Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

135. zk., 2004ko uztailaren 16a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Justizi Administrazioa

Barakaldoko Lehen Auzialdiko 5 Zenbakiko Epaitegia
3898

EDIKTUA, adostasunik gabeko banaketa bati buruzko 672/03 prozeduraren ondoriozkoa.

Barakaldoko Lehen Auzialdiko 5 zenbakiko Epaitegia (Bizkaia)

Judizioa: L2 672/03, adostasunik gabeko banaketa.

Alderdi demandatzailea: Ignacio Nieto Bravo.

Alderdi demandatua: Asunción Larrea Zabala.

Gaia: adostasunik gabeko banaketa.

Aipatu judizioaren gainean ebazpena hartu da. Hau dio hitzez hitz:

342 EPAIA

Barakaldon, bi mila eta lauko ekainaren bian.

Nik, Jose Gabriel Alvarez Lópezek, Barakaldoko Lehen Auzialdiko (Familia) 5 zenbakiko magistratu-epaile naizen aldetik, ikusi ditut 672/03 G autoak (adostasunik gabeko banaketa, PZLb). Begoña Barrueco Aguirre prokuradoreak, Ignacio Nieto Bravo jaunaren izenean eta ordez eta Clara Aguirrezabal Arana letratuak lagunduta, demanda bat aurkeztu du auzi-iheslari den Asunción Larrea Zabala andrearen aurka, eta demanda horren ondorioz izapidetu dira, hain justu, aipatu autoak. Fiskaltzak parte hartu du. Erregearen izenean eta Konstituzioak ematen dizkidan ahalmenez baliatuz, ondoko epaia eman dut.

EPAITZA

Baietsi egin dut Begoña Barrueco Aguirre prokuradoreak Ignacio Nieto Bravo jaunaren izenean eta ordez aurkeztu duen banaketa-demanda, Asunción Larrea Zabala andrearen aurkakoa. Hori dela eta, auzilarien arteko banaketa agintzen dut, zeinak legezko ondorio guztiak izango baititu. Neurriei dagokienez, bestalde, honako hauek erabaki ditut:

a) Ezkontideak banatuta bizi daitezke, eta bertan behera uzten da ezkontzako elkarbizitzaren presuntzioa.

b) Errebokatuta geratzen dira ezkontideek elkarri emandako baimenak eta ahalak, eta bertan behera uzten da etxe-ahalaz baliatuaz beste ezkontidearen ondasun pribatiboak lotetsi ahal izateko aukera.

c) Aitari izendatu zaio Jasone eta Iñaki adingabekoen zaintza eta babespea. Guraso-ahala, berriz, aitak eta amak edukiko dute. Amarentzako bisita-erregimena amak eta seme-alabek erabakitzen dutena izango da.

d) Aitari eta seme-alabei izendatu zaizkie ezkontza-egoitzaren erabilera eta gozamena (Martín Vallecilla kalea, 10 zk., etxabea, eskuma) eta etxeko hornidura. Emazteak bere gauzak eta tresnak atera ahal izango ditu etxebizitzatik —aterata ez baditu—, inbentarioa egin ondoren.

e) Deuseztatuta geratzen da irabazizko sozietatea.

Ez da kosturik ezarriko.

Epai hau irmoa denean eman testigantza, eta bidali Santurtziko Erregistro Zibilera, dagokion idazpena egiteko.

Epai honen berri eman alderdiei, eta jakinarazi ez dela irmoa eta horren aurka apelazio-errekurtsoa aurkez dezaketela: epaitegi honetan aurkeztu beharko dute, bost eguneko epean. Probintzia Auzitegia arduratuko da errekurtsoaz.

Eta epai honen bitartez, erabaki, agindu eta sinatzen dut.

Argitalpena.– Epaiari dagokion egunean, jendaurreko entzunaldia egiten ari zelarik, epaia eman zuen epaile magistratu berberak eman, irakurri eta argitaratu zuen. Eta nik, idazkari naizenez, horren guztiaren fede ematen dut.

Alderdi demandatuak egun helbidea edo bizilekua non duen ez dakigunez gero, epaileak erabaki du ediktu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea, epaia jakinarazteko eginbidea gauzatzeko. Hala agintzen da Prozedura Zibilari buruzko 1/2000 Legearen 156.4 eta 164. artikuluetan.

Barakaldon (Bizkaia), bi mila eta lauko ekainaren hiruan.

IDAZKARI JUDIZIALA.


Azterketa dokumentala