Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

130. zk., 2004ko uztailaren 9a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Justizi Administrazioa

Bilboko Lehen Auzialdiko 9 Zenbakiko Epaitegia
3742

EDIKTUA, 848/02 prozedura arruntaren ondoriozkoa.

JAKINARAZPEN ZEDULA

Bilboko Lehen Auzialdiko 9 zenbakiko Epaitegian (Bizkaia), L2 848/02 prozedura arrunta bideratu da (N01, judizio arrunta), Salgo SL sozietateak eskatuta, Lur Maitia SL sozietatearen aurka. Prozedura horren gainean epaia eman da. Hona hemen idazpurua eta epaitza, kopiatuta, eta akats bat zuzentzeko autoaren xedapen-zatia:

EPAIA

Epailea: Beatriz Hilinger Cuellar andrea.

Lekua: Bilbao (Bizkaia).

Eguna: bi mila eta lauko martxoaren hogeita laua.

Alderdi demandatzailea: Salgo SL

Abokatua: Rafael Perez Jimenez jauna.

Prokuradorea: Pedro Carnicero Santiago jauna.

Alderdi demandatua: Lur Maitia SL, auzi-iheslaria bera.

Judizioaren gaia: 3.921,62 euro erreklamatzea; kontzeptua: demandatuak eskatuta Okendon egindako itxiera-obrak ordaintzea.

EPAITZA

Osorik baietsi dut Carnicero prokuradoreak Saigo SL sozietatearen ordez aurkeztu duen demanda, Lur Maitia SL sozietatearen aurkakoa. Beraz, demandatzaileari honako hauek ordaintzera kondenatzen dut demandatua: 3.921,62 euro eta ebazpen honen egunetik aurrera sortzen diren legezko interesak, bi puntuz gehituta. Sortutako kostuak auzi-jartzaileari ezartzen dizkiot.

Inpugnatzeko modua: apelazio-errekurtsoa, Bizkaiko Probintzia Auzitegian (Prozedura Zibilari buruzko Lege berria, 455. artikulua).

Errekurtsoa epaitegi honetan aurkeztutako idazki baten bitartez egin beharko da, ediktu hau argitaratu eta hurrengo egunetik harako bost egun balioduneko epearen barruan. Errekurtso horretan, bestalde, honako hauek adierazi beharko dira: zein ebazpen apelatzen den, errekurritzeko nahia eta zein erabaki inpugnatzen den (PZLb, 457.2 artikulua).

Eta epai honen bitartez erabaki, agindu eta sinatu dut.

AUTOA

Epailea: Beatriz Hilinger Cuellar andrea.

Lekua: Bilbao (Bizkaia).

Eguna: bi mila eta lauko maiatzaren hogeita seia.

XEDAPEN ZATIA

Martxoaren 24ko epaian egindako akatsa zuzendu egin da. Bigarren oinarri juridikoan hau dio: "Horri lotuta, demandatzaileak demanda-idazkiarekin batera albaran bat aurkeztu du (1. agiria), 2001eko abenduaren 4ko data duena; hor, demandatzaileak egindako itxiturak deskribatzen dira (guztira 649.009 pezetakoak), demandatzaileari bidali eta entregatutakoak; halaber, kontzeptu horiengatik egindako ordainagiria, 2001eko abenduaren 14an egindakoa, aurkeztu da (demandako 2. agiria)." Hor "demandatuari" jarri behar luke.

Halaber, epairen epaitzan hau jartzen du hitzez hitz:"Sortutako kostuak demandatzaileari ezartzen dizkiot". Baina honela behar du:"Sortutako kostuak demandatuari ezartzen dizkiot".

Ebazpen hau Epaien Liburuan sartu eta auto nagusien testigantza bidali.

INPUGNATZEKO MODUA:

Auto honen kontra ez dago errekurtsorik aurkezterik. Hala ere, behar izanez gero, badago jatorrizko ebazpenaren aurka aurkezterik; jakinarazpenean adierazi zen zein errekurtso aurkez daitekeen (Botere Judizialari buruzko Lege Organikoa, 267.7 artikulua).

Aurreko atalean aipatzen diren errekurtsoak aurkezteko epeak eten egingo dira ebazpena zuzentzeko eskabidea aurkezten bada; dena den, auto hau jakinarazten den egunaren hurrengo egunetik aurrera zenbatu beharko dira (Botere Judizialaren Lege Organikoa 267.8 artikulua).

Epaileak ebatzi eta sinatu du. Fede ematen dut.

Demandatuari, Lur Maitia SL sozietateari, legez jarritako moduan jakinarazteko egin dut ediktu hau, Bilbon (Bizkaia), bi mila eta lauko maiatzaren hogeita seian.

IDAZKARIA.


Azterketa dokumentala