Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

110. zk., 2004ko ekainaren 11, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Xedapen Orokorrak

Nekazaritza eta Arrantza Saila
3142

89/2004 DEKRETUA, maiatzaren 18koa, Euskal Autonomia Erkidegoan nekazaritza eta ingurumeneko neurri eta konpromisoak hartzeko laguntzei buruzkoa.

Kontseiluaren 1257/1999 Araudiak (EE), 1999ko maiatzaren 17koak, Nekazaritza Bideratu eta Bermatzeko Europako Funtsaren (NBBEF) kontura landa-garapenaren alde ematen diren laguntzei buruzkoak, eta Batzordearen 445/2002 Araudiak (EE), 2002ko otsailaren 26koak, aipatu 1257/1999 Araudia aplikatzeko xedapenak ezarri zituenak, errotik birmoldatu zuten nekazaritzako egiturak modernizatu eta horien eraginkortasuna hobetzeari buruz Erkidegoan zegoen arautegia. Izan ere, lehengo arau gehienak indarrik gabe geratu ziren eta araubide berria sortu zen.

Ingurumenarekiko kezka gero eta handiagoa zela ikusirik, Araudi horiek, beste zenbait berrikuntzez gain, nekazaritza eta ingurumeneko neurri eta konpromisoak hartzeko laguntza-sistema ezarri zuten, zertarako eta ingurumena babestea eta baliabide naturalak kontserbatzea ahalbidetzen duten nekazaritzako ekoizpen-metodoak sustatzeko.

Nekazaritza eta ingurumeneko neurrien bidez, ekoizpen-metodo eta jardunbide jakin batzuk bultzatu ziren, ordura arte ohiz kanpokoak nekazaritza konbentzionalean, garestiagoak zirela eta galerak eragiten zituztela ikusi baitzen. Egoera horretan, ezarritako laguntzen helburua horixe izan zen; alegia, ingurumena babestea eta baliabide naturalak kontserbatzea ahalbidetzen duten nekazaritzako ekoizpen-metodo eta jardunbideak aplikatzeak zekartzan kostu handiagoak eta lortu gabeko irabaziak konpentsatzea.

Nekazaritza eta ingurumeneko neurri horiek ez ziren 166/2000 Dekretuaren bidez erregulatu (uztailaren 28koa, Euskal Autonomia Erkidegoan nekazaritzako ustiategiak bultzatzeko, baserrialdeak garatu eta egokitzeko eta basogintza sustatzeko laguntzei buruzkoan); hain espezifikoak eta bereziak direnez, bereiz arautu ziren, 213/2000 Dekretuan, urriaren 24koan, Euskal Autonomia Erkidegoan nekazaritza eta ingurumeneko neurri eta konpromisoak hartzeko laguntzei buruzkoan, eta beraren bidez bildu, aplikatu eta garatu ziren Euskal Autonomia Erkidegoari zegozkion nekazaritza eta ingurumeneko neurriei buruzko arau berriak.

Hauek neurri horien plangintza egin behar zela agintzen zutenez, «Euskal Autonomia Erkidegoko Landa Garapen Iraunkorreko Plana (2000-2006)» egin zen eta 2000ko urriaren 5ean onetsi Europako Batzordearen C (2000) 2930 Erabakiaren bidez; orduz geroztik, hainbat aldaketa izan ditu.

Hori dela eta, beharrezkoa da aldaketa horiek 213/2000 Dekretuak, urriaren 24koak, Euskal Autonomia Erkidegoan nekazaritza eta ingurumeneko neurri eta konpromisoak hartzeko laguntzei buruzkoak, bere garaian ezarri zuen laguntza-erregimenari ere aplikatzea. Hala ere, horien garrantzia kontuan hartuta, egokiagotzat jo da dekretu honen bidez lehendabizi 213/2000 Dekretua indargabetzea eta, ondoren, arau berri horiek onestea. Esan bezala, arau horiek Landa Garapen Iraunkorreko Planean egindako berrikuntzetara egokituta egongo dira eta, horregatik, hemendik aurrera, horien bidez eraenduko dira aipatu laguntzak.

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Foru Aldundietako Nekazaritza Sailei nahiz arlo horretako lanbide-elkargo eta elkarteei kontsultatu zaie dekretu hau prestatzeko.

Hortaz, Eusko Jaurlaritzako Aholku Batzorde Juridikoarekin bat etorriz, Nekazaritza eta Arrantza sailburuak proposaturik eta Gobernu Kontseiluak 2004ko maiatzaren 18ko bileran eztabaidatu eta onartu ondoren,

EBATZI DUT:
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.– Xedea.

1.– Dekretu honen bidez, eta 1257/1999 Araudian (EE) xedatutakoarekin bat etorriz, ingurumena babestea eta baliabide naturalak kontserbatzea ahalbidetzen duten nekazaritzako ekoizpen-metodoak sustatzeko laguntza-erregimena ezarriko da Euskal Autonomia Erkidegoan.

2.– Foru Aldundiek arau bidez, eta dekretu honetan ezarritako esparruari lotuta, garatu beharko dituzte III. kapituluan aurreikusten diren laguntzak.

3.– Laguntza-erregimen honek honako helburuak ditu:

a) Ingurumena, paisaia eta honen ezaugarriak, baliabide naturalak, lurzorua eta dibertsitate genetikoa babestu eta hobetzea ahalbidetzen duten ekoizpen-tekniken erabilera sustatzea.

b) Nekazaritzako ekoizpena ingurumenarentzat onuragarria izango den heinean hedaraztea eta intentsitate txikiko larratze-sistemen kudeaketa sustatzea.

c) Ekosistemak kontserbatu eta hobetzea. Horretarako, landaredi naturala zaindu eta lehengoratuko da, habitata eta bere dibertsitatea babestuko dira eta faunari kalterik eragingo ez dioten nekazaritzako jardunbideak erabiliko dira.

d) Nekazaritza-paisaia tradizionalak zaindu eta hobetzea; alegia, elementu bereziak zaintzea, bertan behera utzitako paisaiak leheneratzea, suteei aurre hartzea, nekazaritzako sistema tradizionalei eustea, e.a.

e) Nekazariak eta gizartea oro har ingurumena babestea ahalbidetzen duen nekazaritzako ekoizpenaren arloan sentsibilizatu eta heztea.

2. artikulua.– Laguntza-motak.

Hurrengo laguntza-motak ezarri dira:

a) Laguntza horizontalak, Euskal Autonomia Erkidego osoan aplikatzekoak. Laguntza hauen bidez honako neurriak bultzatuko dira:

1.– Larre-zonen aprobetxamendu estentsiboa egitea.

2.– Soro landuak ongarritzeko konpost-erako hondakin organikoak erabiltzea.

3.– Abere-arraza lokalak iraunaraztea.

4.– Nekazaritzako ekoizpen ekologikoa sustatzea.

5.– Baserri-ingurunea iraunaraztea.

6.– Higatzeko arriskua duten soro landuetako lurrak zaintzea.

7.– Biodibertsitateari eustea.

8.– Fauna babestea.

9.– Galzorian dauden edo genetikoki gainbeheratzeko arriskua duten landare-espezieak zaintzea.

10.– Ekoizpen integratuaz baliatzea.

11.– Laborantza estentsiboetan ingurumena babestea, zerealaren ordez beste labore batzuk erabilita.

12.– Tokian tokiko babarrun-sailak lantzea.

b) Laguntza zonalak, Erkidegoko alde jakin batzuei bakarrik aplikatzekoak:

1.– Erabilera publikokoak nahiz aisiarako izango diren lurrak kudeatzea.

2.– Mendiko larreak iraunaraztea.

3.– Gernika-Mundakako itsasadarreko padurak eta belardi hezeak zaintzea.

4.– Belar-soro eta alor landuekin mugakide diren ibai eta errekastoen aldeak babestea.

5.– Urtegiak eta arroak babestea.

6.– Nekazaritza-paisaia iraunaraztea.

3. artikulua.– Laguntzen finantzaketa.

1.– Dekretu honen II. kapituluan aurreikusitako laguntzetara bideratuko diren baliabide ekonomikoak NBBEFeko Berme Atalari dagozkion Erkidegoaren fondoetatik eta Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorretan xede horretarako ezarri diren aurrekontu-kredituetatik etorriko dira, zati berdinetan.

Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorretatik datozen laguntzen zatiari dagokionez, laguntza horietatik ekitaldi bakoitzean eman behar direnen guztizko zenbatekoak ezingo du aurrekontuko diru-izendapena gainditu, ez eta indarreko legeriaren arabera egindako aurrekontu-aldaketek dakarten diru-izendapen eguneratua ere.

Ekitaldi ekonomiko batean laguntzak emateko izendatuta dagoen kreditua agortzen bada, egoera honi publizitatea emateko asmoz, Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko den administrazio-ebazpena emango du eta bertan, aipatutako kreditua agortu den data adieraziko du. Hala ere, aurreko ekitaldietan aurkeztutako proiektuei dagozkien laguntza-eskaera berriak uneko ekitaldiko aurrekontu-kredituei egotzi ahal izango zaizkie, baldin eta proiektu horiek laguntzak lortzeko dekretu honetan ezartzen diren baldintzak betetzen badituzte eta, horrez gain, ezin izan badira eman proiektua hasi zen ekitaldiko aurrekontu-kredituen kontura. Halakoetan ere, krediturik ez dagoelako ukatu den lehen eskaeraren data adieraziko da.

2.– Dekretu honen III. kapituluan aurreikusitako laguntzetara bideratuko diren baliabide ekonomikoak NBBEFeko Berme Atalari dagozkion Erkidegoaren fondoetatik eta EAEko Foru Aldundiek euren aurrekontuetan xede horretarako izendatzen dituzten kredituetatik etorriko dira, zati berdinetan.

3.– NBBEFeko Berme Atalak laguntza hauetarako bideratzen duen kopurua EAEko Administrazioak ordainduko ditu bere erakunde ordaintzailearen bitartez.

Dekretu hau indarrean sartzen denetik ematen diren laguntzak, Europar Batasuneko organo eskudunek Euskal Autonomia Erkidegoko Landa Garapen Iraunkorreko Plana onesteko une bakoitzean jarri dituzten baldintzak kontuan hartuta eta Planari egokitu zaion aurrekontu-kredituaren arabera eman eta ordainduko dira. Eta halaxe egingo dela adieraziko da deialdian eta onuradunari laguntza emateari buruzko Ebazpenean.

4. artikulua.– Onuradunak.

1.– Lortu nahi den laguntza-erregimenetako bakoitzean zehaztutako betekizunak betetzen dituzten pertsona fisiko edo juridikoak izango dira dekretu honetan ezarritako laguntzen onuradunak.

2.– Laguntzen onuradunak «nekazariak» edo «nekazaritzako ustiategiaren titularrak» direla ezartzen denean, horiek honako betekizunak bete beharko dituzte:

a) Titulartzat pertsona fisikoa duten familia-ustiategiak badira:

– Nekazaritzako ustiategi baten titularra edo titularkidea izatea.

– Betebehar fiskalak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.

– Hitzematea laguntzaren xede den ustiategia nekazaritzarako erabiliko duela gutxienez bost urtez, halaxe hitzematen duen egunetik zenbatzen hasita.

b) Elkarte moduan eratuta dauden eta titulartzat pertsona juridiko bat duten ustiategiak badira: kideen %50ak, gutxienez, nekazaritzako familia-ustiategien titularrei eskatzen zaizkien betekizunak bete beharko ditu.

c) Dekretu hau aplikatzeko, jaraunspen- edo ondasun-komunitate batekoak diren nekazaritzako ustiategiak elkarte modura eratutako ustiategi gisa hartuko dira.

3.– Lurralde Historikoetako Foru Aldundiek baldintza zorrotzagoak jarri ahal izango dizkiete finantzatzen dituzten jardunetarako ezarritako laguntzen onuradunei.

5. artikulua.– Baldintza orokorrak.

1.– Laguntzak, neurrietako bakoitzean zehaztu diren ingurumeneko konpromisoak gutxienez bost urtez hartzen dituzten nekazaritzako ustiategien titularrei emango zaizkie. Beharrezkoa izanez gero, epe luzeagoa ezarri ahal izango da (inoiz ez 10 urte baino gehiagokoa), ezinbestekoa bada zenbait konpromisok ingurumenean eragina izateko.

2.– Halaber, nekazaritza eta ingurumeneko konpromiso bat ustiategiaren alde bati dagokionez hartzen duten nekazariek, gutxienez, ustiategi osoan ohikoak diren nekazaritzako jardunbide egokiak errespetatu beharko dituzte. Nekazaritzako jardunbide egokien inguruan nahitaez bete beharreko arauak honakoak dira:

– Erkidegoko arautegian bildutakoak.

– Eusko Jaurlaritzaren 390/98 Dekretuan jasotakoak, eremu ahulei dagokienez nahitaez bete behar direnean.

– Leku eta labore-mota horretan egiten den nekazaritzan dauden erabilera eta ohitura egokiei buruzko jardunbideak.

Nekazaritza eta ingurumeneko neurrien alde ezarritako laguntzetakoren baten onuradun diren nekazariek, kontratatzen dituzten neurrietan zehaztutako baldintza guztiez gain, jarraian aipatzen den Nekazaritzako Jardunbide Egokien Kodea ere bete beharko dute beren ustiategian:

– Galondorik ez erretzea, landare-osasuneko arrazoiengatik eta gaian eskumena duen organoaren baimenarekin ez bada behintzat.

– Ezarritako lugorri-indizea egitea.

– Abereen osasun-kanpainak zorrotz betetzea.

3.– Dekretu honen bidez nekazaritzako ustiategien titularrentzat aurreikusten diren laguntzak eskuratu ahal izateko, ustiategi horiek Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritzako ustiategien erregistroan inskribatuta egon beharko dute.

4.– Dekretu hau aplikatzeko, eta A.L.U. (azienda larri unitateen) kopurua kalkulatzeko, honako baliokidetasun-taula izango da kontuan:

a) Zezenak, behiak eta bi urte baino gehiagoko beste abelgorri batzuk: ALU 1.

b) Sei hilabete baino gehiagoko ekidoak: ALU 1.

c) Sei hilabete eta bi urte bitarteko abelgorriak:.0,6 ALU.

d) Ardiak: 0,15 ALU.

e) Ahuntzak: 0,15 ALU.

6. artikulua.– Bateragarritasuna.

1.– Oro har, nekazaritza eta ingurumeneko konpromisoak eta horien ondorio diren laguntzak elkarren artean konbinatu ahal izango dira, euren artean osagarriak eta koherenteak badira. Ondorio hauetarako, eta hala badagokio, laguntza-mota bakoitza dekretu honetan aurreikusitako zein beste laguntza-motarekin den bateraezina adierazi da.

2.– Horrez gain, ingurumeneko konpromisoek beste laguntza-neurri batzuetan jasotzen ez diren zerbitzu, konpromiso edo betekizunak hartuko dituzte bere baitan; adibidez, merkatu-antolaketen edo konpentsazio-ordainen aldeko erregimenak. Hala egiten ez bada, nekazaritza eta ingurumeneko laguntzak ez dira gainerako laguntza-erregimen horiekin bateragarriak izango.

3.– Betetzen dituen nekazaritza eta ingurumeneko neurriengatik jasoko duen gehienezko zenbatekoak ezingo ditu honako kopuruak gainditu azalera berbererako:

– 600 euro hektareako urteko laboreetarako.

– 900 euro hektareako labore iraunkor espezializatuetarako.

– 450 euro hektareako lurraren beste erabilera batzuetarako.

II. KAPITULUA
NBBEFeko BERME ATALAK ETA EUSKAL
AUTONOMIA ERKIDEGOKO

ADMINISTRAZIOAK FINANTZATUTAKO

LAGUNTZAK.

7. artikulua.– Larre-zonen aprobetxamendu estentsiboa.

1.– Laguntza honen helburua EAE osoan belar-soro eta larreen laborantza estentsiboa mantendu eta sustatzea da.

2.– Nekazaritzako ustiategiaren titular direnek jaso ahal izango dituzte laguntzak, baldin eta ustiategi horretan larreak badaude eta honako baldintzak betetzen baditu:

a) Ahul dauden edo mugapen zehatzak dituzten mendi-nekazaritzako aldeetan kokatuta egotea, edo larreak ezarri nahi diren beste alde batzuetan.

b) Gutxienez larreen 3 ha kontratatzea.

c) Abere-zama hektareako 2 ALUkoa edo gutxiagokoa izatea.

3.– Laguntza honi heltzen dioten nekazaritzako ustiategien titularrek idatziz adieraziko dute gutxienez bost urtez honako konpromisoak beteko dituztela:

a) Zaindu eta/edo berregingo dituzten elementuen inbentarioa aurkeztea. Bertan horien kokapena eta, hala badagokio, azalera adieraziko dira, horien inguruan egingo diren jardunez gain. Lurzati bakoitzean diruz lagunduko den azaleran, gehienez ere azalera horren %20 egon ahal izango da elementuz estalita.

b) Ustiategiko larreen azalera osoari eustea.

c) Urtean gutxienez behin belarra moztea.

d) Aprobetxamendu-sistema estentsiboari eustea. Gainera, batez besteko abere-zama ez da inoiz hektareako 2 ALU baino gehiago izango, ez eta hektareako 0,2 ALU baino gutxiago ere.

e) Inbentarioan zehaztu diren larre-zonetako paisaia-elementuei eustea, adibidez, heskaiak, zuhaiztiak, nekazaritzako hesiak, lubakiak eta intereseko beste elementu batzuk.

f) Larre-zonetan lurrik ez lantzea. Hala ere, konpromisoak iraun artean behin bakarrik berritu ahal izango dira lurzatiak lur-lantzearen bidez, baldin eta larre horren ohiko txandaketan berriztapena konpromisoak irauten duen aldiaren barruan badago. Nekazariak ezer egin aurretik bere asmoaren berri eman behar dio laguntzak kudeatzen dituen organoari.

g) Abereak ustiategi osoan barrena banatzea, bazka-azalera guztiek abere-zama izan dezaten.

h) Zehazten diren ikastaro, prestakuntza-jarduera eta ingurumeneko praktiketan parte hartzea.

4.– Laguntza honek dakartzan mugapenak nolabait konpentsatzeko, urtean 84 euro emango dira hektareako.

5.– Laguntza honen onuradunek ezingo diete lurzati berberetarako 9, 10, 12, 14.1.a), 16, 20 eta 22. artikuluetan deskribatutako laguntzei heldu.

8. artikulua.– Higatzeko arriskua duten soro landuetako lurrak zaintzea.

1.– Laguntza honen xedea labore-txandaketa nagusi den lurretan garatzen diren nekazaritzako jardunbideen zioz lurra gal dadin ekiditea da, bai eta higadurari aurre hartzea ere landare-elementu babesleak zainduz eta/edo lehengoratuz.

2.– Laguntza hau 2 ha-ko nekazaritzako azalera erabilgarria duten nekazaritzako ustiategien titularrei emango ahal izango zaie. Azalera hori da agindu beharreko gutxieneko azalera.

3.– Konpromisoaren xede diren lurzatiek ezingo dute 10 ha-ko guztizko azalera izan, %12tik gorako malda izan behar dute eta labore-txandaketari lotuta egon behar dute. Ez dira kontuan hartu larre iraunkorrak.

4.– Onuradunak idatziz adieraziko du gutxienez bost urtez honako konpromisoak beteko dituela:

a) Zaindu eta/edo berregingo dituzten elementuen inbentarioa aurkeztea. Bertan horien kokapena eta, hala badagokio, azalera adieraziko dira, horien inguruan egingo diren jardunez gain.

b) Zuzenean ereitea.

c) Galondoak ez erretzea eta landare-hondarrak bertan mantentzea.

d) Honako elementuak zaindu eta/edo leheneratzea: heskaiak, estrepak, terrazak, parralak, bide bazterreko zuhaitzen lerrokadura, bertako zuhaitz eta fruta-arbol bakarrak eta, bereziki, errekasto-bazterretan eta alde mugakideetan daudenak, horiek guztiek lurzorua babesten lagun baitezakete.

e) Zehazten diren ikastaro, prestakuntza-jarduera eta ingurumeneko praktiketan parte hartzea.

5.– Laguntza honek dakartzan mugapenak nolabait konpentsatzeko, urtean 60 euro emango dira hektareako.

6.– Laguntza honen onuradunek ezingo diete lurzati berberetarako 9, 10, 12, 14.1.a), 14.1.b) eta 22. artikuluetan deskribatutako laguntzei heldu.

9. artikulua.– Biodibertsitateari eustea.

1.– Laguntza honen xedea soro landuetan biodibertsitatea eta oreka ekologikoa zaintzera bideratutako neurriak sustatzea da.

2.– Laguntza hau 2 ha-ko nekazaritzako azalera erabilgarria duten nekazaritzako ustiategien titularrei emango ahal izango zaie. Azalera hori da agindu beharreko gutxieneko azalera.

3.– Konpromisoaren xede diren lurzatiek labore-txandaketari lotuta egon behar dute.

4.– Onuradunak idatziz adieraziko du gutxienez bost urtez honako konpromisoak beteko dituela:

a) Zaindu eta/edo berregingo dituzten elementuen inbentarioa aurkeztea. Bertan horien kokapena eta, hala badagokio, azalera adieraziko dira, horien inguruan egingo diren jardunez gain.

b) Kontratatu beharreko lurzatiaren guztizko azaleratik %8,5 landu gabe uztea. Lurzatiaren krokisa aurkeztuko da eta bertan landu gabe utziko diren aldeak adieraziko dira.

c) Mugak errespetatzea eta horietan surik ez erabiltzea.

d) Inbentarioan adieraziko den bezala, iturriak, iturburuak, istiltzeak eta bestelako urguneak zaintzea.

e) Inbentarioan agertzen diren ezpondak, heskaiak, arboladiak, hormatxoak, sastrakadi txikiak, e.a. zaintzea, ingurumen-dibertsitatea ugaritu eta animalientzako babeslekuak sortzeko asmoz. Bereziki eztia egiteko egokienak diren landareak babestuko dira.

f) Zehazten diren ikastaro, prestakuntza-jarduera eta ingurumeneko praktiketan parte hartzea.

5.– Laguntza honek dakartzan mugapenak nolabait konpentsatzeko, urtean 120 euro emango dira hektareako.

6.– Laguntza honen onuradunek ezingo diete lurzati berberetarako 7, 8, 12, 13.3.a), 13.3.b), 14.1.a), 14.1.b), 20, 21 eta 22. artikuluetan deskribatutako laguntzei heldu.

10. artikulua.– Fauna babestea.

1.– Laguntza honen xedea soro landuetan animaliak izateko dauden baldintzak hobetzea da.

2.– Laguntza hau 2 ha-ko nekazaritzako azalera erabilgarria duten nekazaritzako ustiategien titularrei emango ahal izango zaie. Azalera hori da agindu beharreko gutxieneko azalera.

3.– Onuradunak idatziz adieraziko du gutxienez bost urtez jarraian aipatzen diren modalitateetako batean zehaztutako ekintzak burutuko dituela, ustiategia zein aldetan kokatuta dagoen kontuan hartuta:

a) Zerealak lantzen diren aldeetako ustiategiak badira:

– Zaindu eta/edo berregingo dituzten elementuen inbentarioa aurkeztea. Bertan horien kokapena eta, hala badagokio, azalera adieraziko dira, horien inguruan egingo diren jardunez gain.

– Ustiategian gutxienez 2.000 m2 (gehienez 4 ha) uztatu gabe uztea, zerealei dagokienez (artoa salbu) irailaren 30era arte eta ekilore eta artoari dagokienez, berriz, abenduaren 31ra arte. Azalera horretara heltzeko, uztatu gabe 2 metroko zerrenda utzi ahal izango da mugen inguruan, baina inoiz ez lurzati bakarrean.

– Biodibertsitatea zaintzeari buruz 9. artikuluan aipatzen den laguntzari heltzea nahitaez.

– Lurzatia erditik kanpoalderantz lantzea, hegaztiek ihes egiteko aukera izan dezaten.

– Foru Aldundi bakoitzeko zerbitzu eskudunak jarritako bitartekoari jakinaraztea ustiategian habiak daudela.

– Eremu bat uztatu gabe uztea hegazti interesgarrien habien inguruan, bereziki mirotz urdinarenak badira.

– Laguntza lortu nahi duten lurzatietan, galondoak soroan bertan edukitzea, erre gabe.

– Aukeran, fruitu jangarriak ematen dituzten zuhaixkak landatu ahal izango dira animalientzako babeslekuak jartzea ahalbidetzen duten guneetan.

– Zehazten diren ikastaro, prestakuntza-jarduera eta ingurumeneko praktiketan parte hartzea.

b) Kantauriko erlaitzean dauden ustiategiak badira:

– Zaindu eta/edo berregingo dituzten elementuen inbentarioa aurkeztea. Bertan horien kokapena eta, hala badagokio, azalera adieraziko dira, horien inguruan egingo diren jardunez gain.

– Biodibertsitatea zaintzeari buruz 9. artikuluan aipatzen den laguntzari heltzea nahitaez.

– Lurzatietan zerealak eta beste belarki-labore batzuk egitea (artoa salbu), animalientzat elikagai izan daitezen eta ugaltzen lagun diezaien.

– Aukeran, fruitu jangarriak ematen dituzten zuhaixkak landatu ahal izango dira animalientzako babeslekuak jartzea ahalbidetzen duten guneetan.

– Lurzati horiek gutxienez 1.000 m2 eta gehienez 2 ha izango dituzte ustiategi bakoitzean. Soro landuen ertzean egon beharko dute eta baso, sastraka, errekasto edo ur-bazterrekin mugan egongo dira.

– Lurzati horiek irailaren 30era arte ez uztatzea.

– Zehazten diren ikastaro, prestakuntza-jarduera eta ingurumeneko praktiketan parte hartzea.

4.– Laguntza honek dakartzan mugapenak nolabait konpentsatzeko, urtean 451 euro emango dira agintzen den hektarea bakoitzeko.

5.– Laguntza honen onuradunek ezingo diete lurzati berberetarako 7, 8, 11, 12, 13.3.a), 13.3.b), 14.1.a), 14.1.b), 18, 20, 21, 22 eta 23. artikuluetan deskribatutako laguntzei heldu.

11. artikulua.– Galzorian dauden edo genetikoki gainbeheratzeko arriskua duten landare-espezieak zaintzea.

1.– Laguntza honen xedea ondare genetikoa zaintzea eta desagertzeko arriskuan dauden landare-espezieak babestea da.

2.– Laguntza hau 2 ha-ko nekazaritzako azalera erabilgarria duten nekazaritzako ustiategien titularrei emango ahal izango zaie. Azalera hori da agindu beharreko gutxieneko azalera.

3.– Laguntza honi dagozkion landare-espezie eta barietateak Eusko Jaurlaritzaren Nekazaritza eta Arrantza Saileko Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzak zehaztuko ditu, erakunde edo entitate ezberdinen eskutik gai honen inguruan egin diren edo egingo diren azterlanak kontuan hartuta; horrez gain, Basa eta Itsas Fauna eta Landaredian Desagertzeko Arriskuan dauden Espezieen Euskal Katalogoak aipatzen dituenak ere izango dira.

4.– Onuradunak idatziz adieraziko du gutxienez bost urtez honako ekintzak egingo dituela:

a) Tarteka, gure nekazaritzan erabiltzen diren bertako landare-barietateak landatzea.

b) Bertako barietateen haziak edo landare-ekaiak ematea.

c) I+G azterlanak egiten dituzten zentro teknologikoekin lankidetzan jardutea, babestu beharreko barietate tradizionalak eta espezie ezberdinen aldakortasun genetikoa ezagutzeko.

d) Katalogoaren arabera, desagertzeko arriskuan dagoen espezieren bat hartzen duten guneen inguruan babes-zerrenda jartzea.

e) Ustiategiaren azaleratik gutxienez %1 landaredi espontaneorako izatea. Azalera hori lerro-itxurako zerrendetan edo arboladitan banatuta egon daiteke eta kontratuak iraun artean egongo da landu gabe.

f) Zehazten diren ikastaro, prestakuntza-jarduera eta ingurumeneko praktiketan parte hartzea.

5.– Laguntza honek dakartzan mugapenak nolabait konpentsatzeko, urtean 451 euro emango dira hektareako.

6.– Laguntza honen onuradunek ezingo diote lurzati berberetarako 10. artikuluan deskribatutako laguntzari heldu.

12. artikulua.– Nekazaritza-paisaia iraunaraztea.

1.– Laguntza hauen helburua paisaian, berezkoak dituen landare- eta eraikin-sailak suntsitzeagatik, andeakuntza gerta dadin ekiditea da.

2.– Laguntza hau Arabako Lurralde Historikoan nagusiki nekazaritzan jarduten duten nekazariek jaso ahal izango dute.

3.– Onuradunek idatziz adieraziko dute gutxienez bost urtez, eta gehienez ere 4 ha-ko azaleran honako ekintzak egingo dituela:

a) Zaindu eta/edo berregingo dituzten elementuen inbentarioa aurkeztea. Bertan horien kokapena eta, hala badagokio, azalera adieraziko dira, horien inguruan egingo diren jardunez gain.

Elementu horien gutxieneko tamaina eta jasoko duten puntuazioa honakoak izango dira:

Elementua	Tamaina	Puntuazioa

Landare-multzoak	500 m2	0,125	

Heskaiak eta zuhaiztiak	250 m	0,137	

Hormatxoak	50 m	0,029	

Haize-babesak	250 m	0,085	

Hezeguneak	500 m2	0,125	

b) Ustiategian dauden eta inbentarioan biltzen diren heskai, hormatxo nahiz arboladiak ez hondatzea, ez eta eztiarekin edo basafruituekin zerikusia duten landareak ere.

c) Heskaiak, hormatxoak eta arboladiak lehengoratu, mantendu eta zaintzea, bai eta eztiarekin edo basafruituekin zerikusia duten landareak ere.

d) Zehazten diren ikastaro, prestakuntza-jarduera eta ingurumeneko praktiketan parte hartzea.

4.– Laguntza honek dakartzan mugapenak nolabait konpentsatzeko, urtean 48 euro emango dira agintzen den hektarea bakoitzeko. Gehienez ere 4 ha-k jasoko dute gehigarri hau.

5.– Laguntza jasotzeko, hektarea bakoitzeko kontratatzen diren elementuei gutxi gorabehera 0,156 puntu emango zaizkie zerealari dagokionez eta 0,032 mahastiei dagokienez.

6.– Laguntza honen onuradunek ezingo diete lurzati berberetarako 7, 8, 9, 10, 13.3.a), 13.3.b), 14.1.a), 14.1.b), 20 eta 22. artikuluetan deskribatutako laguntzei heldu.

13. artikulua.– Baserri-ingurunea iraunaraztea.

1.– Laguntza hauen helburua nekazaritza-jarduera tradizionala uzteak edo gutxitzeak paisaian sortzen duen andeakuntza ekiditea eta baserri-ingurune hurbilean jardutea da.

2.– Laguntza hauek baserri baten jabeak diren edo baserria errentan hartuta duten nekazaritzako ustiategien titularrek jaso ahal izango dituzte, baserri horrek honako baldintzak betetzen baditu:

a) Alde horretan tipikoak diren ezaugarri arkitektoniko tradizionalak edukitzea.

b) Nekazariaren ohiko etxebizitza eta ustiategiaren zati bat izatea.

c) Nekazaritzako azalera erabilgarritik gutxienez 2 ha baserritik gertu egotea.

d) Laguntza hauek eskuratzeko, lurzatiak gehienez ere 4 ha izango ditu. Kontratatzen diren lurzatiek (guztiek nahiz horietako batzuek) baserritik 500 metrora bitarteko erradioan egon behar dute.

3.– Laguntza hau eskuratu ahal izateko, eskatzaileek idatziz adieraziko dute bost urtez halaxe beteko dituztela jarraian aipatzen diren modalitateetako batean zehaztutako ekintzak:

a) Aldea edozein dela ere egin beharreko jardunak.

– Zaindu eta/edo berregingo dituzten elementuen inbentarioa aurkeztea. Bertan horien kokapena eta, hala badagokio, azalera adieraziko dira, horien inguruan egingo diren jardunez gain.

– Prestatu gabeko aldeetan zaborrak, simaurra edo bestelako hondakin-motak ez pilatzea; horretarako, xede hori duten eta behar bezala moldatuta dauden lekuak egongo dira.

– Baserriaren inguruko egitura tradizionalei eustea, esaterako, labeak, garaiak, putzuak, itxiturak, hormak, uraskak, bordak, e.a. Horiek guztiak inbentarioan egongo dira.

– Zehazten diren ikastaro, prestakuntza-jarduera eta ingurumeneko praktiketan parte hartzea.

b) Interes bereziko aldeetan egin beharreko ekintza zehatzak

– Jarduera nagusia nekazaritza izatea.

– Zaindu eta/edo berregingo dituzten elementuen inbentarioa aurkeztea. Bertan horien kokapena eta, hala badagokio, azalera adieraziko dira, horien inguruan egingo diren jardunez gain.

– Laguntza honi dagozkion lurretan arboladiak mugatzea. Hostozabalak jarri ahal izango dira (eukaliptoa izan ezik), gehienez ere 200 orpo hektareako, nahiz eta gaitasun agrologiko handieneko lurretan debekatuta egongo den.

– Prestatu gabeko aldeetan zaborrak, simaurra edo bestelako hondakin-motak ez pilatzea; horretarako, xede hori duten eta behar bezala moldatuta dauden lekuak egongo dira.

– Baserriaren inguruko egitura tradizionalei eustea, esaterako, labeak, garaiak, putzuak, itxiturak, hormak, uraskak, bordak, e.a. Horiek guztiak inbentarioan egongo dira.

– Baserri eta lurzatietarako sarbideak, heskaiak, estrepak, terrazak, parralak, bide-bazterretako zuhaitzen lerrokadurak, bertako zuhaitz eta fruta-arbol bakarrak, errekastoak eta alde mugakideak, zubiak eta antzerako beste egitura eta elementuak jagotea.

– Aipatzen diren egitura guztiak forma tradizionalekin bat etorriz zainduko dira.

– Zehazten diren ikastaro, prestakuntza-jarduera eta ingurumeneko praktiketan parte hartzea.

4.– Kasua aurreko edozein dela ere, elementuen gutxieneko tamaina eta jasoko duten puntuazioa honakoak izango dira:

Elementua	Tamaina	Puntuazioa	

Hostozabaleko arboladiak	50 m2	0,114	

Zaborrak biltzeko gunea egokitzea	elementu 1	0,660	

Baserria	eraikin 1	1,000	

Alboko eraikuntza eta egiturak	elementu 1	0,500	

Egurrezko itxiturak	50 m	0,050	

Harrizko horma eta hormatxoak	50 m	0,125	

Paisaiari dagozkion landare-elementuak	50 m2	0,272	

Landabideak, sarbideak, ertzak	50 m	0,200	

4 orduko ikastaroetara joatea		0,332	

5.– Laguntza honek dakartzan mugapenak nolabait konpentsatzeko, a) modalitatean, 48 euro emango dira urtean hektarea bakoitzeko eta b) modalitatean, berriz, 240 euro.

6.– Laguntza jasotzeko, ezinbestekoa izango da a) modalitatean gutxienez 0,94 puntu lortzea eta b) modalitatean, berriz, 4,70 puntu.

7.– Bi modalitate hauetako edozeinetan laguntza jasotzen dutenek ezingo diete lurzati berberetarako 9, 10, 12, 14.1.a), 14.1.b), 21 eta 22. artikuluetan deskribatutako laguntzei heldu. Gogoratu beharra dago, gainera, bi modalitate horiek elkarren artean bateraezinak direla.

14. artikulua.– Urtegiak eta arroak babestea.

1.– Laguntza honen helburua urtegien kalitateari eustea da; horretarako, behar bezala arautuko dira urtegien bazterretan eta urak horietara isurtzen dituzten arroetan egiten diren erabilerak. Bi modalitate daude:

a) Urtegiak eta aintzira naturalak babestea.

b) Beren urak urtegietara isurtzen dituzten arroak babestea.

2.– Nekazaritzako ustiategien titularrak a) modalitateko laguntzen onuradun izateko, beren nekazaritzako lurretan honako urtegi edo aintziraren baten aldeei dagokien 100 metroko zerrenda egon behar du:

a) Urtegiak: Albina, Gorbea, Maroño, Puentelarra, Sobrón, Uribarri, Urdalur eta Urrunaga Arabako Lurralde Historikoan; Artiba, El Regato, Gorostiza, Laukariz, Lekubaso, Lemoiz, Lertutxe, Nocedal, Oiola, Undurraga eta Zollo Bizkaiko Lurralde Historikoan; eta Aixola, Añarbe, Arriaran, Barrendiola, Ibaieder, Lareo, Urkulu eta Urtatza Gipuzkoako Lurralde Historikoan.

b) Aintzirak eta hezeguneak: Bikuña, Altubeko Aintzirak, Laguardiako Aintzira-Konplexua, Salburuako Hezeguneak, Izki, Caicedo Lakua, Lacorzana, Navaridas, Olandina eta Gesaltza-Añana Arabako Lurralde Historikoan, eta Bolue eta Arbieto Urmaela Bizkaiko Lurralde Historikoan.

Zerrenda honi beste gune batzuk ere gehitu ahal izango zaizkio.

Nekazaritzako ustiategien titularrak b) modalitateko laguntzen onuradun izateko, beren nekazaritzako lurrek urak 2 a) puntuan zehaztutako urtegietakoren batera isurtzen dituzten arroetan kokatuta egon behar dute.

3.– a) modalitateko laguntzari heltzeko, eskatzaileak idatziz adieraziko du gutxienez 20 urtez ondoren aipatzen diren neurriak aplikatuko dituela. Hitzemandakoari jarraiki, neurri horiek urtegiaren maila gorena adierazten duen lerrotik gora dagoen 100 metroko eremuari bakarrik aplikatuko zaizkio, edo eremua barneratzen duen lurzati osoari. Ezingo da kontraturik egin berezko belardiak direnean. Aplikatu beharreko neurriak hauexek dira:

– Bertan ezer ez landatzea.

– Zurezko landaredi naturala hazten uztea.

– Ongarri edo pestizidarik ez erabiltzea eta purinik ez isurtzea.

– Belar-sastrakak urtero kentzea, baina beti uztailaren 30aren ondoren.

– Surik ez erabiltzea.

– Zehazten diren ikastaro, prestakuntza-jarduera eta ingurumeneko praktiketan parte hartzea.

b) modalitateko laguntzari heltzeko, eskatzaileak idatziz adieraziko du gutxienez bost urtez ondoren aipatzen diren jarduerak egingo dituela.

– Ezer ez landatzea %15 baino gehiagoko malda duten lurretan, hauek urtegietatik eta beren urak horietara isurtzen dituzten ibaietatik gertu badaude. Lur horietan, zurezko landaredi naturala hazten utziko da.

– Ibaiertzetako egonkortasunari eustea; nagusiki urtegien ertzetan nahiz bere urak horietara isurtzen dituzten ibaien ertzetan dagoen landaredia zainduko da.

– Ongarrien erabilera kontrolatzea.

– Belardi eta larrez estalitako azaleretan nahitaez kontratatzea 7. artikuluan aipatutako laguntza, larre-zonen aprobetxamendu estentsiboa egiteari buruzkoa.

– Granjetako isurketak kontrolatzea; horiek landa-koadernoan jasota geratuko dira.

– Behar bezala bakartzea simaurra eta purinak biltegiratzeko eremuak. Hala ere, substantzia horiek biltegi itxietan gordeko dira.

– Abere-azienda arro bakoitzerako iraunkorrak diren mugetaraino murriztea, baina hektareako 2 ALUko muga gainditu gabe.

– Abereak urtegian eta ibaiertzeetan ibil daitezen ekiditea.

– Purinik ez isurtzea eta landare-osasunerako produkturik ez erabiltzea ibaiekin eta beren urak horietara isurtzen dituzten errekastoekin mugakide diren lurzatietan.

– Zehazten diren ikastaro, prestakuntza-jarduera eta ingurumeneko praktiketan parte hartzea.

4.– Laguntza honek dakartzan mugapenak nolabait konpentsatzeko, a) modalitatean, 180 euro emango dira urtean hektarea bakoitzeko eta b) modalitatean, berriz, 120 euro.

5.– a) modalitateko laguntzaren onuradunek ezingo diete lurzati berberetarako 7, 8, 9, 10, 12, 13.3.a), 13.3.b), 20 eta 22. artikuluetan deskribatutako laguntzei heldu.

b) modalitateko laguntzaren onuradunek ezingo diete lurzati berberetarako 8, 9, 10, 12, 13.3.a), 13.3.b) eta 22. artikuluetan deskribatutako laguntzei heldu.

III. KAPITULUA
NBBEFeko BERME ATALAK ETA FORU ALDUNDIEK FINANTZATUTAKO LAGUNTZAK

15. artikulua.– Soro landuak ongarritzeko konpost-erako hondakin organikoak erabiltzea.

1.– Laguntza honen helburua nekazaritza-jardueratik datozen hondakin organikoak birziklatzea eta, ondoren, horiek ongarri gisa erabiltzea da.

2.– Laguntza honen onuradun izateko, nekazaritzako ustiategien titularrek nekazariak izan behar dute, alegia, beren jarduera nagusia nekazaritza izan behar du. Laguntza hau landutako lur-azaleretarako bakarrik emango da.

3.– Laguntza honi heltzen dioten nekazaritzako ustiategien titularrek idatziz adieraziko dute gutxienez bost urtez konpost-erako hondakin organikoak erabiliko dituztela beren ustiategian, honako baldintzetan:

a) Ekintza honen pean gelditzen diren lurzatiei analisiak egingo zaizkie, lurzoruak dituen pH-a eta materia organikoaren kantitatea kontuan hartuta produktu egokiena zein den zehazteko.

b) Lehen urtean, labore-lurrak behar dituen unitate nitrogenatuen %30a gutxienez emango da konpost-erako gaien bidez.

c) Bigarren urtean, %50a emango da.

d) Neurria aplikatuko den hurrengo urteetan, konpost-erako gaietatik etorritako unitate nitrogenatuak gutxienez labore-lurrak dituen beharrizanen %80a izatera helduko dira.

e) Fruta-arbola eta barazkien kasuan, konpost-erako gaietatik etorritako unitate nitrogenatuen ehunekoak honakoak izango dira:

– Lehen urterako %20a.

– Bigarren urterako %40a, eta

– Jarraiko urteetarako %60a.

f) Ez dira inoiz hurrengo mugok baino handiagoak izango:

– Patata eta erremolatxan, hektareako 170 kg nitrogeno.

– Zereal eta olio-landareetan, hektareako 100 kg nitrogeno.

– Fruta-arbola eta barazkietan, hektareako 170 kg nitrogeno.

– Belar-soro eta larreetan, hektareako 80 kg nitrogeno.

g) Ongarri-gaiaren zein kantitate erabili behar diren kalkulatzeko, kontuan hartu behar da konpost-erako gaiek oso motel askatzen dituztela mantenugaiak eta, beraz, orokorrean pentsa dezakegu mantenugai horiek hiru urtetan zehar neurri berean askatzen direla.

h) Administrazio eskudunak ezartzen dituen I+G programen bidez emaitzen jarraipena egin dadin onartzea.

i) Dagokion Foru Aldundiko Nekazaritza zerbitzuek kontrola egiteko, horiei jakinaraztea noiz aplikatu zaion ongarri-gaia lurrari.

j) Zehazten diren ikastaro, prestakuntza-jarduera eta ingurumeneko praktiketan parte hartzea.

4.– Laguntza konpost-erako produktuak erosi izana egiaztatzen duen faktura aurkeztu ondoren ordainduko da, ustiategian bertan sortutako konposta erabiltzen denean izan ezik.

Laguntza horren zenbatekoa 120 euro-koa izango da urtean eta hektarea bakoitzeko eta inoiz ez da konpost-erako produktuak erosi izanari dagozkion fakturetan agertzen den kopuruaren %80a baino handiagoa izango (salbuespena izango da ustiategian bertan sortutako konposta erabiltzea).

5.– Laguntza honen onuradunek ezingo diete lurzati berberetarako 17. artikuluan deskribatutako laguntzei heldu.

16. artikulua.– Abere-arraza lokalak iraunaraztea.

1.– Laguntza honen helburua babestu beharreko edo galzoriko espezietzat zehaztuta dauden abere-arraza lokalak iraunaraztea da.

2.– Laguntza hauen onuradunak abeltzainak izango dira, baldin eta dagokion arrazaren lurralde-elkarteko kideak badira eta arraza horretatik gutxienez 2 ALU kalifikatu badituzte. Honako arrazengatik emango da laguntza-mota hau:

a) Behi-azienda: betizu, terreña eta montxina.

b) Ardi-azienda: Karrantzako muturbeltza eta Sasi Ardi arraza.

c) Zaldi-azienda: pottoka, Enkarterriko astoa eta Euskal Herriko mendiko zaldia.

3.– Abeltzainak berak eta arraza bakoitzari dagokion lurralde-elkarteak idatziz adieraziko dute gutxienez bost urtez jarraian aipatzen diren baldintzak beteko dituztela.

a) Elkarteen konpromisoak:

– Bidezko osasun- eta hobekuntza-programak egitea eta aholkularitza ematea, ustiategietan arazo patologikoak ekidin eta etekinak hobetze aldera zein higiene- eta erabilera-neurri hartu behar diren jakiteko.

– Bere lurraldean dagokion arrazaren erregistro genealogikoa eta, hala badagokio, identifikazio-liburua kudeatzea eta ekoizpen-kontrola egitea.

– EAEn kudeaketa tekniko-ekonomikoko programetan parte hartzea.

– Kalitatezko produktuak egiteko araudi teknikoak ezartzea.

b) Abeltzainen konpromisoak:

– Ekoizpen estentsiboko teknikak mantentzea. Abereei bazka-belarra bakarrik emango zaie, edoskitze-aldian izan ezik; aldi horretan, eta abereak egoki elikatuta egon daitezen, pentsua eman ahal izango zaie.

– Ez gainditzea Foru Aldundi bakoitzak arraza bakoitzerako ezartzen duen abere-zama.

– Arraza aukeratu eta mantentzera zuzendutako kudeaketa teknikoko programetan eta kudeaketa tekniko-ekonomikokoetan parte hartzea.

– Kalitatezko produktuak erakunde arautzaileen irizpideen arabera gertutzea.

– Azienda-mota hau tradizioz larratu izan den mendiko belardi eta larreen aprobetxamendu estentsiboa egiten jarraitzea. Neguan, ez da mendiko larreen aprobetxamendua egingo.

– Zehazten diren ikastaro, prestakuntza-jarduera eta ingurumeneko praktiketan parte hartzea.

4.– Laguntza honek dakartzan mugapenak nolabait konpentsatzeko, Araban, 120 euro emango dira urtean ALU bakoitzeko (animaliengatiko prima) eta Bizkaian eta Gipuzkoan, berriz, 230 euro (umetarako emeengatiko prima).

5.– Laguntza honen onuradunek ezingo diete lurzati berberetarako 7 eta 20. artikuluetan deskribatutako laguntzei heldu.

17. artikulua.– Nekazaritzako ekoizpen ekologikoa sustatzea.

1.– Laguntza honen helburua lurrari hain intentsiboa ez den erabilera eman behar zaiola sustatzea da. Hala eginez gero, eskaintzaren eta eskariaren arteko oreka handiagoa izango da, ingurumena babestuagoa egongo da eta landa-eremua ez galtzea ahalbidetuko da.

2.– Laguntza honen onuradun izateko, nekazaritzako ustiategien titularrek honako baldintzak bete behar dituzte:

a) Nekazaritza Ekologikoko Lurralde Elkarteren bateko kide izatea. Mahatsondoari dagokionez, gainera, lurzatiak dagokion jatorrizko deiturako mahastien erregistroan izena emanda egon beharko dute.

b) Kontratuaren xede diren lurzatietan laboreak erregularki eta modu homogeneoan erein edo landatuta egongo dira; ez dira onartuko lerrokadura sinpleak, banakako landare-orpoak, autokontsumorako landatzeak edo zaindu gabeko soro landu edo aprobetxamenduak.

c) Lurzatiak bazka-laboreak jarri eta horien aprobetxamendua egiteko kontratatu nahi izanez gero, laguntzaren onuradunak nekazaritza ekologikoari buruzko arautegiarekin bat etorriz ekoizten duela hartuko da kontuan. Bazka horiek abeltzaintza ekologikoko ustiategiei salduko dizkie soil-soilik.

3.– Neurri honi heltzen dioten nekazaritzako ustiategien titularrek idatziz adieraziko dute gutxienez bost urtez honakoak egingo dituztela:

a) Nekazaritza ekologikoari buruzko arautegiari jarraiki ekoiztu, eta nekazaritzako eta jateko produktuetan halaxe egiten dela adierazteari buruzko arauei heldu (2092/1991 Araudia (EE); 229/1996 Dekretua, irailaren 24koa, Eusko Jaurlaritzarena; eta aurrerago ezar daitezkeen arauak).

b) Zehazten diren ikastaro, prestakuntza-jarduera eta ingurumeneko praktiketan parte hartu.

c) Labore-lurrei eta aprobetxamenduei buruzko zamen koadernoa egitea eskatu ahal izango da, eta berau zerbitzu tekniko ofizialen eskura egongo da.

4.– Jardunbide hauen eraginez ekoizpenak izango duen murrizketa konpentsatzeko, laguntzak emango dira, honako zenbatekoekin:

– Zerealak eta labore estentsiboak: urtean 180 euro hektareako

– Belardiak eta larreak: urtean 266 euro hektareako

– Jorra-landareak eta barazki estentsiboak: urtean 389 euro hektareako

– Baratzeko laboreak: urtean 600 euro hektareako

– Fruta-arbolak eta mahastiak: urtean 600 euro hektareako

5.– Laguntza honen onuradunek ezingo diete lurzati berberetarako 15 eta 23. artikuluetan deskribatutako laguntzei heldu.

18. artikulua.– Tokian tokiko babarrun-sailak lantzea.

1.– Laguntza honen helburua labore tradizionala dugun babarrun-sailak sustatzea da. Horretarako, tokian tokiko babarrun-sail onenak lehengoratu egingo dira, labore honek osatzen dituen ondare genetikoa, kultur nahiz paisaia-ondarea eta ondare gastronomikoa zaintzeko asmoz.

2.– Laguntza hauek nekazaritzako ustiategien titularrek, ENSek, ondasun-erkidegoek eta ekoizpen-kooperatibek, honako baldintzak betetzen badituzte:

a) Dagokion ekoizleen Elkarteko kide izatea.

b) Gutxienez 2.000 m2-ko azaleran babarrunak landatuta izatea. Ustiategi horri neurri hau eta ustiategian dagoen baserri-ingurunea iraunaraztekoa aplikatzen bazaizkio, gutxieneko azalera 1.000 m2-koa izango da.

3.– Laguntza honen onuradunek idatziz adieraziko dute gutxienez bost urtez honako baldintzak beteko dituztela:

a) Barietate autoktonoak bakarrik erabiltzea; hots, babarrun zuria, gorria, nabarra edo beltza.

b) Barietate hauek Elkartean onartuta egon beharko dute.

c) Barietate horiek aire zabaleko sistema tradizionalaren bidez lantzea.

d) Landare-osasunerako produktuak ezarritako baldintzetan erabiltzea.

e) Dagokion elkarteak ezartzen dituen ekoizpen-kontrolei eta labore-lurren kontrolei men egitea.

f) Eusko Jaurlaritzaren Nekazaritza Sailak, edo Foru Aldundi bakoitzekoak, erabiltzen den landare-materialari eta landatzeko teknikei dagokienez egiten dituen ikuskapen eta kontrolei men egitea.

g) Zehazten diren ikastaro, prestakuntza-jarduera eta ingurumeneko praktiketan parte hartzea.

h) Labore honetan oso ohikoak dira sustraietako gaixotasunak, eta are gehiago lurzoru berean behin baino gehiagotan lantzen badira. Horregatik, lurzatiak urtero aldatu ahal izango dira, nahiz eta, gutxienez, hasieran kontratatutako azalera mantendu beharko den.

4.– Laguntza honek dakartzan mugapenak nolabait konpentsatzeko, Araban, 180 euro emango dira urtean hektarea bakoitzeko eta Bizkaian eta Gipuzkoan, berriz, 600 euro.

5.– Arabako Lurralde Historikoan laguntza hau jasotzen dutenek ezingo diote lurzati berberetarako 10. artikuluan deskribatutako laguntzari heldu.

19. artikulua.– Erabilera publikokoak nahiz aisiarako izango diren lurrak kudeatzea.

1.– Laguntza honen helburua espazio natural babestuetan nekazaritzako erabilerak eta ingurune naturala bateragarri egin daitezen lortzea da.

2.– Laguntza hauek jaso ahal izango dituzte nekazaritzako ustiategien titularrek, baldin eta horien lurrak, oso-osorik edo, behintzat, batzuk, honakoren batean kokatuta badaude:

a) Egun EAEn espazio natural babestu deklaratuta dauden lekuetan. Leku hauek honako babes-figurak dira: parke naturalak, biotopo babestuak eta biosfera-erreserbak. Hauei dagozkien babeseko zona periferikoak ere barneratzen dira.

b) Dekretu hau aplikatzen den aldian EAEn espazio natural babestu deklaratzen diren lekuetan. Leku hauek aipatutako babes-figurak edo legez ezartzen diren bestelakoak izango dira. Halaber, hauei dagozkien babeseko zona periferikoak ere barnera daitezke.

c) Arabako Lurralde Historikoan dauden ustiategiei dagokienez, titularrek, gainera, nekazariak izan behar dute; alegia, beren jarduera nagusia nekazaritza izan behar du.

3.– Laguntza honen onuradunek idatziz adieraziko dute gutxienez bost urtez honako ekintzak egingo dituztela:

a) Gutxienez 2 ha kontratatu.

b) Lurretan, larrerakoetan nahiz oihanpekoetan, abeltzaintzako ustiapena egiten utzi. Horrez gain, abeltzaintzako erabilera honetarako beharrezkoak diren ekipamenduak eraikitzen utzi beharko du.

c) Jendea lur horietan sartzen utzi. Onuradunak bidezidorrak konpontzen eta seinaleak jartzen utzi beharko du, neurria ezartzen den espazio naturalaren erabilera eta kudeaketarako zehaztutakoaren arabera.

d) Bertako landaredia errespetatu. Gunearen erabilerak eta egin daitezkeen aldaketak Natur Baliabideen Antolamendurako Planetan (NBAP) eta Erabilera eta Kudeaketa Arautzeko Planean (EKAP) ezarritako erabakietara egokitu beharko dira.

e) Surik ez erabiltzea.

f) Neurri honen pean dauden larreak berritzeko lanei mugak jarri. Hostozabalak erabili ahal izango dira, baina 200 orpo edo gutxiago hektareako eta, batez ere, malda gehien duten lekuetan eta ibarbideetan.

g) Zehazten diren ikastaro, prestakuntza-jarduera eta ingurumeneko praktiketan parte hartzea.

4.– Laguntza honek dakartzan mugapenak nolabait konpentsatzeko, urtean 30 euro emango dira hektareako.

20. artikulua.– Mendiko larreak iraunaraztea.

1.– Laguntza honen helburua nekazaritzan erabiltzen diren zenbait espaziok jasaten duten narriadura geldiaraztea da; horretarako, eremua sastrakaz garbitu eta larratze estentsiboa egiteko erabiltzea da asmoa.

2.– Laguntza hauek honakoek jaso ditzakete:

a) Kontratuaren xede diren lurrak larrerako erabili ahal izateko elkarteetan integratuta dauden abeltzaintzako ustiategien titularrek.

b) Titulartasun publikoko lurrak larre gisa ustiatzeko lagapenean jaso dituzten eta lur horiek larre gisa erabiltzeko elkarteetan integratuta dauden abeltzainek, eta

c) Abeltzainen elkarteek, hauek ordezkatu eta kudeatzen baitituzte larre-eremuetan abeltzain guztiek dituzten interesak.

Edonola ere, ukitutako eremuak honakoetan kokatuta egongo dira:

– Egun EAEn espazio natural babestu deklaratuta dauden lekuetan. Leku hauek honako babes-figurak dira: parke naturalak, biotopo babestuak eta biosfera-erreserbak. Hauei dagozkien babeseko zona periferikoak ere barneratzen dira.

– Dekretu hau aplikatzen den aldian EAEn espazio natural babestu deklaratzen diren lekuetan. Leku hauek aipatutako babes-figurak edo legez ezartzen diren bestelakoak izango dira. Halaber, hauei dagozkien babeseko zona periferikoak ere barnera daitezke.

– Zehazten diren onura publikoko mendietan edo xedapen libre mendi publikoetan.

3.– Laguntza honi heldu ahal izateko, eskatzaileek idatziz adieraziko dute gutxienez bost urtez honako konpromisoak beteko dituztela:

a) Artzaintzan jardutea.

b) Eguneratuak izatea larre hauen aprobetxamendu-tasen ordainketak.

c) Lurren titularra den ente publikoak onetsitako urteko kudeaketa-planari eustea. Bertan honako konpromisoak hartuko dira:

– Elkarteak abere-zamak mugatu eta kontrolatuko ditu, organo eskudunek onetsitako zuzentarau teknikoekin bat etorriz. Aprobetxamendu-area osoan, abere-zama inoiz ez da ALU 1 baino gehiago izango hektareako.

–Elkarteak larreen kudeaketa-programa egingo du eta bertan abereak noiz sartu eta aterako diren adierazteko egutegia egongo da.

d) Lur horietan larratzen duten animaliek identifikatuta egon beharko dute eta osasun-baldintza guztiak bete beharko dituzte, bai gai horretan indarrean dagoen arautegi orokorrean ezarritakoak, bai eta dagokion Foru Aldundiak zehazten duen arautegi espezifikoan finkatutakoak ere.

e) Berroihaneztatutako area errespetatzeko, surik ez erabiltzeko eta fauna autoktonoa errespetatzeko konpromisoak hartzea.

f) Sastrakak garbitzea, eskuz edo bide mekanikoak erabiliz, baina soilik %30 baino gutxiagoko aldapa duten lurretan. Sendotuta dauden zuhaixka-landare autoktonoen multzoak errespetatu beharko dira.

g) Hormak, harrizko artegiak, bordak eta artzaintzan tipikoak diren beste elementu batzuk mantentzea eta azpiegituretan, larreak era egokian erabiltzeko eta aprobetxatzeko, behar diren hobekuntzak egitea.

h) Elkarteak larreen urteko planean onetsitako jarduerak burutzen laguntzea, horien alde lan eginez edo ekarpen ekonomikoaren bidez.

i) Zehazten diren ikastaro, prestakuntza-jarduera eta ingurumeneko praktiketan parte hartzea.

4.– Laguntza honek dakartzan mugapenak nolabait konpentsatzeko, urtean 72 euro emango dira hektareako.

5.– Laguntza honen onuradunek ezingo diete lurzati berberetarako 7, 9, 10, 12, 14.1.a), 16 eta 22. artikuluetan deskribatutako laguntzei heldu.

21. artikulua.– Gernika-Mundakako itsasadarreko padurak eta belardi hezeak zaintzea.

1.– Laguntza honen helburua Gernika-Mundakako itsasadarreko padurak eta belardi hezeak zaindu eta mantentzea da.

2.– Laguntza hauek honakoek jaso ditzakete:

a) Gernika-Mundakako itsasadarreko padura eta belardi hezeen eremuan kokatutako lurren jabe den edozein pertsona fisiko edo juridikok.

b) Lur horien nekazaritzako aprobetxamendua egiteko eskubideen titular diren nekazariek. Kasu honetan, jabeak ez du laguntza hau jasotzeko eskubiderik izango.

3.– Laguntza honi heldu ahal izateko, eskatzaileek idatziz adieraziko dute gutxienez bost urtez honako betekizunak beteko dituztela:

a) Berezko belardi iraunkorrak larretarako bakarrik erabiltzea, uztailean eta abuztuan etena eginez.

b) Lurra berdindu eta saneatzeko lanik ez egitea (besteak beste, zangak eta drainatzeak).

c) Drainatze-ertz edo kanaletako landaredia eta berezko heskaiak gordetzea.

d) Landare-osasunerako produkturik edo ongarririk ez erabiltzea.

e) Lur horiek jendearentzat eta aisiarako erabil daitezen baimentzea.

f) Horretaz gainera, primaren zenbatekoaren arabera, ingurumenari dagozkion jarraiko jardueraren bat edo guztiak egin beharko dituzte:

– Marea edo uholdeek utzitako hondakin eta zaborrak garbitzea.

– Fauna eta flora behatzeko bidezidorrak eta pasabideak jagotea.

– Drainatze-uhateak eta pontoiak berreskuratu eta zaintzea

– Arkeologia eta etnografiako elementuak jagon eta garbitzea.

g) Zehazten diren ikastaro, prestakuntza-jarduera eta ingurumeneko praktiketan parte hartzea.

4.– Laguntza honek dakartzan mugapenak nolabait konpentsatzeko, urtean 396 euro emango dira hektareako.

5.– Laguntza honen onuradunek ezingo diete lurzati berberetarako 9, 10, 13.3.a), 13.3.b) eta 22. artikuluetan deskribatutako laguntzei heldu.

22. artikulua.– Ibai eta errekastoen aldeak babestea.

1.– Laguntza honen xedea ibai eta errekastoen aldeetako paisaia eta ingurumena eta horiek garraiatzen dituzten uren kalitatea babestea da.

2.– Laguntza hauen onuradun izateko, nekazaritzako ustiategien titular direnen lurretan ur-emari iraunkorra duten EAEko ibai eta errekastoei dagokien 10 metroko zerrenda egon behar du.

3.– Laguntza honi heldu ahal izateko, eskatzaileek idatziz adieraziko dute gutxienez bost urtez honako konpromisoak beteko dituztela:

a) Ibai eta errekastoei dagokien 10 metroko zerrendan ezer ez landatzea.

b) Berezko zurezko landaredia errespetatu eta zaintzea.

c) Ibai eta errekastoei dagokien 10 metroko zerrendan ongarri edo pestizidarik ez erabiltzea.

d) Lurzatiaren gainerakoan landare-osasunerako produktuak eta ongarriak egoki eta arrazionalki erabiltzea.

e) Belar-sastrakak urtero kentzea, baina beti uztailaren 30aren ondoren.

f) Babeseko zonan surik ez erabiltzea.

g) Zehazten diren ikastaro, prestakuntza-jarduera eta ingurumeneko praktiketan parte hartzea.

4.– Laguntza honek dakartzan mugapenak nolabait konpentsatzeko, urtean 165 euro emango dira hektareako.

5.– Laguntza honen onuradunek ezingo diete lurzati berberetarako 7, 8, 9, 10, 12, 13.3.a), 13.3.b), 14.1.a), 14.1.b), 20 eta 21. artikuluetan deskribatutako laguntzei heldu.

23. artikulua.– Ekoizpen integratuaz baliatzea.

1.– Laguntza honen helburua nekazaritzako labore ezberdinetarako (belarkiak zein zurezkoak izan) estentsiboki edo, negutegietan, intentsiboki ekoizpen integratuko teknikak sustatzea da. Honen bidez, honakoa lortu nahi da: ingurunea errespetatzen duen kalitatezko produktua sortzea; inputen erabilera murriztu eta hobetzea, dibertsitate biologiko handiagoa lortzeko; eta Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritza-sistemetan nagusi den orekari eustea.

2.– Laguntza hauek jaso ahal izango dituzte nekazaritzako ustiategien titularrek, ENSek, ondasun-erkidegoek, ekoizpen-kooperatibek edo zuzenbidean onartuta dagoen beste elkarte batzuek, baldin eta EAEn kokatuta badaude eta honako betekizunak betetzen badituzte:

a) Euskadin Ekoizpen Integratuan dihardutenen Erregistroan inskribatuta egotea, zehazki Ekoizleei dagokien atalean, Eusko Jaurlaritzaren otsailaren 13ko 21/2001 Dekretuak ezartzen duen bezala.

b) Dagokion arau teknikoak arautzen dituen labore hauetakoren baten ekoizlea izatea:

– Modu estentsiboan landutako lehorrekoak eta belar-bazka: zerealak, olio-landareak, proteaginosoak, belardiak eta bazka-laboreak.

– Jorra-landareak, barazkiak eta ureztatuak: patata, erremolatxa, leka, leka-alea, arto ureztatua, uraza, eskarola, azalorea eta brokolia estentsiboki landuak.

– Zurezkoak: Pipita eta hezurdunen fruta-arbolak, dagokion jatorrizko deiturari lotutako mahastia, fruitu txikiak.

– Aterpeko barazkiak.

– Etorkizunean erregulatuta geratzen diren arau teknikoetakoren bati dagokion labore oro.

c) Mahatsondoari dagokionez, mahastiek jatorrizko deitura jakin horri dagokion mahatsondoen erregistroan izena emanda egon beharko dute.

d) Txakolina egiteko mahatsari dagokionez, ekoizleek jatorrizko deitura jakin horri lotutako upategia izan beharko dute, edo ezaugarri horiek dituen upategia mahatsez hornitzeko kontratua eduki.

e) Finketan (bat baino gehiago bada), laguntzaren xede diren laboreak erregularki eta modu homogeneoan landatuta egongo dira; ez da onartuko lerrokadurarik, banakako landare-orporik, autokontsumorako sailik edo zaindu gabeko labore-lurrik.

f) Aterpeko laboreei dagokienez, lurren azalerak gutxienez 1.000 m2 izan beharko ditu. Plastikoz, plaka zurrunez edo beiraz estalita egongo da eta espezie tradizionalak landuko dira bertan. Estalki-egiturek kontserbazio-egoera onean egon behar dute, baita kontrol- eta automatismo-sistema guztiek ere.

3.– Neurri honi heltzen dioten onuradunek idatziz adieraziko dute gutxienez bost urtez honakoak egingo dituztela:

a) Eusko Jaurlaritzaren otsailaren 13ko 21/2001 Dekretuan aurreikusten den Jarraipen eta Kontrol Erakundeak, nahiz Herri Administrazioek egiten dituzten kontrolei men egitea.

b) Ekoizpen integratuaren inguruko aholkularitza teknikoa eskuratu. Horretarako, konpromisoa egingo du zerbitzu tekniko hori emateko prestatuta dauden langile teknikoak dituen ekoizle-talderen batekin (elkartea, kooperatiba edo legez ezarritako beste elkarte-mota bat izan daiteke). Banakako ekoizleek kanpo-aholkularitza teknikoari uko egin ahal izango diote eurek lan horretan aritzeko behar besteko prestakuntza badutela egiaztatzen badute.

c) Dagokion ustiapen- edo zama-koadernoa bete eta zerbitzu tekniko ofizialen esku egon dadin bermatu. Koadernoak eguneratuta egon beharko du. Kontabilitatea egiteko, besteak beste, lehengaiei, eskuratutako materialei, egindako analisiei eta hauen emaitzei eta laginei buruzko oharrak eta agiriak hartuko dira oinarri gisa eta lurzati bakoitzean egindako landaketa guztiak adieraziko dira.

d) Laguntzaren xede den ekoizpen-mota bererako (laborea eta/edo espeziea) erabiltzen diren ustiategiko eremu guztietan ekoizpen integratua aplikatuko duela hitzeman.

e) Ekoiztutako produktuak merkaturatzeko orduan, ekoizpen integratuko metodoen bidez lortu direla adierazi eta berme-identifikazioa (halakorik balego, behintzat) egoki erabili.

f) Zehazten diren ikastaro, prestakuntza-jarduera eta ingurumeneko praktiketan parte hartu.

4.– Jardunbide hauen eraginez ekoizpenak izango duen murrizketa konpentsatzeko, laguntzak emango dira, honako zenbatekoekin:

– Jateko patata: urtean 210 euro hektareako

– Kiwia: urtean 475 euro hektareako

– Aterpeko barazkiak: urtean 550 euro hektareako

5.– Egoera-laguntza osagarria: Foru Aldundiek egoera-laguntza osagarria eman ahal izango dute aterpeko barazkiak ekoizten dituztenentzat. Laguntza hori urtean 320 euro-koa izango da hektareako.

6.– Laguntza honen onuradunek ezingo diete lurzati berberetarako 10 eta 17. artikuluetan deskribatutako laguntzei heldu.

24. artikulua.– Laborantza estentsiboetan ingurumena babestea, zerealaren ordez beste labore batzuk ezarrita.

1.– Laguntza honen helburua lehorreko lurretan zereala labore bakarra izateko ohitura alde batera utzi eta labore berriak sartzea da. Horrez gain, nekazaritza iraunkorragoa izatea ahalbidetuko duten nekazaritzako jardunbide batzuk ere barneratuko dira.

2.– Laguntza hauek jaso ahal izango dituzte EAEn kokatuta dagoen nekazaritzako ustiategien titularrek, baldin eta beren lurretan gutxienez 10 ha zereala lantzeko badira eta horren ordezko laboreak landuko dituztela hitzematen badute.

3.– Laguntza honen onuradunek idatziz adieraziko dute bost urtez honako konpromisoak beteko dituztela:

a) Gutxienez 6 ha kontratatzea txandaketarako. Laguntza ordezko laboreetarako erabiltzen den zatiaren araberakoa izango da (ez dira kontuan hartuko kentzea eta lugorria).

b) Jarraian aipatzen diren ordezko laboreetakoren bat jartzea, gutxienez 2 ha-tan eta inoiz ez lehenengo urterako hitzemandako dosia baino gutxiago:

Laborea	Gomendutako dosia 	Gutxieneko dosia 	Erein beharreko gutxieneko

	Araban (kg-ak hektareako)	Araban (kg-ak hektareako)	dosia (kg-ak hektareako)

Lehorreko alpapa	30-35	30	30	

Olio-koltza	6-8	5	8	

Ekilorea	3-5	3	3	

Abereak elikatzeko ilarra

(ilar proteaginosoa)	250-300	240	200	

Aletarako bazka-ilarra

(Bazka-ilarra: belar ondua edo siloa)	100-140	90	 120	

Lupinua (lurzoru azidoa)	180-220	160	-	

Zalke arrunta (%10a zerealarekin)	100-135	100	 100	

Zalke biloduna (%10a zerealarekin)	50	40	40	

Baba txiki proteaginosoa	180-200	160	-	

Bazka-koltza	7-8	5	-	

Olio-lihoa	30-50	25	-	

c) Kontratatzen diren lurzatietan ezingo da zereala erein ondoz ondoko hiru urte baino gehiagotan.

d) Lurzati berean ezingo dira elkarren ondoan jarri familia botaniko bereko ordezko bi labore (alpapa salbu).

e) Ezingo dira goldatu %12 baino gehiagoko malda duten lurzatietako eremuak.

f) Laborearen hazkunde-zikloa amaitu arte itxarongo da; edo, gutxienez, loraldia igaro arte mantenduko da aprobetxamendua egiten ez bada.

g) Aurreko laborearen uzta-hondarrak landatu egingo dira, zuzenean ereiteko sistema aplikatzen denean izan ezik.

h) Lurra urez beteta edo elurtuta badago, ez da simaurrik edo purinik botako.

i) Urteko anitzeko landa-koadernoa betetzea eta bertan, besteak beste, kontratatutako lurzati bakoitza nola txandatuko den adieraztea. Koaderno horrek honakoak bilduko ditu: urte bakoitzean landatuko den laborea, lurraren hasierako analisia, ateratze eta ekarpenen balantzea, egindako ongarritzea (balantzearen arabera arrazoitua). Koadernoa nekazariak eta nekazaritzako teknikari batek sinatuko dute. Azken honek gomendatuko du zein ongarritze egin behar den.

j) Zehazten diren ikastaro, prestakuntza-jarduera eta ingurumeneko praktiketan parte hartzea.

4.– Laguntza honek dakartzan mugapenak nolabait konpentsatzeko, urtean 72 euro emango dira ordezko laboreetarako erabiltzen den hektarea bakoitzeko.

IV. KAPITULUA
KONTROLAK ETA ZEHAPENAK

25. artikulua.– Kontrol-erregimena.

1.– Dekretu honetako laguntzak jasotzeko baldintza horiek denak benetan beteko direla seguru izateko, Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzak kontrol-plana ezarriko du Foru Aldundiek lagunduta. Plan horrek xedapen honetan jartzen duen guztia bete beharko du.

2.– Organo kudeatzaile eskudunek behar hainbat kontrol egingo dituzte –administratiboak batzuk, eta joan beharreko tokira joanda beste batzuk-, laguntzak jasotzeko baldintzak benetan betetzen direla seguru izateko.

3.– Kontrol administratibo hori sistema informatikoan egongo da oinarriturik. Sistema horren bidez, egiaztapen gurutzatuak egingo dira: laguntzaren xede diren lurzati eta abereenak. Azkenean, kontua bidegabeko ordainketak saihestea da.

4.– Bertara joanda egingo diren kontrolak egiteko, eskaera-kopuru esanguratsua aukeratuko da, gutxienez abereentzako laguntza-eskaeren %10 eta lur-azaleren laguntza-eskaeren %5. Halaber, kontrolak egingo dira ustiategiko animalien osasun-kartilletan eta, hala badagokio, galondoak erretzeko baimen ofizialetan. Eraginkorragoak izan daitezen, kontrol hauek NPBaren zuzeneko laguntzarako kontrolekin batera egingo dira.

Dena dela, kontrol horiek irregulartasun nabarmenak hautematen badituzte, beste kontrol batzuk egin ahal izango dira eta hurrengo urtean kontrolatu beharreko eskaeren ehunekoa igo egingo da.

5.– 2419/2001 Araudiak (EE) dioenarekin bat etorriz, organo kudeatzaile eskudunek, arriskuen analisia oinarri hartuta, zehaztuko dituzte bertara joanda egin beharreko kontrolen eskaerak.

6.– Bertara joanda egingo diren kontrolak bat-batean gauzatuko dira; aurreabisua eman ahal izango zaie eskatzaileei, baina abisu hori emateko epea ez da 48 ordu baino gehiagokoa izango oro har.

7.– Tartean ezinbesteko kasurik ez badago behintzat, ezinezkoa bada hara bertara joan eta dena delako kontrola egitea eta errua eskatzailearena bada, eskaerari ezezkoa emango zaio.

26. artikulua.– Aitortutako eta egiaztatutako lur-azalera edo unitateen artean gorabeheraren bat egoteak izan ditzakeen ondorioak.

1.– Kontroletan ikusten bada aitortutako lur-azalera benetan dagoena baino handiagoa dela, benetan zenbat dagoen hartuko da kontuan laguntzak zehazteko orduan.

Gainera, ezinbesteko kasuetan eta ezohiko inguruabarrengatik ez bada, benetan zehaztutako lur-azalera murriztu egingo da honako kopuruetan:

– egiaztatutako lur-azalera %3 edo 2 ha baino gehiago ez bada, egiaztatutako lur-azalerarentzat eman eta ordainduko dira laguntzak, inolako penalizaziorik jarri gabe.

– zehaztutako lur-azalera %3 edo 2 ha baino gehiago bada, baina %20 baino gutxiago (edo %20), egiaztatutako aldearen bikoitza murriztuko da.

– egiaztatutako aldea %20 baino gehiago bada, laguntza ukatu egingo da.

– egiaztatutako aldea %50 baino gehiago bada, gainera, ukatutako lur-azaleragatik jaso beharko lukeen kopurua murriztuko zaio neurri hauen zioz ordainduko zaion hurrengo zenbatekotik.

Murrizketa horiek ez dira aplikatuko, lur-azalera zehazteko, onuradunak laguntzak kudeatzen dituen organoak ontzat eman dituen datuetan behar den moduan oinarritu dela egiaztatuko balu.

2.– Aitortutako abere-kopurua kontrolean zehaztutako abere-kopurua baino handiagoa dela egiaztatuko balitz, laguntzaren zenbatekoa kontrolean benetan zehaztutako abere-kopuruaren arabera kalkulatuko da.

Gainera, ezinbesteko kasuetan, ezohiko inguruabarrengatik edo abere-taldearen bizitzaren inguruabar naturalei egotzi ahal zaizkien arrazoiengatik ez bada behintzat, laguntzaren zenbatekoa honako kopuruetan murriztuko da:

a) Aldea 3 aberekoa edo gutxiagokoa bada, aurrerago ezarriko den ehunekoa murriztuko da zenbateko horretatik.

b) Aldea 3 abere baino gehiagokoa bada:

– aurrerago ezarriko den ehunekoa murriztuko da, hau %10 baino gehiago ez bada.

– aurrerago ezarriko den ehunekoaren bikoitza murriztuko da, %10 baino gehiago eta %20 baino gutxiago (edo %20) bada.

– zehaztutako ehunekoa %20 baino gehiago bada, laguntza ukatu egingo da.

– zehaztutako ehunekoa %50 baino gehiago bada, gainera, ukatutako abereengatik jaso beharko lukeen kopurua murriztuko zaio neurri hauen zioz ordainduko zaion hurrengo zenbatekotik.

Eskaera bakoitzari ehuneko bat dagokio eta hau kalkulatzeko, laguntzaren xede den abere-kopurua kontrolean benetan egiaztatutako abere-kopuruarekin zatituko da.

27. artikulua.– Nekazaritza eta ingurumeneko konpromisoak ez betetzearen ondorioak

1.– Hartu diren konpromisoak ez betetzeak edo albo batera uzteak konpromisoa baliogabetuko du eta, ondorioz, jaso dituen diru-kopuruak eta aplikatzen diren legezko interesak itzuli beharko dira nahitaez. Horrez gain, dagokion zehapen-prozedura ireki ahal izango da dirua itzuli beharra ekarri duten gorabeherak administrazioko arau-hauste izatera heltzen badira (hori guztia, behar bezala egiaztatutako ezinbesteko kasuetan izan ezik). Horrelakoetan, onuraduna horren berri emateko moduan dagoenetik hasita 10 eguneko epea egongo da idatziz jakinarazteko.

2.– Hartutako nekazaritza eta ingurumeneko konpromisoen artean bat edo batzuk betetzen ez badira, eta konpromisook diruz lagundu daitezkeen unitateei (lur-azalerak, animaliak) badagozkie, kontrolean egiaztatu gabeko unitatetzat hartuko dira eta aurreko artikuluan xedatutakoa aplikatuko da.

Nekazaritza eta ingurumeneko konpromisoak ez badaude diruz lagundu daitekeen unitate zehatzari lotuta, %20ko murriztapena aplikatuko da bete ez den konpromiso bakoitzeko. Konpromisoak betetzen ez diren urtean onuradunari laguntzarik ez ematea da aplika daitekeen gehieneko murriztapena.

Konpromiso bera dagokion iraupen-epearen barruan bi urtez jarraian edo, guztira, hiru urtetan betetzen ez bada, onuradunak laguntza gisa jasotako zenbateko guztiak itzuli beharko ditu, aplikatzen diren legezko interesekin batera.

3.– Eskaera berean, alde batetik, nekazaritza eta ingurumeneko konpromisoak beteko ez balira eta gainera, aitortutako eta egiaztatutako unitateen artean alderik balego, murrizketak pilatu egingo dira.

28. artikulua.– Lurrak beste batzuei eskualdatu eta konpromisoak bertan behera geratzeak izan ditzakeen ondorioak

1.– Konpromisoak indarrean dirauen bitartean ustiategiak titulartasuna oso-osorik edo zati batean aldatuko balu, onuradunak berehala jakinarazi beharko dio laguntzak kudeatzen dituen organoari.

2.– Ustiategiaren titulartasuna aldatzen bada eta nekazaritza eta ingurumeneko konpromisoak jarraipenik ez balu, dagokion konpromisoa ezeztatu egingo da eta jasotako laguntzak itzuli egingo dira, aplikatzen diren legezko interesekin batera.

3.– Konpromisoa bukatzear badago eta konpromisoen zati garrantzitsua bete bada, laguntzak kudeatzen dituen organoak kontratua jasotako diru-kopuruak itzuli gabe etengo dela erabaki ahal izango du.

4.– Ustiategiak kontzentrazio partzelarioa, desjabetzea edo lurraldea antolatzeko antzerako esku-hartze publikoren bat jasan badu, baina esku-hartze hori ezin izan bada konpromisoa sinatzerakoan aurreikusi, eta hori dela-eta onuradunak ezin baditu bere gain hartutako konpromisoak aurrera eraman, laguntzak kudeatzen dituen organoak konpromisoak ustiategiaren egoera berrira egokitzeko behar diren neurri guztiak hartuko ditu. Neurriak ezin badira egokitu, konpromisoa bertan behera utziko da, eta ez da jasotako diru-kopuruak itzultzeko eskatuko.

29. artikulua.– Adierazpen faltsuak egiteagatiko zehapenak.

1.– Nahita edo zabarkeria larria dela medio adierazpen faltsurik egin bada, onuraduna neurri hauetatik etor daitekeen edozein laguntzatik kanpo geratuko da, konpromisoa baliogabetu egingo da eta ezin izango du beste konpromisorik sinatu harik eta bi urte iragan arte lehenengo kasuari dagokionez (hau da, adierazpen faltsua nahita egin bada) edo harik eta urtebete igaro arte bigarren kasuari dagokionez (hau da, zabarkeria larriagatik egin den adierazpen faltsua bada); horrela gertatzen bada, dagokion zehapen-espedientea irekiko da. Halaber, jasotako laguntza guztiak gehi aplikatzen diren legezko interesak itzultzeko eskatuko zaio, zuzenbidean dagozkion beste erantzukizun batzuei kalterik egin gabe.

2.– Aurkeztutako eskaerak akatsak dituela egiaztatzen bada, akats horiek zehapena jartzeko modukoak badira, baina ez badira ez nahita ez zabarkeria larriaren ondorioz egin, eta onuradunak akats horiek egiaztatu eta handik 10 eguneko epean organo kudeatzaileari horren berri ematen badio idatziz, ez da zehapenik jarriko, baldin eta laguntza horiek kudeatzen dituen organoak bertara joanda kontrola egiteko asmoa duela jakinarazi ez badio, edo onuradunak asmo horren berri beste bide batzuetatik eduki ez badu, edo organo kudeatzaileak eskaeran dauden irregulartasunen berri ematen ez badio.

30. artikulua.– Beste ondorio batzuk.

1.– Okerreko laguntzak jasoz gero, onuradunak itzuli egin beharko ditu, aplikatzen diren legezko interesekin batera. Kontrol-organoak aipatu diru-kopurua ez itzultzeko eska diezazioke onuradunari eta, horren ordez, dirua itzuli egin behar dela erabaki den unetik aurrera onuradunari egingo zaion lehenengo ordainketatik kopuru hori kentzea erabaki dezake.

2.– Onuradunak kontrol-lanari oztopoak jartzen badizkio, konpromisoa baliogabetu egingo da eta jasotako diru-kopuruak gehi aplikatzen diren legezko interesak itzuli beharko ditu, zuzenbidean dagozkion beste erantzukizun batzuei kalterik egin gabe.

3.– Onuradunak, lurzati berberetarako eta beste administrazio publiko edo pribatu batzuen eskutik, De-kretu hau dela bide hartutako konpromiso berberengatik laguntzak jasotzen dituela egiaztatzen bada, jasotako diru-laguntzak gehi aplikatzen diren legezko interesak itzuli beharko ditu.

4.– Edozein urtetan konpromisoak berritzeko eskaera aurkezten ez bada, eta epe horretan konpromisoak betetzeari ekin bazaio, onuradunak programan jarraituko du eta, urte horri dagozkion laguntzak jasoko ez dituen arren, kontratua konpromisoa betetzeko geratzen zaizkion urteetarako mantenduko da. Kasu horretan, ez da eskatuko jaso diren laguntzak itzultzeko. Konpromisoak bete ez badira, kapitulu honetan xedatutakoa aplikatuko da.

31. artikulua.– Konpromisoak egokitzea.

1.– Konpromisoak horiek betetzeko aldian zehar ere egokitu ahal izango dira, honako baldintzak betetzen badira behintzat:

– onartutako konpromisoak egokitzapena egiteko aukera ematea, eta

– konpromisoaren helburuak kontuan hartuta, egokitzapena behar bezala justifikatuta egotea.

2.– Konpromisoak betetzeko aldian konpromiso batetik bestera transferentziak egin ahal izango dira, honako baldintzak betetzen badira:

– argi eta garbi egotea transferentzia ingurumenerako onuragarria dela,

– hartutako konpromisoa nabarmen sendotzea, eta

– onartutako programan konpromiso horiek barneratzea.

3.– Konpromiso jakin bat betetzeko aldian onuradunak bere ustiategiaren azalera gehitzen badu, honakoren bat egin ahal izango da:

a) konpromisoa azalera gehigarriari ere aplikatu epearen gainerakoan bete dadin. Hala egiteko, honako baldintzak bete behar dira:

– argi eta garbi egotea dagokion neurrirako onuragarria dela,

– justifikatuta egotea konpromisoaren izaera, epea betetzeko geratzen den denbora eta azalera gehigarriaren tamaina kontuan hartuta (azalera gehigarriaren azalerak jatorrizkoak baino askoz txikiagoa izan behar du eta ezingo ditu bi hektarea baino gehiago izan),

– laguntza emateko ezarri ziren baldintzak betetzen direla egiaztatzeko oztopo ez izatea;

b) onuradunak hasieran hartutako konpromisoaren ordez, azalera osorako konpromiso berri bat jarri. Halaxe egingo da ustiategian bertan konpromiso jakin baten pean dagoen azalera gehitu egiten bada.

32. artikulua.– Laguntzei uko egitea.

Onuradunari laguntza ematea onartzen duen ebazpenaren berri eman eta gero, horrek lehenengo urtean bakarrik egin ahal izango dio uko. Idatziz egin beharko du, laguntza emateko erabakiaren berri jasotzen duenetik zenbatzen hasi eta 30 eguneko epean. Hala egin ezean, onuradunak laguntza onartzen duela ulertuko da. Ordutik aurrera, kontrol- eta zehazpen-erregimenaren pean geratuko da.

Hurrengo urteetan uko egiteak jasotako laguntza guztiak gehi aplikatzen diren legezko interesak itzultzea ekarriko du.

V. KAPITULUA
KUDEAKETA, EBAZPENA ETA ORDAINKETA
1. ATALA
Xedapen erkideak

33. artikulua.– Laguntzen kudeaketa.

Dekretu honetan aurreikusitako laguntzak organo kudeatzaileen bidez kudeatuko dira. Organo horiek laguntza bakoitza finantzatzen duten partaidetza kontuan hartuta finkatuko dira, Dekretu honetako 3. artikuluan eta kapitulu honetako hurrengo ataletan xedatutakoarekin bat etorriz.

34. artikulua.– Eskabideak eta akatsen ongitzea.

1.– Eskabideak laguntzak kudeatzen dituen organoari aurkeztu beharko zaizkio, hurrengo ataletan laguntza bakoitzerako ezartzen diren epe eta baldintzetan.

2.– Eskabidea jaso duen organoak akatsen bat edo zehaztasunik eza antzemango balu, halaxe jakinaraziko dio eskatzaileari, eskabidea aurkeztu duen egunetik zenbatzen hasi eta hamabost eguneko epean. Eskatzaileak 10 egun izan ditu akatsa ongitzeko. Behin epea hori igaro eta akatsa zuzenduta ez balego, onuradunak atzera egiten duela ulertuko da dagokion organoak ebazpena eman ondoren.

35. artikulua.– Onuradunaren betebeharrak.

Dekretu honetan araututako diru-laguntzen onuradunek ondorengoak bete beharko dituzte:

a) Emandako diru-laguntza onartzea. Ildo honetan, laguntzari Dekretu honetako 32. artikuluan xedatutako moduan uko egiten ez bazaio, onartu egiten dela ulertuko da.

b) Diru-laguntza eman den xederako erabiltzea, betiere emateko edo, hala badagokio, likidatzeko ebazpenean ezarritako baldintzekin bat etorriz.

c) Foru Aldundietako Nekazaritza Sailei, Eusko Jaurlaritzaren Nekazaritza eta Arrantza Sailari, Kontrol Ekonomikoko Bulegoari, Herri Kontuen Euskal Epaitegiari eta Europar Batasuneko organo eskudunei behar adina informazio helaraztea, Dekretu honen kargura jasotzen diren diru-laguntzen inguruan dituzten zereginak bete ahal izateko.

d) Dagozkien zerga-betebeharrak betetzen dituztela egiaztatzea, Ogasun eta Finantza Sailburuaren 1991ko urriaren 7ko Aginduak, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kargurako diru-laguntzak jasotzen dituztenek zerga-betebeharrak betetzen dituztela egiaztatzeari buruzkoak, xedatzen duenarekin bat etorriz.

e) Gizarte Segurantzarekin zorretan ez daudela egiaztatzea.

36. artikulua.– Baldintza-aldaketak, laguntzen ordainketa eta ez-betetzeak.

1.– Laguntzak emateko orduan kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira, betiere laguntzaren helburua bete dela ikusita, eta hala badagokio, aldi berean beste diru-laguntza batzuk lortzearen zioz diruz lagundu daitekeen kopurua gainditzen bada, honek diru-laguntzak emateko ebazpena aldatzea eragin dezake. Ondorio hauetarako, laguntza-erregimen bakoitzaz arduratzeko eskumena duen organo kudeatzaileak aldaketa-ebazpena emango du eta bertan, emandako diru-laguntzen zenbatekoak doituko dira, Dekretu honetako IV. kapituluan xedatutakoarekin bat etorriz.

2.– Laguntzak hasieran adierazitako xedeak bete direla egiaztatu ondoren ordainduko dira. Horretarako, onuradunek organo kudeatzaile eskudunek eskatzen dizkieten egiaztagiriak aurkeztu beharko dituzte.

3.– Onuradunek Dekretu honetan edo berau garatzeko diren foru-arauetan ezarritako betekizunak betetzen ez badira, eta laguntza-erregimen bakoitzerako ezar daitezkeen xedapen zehatzei kalterik egin gabe, onuradunak jasotako kopurua gehi aplikatzen diren legezko interesak itzuli beharko ditu, azaroaren 11ko 1/97 Legegintzako Dekretuak, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onesten duenak, 698/1991 De-kretuak eta aplikatu beharreko foru-arautegiak aurreikusten dutenarekin bat etorriz.

37. artikulua.– Ebazpenik eza eta errekurtsoak.

1.– Laguntza-erregimen bakoitzean aurreikusitako epeak amaituta ebazpenik eman eta jakinarazi ez bada, eskabideak gaitziritzitzat joko dira, 4/1999 Legeak emandako idazkeran Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen 43. artikuluak xedatutakoarekin bat etorriz.

2.– Dekretu hau eta hortik sortzen diren egintza guztiak inpugnatu ahal izango dituzte interesatuek, 4/1999 Legeak emandako idazkeran Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeak ezarritako moduan eta epean.

2. ATALA
NBBEFEKO BERME ATALAK ETA FORU ALDUNDIEK
FINANTZATZEN DITUZTEN LAGUNTZEN KUDEAKETA

38. artikulua.– Organoak.

1.– Ustiategiak edo ustiategiaren azaleraren zatirik handienak kokaleku duen, edo, bestela, lagundu beharreko jardun edo inbertsioa egingo den Lurralde Historikoko Foru Aldundiko Nekazaritza Sailari dagokio Dekretu honetako III. kapituluan aurreikusitako laguntzak kudeatzea.

2.– Xede horretarako, Foru Aldundietako Nekazaritza Sailek dekretu hau garatzeko arauak argitaratuko dituzte eta horietan, besteak beste, laguntzak kudeatzeari buruzko aurreikuspenak egingo dira; hots, eskabideak aurkezteko era eta epea, aurkeztu beharreko agiriak, laguntzak emateko prozedura, kontrolak eta ebazpena emateko nahiz laguntzak ordaintzeko epeak.

39. artikulua.– Ebazpena eta ordainketa.

1.– Bidezko kontrolak eta egiaztapenak egin ondoren, foru-organo eskudunek dagokion ebazpena emango dute. Ebazpen horren bidez, hala badagokio, laguntza emango dute, bakoitzak bere aurrekontuen kargura. Horrez gain, NBBEFeko Berme Atalari dagozkion fondoen kargurako laguntzei heltzea proposatuko da, irailaren 26ko 425/1996 Dekretuak, Euskal Autonomia Erkidegoan nekazaritza-politika bateratuak dituen gastuen erakunde ordaintzailea eratu eta honen antolaketa eta funtzionamendua ezartzen dituenak, eta Dekretu horren ondorengo aldaketek ezartzen dutenarekin bat etorriz.

2.– Dekretu honetako III. kapituluan aipatzen diren laguntzak 425/1995 Dekretuan esaten denaren arabera ordainduko dira, aldez aurretik Erakunde Ordaintzaileak kasuan kasuko ebazpenak idatzi eta gero.

3. ATALA
NBBEFEKO BERME ATALAK ETA EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIO OROKORRAK
FINANTZATZEN DITUZTEN LAGUNTZEN KUDEAKETA

40. artikulua.– Organoa.

Dekretu honetako II. kapituluan aurreikusitako laguntzak Eusko Jaurlaritzaren Nekazaritza eta Arrantza Saileko Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzak kudeatuko ditu. Lankidetza-hitzarmenak ere egin ahal izango ditu Foru Aldundiekin eskabideak eta aurkeztu beharreko agiriak jaso eta ikuskapen eta kontrolak egiten laguntzeko.

41. artikulua.– Eskabideak, epeak eta agiriak.

1.– Urte bakoitzeko lehen hiruhilekoan, eta bigarren xedapen gehigarrian 2004rako ezarri denari kalterik egin gabe, Nekazaritza eta Arrantza sailburuak agindu bidez deituko ditu dekretu honetako II. kapituluan aurreikusitako laguntzak eta eskabideak aurkezteko epea zabalduko da. Epe horretan, interesatuak laguntza horri heltzeko asmoa adieraziko du eta, laguntza eskatzen duen lehenengo urtea bada, baita horri dagokion nekazaritza eta ingurumeneko konpromisoa beteko duela dioen idazkia ere.

Era berean, laguntzen deialdia egiten duen aginduan, aurrekontu-ekitaldi bakoitzean Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura emango diren laguntzen zenbatekoa guztira zein izango den adieraziko da.

2.– Konpromiso-aldiko ondorengo urteetan, eta epe berean, urteko ordainketa-eskabidea aurkeztu beharko du, honako agiriekin batera:

– Hartutako konpromisoak bete direla eta hori egiaztatzeko egin beharreko kontrolei men egingo diela adierazten duen zinpeko aitorpena.

– Ustiapen-koadernoa. Bertan, konpromisoaren pean dauden lurzati edo lur-azaleretako bakoitzean egindako nekazaritzako jardunbideak adieraziko dira, bereziki zein ongarri eta tratamendu fitosanitario erabili diren. Koadernoa aztertu ondoren, organo kudeatzaileak zigilua jarriko dio eta onuradunari emango dio, konpromiso-aldi osoan berak gorde dezan.

3.– Halaber, laguntza hau eskatzen dutenek organo kudeatzailearen eskura utziko dituzte hartutako konpromisoekin erlazionatutako ustiategian erabili diren inputei edo beste ekoizpen-elementu batzuei buruzko fakturak, albaranak edo bestelako agiriak, adibidez, ustiategiko abereen osasun-kartillak eta galondoak erretzeko baimen ofizialak.

42. artikulua.– Ebazpena eta ordainketa.

1.– Bidezko kontrol eta egiaztapenak egin eta beharrezko agiriak jaso ondoren, Nekazaritza eta Abeltzaintza zuzendariak ebazpen bidez adieraziko du laguntza eman edo ukatu dela eta horretarako sei hilabeteko epea izango du eskabideak aurkezteko epea amaitzen denetik zenbatuta. Ebazpen horren bidez laguntza emanez gero, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura egingo da. Horrez gain, NBBEFeko Berme Atalari dagozkion fondoen kargurako laguntzei heltzea proposatuko da, irailaren 26ko 425/1996 Dekretuak, Euskal Autonomia Erkidegoan nekazaritza-politika bateratuak dituen gastuen erakunde ordaintzailea eratu eta honen antolaketa eta funtzionamendua ezartzen dituenak, eta Dekretu horren ondorengo aldaketek ezartzen dutenarekin bat etorriz.

2.– Laguntzak, beranduenez, hurrengo urtekoei dagozkien eskabideak aurkezteko epea ireki baino lehen ordainduko dira.

XEDAPEN IRAGANKORRAK

Lehenengoa.– 213/2000 Dekretuarekin bat etorriz emandako laguntzak.

Dekretu hau urriaren 24ko 213/2000 Dekretuaren bidez emandako laguntzei aplikatuko zaie, baldin eta horien xede diren nekazaritza eta ingurumeneko konpromisoak oraindik amaitu ez badira. Hemendik aurrera, laguntza horiek dekretu honetan xedatutakoaren bidez arautuko dira.

Bigarrena.– 2004rako deialdia.

Dekretu honetako II. kapituluan aurreikusitako laguntzen eskabideak, bai lehenengo aldiz laguntzei heltzeko eskabideak, bai oraindik amaitu ez diren konpromisoei dagokien urteko prima ordaintzeko eskabideak, Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzan edo azaroaren 26ko 30/92 Legean aurreikusitako bitartekoetakoren batean aurkeztu beharko dira, eskuragarri dauden eskabide-ereduei jarraiki eta EHAAn argitaratzen diren egunaren biharamunetik hasita zenbatutako hilabeteko epean.

Agindu honen arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura eman beharreko laguntzen zenbatekoa, gehienez, 430.000 euro izango dira guztira. Halaber, NBBEFeko Berme Ataleko fondoen kargura ere gehienez beste 430.000 euro eman ahal izango dira. Hortaz, laguntza hauetarako fondoa guztira 860.000 eurokoa da. Aurrekoa gorabehera, zenbateko hori eguneratu egingo da indarrean dagoen legeriaren arabera aurrekontu-aldaketarik egiten bada. Hala izatekotan, aldaketen ondoriozko diru-izendapena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, Nekazaritza eta Landa Garapeneko sailburuordearen ebazpen baten bidez.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indarrik gabe geratzen da 213/2000 Dekretua, urriaren 24koa, Euskal Autonomia Erkidegoan nekazaritza eta ingurumeneko neurri eta konpromisoak hartzeko laguntzei buruzkoa.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Nekazaritza eta Arrantza sailburua ahalmentzen da agindu bidez eta bere eskumenen eremuan, dekretu hau aplikatu ahal izateko beharrezko xedapen osagarriak emateko, bai eta xedapen horiek Euskal Autonomia Erkidegoko Landa Garapen Iraunkorreko Plana dela-eta Erkidegoaren arautegian edo erabakietan gerta daitezkeen aldaketetara egokitzeko ere. Hori guztia ez da oztopo izango dekretu honetan aldaketaren bat egiteko, edukian funtsezko aldaketak gertatzen badira edo egin beharreko aldaketek ez badute zerikusirik Erkidegoko arau eta erabakiak aplikatzearekin edo horietara egokitzearekin.

Zehazki, honakoak arautu ahal izango dira agindu bidez: laguntzen zenbatekoak (betiere erregelamenduetan edo Erkidegoko erabakietan ezarritako mugak gainditzen ez badira), eskabideak aurkezteko epeak eta dekretu honetako artikuluetan aurreikusten den arauen garapen oro.

Bigarrena.– Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean sartuko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2004ko maiatzaren 18an.

Lehendakaria,

JUAN JOSE IBARRETXE MARKUARTU.

Nekazaritza eta Arrantza sailburua,

GONZALO SÁENZ DE SAMANIEGO BERGANZO.


Azterketa dokumentala