103. zk., 2004ko ekainaren 2a, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
Bestelako Xedapenak
Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Saila
2914
EBAZPENA, 2004ko martxoaren 10ekoa, Garapen Lankidetzarako zuzendariarena, "Ekuadorreko eremu lehorrak ureztatzeko aurrekontu txikiko sistemak" proiektuaren iraupena luzatu eta proiektua bera aldatzeko onarpena ematen duena. Organización de coopeeración y solidaridad internacional (OCSI AMS) entitateak aurkeztu zuen proiektua, Garapenean Lankide Izateko eta Laguntzeko Fondoaren konturako 2002ko deialdiaren barruan.
Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailaren egitura organikoa eta funtzionala finkatzen dituen otsailaren 12ko 40/2002 Dekretuak Garapen Lankidetzarako Zuzendaritzari dagozkion egitekoak finkatzen ditu eta bertan adierazten denez, Zuzendaritzak, besteak beste, ekonomia, kultura, zientzia eta teknikaren alorretan garapen lankidetzarako programak eta egitasmoak sustatu, koordinatu eta burutu behar ditu.
Garapen eta Lankidetza Sustatzeko Fondoaren kontura 2000an emango ziren laguntzak arautzen dituen maiatzaren 30eko 92/2000 Dekretuak honela dio 31. artikuluko 1. idatz-zatian: proiektua gauzatzerakoan funtsezko eragina izan dezakeen edozein gorabehera gertatzen bada, horren berri emango dio berehala erakunde eskatzaileak Garapen Lankidetzarako Zuzendaritzari, bereziki aldaketa horrek proiektua gauzatzean atzerapenak edo proiektuaren guztirako gastuetan aldaketak dakartzanean. Artikulu horren 2. idatz-zatiak, halaber, honako hau dio: erakunde eskatzaileak ekintza gauzatzerakoan sartu nahi diren aldaketen berri emango dio, aurretik, Garapen Lankidetzarako Zuzendaritzari, eta aldaketa horiek aurrekontuan izango duten eragina zehaztuko du. Proposatutako aldaketak onartzea Lehendakaritzako Idazkaritzari dagokio. Batzorde Kudeatzaileari guzti horren berri emango zaio, idatziz.
Lehendakaritzako idazkariaren ebazpen baten bidez (2000ko ekainaren 13ko EHAA), "Organización de cooperación y solidaridad internacional (OCSI AMS)" erakundeari 377.340,12 euroko diru-laguntza eman zitzaion "Ekuadorreko eremu lehorrak ureztatzeko aurrekontu txikiko sistemak" izeneko proiektua garatzeko.
Aipatutako erakundeak, 2004ko martxoaren 8an Garapen Lankidetzarako Zuzendaritzari zuzendutako idazkiaren bidez, epea 2004ko ekainaren 30era arte luzatzeko eskabidea egin zuen. Idazki horretan, halaber, aurrekontua aldatzeko eskatu zuen, familia batentzako ureztatze sistema baten ordez sistema amankomuna jarri nahi duelako eta horretarako 34.022,77 euro gutxiago behar dituelako. Ondorioz, 377.340,13 euroko hasierako aurekontua 343.317,36 eurotan gelditzen da. Onuradunak, beraz, aurrekontu osoaren %70 justifikatu beharko du lehenengo eta behin eta, horren ostean, hirugarren ordainketa egingo zaio, 65.816,15 eurokoa. Hasieran onartutakoa, hala ere, 99.838,92 eurokoa zen.
Garapen Lankidetzarako Zuzendaritzak diru-laguntzaren onuradun den erakundeak eskatutako aldaketen aldeko irizpena eman du eta, horren ondorioz, honakoa
EBATZI DUT:
Lehenengoa.– "Ekuadorreko eremu lehorrak ureztatzeko aurrekontu txikiko sistemak" proiektua garatzeko Organización de cooperación y solidaridad internacional (OCSI AMS) erakundeak zeukan epea luzatzeko eta proiektuaren aurrekontua aldatzeko baimena ematea. Proiektua Garapena eta Lankidetza Sustatzeko Fondoaren 2000. urteko deialdiaren barruan aurkeztu zen.
Bigarrena.– Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango da, Gizarte Gaietako sailburuordeari zuzenduta. Ebazpena jakinarazten den egunaren biharamunean hasi eta hilabetekoa izango da horretarako epea.
Vitoria-Gasteiz, 2004ko martxoaren 10a.
Gizarte Gaietako sailburuordea,
ANGEL ELÍAS ORTEGA.