Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

130. zk., 2004ko uztailaren 9a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Xedapen Orokorrak

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila
3728

AGINDUA, 2004ko ekainaren 28koa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuarena. Agindu honen bidez, 2004-2005 ikasturtean unibertsitateko ikasketa-zerbitzuengatik ordaindu beharreko prezioak finkatzen dira.

Unibertsitateen abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoaren 81.3.b) puntuak dioenez, titulu ofizialak lortzeko diren ikasketen kasuan, Autonomi Erkidegoak finkatuko ditu zerbitzu akademikoei dagozkien prezio publikoak, beti ere Unibertsitatea Koordinatzeko Kontseiluak ezarritako mugen barruan. Gainontzeko ikasketetarako, berriz, Gizarte Kontseiluak finkatuko ditu.

Otsailaren 25eko 3/2004 Legeak, Euskal Unibertsitate Sistemari buruzkoak, 95. eta 96. artikuluetan arautzen ditu zerbitzu akademikoei eta gainontzekoei dagozkien prezio publikoak. Horretaz gainera, prezio publikoak izango direla eta tasa eta prezio publikoei buruzko araudiak xedatzen duenaren arabera funtzionatuko dutela adierazten da.

Maiatzaren 29ko 13/1998 Legeak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren tasa eta prezio publikoei buruzkoak, bere 177-182. artikuluetan, prezio publiko horien ezartzea zein irizpide orokorri atxikiko zaion arautzen du. Lege horren II. eta III. Tituluak ekainaren 7ko 5/2000 Ebazpenaren bidez eguneratu dira. Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariaren ebazpen horrek argitara ematen du testu eguneratu horren argitaratzea agintzen duen Jaurlaritzaren Kontseiluaren Erabakia.

Uztailaren 21eko 161/1998 Dekretuak zehazten ditu Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak eta horren erakunde autonomiadunek kobratu ahal izango dituzten zerbitzuak eta jardunak. Horretaz gain, Dekretu horren bigarren artikuluak ezartzen du Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Sailek eta horren erakunde autonomoek prezio publikoak kobratu ahal izango dituztela Dekretu horren eranskinean aipatzen diren zerbitzu eta jardunengatik; aldi berean, Dekretu horren hirugarren artikuluak ezartzen du Ogasun eta Administrazio Sailari txosten loteslea eman beharko zaiola prezio publikook finkatzeko edo aldatzeko, dagokion Saileko sailburuaren aginduz edo eskuratu behar dituen erakunde autonomoa hari atxikita dagoeneko Saileko sailburuaren aginduz.

Horretarako, uztailaren 21eko 161/1998 Dekretuaren eranskinaren zazpigarren idatz-zatiak ezartzen du Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak prezio publikoak kobratu ahal izango dituela ofizialtasuna duten tituluak lortzeko Euskal Herriko Unibertsitateak ematen dituen goi mailako hezkuntzako zerbitzu publikoengatik.

Otsailaren 25eko 3/2004 Legeak 39.1.a.) artikuluan arautzen ditu prezio publikoak ordaintzetik erabat salbuesten duten egoerak, hots,ohore eta lehen mailako familia ugariko ikasleen, kideren bat elbarria duten familietako ikasleen eta terrorismoaren biktimen eta beren senideen kasuan.

Bestalde, azaroaren 18ko 40/2003 Legeak, Familia Ugariak Babesteari buruzkoak, xedatutakoaren arabera, familia ugarietako kideek onura batzuk izango dituzte hezkuntzaren eremuko erregimen, maila eta ziklo guztietan.

Irailaren 24ko 214/2002 Dekretuak Terrorismoaren Biktimentzako Laguntzen Programa arautzen du. Bere 9. artikuluan ezartzen duenez, ekintza terroristaren biktimek, euren ezkontideek, seme-alabek edo biktima horiek ekintza terrorista gertatu baino lehen legez umeordetzat hartutakoek ez dute inolako ordainketa publikorik egin beharrik izango Euskal Autonomia Erkidegoko irakaskuntza-maila guztietako ikastetxe publikoetan unibertsitateko ikasketa-zerbitzuak jasotzeagatik.

Abenduaren 23ko 322/2003 Dekretuak, Euskal Herriko Unibertsitateko Estatutuak onartzen dituenak, 96. artikuluan xedatutakoaren arabera, % 33ko edo gehiagoko elbarritasuna, horretarako eskuduntzak dituen erakunde batek emandakoa, duten ikasleei erabat salbuetsiko zaie tasak ordaintzetik unibertsitate-tituluak lortzera bideratutako ikasketetan.

Irailaren 26ko 190/2000 Dekretuak Euskal Herriko Unibertsitatean ematen diren titulazioen esperimentazio-mailak zehaztu, eta maila horiek 7tik 4ra jaitsi ditu.

Urriaren 29ko 250/2002 Dekretua, Espezializazio Didaktikoko Lanbide-Titulua lortzera bideratutako Kualifikazio Pedagogikoko Ikastaroaren ezarpena arautzen duena, garatuz, Unibertsitate eta Ikerketa Sailburuordeak 2004ko urtarrilaren 27ko Ebazpena eman zuen, Euskal Herriko Unibertsitateak aurkeztutako Espezializazio Didaktikoko Lanbide-Tituluaren aldi akademikoa homologatzen duena.

Abuztuaren 1eko 1044/2003 Errege Dekretuak arautzen du tituluaren gehigarri europarra emateko unibertsitateek erabili behar duten prozedura. 7.5. artikuluan xedatutakoaren arabera, Autonomia Erkidegoek zehaztuko dituzte aipatutako gehigarria emateagatik ordaindu beharreko prezio publikoak, abenduaren 21eko 6/2001 Legeak, Unibertsitateei buruzkoak, 81.3.b) artikuluan xedatutakoaren arabera.

Unibertsitatea Koordinatzeko Kontseiluko Koordinazio eta Plangintza Batzordearen 2004ko ekainaren 21eko saioan hartutako erabakian xedatutakoaren esparruan, eta ekonomi eta finantza-txostenean proposatutakoaren arabera, agindu honen bidez finkaturik geratzen dira Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko ikasleek goi-mailako irakaskuntzako zerbitzu publikoaren truke ordaindu behar dituzten zenbatekoak. %4,5eko gehikuntza ezarri zaio iazko ikasturteko prezioen aldean.

Horiek guztiak direla eta, hau

AGINDU DUT:

1. artikulua.– Titulu ofizialak eta unibertsitatearen tituluak.

1.– Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatean titulu ofizialak lortzeko goi-mailako hezkuntzako zerbitzu publikoaren truke 2004-2005 ikasturtean ordaindu beharreko prezioak eranskinetako tarifetan adierazitakoak dira.

2.– Unibertsitatearen tituluak lortzeko diren unibertsitate-ikasketen prezioak, Gizarte Kontseiluak finkatuko ditu.

2. artikulua.– Eraberritu ez diren irakaskuntzak.

1.– Kreditu-sistemaren bidez egituratuta ez dauden irakaskuntzen kasuan, ikasturte osoaren prezioa I. eranskinean adierazitakoa da.

2.– Irakasgai solteentzat finkatutako prezioaren zenbatekoa ikasturte osoko prezioaren araberakoa izango da. Zenbateko hori honela kalkulatuko da: ikasturte osoak (aurreneko matrikula, bigarrena, hirugarrena edo ondorengoren bat) balio duen zenbatekoa eta I. eranskineko a) eta b) tarifak zatituko dira irakasgaiari dagokion ikasturteko urteko irakasgaien kopuruarekin.

3.– Irakasgaika ordaintzen bada, bi irakasgai-mota bereiziko dira: urtekoak eta lauhilabetekoak. Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateak sailkatuko ditu irakasgaiak. Lauhilabeteko irakasgaiei urteko irakasgaien prezioaren zenbatekoaren erdia aplikatuko zaie.

4.– Matrikularen zenbatekoa kalkulatutakoan, hala badagokio, ohorezko matrikulei dagozkien hobariak kenduko zaizkio zenbateko horri.

3. artikulua.– Kreditu-sistemaz egituratuta dauden irakaskuntzak.

1.– Gai edo irakasgaien zenbatekoa (ikasleak aukeratzeko gaiak edo irakasgaiak direnak izan ezik) kalkulatzeko, kreditu bakoitzaren prezioa (irakaskuntzen esperimentazio-mailaren arabera eta II. eta III. eranskinetan ezarritakoa kontuan hartuta), irakasgaiari izendatutako kreditu-kopuruarekin biderkatuko da.

2.– Ikasleek berek aukeratuko dituzten gaien kredituak, aukeratutako gaien titulaziorako ezarritako tarifaren arabera ordainduko dira.

3.– Unibertsitateak ikasleari aukera ditzan eskaintzen dizkion eta helburu horretarako bereziki sortu dituen gaien kasuan, ikasleak lortu nahi duen titulazioari dagozkion prezioak aplikatuko dira.

4.– Hautaketa libreko kredituak amortizatzeko Unibertsitateak onartu bai baina Unibertsitateko ikasketa-planekin bat ez datozen jarduerei, ikasleak lortu behar duen titulazioaren arabera, horri legokiokeen zenbatekoaren %25 aplikatuko zaie.

5.– Campus Birtualean emandako kredituei 1. esperimentaltasun mailari dagozkion prezioak aplikatuko zaizkie, lortu nahi den titulazioaren gorabehera.

6.– Doktoretza-programen kasuan, kredituaren prezioa III. eranskinean agertzen dena izango da. Dagokion sailak doktoretza-tesiaren proiektua onartutakoan, ikasleak, urtero, IV. eranskinean adierazitako prezioa ordaindu beharko du tutoretzaren truke.

7.– Nolanahi ere, kredituak baliokidetasuna dela eta onartzen direnean, proba bat gaindituz kredituak lortzeko bidea ematen duten irakaskuntzarik gabeko gaietan, ahitzeko diren planetako ikasgaien kasuan horiei dagozkien irakasgaiak ematen ez badira, edo ikastetxeetatik kanpo egindako praktika babestuen kasuan, titulu horietarako finkatutako prezioen %25a ordainduko da, titulu bakoitzari dagokion eranskinean esaten denaren arabera.

8.– Hala badagokio, ohorezko matrikulei dagozkien hobariak kenduko zaizkio matrikularen zenbatekoari. Hobari horiek aurreko lerroaldeetan adierazitakoaren arabera kalkulatuko dira.

4. artikulua.– Bestelako zerbitzuak.

Ebaluaketen, proben, tituluak ematearen eta Idazkaritzako eskubideen prezio publikoak IV. eranskineko tarifetan adierazitakoak dira.

Unibertsitateko titulazioei, izaera ofiziala eta Estatuko lurralde osorako balioa badute eta abuztuaren 1eko 1044/2003 Errege Dekretua indarrean jarri zenetik emanak badira, IV. eranskinean adierazitako tarifak ezarriko zaizkie. Dekretu horrek agintzen du unibertsitateek nola eman behar dituen Europak titulurako duen osagarria.

5. artikulua.– Matrikulatzeko eskubidea.

1.– Ikasleak irakasgai solteetan matrikulatu ahal izango dira, irakasgai bakoitzari dagokion ikasturtea kontuan hartu gabe.

2.– Aurreko lerroaldean esandakoa gorabehera, eraberritu gabeko irakaskuntzetan ikasketak hasten dituzten ikasleek aurreneko ikasturteko irakasgai guztien matrikula egin beharko dute, aurreneko ikasturte horretako irakasgairen batzuk konbalidatzen zaizkien kasuetan izan ezik.

3.– Halaber, eraberritutako irakaskuntzetan ikasketak hasten dituzten ikasleek, gutxienez, honako kreditu-kopuru honen matrikula egin beharko dute: 70 edo 65 kredituena, hurrenez hurren lau edo bost urtetan antolatutako ikasketa-planak badira; eta 60 krediturena gainerako kasuetan.

4.– Nolanahi ere, azterketarako eta matrikulatutako irakasgaien ebaluaketarako eskubidea, ikasketa-planetatik eratorritako bateraezintasun akademikoen pean geldituko da.

5.– Xedapen honetan ezartzen den matrikula-eskubidea erabiltzeak ez du ekarriko ikasketa-planen beharren arabera ikastetxe bakoitzak duen eskola-ordutegi orokorren erregimena aldatu beharrik.

6.– Matrikularen prezioa ordaintzeak bi azterketa-deialditarako eskubidea emango du ikaslea matrikulatu den irakasgai edo gai bakoitzeko, beti ere ikasturtearen barruan. Unibertsitateak ezarriko ditu deialdietako egunak.

6. artikulua.– Ordaintzeko era.

1.– Ezarritako prezioen ordainketa dena batera egin ahal izango da matrikula egiten denean, edo zatika hiru epe berdinetan. Hiru zati horiek honela ordainduko dira: lehena, matrikula egiterakoan; bigarrena, abenduko lehenengo hamabostaldian, eta hirugarrena, urtarrileko lehenengo hamabostaldian.

2.– Lauhilabeteka egituratutako irakaskuntzen kasuan, unibertsitatearen esku egongo da bigarren lauhilabetekoari dagokion matrikula lauhilabeteko horren hasieran egiteko baimena ematea. Kasu horretan ezingo da aplikatu aurreko lerroaldian aipatutako ordainketa zatikatua.

3.– 1. atalean zehaztutako ordainketaren zatiketa ez da aplikatuko, ikasleak ordaindu beharreko prezioen zenbatekoa 150 eurokoa baino txikiagoa bada.

4.– Matrikula ordaintzen ez bada edo matrikularen prezioaren zati bat bakarrik ordaintzen bada, indarrean dagoen legeriari helduko zaio eta, horrenbestez, ordaindutako zenbatekoak galduko dira eta ikasturte horretan ikaslea matrikulatuta egon den irakasgai guzti-guztiak ezabaturik geratuko dira, salbu Unibertsitatearen iritziz ikasleak behar bezala frogatzen badu du arrazoi larriren bat egon dela edo iruzur-asmorik izan ez duela.

7. artikulua.– Adskribitutako ikastetxeak.

Adskripzio-hitzarmenetan onartutakoaren kalterik gabe, adskribiturik dauden unibertsitate-ikastetxe eta unibertsitate-institutuetako ikasleek, I. eta III. eranskinetako tarifetan ezarritako prezioen %25a ordainduko diote unibertsitateari. Gainerako prezioak oso-osorik ordainduko dira aurreikusitako zenbatekoan.

8. artikulua.– Ikasketen konbalidazioa.

1.– Ikastetxe pribatuetan edo atzerrikoetan egindako ikasketak direla eta, ikasturte osoen edo irakasgai solteen konbalidazioa lortzen duten ikasleek kasuan kasuko eranskineko tarifetan jasotako prezioen %25a ordainduko diote unibertsitateari.

2.– Unibertsitate publikoetako ikastetxeetan egindako ikasketak konbalidatzeagatik ez da ordainduko preziorik.

9. artikulua.– Familia ugariak.

1.– Maila orokorreko familia ugarietako partaideek aurreko ataletan ezarritakoa aplikatuz egokituko litzaizkiekeen prezioen %50 ordaindu beharko dute.

2.– Maila bereziko familia ugarietako partaideek ez dituzte ordainduko aurreko ataletan ezarritakoa aplikatuz egokituko litzaizkiekeen prezioak.

10. artikulua.– Terrorismoaren biktimak.

Ekintza terroristaren biktimek, euren ezkontideek, seme-alabek edo biktima horiek ekintza terrorista gertatu baino lehen legez umeordetzat hartutakoek ez dute inolako ordainketa publikorik egin beharrik izango Euskal Autonomia Erkidegoko irakaskuntza-maila guztietako ikastetxe publikoetan unibertsitateko ikasketa-zerbitzuak jasotzeagatik.

11. artikulua.– Elbarritasunak dituzten pertsonak.

%33ko edo gehiagoko elbarritasun maila duten ikasleek tasak ordaintzetik erabat salbuesteko eskubidea izango dute unibertsitate-tituluak lortzera bideratutako ikasketetan.

12. artikulua.– Bekak.

1.– Ikasketa pertsonalizatuei laguntzeko beka-sistemak eta beste dirulaguntza batzuk arautzen dituen uztailaren 28ko 2298/1983 Errege Dekretuaren esparruko beka bat Euskal Autonomi Erkidegoko edo Estatuko Aurrekontu Orokorren pentzutan eskatzen duten ikasleek ez dute irakaskuntzako zerbitzuengatiko prezioa matrikula egitean bertan ordaindu beharrik izango. Hala ere, Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko Gobernu Batzordeak aldez aurretik hala erabakita, unibertsitateetako idazkaritzetan, badaezpada, finkatutako baldintza akademikoak betetzen ez dituzten ikasleei irakaskuntzako zerbitzuengatiko prezioa ordaintzea eska dakieke.

2.– Matrikula betetzean, beka bat eskatu dutela eta, dagozkien prezioak ordaindu ez dituzten ikasleek, hautespen epaimahaiak behin-behinekoz beka ukatzen badie, egin zuten matrikulari dagokion prezioa ordaindu beharko dute, ukapen horren kontrako alegazioak aurkeztu ala ez.

3.– Unibertsitate zuzendariak, jardunbidearen edozein unetan edo jardunbidea amaitu ondoren, pertsona bati emandako beka indargabetzen badu, egin zuen matrikulari dagokion prezioa ordaindu beharko du.

4.– Prezioa ordaintzen ez badu, matrikula ezabatuta geldituko da irakasgai guztietarako, indarrean dauden legeetan aurreikusitako eran.

5.– Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko beka bat duten pertsonei dagozkien irakaskuntzako zerbitzuengatiko prezioen zenbatekoa sailak berak ordainduko dio Unibertsitateari.

AZKEN XEDAPENA

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu, eta biharamunean sartuko da indarrean. Egun horretatik aurrera, eranskinetako tarifak aplikatuko zaizkie 2004-2005 ikasturtean eman beharreko zerbitzu akademikoei.

Vitoria-Gasteiz, 2004ko ekainaren 28a.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburua,

ANJELES IZTUETA AZKUE.

2004-2005 IKASTURTEAN UNIBERTSITATEKO IKASKETA-ZERBITZUENGATIK ORDAINDU
BEHARREKO PREZIOAK FINKATZEN DITUEN AGINDUAREN I. ERANSKINA.
KREDITU-SISTEMAZ EGITURATUTA EZ DAUDEN IRAKASKUNTZAK
TARIFAK

a) Honako titulu hauek lortzeko ikasketak. Lizentziaturak: Medikuntza, Odontologia, Farmazia, Zientziak, Informatika, Arte Ederrak, Itsasgintza Zibila eta Itsas-Makinak. Arkitektoa, Injinerua eta Injineru Teknikoa. Diplomaturak: Erizaintza, Itsasgintza Zibila eta Itsas-Makinak (unibertsitate-eskoletako tituludunak fakultateetan eta goi-eskola teknikoetan sartzeko egokitze-kurtsoak barne).

b) a) atalean zehaztutakoak ez diren eta lehen eta bigarren zikloko titulu ofizialak ateratzeko diren gainerako unibertsitate-ikasketak (unibertsitate-eskoletako tituludunak fakultateetan sartzeko egokitze-kurtsoak barne).

IKASTURTE OSOA

	LEHENENGO MATRIKULA	BIGARREN MATRIKULA	HIRUGARREN

			EDO ONDORENGO

			MATRIKULAK

	Euroak	Euroak	Euroak

a)	689,72	758,68	910,94

b)	486,88	535,57	643,06

2004-2005 IKASTURTEAN UNIBERTSITATEKO IKASKETA-ZERBITZUENGATIK ORDAINDU
BEHARREKO PREZIOAK FINKATZEN DITUEN AGINDUAREN II. ERANSKINA.
UNIBERTSITATE-TITULU
OFIZIALEN KATALOGOAN DAUDEN
IRAKASKUNTZEN
ESPERIMENTAZIO-MAILAK

1. mailako esperimentazioa: lizentziaturak: Biologia, Biokimika, Elikagaien Zientzia eta Teknologia, Ingurugiro Zientziak, Itsas Zientziak, Farmazia, Medikuntza, Odontologia, Kimika eta Albaiterotza. Diplomaturak: Enfermeria, Fisioterapia, Giza Elikadura eta Dietetika, Podologia.

2. mailako esperimentazioa: Lizentziaturak: Arte Ederrak, Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientziak, Enologia, Fisika, Geologia, Itsas makinak, Nautika eta Itsas Garraioak, Itsas Irrati Elektronika, eta Itzulpengintza eta Interpretaritza. Ingeniariak: Aeronautika; Nekazaritza; Automatika eta Elektronika industriala; Bideak, Ubideak eta Portuak; Meatzeak; Mendiak; Elektronika; Geodesia eta Kartografia; Geologia; Industria; Informatika; Materialak; Itsasoa eta ozeanoak; Industri Antolamendua; Kimika; Telekomunikazioak. Arkitektoak. Arkitekto teknikoak. Diplomaturak: Logopedia, Itsas Makinak, Itsas Nabigazioa, Optika eta Optometria, Itsas Irrati Elektronika eta Lanaren bidezko Terapia. Ingeniari tekniko aeronautikoak: Aeromotoreak, Aeronabigazioa, Aerountziak, Aireportuak, Ekipo eta Material Aeroespazialak. Nekazaritza-ingeniari teknikoak: Nekazaritzako eta abeltzaintzako ustiategiak, Barazki-frutazaintza eta Lorazaintza, Nekazaritza eta Elikagaien Industria, Nekazaritza-Mekanizazioa eta Eraikuntzak. Industri Diseinuko ingeniari teknikoak. Baso-ingeniari teknikoak: Baso-Ustiapenak, Baso-Industriak. Kudeaketa-informatikako ingeniari teknikoa. Sistemen Informatikako ingeniari teknikoa. Industria-ingeniari teknikoa: Elektrizitatea, Industria-Elektronika, Mekanika, Industria-Kimika eta Ehungintza. Meatzetako ingeniari teknikoa: Meatze-ustiapenak, Meatzetako Instalazio Elektromekanikoak, Mineralurgia eta Metalurgia, Energi Baliabideak, Erregaiak eta Lehergaiak, Meatzetako Sondeo eta Ikerkuntzak. Untzigintzako ingeniari teknikoa: Itsasorako Egiturak, Untzietako Propulsio eta Zerbitzuak. Herri-Lanetako ingeniari teknikoa: Eraikuntza Zibilak, Hidrologia, Garraioak eta Hiri Zerbitzuak. Telekomunikazio-ingeniari teknikoak: Telekomunikaziorako Sistemak, Sistema Elektronikoak, Soinua eta Irudia, Telematika. Topografiako ingeniari teknikoa.

3. mailako esperimentazioa: Lizentziaturak: Zientzia eta Teknika Estatistikoak, Ikus-entzunezko Komunikazioa, Dokumentazioa, Musikaren Historia eta Zientziak, Matematika, Pedagogia, Publizitatea eta Harreman Publikoak, Psikologia eta Psikopedagogia. Diplomaturak: Bibliotekonomia eta Dokumentazioa, Gizarte-Hezkuntza, Estatistika, Gizarte Lana eta Turismoa. Irakasletza: Entzutea eta Mintzaira, Hezkuntza Berezia, Gorputz Hezkuntza, Haur Hezkuntza, Musika Hezkuntza, Lehen Hezkuntza, Atzerriko hizkuntza.

4. mailako esperimentazioa: Lizentziaturak: Administrazio eta Enpresa Zuzendaritza, Antropologia Sozial eta Kulturala, Zientzia Aktuarialak eta Finantzakoak, Politika- eta Administrazio-Zientziak, Lan-Zientziak, Zuzenbidea, Ekonomia, Filosofia, Filologia Alemana, Filologia Arabea, Filologia Katalana, Filologia Klasikoa, Filologia Eslaboa, Filologia Frantsesa, Filologia Galegoa, Filologia Hebreoa, Filologia Hispanikoa, Filologia Ingelesa, Filologia Italianoa, Filologia Portugesa, Filologia Erromanikoa, Euskal Filologia, Geografia, Historia, Artearen Historia, Humanitateak, Merkatu-Ikerketa eta -Teknikak, Hizkuntzalaritza, Kazetaritza, Soziologia, Literatur Teoria, Literatura Konparatua. Diplomaturak: Enpresa Zientziak, Kudeaketa eta Administrazio Publikoa, Lan Harremanak.

2004-2005 IKASTURTEAN UNIBERTSITATEKO IKASKETA-ZERBITZUENGATIK ORDAINDU
BEHARREKO PREZIOAK FINKATZEN DITUEN AGINDUAREN III. ERANSKINA.
KREDITU-SISTEMAZ EGITURATUTAKO IRAKASKUNTZAK

TARIFAK

	IRAKASKUNTZAREN	LEHENENGO	BIGARREN	HIRUGARREN 	DOKTORETZA

	ESPERIMENTAZIO	MATRIKULA	MATRIKULA	ETA ONDOR.	PROGRAMA

	MAILA	(Kreditu prezioa)	(Kreditu prezioa)	 MATRIKULAK	(Kreditu prezioa)

				(Kreditu prezioa)

		Euroak	Euroak	Euroak	Euroak

	1	12,40	13,64	16,39	47,33

	2	11,89	13,07	15,68	47,03

	3	9,21	10,15	12,16	38,91

	4	7,99	8,79	10,53	33,96

2002-2003 IKASTURTEAN UNIBERTSITATEKO IKASKETA-ZERBITZUENGATIK ORDAINDU BEHARREKO PREZIOAK FINKATZEN DITUEN AGINDUAREN IV. ERANSKINA.

TARIFAK

1. TARIFA.– EBALUAKETAK, PROBAK ETA TUTORETZA.

				Euroak

1.1.	Unibertsitatera sartzeko gaitasun-probak 		53, 85

1.2.	Itzulpengintza- eta Interpretaritza-ikasketak egiteko sarrera-probak 		53,60

1.3.	Espezializazio Didaktikoko Ikastaroa

	1. kreditua:	tarifa esperimentazioaren 4. mailari dagokiona izango da.

1.4.	Karrera amaierako proiektuaren ebaluaketa 		 103,78

1.5.	Graduko azterketa edo tesinaren ebaluaketa 		 103,78

1.6.	Goi-mailako hezkuntzako atzerriko tituluak homologatzeko proba:		103,78

1.7.	25 urtetik gorakoentzako hastapenerako eta argibiderako ikasturtea 		85,23

1.8.	Doktoretza tesigileen tutoretza 		24,85

1.9.	Doktoretza-tesirako azterketa 		107,72

2. TARIFA.– TITULUAK ETA IDAZKARITZA

				Euroak

2.1.	Titulu akademikoak ematea

	2.1.1.	Doktoretza 		162,51

	2.1.2.	Lizentziatua, Arkitektoa eta Injinerua 		 109,10

	2.1.3.	Diplomatua, Arkitekto Teknikoa eta Injineru Teknikoa 		54,58

	2.1.4.	Espezializazio Didaktikoko Ikastaroa 		 54,58

	2.1.5.	Tituluaren gehigarri europarra 		50, 00

	2.1.6.	Ikasketa Aurreratuen Egiaztagiria-diploma	 	59,36

	2.1.7.	Unibertsitateko edo graduondoko titulu ofizialak ematea eta horien

		bikoizketen inprimaketa 		24,37

2.2.	Idazkaritza

	2.2.1.	Ikasketa-espedientea irekitzea ikastetxeren batean ikasketak hasten direlako, egiaztagiri

		akademikoak eta ikasketa-espedienteak tokiz aldatzea 		18,83

	2.2.2.	Ikasketa-espedientea irekitzea hirugarren zikloko ikasketak hasten direlako 		18,83

	2.2.3.	Espezializazio didaktikoko ikastaroa egiten hasteagatik ikasketa-espedienteari

		hasiera ematea 		18,83

	2.2.4.	Kopia autentiko, autentikatu eta konpultsatuak ematea

		Kopiako 		3,71

		Konpultsatu beharreko agiriaren orri gehigarriko 	 	0,36

	2.2.5.	Identifikazio-txartela ematea ............	 	4,27


Azterketa dokumentala