Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

135. zk., 2004ko uztailaren 16a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Xedapen Orokorrak

Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
3889

AGINDUA, 2004ko ekainaren 10ekoa, Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuarena, Industria, Merkataritza eta Turismo Sailak kudeaturiko datu pertsonalen fitxategiak arautzen dituena.

1996ko uztailaren 12ko Aginduak, Industria, Nekazaritza eta Arrantza sailburuarenak, Industria, Nekazaritza eta Arrantza Sailak kudeaturiko datu pertsonalekin automatizaturiko fitxategiak arautu zituen.

Merkataritza, Kontsumo eta Turismo sailburuaren 1998ko urriaren 9ko Aginduaren bitartez Merkataritza, Kontsumo eta Turismo Sailean zeuden datu pertsonalak zituzten fitxategi automatizatuak arautu ziren.

Adierazitako xedapenak 5/1992 Lege Organikoaren —urriaren 29koa, datu pertsonalen tratamendu automatizatuari buruzkoa, datu pertsonalak babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoak indargabeturikoa— babespean eman ziren.

Datu pertsonalak babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoaren 20.1 artikuluak xedatzen duenez, Herri Administrazioetako fitxategiak sortu, aldatu edo ezabatzeko aukera xedapen orokorraren bitartez soilik egin ahal izango da, BOEn edo dagokion Aldizkari Ofizialean argitaraturiko xedapenez. Artikulu bereko 3. paragrafoan zehazten denez, fitxategiak ezabatzeko ematen diren xedapenetan ezarriko da haiekin zer egin edo, hala badagokio, haiek suntsitzeko hartuko diren neurriak. Era berean, arau bereko 39.2.a) artikuluak xedatzen duenez, Herri Administrazioak haien titular diren fitxategiak Datuak Babesteko Erregistro Nagusian erregistratuko dira. Azkenik, Lege honen Lehenengo Xedapen Gehigarriak titulartasun publikoko fitxategien ardura duten Herri Administrazioak fitxategiak arautzeko aldez aurretik zeuden xedapenak adierazitako Lege Organikora egokitu beharra ezartzen du.

Abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoak honakoa ere ezartzen du: adierazitako agentziari esleituriko eginkizun gehienak autonomia erkidego bakoitzeko organoek baliatuko dituzte, Autonomia Erkidegoek eta euren lurralde-eremuko tokiko Administrazioak sorturiko edo kudeaturiko datu pertsonalen fitxategiak eraginpean hartzen dituztenean.

2004ko martxoaren 4an argitaratu da 2/2004 Legea, otsailaren 25ekoa, Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzkoa.

Adierazitako otsailaren 25eko 2/2004 Legearen 4.1 artikuluak ezartzen duenez fitxategia adskribatuta dagoen saileko titularraren aginduaren bitartez sortu, aldatu edo ezabatuko dira Autonomia Erkidegoko Administrazioaren fitxategiak; Aginduak indarrean dagoen legeriak eskaturiko guztiak bildu beharko ditu, eta "Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian" argitaratuko da. Xedapen orokorrak lantzeko aurreikusitakoa izango da Agindu hori lantzeko prozedura.

Otsailaren 25eko 2/2004 Lege horren Lehenengo Xedapen Gehigarriak adierazten duenez, Lege honetako 2.1) artikuluak aipatzen dituen herri-administrazioek, erakundeek eta udalbatzek Datuak Babesteko Euskal Agentziari jakinaraziko dizkiote euren titulartasunekoak izaki eta Agindu hartako adierazitako datu pertsonalen fitxategiak zein diren. Aldez aurretik, dagokion fitxategiaren xedapen arautzailea onartuta eta argitaratuta behar dute izan.

Lehendakariaren uztailaren 16ko 7/2001 Dekretuak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatu zituen, eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatu zituen, Administrazioaren sailen egitura berriz antolatzeko. Bestalde, urriaren 16ko 223/2001 Dekretuak Industria, Merkataritza eta Turismo Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezarri du.

Batez ere Industria, Merkataritza eta Turismo Sailaren egitura organiko eta funtzional hau dela-eta, urriaren 16ko 223/ 2001 Dekretuaren bidez onarturikoa, horrek dakartzan antolamendu-arloko aldaketa eta egokitzapenekin, zenbait fitxategi ez-operatibo ezabatzeko premia sortu da, orduan zeuden beste fitxategiak bateratzeko, tratamendu informatiko bateratua eskatzen duten xede osagarriei erantzuteko, eta fitxategi pertsonal automatizatu berriak gaineratzeko, aplikazio informatiko berriak ezarri izanaren ondoriozkoak, Industria, Merkataritza eta Turismoa Sail honek planteatuta dituen kudeaketa-premiei erantzuteko moduan.

Bestalde, adierazitako 5/1992 Lege Organikoak —abenduaren 13koak, Datu Pertsonalak babesteari buruzkoak— zenbait egokitzapen egitera behartzen du jada arauturiko fitxategiei dagokionez; izan ere, batetik, herritarrei zirkunstantzia jakinetan euren datuak tratatzeko aukerari aurka egiteko eskubidea aintzat hartzen zaie, eta eskubide hori fitxategia sortzeko xedapen orokorraren gutxieneko edukitzat hartu behar da kontuan baliatzeko, berresteko eta indargabetzeko eskubideekin batera; eta, bestetik, arestian adierazitako 15/1999 Lege Organikoaren 20.2 artikuluak hirugarrenei aurreikusitako datu lagapen edo eskualdatzeak aipatzera behartzen du, baita horiek integratuko diren fitxategien segurtasun-maila ere; gai horiek berritasun garrantzitsuak dira haiek arautzeari dagokionez.

Horrenbestez, Agindu honen bitartez aurreko Agindutan arautzen ziren zenbait Agindu ezabatzen dira; datu pertsonalak babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikora egokitzen dira jada arauturiko fitxategien edukiak, eta beste zenbait sortzen dira; horien artean barne hartzen dira EAEko Administrazio Orokorrak babesturiko Merkataritza eta Industria Ganbera Ofizialen erantzukizun publikoko fitxategiak.

Hori dena kontuan izanik, honako hau

EBATZI DUT:

1. artikulua.– Aplikazio-eremua.

1.– Industria, Merkataritza eta Turismo Sailean dauden datu pertsonalak dituzten fitxategiak eta EAEko Administrazio Orokorrak babesturiko Merkataritza eta Industria Ganbera Ofizialen fitxategi publikoak zerrendatzen dira Agindu honen Eranskinean.

2.– Datu pertsonalak babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoaren 20.2 artikuluari jarraiki, honako hauek adierazi eta finkatuko dira Agindu honen Eranskinean: fitxategien xedeak eta haietarako aurreikusitako erabilerak; datu pertsonalak zein pertsonari edo talderi buruz lortu daitezkeen edo zeintzuk eman behar dituzten nahitaez; datuak biltzeko prozedurak; fitxategien oinarrizko egiturak; aurreikusitako datu-lagapenak, fitxategi, zerbitzu edo unitateen ardura duten Administrazioaren organoak, horietan baliatzeko, zuzentzeko, indargabetzeko eta aurka egiteko eskubideak gauzatu ahal izango direla; fitxategi bakoitzari dagozkion segurtasun neurriak oinarrizko mailakoak, erdi-mailakoak edo goi-mailakoak ote diren bilduta

2. artikulua.– Fitxategiak ezabatzea.

Honako datu pertsonaleko fitxategi hauek ezabatuko dira:

1) Industria, Nekazaritza eta Arrantza Sailarenak.

1.– "Aurrekontu-kudeaketa eta ordaintzeko funtsak", Zerbitzu Orokorretako Zuzendaritzaren erantzukizunpean: Eusko Jaurlaritzaren fitxategietan integratzen da informazioa.

2.– "Langileen Datu Basea", Zerbitzu Orokorretako Zuzendaritzaren erantzukizunpean: Eusko Jaurlaritzaren fitxategietan integratzen da informazioa.

3.– "Laguntzen Datu Basea", Zerbitzu Orokorretako Zuzendaritzaren erantzukizunpean: Eusko Jaurlaritzaren fitxategietan integratzen da informazioa.

4.– "Sozietate Publikoak", Zerbitzu Orokorretako Zuzendaritzaren erantzukizunpean: Ogasun eta Herri Administrazio Sailaren fitxategietan integratzen da informazioa.

5.– "B.D. Aparatuen Segurtasuna", Lurralde Bulegoen erantzukizunpean: "B.B. Aparatuen eta Instalazioen Segurtasuna" fitxategian integratzen da, Industria eta Meategiak Administratzeko Zuzendaritzaren erantzukizunpean.

6.– "B.C. Instalazioen Segurtasuna" Lurralde Bulegoen erantzukizunpean: B.D. Aparatu eta Instalazioen Segurtasuna" fitxategian integratzen da, Industria eta Meategiak Administratzeko Zuzendaritzaren erantzukizunpean.

7.– "Instalatzaile Baimena eta DCE" Lurralde Bulegoen erantzukizunpean: "Enpresa Instalatzaileak" fitxategian integratzen da, Industria eta Meategiak Administratzeko Zuzendaritzaren erantzukizunpean.

8.– "B.C. Enpresa Baimenduak. ENICRES" Lurralde Bulegoen erantzukizunpean: "Enpresa Instalatzailea" fitxategian integratzen da, Industria eta Meategiak Administratzeko Zuzendaritzaren erantzukizunpean.

2) Merkataritza, Kontsumo eta Turismo Sailarenak:

1.– "Langileak", Zerbitzu Orokorretako Zuzendaritzaren erantzukizunpean Eusko Jaurlaritzaren fitxategietan integratzen da informazioa.

2.– "Erregistroa", Zerbitzu Orolkorretako Zuzendaritzaren erantzukizunpean Eusko Jaurlaritzaren fitxategietan integratzen da informazioa.

3.– "Bekak", Kanpo Merkataritza Sustatzeko eta Lankidetza Ekonomikoko Zuzendaritzaren erantzukizunpean "L-21 FORM" fitxategian integratzen da, Kontsumo Zuzendaritzaren erantzukizunpean.

4.– "Kontsumo Ikastaroetako Txostengileak" Kontsumo Zuzendaritzaren erantzukizunpean: "L-21 FORM" fitxategian integratzen da, Kontsumo Zuzendaritzaren erantzukizunpean.

5.– "Kontsumoko Arbitraje Elkargoetako Kideak", Kontsumo Zuzendaritzaren erantzukizunpean: "Kontsumoko Arbitraje Batzordeko Informazio Sistemak" fitxategian integratzen da, Kontsumo Zuzendaritzaren erantzukizunpean.

6.– "Kontsumo Aldizkariaren Doako Harpidedunak", Kontsumo Zuzendaritzaren erantzukizunpean Informazioa ezabatu da.

7.– "Alojamenduak.ZuzHote.ZuzPent.ZuzOst.ZuzNek", Kontsumo Zuzendaritzaren erantzukizunpean: "J-69 Turismoa Antolatzeko Datu Basea" fitxategian integratu da, Turismoa Antolatzeko Zuzendaritzaren erantzukizunpean

8.– "Goi-karguak", Turismo Zuzendaritzaren erantzukizunpean: "Q-07 Turismo Erakundeen Direktorioa" fitxategian integratu da, Turismoa Antolatzeko Zuzendaritzaren erantzukizunpean

9.– "Turismo Bulegoak.Ofturism", Turismo Zuzendaritzaren erantzukizunpean: "Q-07 Turismo Erakundeen Direktorioa" fitxategian integratu da, Turismoa Antolatzeko Zuzendaritzaren erantzukizunpean

10.– "Helbide Agenda. TurisEsk. OstEsk. BidaiaAg. Prentsa", Turismo Zuzendaritzaren erantzukizunpean: "Q-07 Turismo Erakundeen Direktorioa" fitxategian integratzen da, Turismoa Antolatzeko Zuzendaritzaren erantzukizunpean

11.– "Udalak", Turismo Zuzendaritzaren erantzukizunpean: "Q-07 Turismo Erakundeen Direktorioa" fitxategian integratzen da.

12.– "Hipika", Turismo Zuzendaritzaren erantzukizunpean: Q-07 Turismo Erakundeen Direktorioa" fitxategian integratzen da, Turismoa Antolatzeko Zuzendaritzaren erantzukizunpean.

3. artikulua.– Segurtasun eta kudeaketa neurriak.

Fitxategi bakoitzaren organo arduradunen titularrek fitxategi horiek erabiltzeko aukera bermatzeko beharrezko neurriak hartuko dituzte, zertarako sortu zituzten eta datu pertsonalen segurtasuna kontuan izanda, betiere haiek aldatzea, galtzea edo baimenik gabe tratatu eta baliatzea saihesteko moduan; abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan aintzat harturiko bermeak, betebeharrak eta eskubideak, eta haien garapen-arauak, gauzatzeko beharrezkoak diren neurriak ere hartu beharko dituzte.

4. artikulua.– Fitxategien eta datu-lagapenen xedea.

1.– Agindu honen xede diren fitxategiak estatistiketarako erabiliko dira, bakoitzerako Eranskinean adierazitako xedeetarako baliagarriak izateaz gain.

2.– Fitxategietako datuak Herri Administrazioen estatistika zerbitzuei utzi ahal izango zaizkie antolamendu juridikoan agindutako funtzioak betetzeko, baita eskumen edo atribuzio berak baliatzen dituzten bestelako Herri Administrazioei ere.

5. artikulua– Datuak tratatzeko zerbitzuak ematea.

Industria, Merkataritza eta Turismo Sailaren, edo EAEko Administrazio Orokorrak babesturiko Merkataritza eta Industria Ganbera Ofizialen kontura datu pertsonalak tratatzeko zerbitzuak ematen dituztenek aginduriko eginkizunak beteko dituzte tratamenduaren arduradunaren argibideei jarraiki, eta horrela jasoko da horretarako egiten den kontratuan; ezin izango dira bestelako xederako aplikatu edo erabili, ezta beste inori jakinarazi ere —ezta datuak gordetzeko bada ere—, abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoaren 12. artikuluan xedaturikoari jarraiki.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Araudi hau indarrean jartzen denean indargabeturik geratuko dira bertan ezarritakoari aurka egiten dioten maila bereko edo beheragoko mailako xedapen guztiak, eta batez ere honako hauek:

1996ko uztailaren 12ko Aginduak, Industria, Nekazaritza eta Arrantza sailburuarenak, Industria, Nekazaritza eta Arrantza Sailak kudeaturiko datu pertsonalekin automatizaturiko fitxategiak arautu zituen. (1996ko irailaren 9ko EHAA, 173. zk.).

Merkataritza, Kontsumo eta Turismo sailburuaren 1998ko urriaren 9ko Aginduaren bitartez Merkataritza, Kontsumo eta Turismo Sailean zeuden datu pertsonalak zituzten fitxategi automatizatuak arautu ziren (1998ko azaroaren 2ko EHAA, 208. zk.).

AZKEN XEDAPENAK

Lehena.– Industria, Merkataritza eta Turismo Sailaren Zerbitzu Zuzendaritzak, Industria, Merkataritza eta Turismo Sailaren titulartasunekoak diren fitxategiei dagokienez, eta Merkataritza eta Industria Ganbera Ofizialek, euren titulartasuneko fitxategi publikoei dagokienez, Datuak Babesteko Euskal Agentziari jakinaraziko dizkiote Agindu honen Eranskinean bilduriko datu pertsonalen fitxategiak, horiek Datuak Babesteko Erregistroan erregistratzeko, eta xedapen honek ezabaturiko fitxategien erregistroa indargabetzeko.

Bigarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2004ko ekainaren 10a.

Industria, Merkataritza eta Turismo Sailburua,

ANA AGUIRRE ZURUTUZA.

Ale Gehigarri bereizian argitaratzen da
aipaturiko Eranskina
(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala