103. zk., 2004ko ekainaren 2a, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
Xedapen Orokorrak
Jaurlaritzaren Lehendakaritza
2908
6/2004 LEGEA, maiatzaren 21ekoa, Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sareari buruzkoa.
Eusko Legebiltzarrak maiatzaren 21eko 6/2004 Legea, Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sareari buruzkoa, onartu duela jakinarazten zaie Euskadiko herritar guztiei.
MAIATZAREN 21EKO 6/2004 LEGEA, RED FERROVIARIA VASCA-EUSKAL TRENBIDE SAREARI BURUZKOA.
ZIOEN ADIERAZPENA:
Europako erakunde erkideek lehentasunezko xedetzat dute trenbideen europar eremu bateratu bat eraikitzea, hala ikuspegi teknikotik nola juridikotik bateratua, Europako garraio-moduen artean oreka aurkitzeko beren estrategiaren barruan trenbideen sektorea biziberritze aldera. Alde horretatik, trenbide-garraioa zeharo eraldatzen ari da Europar Batasunaren eremuan.
Kontseiluaren 1991ko uztailaren 29ko 91/440/EEE Zuzentarauak, Europako Erkidegoko trenbideen garapenaren gainekoak, ateak ireki zizkion Europan ohikoa zen trenbide-eredu zaharra aldatzeko prozesuari; eredu horretan, monopolio publikoen inguruan, azpiegituraren kudeaketa eta garraio-zerbitzua batera irudikatzen ziren, bata eta bestea bereizi gabe, eta ikusmolde hori zegoen trenbide-garraioko zerbitzuen oinarrian ere.
Trenbide-garraioaren sistema eraldatzeko prozesu horrek ez du etenik izan harrezkero. Lehenbiziko zuzentarau horren ondotik, berak xedatutakoa garatu eta osatuz, beste bi etorri ziren, eta trenbideen arloko lehenbiziko sorta osatu eta garatu zuten hiruren artean: Kontseiluaren 1995eko ekainaren 19ko 95/18/EE Zuzentaraua, trenbide arloko enpresei lizentziak ematearen gainekoa, eta Kontseiluaren 1995eko ekainaren 19ko 95/19/EE Zuzentaraua, trenbide-azpiegituraren ahalmenak esleitzearen eta dagozkien erabilera-sariak zehaztearen gainekoa.
Ondoren, beste urrats bat egin zen eraldaketa-prozesu horretan, urrats handia, trenbide arloko 2001eko sorta delakoa osatzen duten zuzentarauen bidez: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2001eko otsailaren 26ko 2001/12/EE Zuzentaraua, Europako Erkidegoko trenbideen garapenaren gaineko 91/440/EEE Zuzentaraua aldatu zuena; Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2001/13/EE Zuzentaraua, 2001eko otsailaren 26koa, trenbide arloko enpresei lizentziak esleitzearen gaineko Kontseiluaren 95/18/EE Zuzentaraua aldatu zuena; Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2001eko otsailaren 26ko 2001/14/EE Zuzentaraua, trenbide-azpiegituraren ahalmenen esleipenaren, azpiegitura horren erabilerarengatik ordaindu beharreko sarien eta segurtasunaren ziurtapenaren gainekoa, eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2001eko martxoaren 19ko 2001/16/EE Zuzentaraua, Europan gaindiko ohiko trenbide-sistemaren elkarreraginkortasunaren gainekoa. Bigarren urrats horren ondoren, Europako trenbide-sistema prest zegoen Europako trenbide-sare osoa 2008. urterako irekitzeko aurreikuspena betetzeko.
Azkenik, trenbide arloko beste sorta bat aurkeztu zitzaion Europako Batzordeari 2002ko urtarrilean, eta une honetan abian da haren gaineko eztabaida; sorta horrekin bururatuko da 1991n hasitako eraldaketa-prozesua.
Europako trenbide-sistemaren eraldaketa-prozesu horrek, aipatu diren Europako Erkidegoko arau horietan ezarrita datorrenak eta trenbide-eredu berriaren oinarri denak, hau du oinarrizko osagai garrantzitsuenetakoa: trenbide-azpiegituraren kudeaketaren eta trenbide-garraioko zerbitzuen arteko bereizketa.
Eta Europako Erkidegoan trenbide-sistema eraldatzeko izan den prozesuaren areagotzeak, aipatu ditugun zuzentarauen bidez mailaz maila egin den horrek, azpiegituraren kudeaketaren eta garraio-zerbitzuen arteko bereizketa are garbiago egiteko eskakizuna ekarri du, eta, horrenbestez, beharrezkoa da enpresa-bereizkuntza egitea arlo bien artean. Hori beharrezkoa da, ez bakarrik trenbideen sektorean lehia sartu eta hor diharduten eragileen artean bereizkeriarik ez egitea bermatzeko, baita –aurreko hori bezain garrantzizkoa da hau– sektorearen egoera ekonomikoa onbideratzeko ere.
Europako Erkidegoko araudiaren arabera, ezinbestekoa da trenbideen sektorean kudeaketa-arloak bereiztea, baldin eta hain kostu handikoak diren azpiegituretako inbertsioak, azken hamarkadetan trenbideen monopolio publikoen finantza-osasuna gaiztotu dutenak, herri-aginteek zuzen-zuzenean beren gain hartuko badituzte eta gero kostu horiek sektorean diharduten era bateko eta besteko eragileei berdintasunez jasanaraziko badizkiete, eragile horietako bakoitzak egiten duen erabileraren arabera, eta ustiapen ekonomiko eraginkorraren irizpideei jarraiki.
Garraio Jasangarriaren Gidaplanak, Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluak 2002ko azaroaren 19an onartutakoak, bere helburuen artean ezarria du garraio-moduen artean bestelako oreka bat sustatzea, ingurumenean eraginik txikiena duten garraio-moduak indartuz, eta horien artean bereziki trenbide-sistema. Alde horretatik ekinbide bat zehazten du argi-argi, Euskadiko trenbide-azpiegiturak kudeatzeko ente publikoa sortzea, hain zuzen ere. Horixe egin dugu lege honen bitartez.
Autonomia Erkidegoaren eskumenekoa den trenbide-sistemaren kudeaketa trenbide-eredu berri horretara egokitzea, zalantzarik gabe, erronka handia da. Baina erronka horri ezinbestean egin behar zaio aurre, Euskal Autonomia Erkidegoaren posizio geoekonomikoak eskaintzen dituen aukerez baliatzeko. Hori egingo ez bagenu, huts-hutsik paper marjinal bat izatera eramango genuke gure trenbide-sistema. Aurre egiteak, aldiz, aukera-eremu zabal bat irekitzea ekarriko du gure trenbide-sistemarentzat.
Hori dela eta, lege honek aintzat hartzen du Europar Batasunaren garraio-politika erkidean finkatzen den helburu nagusietako bat: trenbideko garraio publikoaren zerbitzuetan ahalik eta mailarik altuena lortzea, betiere garraiobide jasangarrien erabilpena sustatzearen esparruan, hain zuzen. Era berean, euskal trenbide-sistemaren modernizatzea bilatzen du, Euskal Autonomia Erkidegoaren kokagune geoestrategikoari balioa emateko euskarri gisa.
Horretarako, lege honek zuzenbide pribatuko ente publiko bat sortzen du, Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sarea izenekoa. Ente horren helburua da trenbide arloko azpiegiturak eraikitzea eta administratzea, eta bere jarduera zuzenbide pribatuari lotuko zaio, nahiz eta salbuespen batzuk izango dituen, hala nola kontratazioa, erantzukizun-araubidea, zerga-araubidea, eta administrazioaren ahalak erabiltzea dakarten jarduera-eremu jakin batzuk, haietan zuzenbide publikoaren mende egongo baita. Entea trenbideen gaian eskumena duen sailari atxikitzen zaio. Dituen eginkizunak hobeto gauzatu ditzan, kudeatzeko ahalmen zabalak ematen zaizkio Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sareari, bere ondarea osatzen duten ondasun eta eskubideen gainean.
Ente berriaren eskumena gaur egun dauden edo etorkizunean sor litezkeen trenbide arloko azpiegitura guztietara zabaltzen da, baldin eta Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumenekoak badira eta haren gain uzten badira. Entearen jarduna, ondorioz, etorkizunean zabal daiteke gaur egun indarrean dagoen konstituzio eta estatutu esparrua betetzeko Eusko Jaurlaritzak bere gain hartzen dituen beste azpiegituretara.
Bestalde, lege hau indarrean sartzerako eraikitzen hasiak ziren trenbide-garraiorako azpiegiturei dagokienez, horiekin zerikusia duten egoera juridiko aktibo zein pasiboen titularitateak ente honek bildu ahal izango ditu bere baitan.
Behin Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumenen eremuan trenbide-azpiegituren kudeaketa eta trenbide-zerbitzuaren ustiaketa bereizita, aurrerantzean ez da arrazoizkoa izango, ez eta koherentea eta eraginkorra ere, Bilboko metropoli-trena ustiatzeko erabiltzen den azpiegituraren kudeaketak Bizkaiko Garraio Partzuergoaren esku jarraitzea.
Trenbide-garraioaren arloan Europar Batasunean dauden arauek eta zerbitzu publikoaren ereduak aldaketa sakona eragin dute europar eremuko ohiko trenbide-garraioan. Eta horrek lehengo araudia eredu berri horren oinarrien arabera interpretatu beharra dakar.
Azkenik, Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sarea ente publiko berri honi trenbide-azpiegituren garapenari dagozkion eginkizunak osorik esleitu zaizkionez gero, komeni da ente horrek berak har ditzan bere gain orain artean Ingeniería para el Metro de Bilbao, S.A., Bilboko Metrorako Ingeniaritza, A.B.-Imebisa sozietate publikoak betetzen zituen egitekoak, sozietate hori desegin eta likidatuz. Izan ere, sozietate hori, hasiera batean, Bilboko metropoli-trenaren azpiegiturak garatzeko sortu zen arren, ondoren irailaren 16ko 205/1997 Dekretuak, sozietate hori sortzeko dekretua aldatu zuenak, Euskal Autonomia Erkidegoko trenbide-azpiegitura guztien garapena bereganatzeraino hedatu zituen sozietate horren eskumenak, eta hain zuzen ere eskumen horiexek hartzen ditu bere gain lege honen bidez sortzen den ente publikoak.
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK
1. artikulua. Sortzea eta izaera.
1.– Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sarea ente publikoa sortzen da.
2.– Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sarea zuzenbide pribatuko ente publikoa da, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 15. artikuluan aurreikusten direnetakoa (legegintzako dekretu horren bidez, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartu zen).
2. artikulua. Araubide juridikoa.
Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sarea zuzenbide pribatuaren arabera jardungo da, lege honetan bestelakorik adierazten ez bada. Nolanahi ere, administrazioaren ahalak darabiltzanean, aplikatzekoak diren zuzenbide publikoko arauen pean jardungo da.
3. artikulua. Atxikipena eta egoitza.
Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sarea trenbideen gaian eskumenak dituen Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailari atxikiko zaio.
Gasteizen izango du egoitza; hala ere, herrietan dauden ordezkaritzetan ere jardun ahal izango da, eginkizunak betetzeko hala komeni bazaio.
II. KAPITULUA
RED FERROVIARIA VASCA-EUSKAL TRENBIDE SAREAREN JARDUTEKO PRINTZIPIOAK, XEDEA ETA EGINKIZUNAK
4. artikulua. Jarduteko printzipioak.
Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sareak printzipio hauei jarraituko die bere jardueran:
1.– Euskadiko trenbide-sistema garatzea, Europar Batasuneko araudian ezarritako zerbitzu publikoko printzipioekin bat etorriz, euskal garraio-sistemaren garapen jasangarriaren eskakizunen arabera eta Euskadiren kohesio sozial eta ekonomikoa begiratuz.
2.– Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumeneko trenbide-egituren elkarreraginkortasuna sustatzea garraio-politika erkidearekin bat etorriz.
3.– Ingurumena babesteari dagozkion eskakizunak sartzea trenbide-azpiegituren proiektu berri guztietan, bai eta lehendik diren azpiegituren mantentze eta administrazioan ere.
4.– Euskal Autonomia Erkidegoko garraio-sisteman intermodalitatea sustatzea.
5.– Europar Batasunean helburu berak dituzten erakundeekin batera lan egitea.
6.– Lehiarako baldintzak sustatzea trenbide-zerbitzuetan, objektibotasun, gardentasun eta bereizkeriarik ezaren printzipioak errespetatuz.
7.– Erabiltzaileen interesak babestea, batez ere ahalmen-urritasunen bat edo mugikortasun mugatua duten pertsonenak, pertsona horiek trenbide-garraioko zerbitzuak modu egokian erabiltzeko duten eskubidea bermatuz.
5. artikulua. Xedea.
Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sarearen xedea da:
1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrean trenbideen gaian eskumenak dituen sailarekiko lankidetza teknikoa trenbide-garraioko azpiegituren plangintzan eta programazioan.
2.– Trenbide-garraioko azpiegituren eraikuntza, Jaurlaritzak agintzen dionean, eta, orobat, azpiegitura berri horiek zaindu, kudeatu eta administratzea, dela berak zuzenean, dela zuzenbide publiko edo pribatuko beste erakunde baten bitartez, zeinahi negozio juridikoz baliatuz.
3.– Lehendik zeuden trenbide-garraioko azpiegiturak zaindu, kudeatu eta administratzea, goiko paragrafoan adierazitako eran, Jaurlaritzak hari atxikitzen dizkionean.
4.– Jaurlaritzak haren gain uzten duen eta, zuzenean edo zeharka, trenbide-garraioko azpiegiturak eraiki, zaindu eta administratzearekin zerikusia duen beste edozein eginkizun, eta, bereziki, hauek: azterlan eta proiektuak idaztearekin zerikusia duten eginkizunak, eta trenbide-garraioko politikari, telekomunikazio-zerbitzuei eta gune publikoen erabilerari loturik dauden azpiegituren kudeaketarekin zerikusia dutenak, zein ere den kudeaketa horretarako erabiltzen den negozio juridikoa, betiere zuzenbidean onartzen direnetakoa bada.
5.– Lege honen ondorioetarako, honako hauek hartuko dira trenbide-azpiegituratzat: Europako Batzordearen 1970eko abenduaren 18ko 2598/70 (EEE) Erregelamenduaren I. eranskineko A zatian aipatzen diren elementu guzti-guztiak (erregelamendu horretan, 1108/70 Erregelamenduko I. eranskinean agertzen diren kontabilizazio-eskemetako kontu-sailen edukia zehazten da).
6.– Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sarea enteak ez du inolaz ere bere gain hartuko trenbide-garraioko zerbitzuak egiteko betekizuna.
6. artikulua. Eginkizunak.
1.– Honako eginkizun hauek dagozkio Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sarea enteari, bere xedea betetzeko:
a) Berak zuzenean edo beste baten bitartez gauzatu beharrekoak diren trenbide-azpiegituren proiektu teknikoak egitea, bideragarritasun ekonomikoaren gainekoak eta ingurumen-ebaluazioaren gainekoak barne; nolanahi ere, trenbideen gaian eskumenak dituen sailari dagokio proiektu tekniko horiek onesteko ahalmena.
b) Azpiegitura berriak eraikitzeko lanak egitea, bai eta lehendik zeudenak berritu edo garatzea ere, dela berak zuzenean, dela beste norbaiten bitartez.
c) Trenbide-azpiegituren administrazioa; hor sartzen dira azpiegitura horien ustiapena –haien erabilerarengatik saria kobratuta–, mantentzea eta trafikoaren segurtasun eta antolaketa sistemak kudeatzea.
d) Berak administratzen dituen azpiegituren lursail, instalazio eta eraikinak erabiltzea, berak zuzenean edo beste norbaitekiko kontratuaren bitartez, trenbide-garraioarekin zerikusia duten jardueretarako; betiere jarduera horiek Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sarearen xedea lortzeko badira.
e) Trenbide-azpiegiturei buruzko babes eta zainketa eginkizunak, trenbideen gaian eskudun den sailaren eskumenetan eta toki-administrazioko erakundeei dagozkienetan sartu gabe.
f) Sor litezkeen sari eta tarifak kobratzea, batez ere enteak berak eraikitako edo kudeatutako trenbide-azpiegituren erabilerarengatik ordaindu beharreko saria. Eginkizun horretan, eragileen eta Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sarearen arteko kontratuen finantza-oreka gorde beharko da.
g) Azpiegituren administratzaile gisa dagozkion administrazioaren ahalez baliatzea, bai jabariaren zainketakoez, bai kontserbaziokoez. Arlo horretan, haren ebazpenek administrazio-bidea amaituko dute, gora jotzeko errekurtsoaren aukera espresuki aurreikusten denetan izan ezik; errekurtsoa, betiere, trenbideen gaian eskudun den saileko buruari aurkeztuko zaio.
h) Ebazpenak ematea trenbideetako jabari publikoaren gaineko emakida eta baimenen gainean, eta orobat trenbidearen babes-eremuetan, trenbideen zainketako araudian arautzen direnetan, herri-administrazioez bestekoen jardueretarako baimenak ematearen gainean. Horretan, betiere, administrazio-prozedurako arauei jarraitu beharko zaie, eta trenbideen gaian eskumenak dituen sailarenak izango dira administrazio-egintzak berrikusteko ahalmenak eta zigorrak ezartzeko ahala.
2.– Trenbide-azpiegiturak eraiki edo berritu eta hobetzeko lanak egiteko inori lursailen jabetza kendu behar bazaio nahitaez, Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sarea jabetza-kentze horien onuradun izan ahal izango da. Hori guztiori Jabetza Nahitaez Kentzearen gaineko Legeak eta lege horren erregelamenduak aurreikusten dutenarekin bat etorriz.
3.– Azpiegiturak eraiki, berritu, mantendu eta hobetzeko lanak gauzatzeko, Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sareak ez du udalen baimenik beharko. Dena dela, obrak egiten hasi aurretik, enteak kasuan kasuko proiektua igorriko die obrek eragiten dieten udalei.
4.– Azpiegitura eta instalazioak eraiki eta zaintzeko lanak, zerbitzu eta hornidurak eta Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sarearen helburuak zuzen betetzeko beharrezko den guztia kontratatzeko, herri-administrazioen kontratuak arautzen dituzten arauei jarraituko zaie, betiere garraioen sektorearen berezitasuna kontuan hartuta.
Dena dela, kontrol, zirkulazio eta segurtasun sistemaren kudeaketak berezko dituen eginkizunak ez dira beste inoren esku utziko.
7. artikulua. Jarduteko araubidea.
1.– Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sarearen harreman juridikoak, mugatu, kontrolatu, esku hartu edo zergapetzeko egintzen ondorioz sortutakoak, eta, oro har, administrazioaren ahalak erabiltzea dakartenak, zuzenbide publikoaren pean egongo dira, baita administrazioaren isiltasunaren araubideari eta administrazioaren egintzen aurka jotzeari dagokienez ere.
2.– Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sarearen egintzen ondare-erantzukizunaren araubidea azaroaren 26ko 30/1992 Legearen X. tituluan xedatuta dagoena izango da (lege horrek herri-administrazioen araubide juridiko eta administrazio-prozedura erkidea arautzen ditu).
III. KAPITULUA
RED FERROVIARIA VASCA-EUSKAL TRENBIDE SAREAREN ANTOLAKETA
8. artikulua. Gobernu-organoak.
Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sareak gobernu-organo hauek izango ditu:
a) Administrazio Kontseilua.
b) Ente publikoko burua.
LEHEN ATALA
ADMINISTRAZIO KONTSEILUA
9. artikulua. Administrazio Kontseiluaren osaera.
1.– Administrazio Kontseilua da ente publikoaren zuzendaritza eta kontrol organoa, eta honako hauek osatuko dute: ente publikoko buruak –bera izango da Administrazio Kontseiluko buru ere–, gutxienez 8 eta gehienez 10 kidek eta idazkariak.
2.– Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sarearen Administrazio Kontseiluko kideak Jaurlaritzak izendatuko ditu, eta kargutik kendu ere bai, trenbideen gaian eskumenak dituen sailak proposatuta. Lau urterako izendatuko dira, eta horrela izendatutako kideak berriro hautatzerik ere izango da.
10. artikulua. Administrazio Kontseiluaren eginkizunak.
Hauek dira Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sarearen Administrazio Kontseiluaren eginkizunak:
a) Administrazio Kontseiluaren barne-araudia onartzea.
b) Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sarea antolatu eta zuzentzeko printzipioak onartzea.
c) Ente publikoaren aurrekontu-proposamena, aurreikuspenezko finantza-egoerak eta jardueren urteko memoria onartzea eta ente publikoaren kontuen likidazioa egitea.
d) Enteari esleitutako eskumenen kudeaketarako beharrezko diren egintza guztiak gauzatzea.
e) Jardute, inbertsio eta finantza programen proposamenak onartzea, eta horiei dagokien tramitazioa ematea trenbideen gaian eskumenak dituen sailaren bitartez.
f) Lanpostuen zerrendaren proposamena eta langileen ordainsari-araubidearen proposamena onartzea.
g) Onespena ematea sozietate eta taldeak eratu, sortu eta horietan parte hartzeari eta, aginduzkoak diren baimenak eskuratu ondoren, hitzarmenak sinatzeari.
h) Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sareak euskal trenbide-azpiegituren administratzaile gisa duen eginkizuna eraginkortasunez eta eragimenez bete dezan irizpide teknikoak zehaztu eta onartzea.
i) Prezioak eta tarifak zehaztea, bai eta ente publikoak bere eginkizunak indarrean dagoen araudiari jarraituz betetzeagatik jaso behar duen beste edozein ordain ere.
j) Administrazio Kontseiluko buruak proposatuta, ente publikoaren zuzendari nagusia izendatu eta kargutik kentzea; zuzendari nagusiaren eginkizunak erregelamendu bidez zehaztuko dira.
k) Berariaz ente publikoko buruari esleitzen ez zaion beste edozein eginkizun.
BIGARREN ATALA
ENTE PUBLIKOKO BURUA
11. artikulua. Ente publikoko burua.
Trenbideen gaian eskumenak dituen saileko burua izango da Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sareko buru.
12. artikulua. Ente publikoko buruaren eginkizunak.
Ente publikoko zuzendaritza-organoa den aldetik, honako eginkizun hauek dagozkio ente publikoko buruari:
a) Ente publikoaren eta haren Administrazio Kontseiluaren ordezkaria izatea.
b) Ente publikoaren jarduerak gainbegiratzea eta Administrazio Kontseiluari egoki deritzen txostenak aurkeztea.
c) Ente publikoaren interes eta eskubideak aldezteko, era guztietako akzio, salbuespen eta auzi eta administrazio errekurtsoen erabilera erabakitzea.
HIRUGARREN ATALA
IDAZKARI NAGUSIA
13. artikulua. Administrazio Kontseiluko idazkari nagusia.
1.– Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sareko idazkari nagusia Administrazio Kontseiluak izendatuko du.
2.– Hauek dira Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sareko Administrazio Kontseiluko idazkari nagusiaren eginkizunak:
a) Administrazio Kontseiluari aholku juridikoa ematea.
b) Administrazio Kontseiluari laguntza tekniko eta administratiboa ematea.
c) Administrazio Kontseiluaren bilkuretako aktak egitea.
d) Administrazio Kontseiluko bilkuretako eztabaida eta erabakien ziurtagiriak egin eta ematea.
e) Administrazio Kontseiluak, dagokion erabakiaren bitartez, berariaz esleitutako beste edozein.
LAUGARREN ATALA
JARDUTEKO ARAUBIDEA
14. artikulua. Administrazio Kontseiluaren jarduteko Araudia.
1.– Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sarearen Administrazio Kontseilua bere barne-araudiaren arabera jardungo da, eta, araudi horrek aurreikusi gabekoetan, azaroaren 26ko 30/1992 Legeak kide anitzeko organoen araubideari buruz xedatutakoaren arabera (lege horrek herri-administrazioen araubide juridikoa eta administrazio-prozedura erkidea arautzen ditu).
2.– Administrazio Kontseiluko buruari dagozkio, haren barne-araudian ezarritakoari jarraituz: bilkuretara dei egitea, haietan buru izatea, haiek bertan behera uztea eta amaitutzat ematea; Administrazio Kontseiluaren eztabaidak bideratzea; berdinketak kalitatezko botoa erabiliz haustea; bilkuretara kide ez direnak etortzeko baimena ematea, aztertu beharreko gaia dela-eta hala komeni dela irizten zaionean, eta Administrazio Kontseiluak haren esku utzitako beste edozein ahalmen.
IV. KAPITULUA
EKONOMIA ETA FINANTZA ARAUBIDEA
15. artikulua. Ondarea.
1.– Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sareak, bere xedeak betetzeko, Euskadiren ondarean sartuta egongo den ondare bat izango du. Hona hemen ondare hori osatzen duten ondasunak eta eskubideak:
a) Eraikitzen dituen azpiegiturak.
b) Lehendik zeuden azpiegiturak, Eusko Jaurlaritzaren dekretu bidez atxikitzen zaizkionak.
c) Bere xedeak betetzeko beharrezkoak izanik, Eusko Jaurlaritzak dekretu bidez atxikitzen dizkion ondasun higigarri eta higiezinak.
d) Lege honek esleitutako eginkizunak zuzenean edo beste norbaiten bitartez betetzeko eskuratzen dituen ondasun eta eskubideak.
2.– Artikulu honetako 1. paragrafoan aipatzen diren jabari publikoko ondasunen jaregitea ondorengo arau hauen arabera burutuko da:
a) Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sarearen Administrazio Kontseiluak behargabekotzat jo beharko ditu gomendatuta daukan zerbitzua eskaintzeko beharrezko ez diren ondasun higiezinak.
b) Horren ondoren, trenbideen gaian eskumena duen sailak, Eusko Jaurlaritzaren baimena eskuratu eta gero, enteari atxikita dauden jabari publikoko ondasunen jaregiteari buruz ebatziko du.
3.– Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sareak, atxikita dauzkan jabari publiko eta pribatuko ondasunei dagokienez, edozein klase edo izaeratako fruituak, errentak, sariak edo hartzekoak eskuratuko ditu. Era berean, atxikita dauzkan jabari pribatuko ondasunei dagokienez, besterentzeen produktua eskuratuko du.
4.– Euskadiren Ondareari buruzko arauak oso-osorik aplikatzekoak zaizkio Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sareari. Entearen organoen beren bidez egikarituko dira arau horiek, arauetan Eusko Jaurlaritzari eta Legebiltzarrari aitortzen zaizkien ahalmenak izan ezik; Jaurlaritzaren dekretu baten bidez ezartzen den moduan egikarituko dira, trenbideen eta ogasun eta ondare gaietan eskumenak dituzten sailek proposatuta.
16. artikulua. Entearen baliabide ekonomikoak.
Honako hauek izango dira Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sarearen baliabide ekonomikoak:
a) Atxikitzen zaion ondarearen etekinetik lortzen dituenak.
b) Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorretan entearentzat izendatutako diru-hornidurak.
c) Azpiegiturak eta haiei dagozkien instalazio eta eraikinak kudeatu eta administratuz eskuratutakoak.
d) Legeekin bat etorriz eskura litzakeen diru-laguntza, ekarpen eta donazioak.
e) Kreditu, mailegu edo zor-jaulkipenen bidez eta hitzar litzakeen beste edozein eratako zorpetze edo jesapenen bidez eskuratutakoak.
17. artikulua. Ekonomia-araubidea.
Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun orokorrari dagozkion gaietan, Autonomia Erkidegoaren arlo horretako legerian zuzenbide pribatuko ente publikoei buruz xedatutakoari lotuko zaio ente publiko hau. Kontrol ekonomikoari dagokionez, bestalde, ekonomia, finantza eta kudeaketaren kontrol iraunkorra da egingo den kontrol-mota, ekainaren 30eko 14/1994 Legean ezarritakoarekin bat etorriz (lege horrek Euskal Autonomia Erkidegoko ekonomia-kontrola eta kontabilitatea arautzen ditu).
V. KAPITULUA
LANGILERIAREN ARAUBIDEA
18. artikulua. Langileak.
1.– Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sareko langileak lan-zuzenbidearen pean egongo dira, eta haien lan eta ekonomia baldintzak aplikatzekoa den hitzarmen kolektiboan egongo dira ezarrita.
2.– Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sareko langileen hautaketa publikoa izango da, eta berdintasun, merezimendu eta gaitasun printzipioen arabera egingo da.
XEDAPEN GEHIGARRIAK
Lehenengoa.
Jaurlaritzak lehendik zegoen trenbide-azpiegitura baten kudeaketa Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sarearen gain uzten duenean, hori egiteko emandako dekretuan hau zehaztu beharko da:
a) Azpiegitura horren inguruan zerbitzuak egiten ari diren eta enteari eskualdatzen zaizkion langileak. Langile horiek aurretik aitortuta zeuzkaten eskubideei eutsiko diete.
b) Ente publikoari atxikita geldituko diren Autonomia Erkidegoaren ondasunak.
c) Azpiegiturarekin zerikusia duten zeinahi eratako egoera juridiko subjektiboak, ente publikoak eskubide osoz bere gain hartuko dituenak subrogazioz.
Bigarrena.
1.– Lege honetan xedatutakoarekin bat etorriz, Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sareak bere gain hartzen du Bilboko metropoli-trenaren linea berriak eraikitzeko ardura. Bere gain hartzen du, orobat, Europako Batzordearen 2598/70 Erregelamenduak ezarritako araudiaren arabera Bizkaiko Garraio Partzuergoaren titularitateko trenbide-azpiegitura osatzen duten ondasun guztiak kudeatzeko ardura.
2.– Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrak, Bizkaiko Garraio Partzuergoak eta Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sareak sinatuko duten hitzarmen batean zehaztuko da linea horiek nola eraikiko diren eta ondasun horiek nola kudeatuko diren.
Hirugarrena.
1.– Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sarea eratutakoan, desegin eta likidatu egingo da Ingeniería para el Metro de Bilbao, S.A., Bilboko Metrorako Ingeniaritza, A.B.-Imebisa sozietate publikoa, Jaurlaritzaren dekretu bidez, enpresa horretako bazkide bakarra bera denez gero (abuztuaren 4ko 216/1988 Dekretuak sortu zuen sozietate publiko hori, eta irailaren 16ko 205/1997 Dekretuak aldatu).
2.– Ingeniería para el Metro de Bilbao, S.A., Bilboko Metrorako Ingeniaritza, A.B.-Imebisa sozietate publikoaren ondasunak Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sarea enteari atxikiko zaizkio. Halaber, lan-legedian ezarritakoari jarraituz, Ingeniería para el Metro de Bilbao, S.A., Bilboko Metrorako Ingeniaritza, A.B.-Imebisa sozietate publikoaren zerbitzura lan egiten zuten langileak Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sarea entearen zerbitzura egingo dute lan aurrerantzean, ente honek hartuko baititu bere gain subrogazioz sozietate haren eskubide eta betebeharrak.
XEDAPEN IRAGANKORRA
Jaurlaritzak, Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sarea dagozkion antolaketa eta bitartekoz hornitze aldera, lege hau garatu eta aplikatzeko beharrezko diren xedapenak eman bitartean, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrak horretarako behar diren kreditu eta langile izendapenak egingo ditu.
XEDAPEN INDARGABETZAILEA
Indarrik gabe geratzen da lege honetan ezarritakoaren aurka doan maila bereko edo beheragoko xedapen oro.
AZKEN XEDAPENAK
Lehenengoa.
Lege honetan arautu gabe gelditu diren gaietan, zuzenbide pribatuaren pean jarduten diren ente publikoen araudia izango da aplikatzekoa, bai eta herri-administrazioen araubide juridikoaren eta prozedura erkidearen arau orokorrak ere, eta, haien artean, kide anitzeko organoen jardunbideari eta aplikatzekoak diren prozedurei dagozkienak bereziki.
Bigarrena.
1.– Eusko Jaurlaritzari ahalmena ematen zaio lege hau garatu eta aplikatzeko beharrezkoak diren xedapenak eman ditzan.
2.– Jaurlaritzak, lege hau indarra izaten hasi eta sei hilabeteko epearen barruan, bera garatu eta aplikatzeko beharrezkoak diren erregelamenduzko xedapenak emango ditu.
Hirugarrena.
Lege hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta handik hiru hilabetera hasiko da indarra izaten.
Beraz, Lege honi men egiteko eta men eginarazteko agintzen diet, norbanako zein agintari direla, Euskadiko herritar guztiei.
Vitoria-Gasteiz, 2004ko maiatzaren 31.