Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

110. zk., 2004ko ekainaren 11, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Xedapen Orokorrak

Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Saila
3140

100/2004 DEKRETUA, 2004ko ekainaren 1ekoa, ¢Etxebizitza Hutsaren Programa» sustatu eta bultzatzen duen, programa horren araubide juridikoa ezartzen duen eta «Vivienda y Suelo de Euskadi S.A./Euskadiko Etxebizitza eta Lurra, SA» (VISESA) Baltzu Publikoari programa kudeatzeko ardura ematen dion 316/2002 Dekretua aldatzeari buruzkoa.

Eusko Jaurlaritzak Etxebizitza Bideratzeko Plana (2002-2005) onartu zuen 2002ko azaroaren 5eko bilkuran. Etxebizitzaren alorrean —eta epe horretan— Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak gauzatuko dituen jardueretarako jarraibideak ezartzea da plan horren helburua. Plangintza estrategikoko eta sustapeneko irizpideak hartuko ditu aintzat, eta beste orientabide batzuk ere bai, zeintzuk estrategikoak izan ez arren, oso garrantzizkoak diren etxebizitza alorrean parte hartzen duten agenteentzat eta babespen ofizialeko etxebizitzaren beharra duten herritarrentzat.

Etxebizitza Bideratzeko Planak, besteak beste, helburutzat hartu du, indarrean dirauen bitartean, gaur egun hutsik dauden 5.000 etxebizitza mobilizatzea; eta «Euskadiko Etxebizitza eta Lurra SA» (VISESA) Baltzu Publikoari berariaz eman dio eginkizun hori betetzeko ardura.

VISESA baltzu publikoaren estatutuek, besteak beste, honako hau ezartzen dute: «ondare sozialarenak diren etxebizitzen kudeaketa egitea errentamendu erregimenpean eta bai edozein eratako zesio-titulupean Baltzuari, errentamendu xedez, atxikitako beste etxebizitza batzuena ere».

Etxebizitza Bideratzeko Planaren ondorioz, eta berorren jarduera-lerroak edo –ardatzak garatuz, hartu zuen indarra 316/2002 Dekretuak, hots, «Etxebizitza Hutsaren Programa» sustatu eta bultzatzen duen, programa horren araubide juridikoa ezartzen duen eta "Vivienda y Suelo de Euskadi S.A./Euskadiko Etxebizitza eta Lurra, SA" (VISESA) Baltzu Publikoari programa kudeatzeko ardura ematen dionak. 2003ko apirilaren 22ko Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuaren aginduz garatu zen Dekretu hori.

Abenduaren 30eko 316/2002 Dekretua indarrean egon den bitartean zenbait egoera antzeman dira, hobetu beharko liratekeenak; eta Dekretu honek aztertzen dituenak, zatiren batean aldatuz.

Horrenbestez, Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuak proposatuta, Jaurlaritzaren Kontseiluak 2004ko ekainaren 1ean egindako bileran gai hau eztabaidatu ondoren, honako hau

XEDATU DUT:

Artíkulu bakarra.

«Etxebizitza Hutsaren Programa» sustatu eta bultzatzen duen, programa horren araubide juridikoa ezartzen duen eta «Vivienda y Suelo de Euskadi S.A./Euskadiko Etxebizitza eta Lurra, SA» (VISESA) Baltzu Publikoari programa kudeatzeko ardura ematen dion abenduaren 30eko 316/2002 Dekretuaren 7. artikuluko 1. paragrafoa aldatzen da, honelako erredakzioa izango duela aurrerantzean:

«1.– Etxebizitzak errentan hartzeko «ETXEBIDE» erregistroan berariaz inskribatuta dauden edo inskribatuko diren pertsona fisiko eta bizikidetzako unitateei, beraz, babes ofizialeko etxebizitzen araudiak ezarritako baldintzak betetzen dituzten pertsona fisiko eta bizikidetzako unitateei eskainiko dizkie VISESAk aurreko artikuluetan ezarritakoaren arabera baltzu publikoari lagatako etxebizitzak. Hala ere, diru-sarrerak ezingo dira 21.100 eurotik gorakoak izan».

AZKEN XEDAPENA

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2004ko ekainaren 1ean.

Lehendakaria,

JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.

Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburua,

JAVIER MADRAZO LAVÍN.


Azterketa dokumentala