Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

103. zk., 2004ko ekainaren 2a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Lurralde Antolamendu eta Ingurumen Saila
2915

95/2004 DEKRETUA, maiatzaren 25ekoa, Donostia-San Sebastiango Udalak, nahitaezko desjabetza egiteko, "Osoan Bereoneratzeko Plan Bereziaren 1. egikaritzapen-unitatea, Herrerako (Altza) hirigintzako jardute-eremua, desjabetzeko espedienteak" eragindako ondasun eta eskubideak lehenbailehen hartu behar dituela adierazteko dena.

Donostia-San Sebastiango Udaleko alkatetzak 2002ko ekainaren 7an emandako Ebazpen bidez, jendaurrean jarri ziren, nahitaezko desjabetza egiteko, "Osoan Bereoneratzeko Plan Bereziaren 1. egikaritzapen-unitatea, Herrerako (Altza) hirigintzako jardute-eremua, desjabetzeko espedienteak" eragindako ondasun eta eskubideak. Ondoren, 2004ko apirilaren 4an egindako bilkuran erabaki zen, Eusko Jaurlaritzari nahitaezko desjabetzaren eraginpean dauden ondasun eta eskubideak lehenbailehen hartu beharrekoak direla deklaratzeko eskatzea, Nahitaezko Desjabetzari buruzko Legearen 52. artikuluan ezarritakoaren arabera.

Lehenbailehen hartu beharreko ondasun eta eskubideak banakatuta eta xehatuta agertzen dira espedientean jasotako zerrendan, zeintzuk diren jakiteko beharrezkoak diren datuekin. Zerrenda hori jendaurrean jarri zen zegokion garaian eta, administrazio espedientean adierazten denez, alegazio batzuk aurkeztu eta ebatzi ziren.

Zerbitzu Teknikoek ikusi dutenez, ez dago espedientea izapidetzeko inolako oztoporik.

Ondasun eta eskubide horiek hartzea luza ezinezkotzat jotzen da honako arrazoi hauengatik:

Osoan Bereoneratzeko Plan Berezia burutzeko, eta etxebizitza kopuru handi bat eraikitzeko nahiz eremu degradatua eta, neurri batean kutsatua, (Ramón Vizcaíno industria, IHOBEk eginiko kutsatuta egon daitezkeen lurzoruen mapan ageri da) bereoneratuz; era berean, auzo horretako behe aldean gertatu ohi diren uholdeen arazoa era konpondu nahi da.

Osoan Bereoneratzeko Plan Bereziak bi egikaritzapen-unitate hartzen ditu bere baitan; lehenengoa, 28.353 m2-koa, desjabetzako sistemaren bidez kudeatu beharrekoa, eta bigarrena, 16.774 m2-koa, lankidetzarako sistemaren bidez. 1. Egikaritzapen-unitatean 138 etxebizitza eraikitzea aurreikusita dago; horietatik 108, babes ofizialekoak izango dira.

Bestalde, hirigintzako jardute-eremuko azpiegitura nagusiak, elkarrekin duten loturarengatik urbanizatze-proiektu bakar batean jasota dauden gainerako lanak gauzatzeko ezinbestekoa denak, bi egikaritzapen-unitateetako lurzoruak beharko ditu. Tokiko Gobernu Batzarrak, 2004ko martxoaren 18ko erabaki bidez onartu zuen 2. egikaritzapen-unitatea berriro zatikatzea. Beraz, Unitate honetako lurzorua ia erabiltzeko moduan dago.

Behar larriei erantzungo dieten aurreikuspen horiek guztiak burutzeko beharrezkoa da desjabetzapen-espediente honek eragindako lurrak lehenbailehen eskuratzea.

Euskal Herriko Lurralde Antolakuntzari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legearen 26.1.f) artikuluan xedatzen denaren arabera, Eusko Jaurlaritzari dagokio nahitaez desjabetu beharreko ondasun eta eskubideak lehenbailehen hartu beharrekoak direla deklaratzea nahitaezko desjabetzak honako hauek hartzen dituenean: egikaritzapen- unitate osoak, lurraldearen hirigintza-antolaketari dagozkion sistema orokorrak edo antolaketa horren elementuren bat eta lurzoru urbanoan egin beharreko egintza isolatuak. Goian aipatutako Lege horrek 26.2 artikuluan ezarritakoaren arabera, orduko Hirigintza, Etxebizitza eta Ingurugiro sailburuari zegokion horretarako proposamena Jaurlaritzaren Kontseiluan aurkeztea.

Ondorioz, Lurralde Antolamendu eta Ingurumen sailburuaren proposamenez eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2004ko maiatzaren 25ean egindako bilkuran aztertu ondoren, honako hau

XEDATU DUT:

Artikulu bakarra.– Nahitaezko Desjabetzari buruzko Legearen 52. artikuluan eta Euskal Herriko Lurralde Antolakuntzari buruzko Legearen 26.ean xedatutakoari jarraituz, "Osoan Bereoneratzeko Plan Bereziaren 1. egikaritzapen-unitatea, Herrerako (Altza) hirigintzako jardute-eremua, desjabetzeko espedienteak" eragindako ondasun eta eskubideak Donostia-San Sebastiango Udalak lehenbailehen hartu beharrekoak direla deklaratzea. Berariaz hasiarazitako espedientean jasotako zerrendan daude zehaztu eta banakatuta ondasun eta eskubide horiek.

Vitoria-Gasteiz, 2004ko maiatzaren 25a.

Lehendakaria,

JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.

Lurralde Antolamendu

eta Ingurumen sailburua,

SABIN INTXAURRAGA MENDIBIL.


Azterketa dokumentala