Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

110. zk., 2004ko ekainaren 11, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Justizi Administrazioa

Vitoria-Gasteizko Lehen Auzialdiko 1 Zenbakiko Epaitegia
3156

EDIKTUA, zenbateko bat erreklamatzeko burututako 123/03 hitzezko judizioaren ondoriozkoa.

Vitoria-Gasteizko Lehen Auzialdiko 1 zenbakiko Epaitegia.

Judizioa: L2.123/03 hitzezko judizioa.

Alderdi demandatzailea: Ediciones Kalea S.L.

Alderdi demandatua: Intereuropea Trabajo Temporal S.L.

Gaia: diru-zenbateko bat erreklamatzea.

Aipatu judizioaren gainean ebazpena hartu da. Hau dio hitzez hitz:

129/03 EPAIA

Vitoria-Gasteiz, bi mila eta lauko ekainaren hirua.

Gregorio Galindo Alaman jaunak, Vitoria-Gasteizko eta horko barrutiko Lehen Auzialdiko 1 zenbakiko Epaitegiko magistratu-epaile den aldetik, ikusi ditu 123/03 hitzezko judizioaren autoak (PZLb), epaitegi honetan bideratu baitira diru-zenbateko bat erreklamatzeko. Alderdi izan dira, batetik, demandatzailea, Ediciones Kalea S.L. sozietatea, prokuradorea eta letratua dituela, eta bestetik, demandatua, Intereuropea Trabajo Temporal S.L. sozietatea, prokuradorea duela.

AURREKARIAK

Lehenengoa.– Otsailaren 13an, Ediciones Kalea S.L sozietateak hitzezko judizio baterako demanda aurkeztu zuen Intereuropa Trabajo Temporal S.L sozietatearen aurka. Epaia emateko eta horren bidez alderdi demandatua 627,44 euroko diru-zenbatekoa ordaintzera kondenatzeko eskatu zuen demandan.

Bigarrena.– 2003ko otsailaren 19ko ebazpen batez, demanda izapideak egiteko onartu zen, eta epaia egiteko 2003ko maiatzaren 22a finkatu zen. Alderdiei behar bezala dei egin zitzaien, legezko ohartarazpen guztiak eginda.

Hirugarrena.– Egun horretan alderdi demandatzailea agertu zen; ez, ordea, alderdi demandatua, eta horregatik, auzi-ihesleri zela deklaratu zen. Emaitza audio informatika-euskarrian dago, zeina espedienteari lotuta geratu baita. Ondoren, autoak epaileari igorri zaizkio, dagokion ebazpena har dezan.

Laugarrena.– Kausa hau izapidetzerakoan, aplika dakizkiokeen funtsezko legezko preskripzioak bete dira.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Lehenengoa.– Demandatuarekin 2002ko martxoaren 6an izenpetutako publizitate-kontratuagatik oraindik ordaintzeke dagoena erreklamatu du demandatzaileak.

Bigarrena.– Egiaztatu dira demandatzaileak demanda egiteko oinarritzat hartu dituen egitateak, hain justu ere, aurkeztutako agirien bidez eta demandatuak isilbidez egindako aitorpenaren bidez (KL, 304. artikulua). Izan ere, demandatua ez zen judiziora agertu, legez jarritakoaren arabera zitatu zen arren. Beraz, baietsi egin ditut demandako eskaera guztiak, Kode Zibilaren 1089., 1091., 1100., 1254., 1255. eta 1258. artikuluekin bat.

Hirugarrena.– Demandako eskaera guztiak onetsi ditudanez, bidezko da auzi honetan sortutako kostuak demandatuari ezartzea, Prozedura Zibilari buruzko Legearen 394. artikuluaren arabera.

Aipatu aginduak eta oro har aplikatu daitezkeen gainontzekoak ikusita, honakoa da

EPAITZA

Baietsi egin dut Ediciones Kalea S.L sozietateak aurkeztu duen demanda, Intereuropa Trabajo Temporal S.L sozietatearen aurkakoa —demandatua auzi-ihesean da—. Beraz, demandatzaileari 627,44 euro ordaintzera kondenatzen dut demandatua. Kostuak, bestalde, demandatuak ordaindu beharko ditu.

Ebazpen honen aurka apelazio-errekurtsoa aurkez daiteke: epaitegi honetan aurkeztu beharko da, idatziz, bost eguneko epearen barruan.

Eta epai honen bitartez erabaki, agindu eta sinatu dut.

Alderdi demandatuak, Intereuropa Trabajo Temporal S.L. sozietateak, egun helbidea edo bizilekua non duen ez dakigunez gero, epaileak, probidentzia baten bidez, erabaki du ediktu hau epaitegiko iragarkien oholean argitaratzea, epaia jakinarazteko eginbidea gauzatzeko. Hala agintzen da Prozedura Zibilari buruzko 1/2000 Legearen 156.4 eta 164. artikuluetan.

Vitoria-Gasteizen, bi mila eta lauko apirilaren hogeita hamarrean.

IDAZKARI JUDIZIALA.


Azterketa dokumentala