautagaiak izendatzea.

1.– Lehen jardunaldia (aurre-aukeratutako pertsona guztiei zuzendua) bukatu eta zazpi egun balioduneko epean, Batzordeak beraren iritziz egokienak diren gazteak proposatuko dizkio Gazteria eta Gizarte-Ekintza zuzendariari. Gehienez, 100 gazte aukeratuko dira, beti ere aurrekontu-zuzkiduraren arabera. Batzordeak, gazte horiek aukeratzeko, batetik, jardunaldian izan duten errendimendua, eta, bestetik, gobernuz kanpoko erakundeek deialdi honetarako aurkeztutako lankidetza-ekintzetarako ezaugarri egokiak dituzten aintzat hartuko ditu, baita lankidetza-ekintza horietan parte hartzeko duten astia ere. Gazteria eta Gizarte-Ekintza zuzendariak izendatuko ditu, azkenik, Batzordeak aukeratutako gazteak, Batzordearen proposamena jaso eta 7 eguneko epean.

2.– Jarduera, ahal dela, uztailetik aurrera egingo da eta hiru bat hilabeteko iraupena izango du, salbu eta aparteko kasuetan, jardueraren tutore den GKE bakoitzarekin adostutako baldintzen arabera.

3.– Aukeratutako pertsonei, banan-banan, Gazteria eta Gizarte-Ekintza zuzendariaren Ebazpenaren berri emango zaien arren, aukeratutakoen zerrenda EHAAn argitaratuko da eta Lurralde Historikoetako Kulturako Lurralde Zerbitzuetan ikusgai jarriko, 11.1. artikuluan zehaztutakoari jarraituz Ebazpena emateko jarritako epea bukatzen denetik hasita.

4.– Epea igarota, Kultura Saileko Gazteria eta Gizarte-Ekintza zuzendariak berariazko ebazpenik eman ez badu, eskaria ezetsitzat jo ahal izango da, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 44. artikuluaren arabera.

12. artikulua.– Lankidearen konpromisoak.

Garapen lankidetzako jardueran parte hartzeko aukeratutako gazte bakoitzak, aldez aurretik, Gazteria eta Gizarte-Ekintza Zuzendaritzan aurkeztuko duen dokumentuan, honako hauek beteko dituela hitz emango du:

a) Hirugarren munduan esperientzia hasi aurretik, tutore den GKEak antolatutako prestakuntza fasean parte hartuko du.

b) Bete beharreko jarduerak eskatzen duen bizimodura moldatuko da.

c) Jarduera egin behar den herrialdean egongo da, esperientzia-aldia bukatu arte.

d) Osasunari dagokionez emandako aholku guztiak beteko ditu.

e) Esperientzia-aldia bukatu ondoren, balorazio txostena aurkeztuko du; bertan, bizi izandako jarduera nolakoa izan den eta nola burutu den azalduko du eta, aurrerantzean antolatzen diren beste proiektu batzuetarako, akatsak eta hutsuneak nola konpon daitezkeen zehaztuko du.

f) Aurtengo egitasmoa amaitu ondoren, esperientzia bakoitzaren eta programaren garapenaren ebaluazio-jardunaldietan parte hartuko du.

g) Urte betez, GKEek nahiz Eusko Jaurlaritzako Garapen Lankidetzarako Zuzendaritzak eta Gazteria eta Gizarte-Ekintza Zuzendaritzak antolatutako sentsibilizazio-jardueretan parte hartzeko prest egongo da.

13. artikulua.– Ordainduko diren gastuak.

Eusko Jaurlaritzak ordainduko ditu jarduera egin behar den herrialdeko Gobernuz Kanpoko Erakundearekin elkartu arteko bidaia-gastuak (joan-etorrikoak), herrialde horretara joateko behar den bisatua barne, baita hautatutako parte-hartzaileetako bakoitzaren gaixotasun eta istripuetarako asegurua ere.

Esperientzia bakoitzaz arduratzen den Gobernuz Kanpoko Erakundeak egindako proposamena eta bere baliabideak kontuan hartuta, jarduera-tokiko ostatu eta janari kontuak euren esku geratuko dira eta beren bitartekoen araberakoak izango dira, beti ere, kasuan kasu, horretarako izenpetuko diren Hitzarmenetan ezarritakoak errespetatuz. Gazteak, bere baliabideak kontuan harturik, ahal duen neurrian lagunduko du gastu horiei aurre egiten.

14. artikulua.– Arauak onartzea.

Esperientzia honetan parte hartzeak berau arautzen duten erregela guztiak onartzea dakar. Lankidearen partaidetza, batez ere, berari egokitutako proiektuan garatzen diren zereginetan gauzatuko da.

15. artikulua.– Baldintzak ez betetzea eta eskubideak galtzea.

Hautatutako pertsonetakoren batek Agindu honetan ezarritako baldintzak errespetatu ezean, bete gabetzat joko da Agindua eta, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuan, eta, hala badagokio, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan adierazitako prozedurari jarraituz, galdu egingo du zehaztutako onurak jasotzeko eskubidea eta Euskal Herriko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko dio bidaia- eta aseguru-gastuei dagokien diru-kopurua, baita horri dagozkion interes legalak ere.

16. artikulua.– Kudeaketa.

Agindu honen bidez sortutako programa kudeatzeko lanak Gazteria eta Gizarte-Ekintza Zuzendaritzari dagozkio.

17. artikulua.– Datu pertsonalen tratamendua.

Euskadiko Gazteak Lankidetzan programan parte hartzen duten gazteen datuak Gazteria eta Gizarte-Ekintza Zuzendaritzaren fitxategi automatizatu batean sartuko dira, ondoren erabili ahal izateko. Fitxategi hori Datu Pertsonalak Babesteko 15/1999 Lege Organikopean dago. Fitxategia Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak erabiliko du, bakarrik, berak sustatutako diru-laguntzak kudeatzeko. Aipatutako Lege horretan jasotzen den moduan, interesatuak bere datuak ikusi, zuzendu edo ezabatu ahal izango ditu, baita fitxategian ez sartzeko eskatu ere; horretarako, Gazteria eta Gizarte-Ekintza Zuzendaritzara idatzi beharko du (Donostia-San Sebastián kalea, 1 – 01010 Vitoria-Gasteiz), bera baita fitxategiaren arduraduna.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Eskatutako diru-laguntzen zenbateko osoa kontuan hartuta, 2. artikuluan ezarritako zenbateko globala aldatu ahal izango da, baldin eta Kultura Sailaren beste programa batzuk gauzatu ondoren aurrekontuetako izakinak agortu ez badira. Aldaketa hori eskabideei buruzko erabakia hartu aurretik egin beharko da. Gazteria eta Gizarte-Ekintza zuzendariaren ebazpen baten bitartez jakinaraziko da hori.

AZKEN XEDAPENAK

Lehena.– Administrazio-bidea agortzen duen agindu honen aurka interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Kultura sailburuari agindu hau argitaratzen den egunaren biharamunetik hasi eta hilabeteko epean edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, Administrazioarekiko Auzitarako Salan, agindu hau argitaratzen den egunaren biharamunetik hasi eta bi hilabeteko epean.

Bigarrena.– Agindu honek EHAAn argitaratzen den egunaren biharamunetik hasita izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2005eko otsailaren 16a.

Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburua,

JAVIER MADRAZO LAVÍN.

Kultura sailburua,

MIREN AZKARATE VILLAR.

ERANSKINA/ANEXO

EUSKADIKO GAZTEAK LANKIDETZAN PROGRAMAN PARTE HARTZEKO ESKABIDEA

SOLICITUD DE PARTICIPACIÓN EN EL PROGRAMA JUVENTUD VASCA COOPERANTE

1.– Datu pertsonalak/Datos personales:	

Abizenak/Apellidos:	

Izena/Nombre:	

NAN/DNI:	

Jaiotze-eguna/Fecha de nacimiento:	

Helbidea/Domicilio:	

Herria/Población:	

Posta-Kodea/Código Postal:	

Tel./Tfno.: 	

e-mail:	

Ohiko etxetik kanpo egotea espero baduzu, adierazi harremanetan jartzeko helbidea eta telefono zk./En el supuesto que preveas estar fuera del domicilio habitual, señala la dirección y n.º de teléfono de contacto:

Helbidea/Dirección:	

Tel./Tfno.:	

2.– Hizkuntzak/Conocimiento de idiomas:

Hizkuntza/Idioma	

Irakurri/Lee:	Erdizka/Regular n

Hitz egin/ Habla: 	Erdizka/Regular n

Idatzi/ Escribe:	Erdizka/Regular n

Hizkuntza/ Idioma	

Irakurri/Lee:	Erdizka/Regular n	

Hitz egin/ Habla:	Erdizka/Regular n	

Idatzi/ Escribe:	Erdizka/Regular n	

3.– Agirien bitartez egiaztatutako merituak/Méritos acreditados documentalmente:

a) Ikasketa-agiriak eta lanbide-prestakuntza/Formación académica y experiencia profesional:

• Titulazio akademikoa edo lanbide gaitasuna (Adierazi ikasketak amaitutako data)/Titulación académica o cualificación profesional (Indicar fecha de terminación de los estudios):	

• Informatikako ezaupideak/Conocimientos de informática:	

• Burututako beste ikasketa edo trebaketa-ikastaro batzuk/Otros estudios o cursos realizados:	

• Esperientzia profesionala (Adierazi eginiko lanak eta horien iraupena)/ Experiencia profesional (Indicar trabajos realizados y duración de cada uno de ellos):	

b) Garapen-lankidetzarekin zerikusirik duten esperientziak (Zehaztu)/ Conocimientos y experiencias relacionadas con la cooperación al desarrollo (Especificar):	

	

c) Gobernuz kanpoko elkarte bateko kide bazara edo/eta izan bazara (Adierazi zein elkartetan eta noiztik noiz arte parte hartu duzun, eta zein lan egin dituzun)/Pertenencia actual y/o anterior a organizaciones no gubernamentales (Señalar organizaciones, periodos de pertenencia y labores desarrolladas):	

	

d) Gazte-elkarteetako edo helburu soziala duten beste erakunde batzuetako kide izatea (Adierazi zein elkartetan eta noiztik noiz arte parte hartu duzun, eta zein lan egin dituzun)/Pertenencia a asociaciones juveniles u otras de finalidad social (Señalar asociaciones, periodos de actuación en ellas y labores desarrolladas):	

	

4.– Euskadiko Gazteak Lankidetzan programan parte hartzeko arrazoi pertsonalak/Motivación personal para participar en este programa Juventud Vasca Cooperante:	

	

• Programa honetako aurreko edizioetara aurkeztu zara/¿Te has presentado a alguna edición anterior de este programa?:

	Sí/Bai n

5.– Aintzakotzat dituzun beste hainbat datu/Otros datos que consideres de interés:	

	

	

• Eusko Jaurlaritzako Kultura Saileko Gazteria eta Gizarte-Ekintza Zuzendaritzak honako hau adierazi nahi dizu: eranskin honetan jarri dituzun datu pertsonalak, Datu pertsonalak babesteko 15/1999 Lege Organikopean dagoen fitxategi automatizatu batean sartuko ditugula, ondoren, erabili ahal izateko/La Dirección de Juventud y Acción Comunitaria del Gobierno Vasco le informa que sus datos personales obtenidos mediante la cumplimentación de estos documentos van a ser incorporados, para su tratamiento, en un fichero automatizado sujeto a lo dispuesto a la Ley Orgánica 15/1999, de Protección de Datos de Carácter Personal.

• Fitxategia Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak erabiliko du, bakarrik, berak sustatutako diru-laguntzak kudeatzeko/La finalidad de dicho fichero se circunscribe al uso exclusivo de la gestión de las ayudas promovidas por el Departamento de Cultura del Gobierno Vasco.

• Aipatutako Legean jasotzen den moduan, datuok ikusi, zuzendu edo ezabatu nahi dituzula edo ez duzula fitxategian sartzerik nahi adierazteko, Gazteria eta Gizarte-Ekintza Zuzendaritzara idatzi beharko duzu (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz), bera baita fitxategiaren arduraduna/Si lo desea, puede ejercitar los derechos de acceso, rectificación, cancelación y oposición, previstos por la Ley, dirigiendo un escrito a la Dirección de Juventud y Acción Comunitaria, responsable de dicho fichero: C/ Donostia-San Sebastián 1, 01010 Vitoria-Gasteiz.

HONAKO HAU ESKATZEN DU/SOLICITA:

Euskadiko Gazteak Lankidetzan programan parte hartzea/ Participar en el programa Juventud Vasca Cooperante.

ETA HITZ EMATEN DU/Y SE COMPROMETE:

Hautatua izanez gero, parte hartuko duela bai informazio eta orientazio aldian bai esperientzia praktikoan, Euskadiko Gazteak Lankidetzan programaren aurtengo deialdia egiteko Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuak eta Kultura sailburuak emandako Aginduaren arabera/A asistir tanto a la fase de información y orientación como a la experiencia práctica, caso de ser seleccionado/a, de acuerdo con lo dispuesto en la Orden del Consejero de Vivienda y Asuntos Sociales y de la Consejera de Cultura, por la que se convoca el programa Juventud Vasca Cooperante, para el año en curso.

Aurkeztu behar diren dokumentuak/Documentación a aportar:

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko udalen bateko erroldan dagoela egiaztatzen duen agiria/Certificado de empadronamiento en un municipio de la Comunidad Autónoma del País Vasco.

2.– NANaren fotokopia/Fotocopia del DNI

3.– Bi argazki/Dos fotografías

4.– Hizkuntzak menperatzen dituela frogatzeko egiaztagiriak/Certificados de conocimiento de idiomas

5.– Curriculum Vitae/Curriculum Vitae

6.– Aurkeztutako merituak frogatzeko dokumentuak edo egiaztagiriak (baloratzeko orduan, eskabide-orrian aipatu eta ondoren egiaztatutakoak bakarrik hartuko dira kontuan)/Documentación acreditativa de los méritos alegados (sólo se tomarán en consideración, a los efectos de valoración, aquellos méritos relacionados en la solicitud acreditados documentalmente).

Vitoria-Gasteiz, 2005eko otsailaren 16a.
En Vitoria-Gasteiz, a 16 de febrero de 2005.
Sinadura / Firma:

GAZTERIA ETA GIZARTE-EKINTZA ZUZENDARIA
ILMO. SR. DIRECTOR DE JUVENTUD Y ACCIÓN COMUNITARIA.

Azterketa dokumentala