Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

96. zk., 2004ko maiatzaren 24a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Nekazaritza eta Arrantza Saila
2695

AGINDUA, 2004ko maiatzaren 11koa, Nekazaritza eta Arrantza sailburuarena, «Arabako Txakolina» Jatorrizko Deituraren Kontseilu Arautzaileko kideak hautatzeko hauteskundeetarako deia egiten duena.

Nekazaritza eta Arrantza sailburuaren 2001eko apirilaren 2ko Aginduaren bidez «Arabako Txakolina» Jatorrizko Deituraren Arautegia onetsi zen (EHAA, 82 zenbakia, 2001eko maiatzaren 2koa). Arautegi horretako Aldi Baterako Xedapenean ezartzen denez (Erregelamendua behin betiko aitortu eta onartzeari buruzkoa), 1997ko azaroaren 7ko Agindu bidez eratutako Kontseilu Arautzailearen Lanbidearteko Batzordeak bere gain hartuko ditu Kontseilu Arautzaileari dagozkion eginkizun guztiak, eta, egungo kideek euren karguetan jarraituko dute kontseilu arautzaile hori erregelamenduan zehaztutakoaren arabera eratu bitartean .

Jatorrizko Deituraren Arautegi horren 34. artikuluak Kontseilu Arautzailearen osaera ezartzen du, eta hautatzeko sistema finkatzen du lau kontseilukide eta horien ordezkoentzat.

Horiek horrela, bidezkoa da dagozkion hauteskundeetarako deia egitea.

Horren indarrez, honako hau

EBATZI DUT:
I. KAPITULUA
ARAU OROKORRAK

1. artikulua.– 1.– Agindu honen bidez, «Arabako Txakolina» Jatorrizko Deituraren Kontseilu Arautzaileko 4 kontseilukide hautatzeko prozedura ezarri eta hartarako deia egiten da. Kontseilukide horiek Jatorrizko Deituraren Arautegiaren 34. artikuluko 1. paragrafoko c) eta d) idatz-zatietan aipatutako sektoreen ordezkariak izango dira, mahats-ekoizleen eta elaboratzaileen ordezkariak, alegia (Jatorrizko Deituraren Arautegia 2001eko apirilaren 2ko Aginduaren bitartez onetsi zen).

2.– Hauteskunde-prozesurako egutegia, egun naturaletan emana, agindu honen I. eranskinean dago.

3.– Hauteskunde-egutegian finkatutako egunen bat igandea edo jaieguna bada, haren ordez hurrengo egun balioduna erabiliko da.

2. artikulua.– «Arabako Txakolina» Jatorrizko Deituraren Hauteskunde Batzordea (JDHB) sortzen da.

3. artikulua.– 1.– Hauteskunde Batzordea Kontseilu Arautzailearen egoitzan kokatuko da. Batzordekideak hauek izango dira:

Batzordeburua: Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Arrantza Saileko Nekazaritzako Elikagai Politika eta Industriarako zuzendariak izendatuko du.

Batzordeburuordea: Arabako Foru Aldundiak proposaturik, Nekazaritzako Elikagai Politika eta Industriarako zuzendariak izendatuko du.

Epaimahaikideak:

– Lege-aholkulari bat, idazkari-lanak egingo dituena. Nekazaritzako Elikagai Politika eta Industriarako zuzendariak izendatuko du.

– Jatorrizko deituraren lurraldean kokaturiko sindukatu-erako nekazaritza-erakunde profesionalek izendatutako ordezkari bana.

– Jatorrizko deiturak babesturiko produktuarekin zerikusia duten eta jatorrizko deituraren lurraldean kokaturik dauden nekazaritza-erakunde profesionalek odezkari bana.

2.– Hona hemen Hauteskunde Batzordearen eginkizunak:

a) Jatorrizko deituraren erregistroetan inskribaturiko hautesleen erroldak argitaratzea eta jendaurrean jartzea, horretarako zehaztuko diren tokietan, hain zuzen ere.

b) Aipatutako erroldei buruzko eta 7.2 artikuluan aurreikusitako aukerari buruzko erreklamazioak lehenengo auzialdian ebaztea, eta ebazpen horien aurka aurkezten diren errekurtsoen berri ematea Nekazaritza eta Arrantza Saileko Nekazaritzako Elikagai Politika eta Industriarako Zuzendaritzari, zuzendaritza horrek ebazpena eman dezan.

c) Behin betiko erroldak onestea.

d) Kontseilukide izateko hautagaien aurkezpen-paperak jasotzea.

e) Hautagaiak aldarrikatzea.

f) Hauteskunde Mahaia izendatzea.

g) Bozketak zaintzea.

h) Kontseilukide hautatuak aldarrikatzea.

i) Hauteskunde-prozesu osoa bermatzea, harik eta Kontseilu Arautzaileko lehendakaria proposatu arte.

3.– Agiriak zaintzea eta erabakiak betetzea izango da idazkariaren zeregina.

II. KAPITULUA
HAUTESLE-ERROLDAK

4. artikulua.– 1.– Jatorrizko Deituraren Kontseilu Arautzaileak prestatuko ditu hautesle-erroldak, Jatorrizko Deituraren Arautegiko 14. artikuluan jasotako erregistroetan inskribaturik dauden pertsonekin.

2.– Jatorrizko Deituraren Erregelamenduaren 34,1.c) eta d) artikuluan zehazten da zenbat kide dagokion ekoizleen erroldari eta zenbat elaboratzaileen erroldari

5. artikulua.– Hautesleen erroldetan agertu ahal izateko, baldintza hauek bete behar dira:

a) Agindu hau indarrean jartzen denean, Kontseilu Arautzailearen erregistroetan inskribaturik egon behar da.

b) Ezin egon daiteke eskubide zibilez baliatzeko desgaiturik.

Kontseilu Arautzailearen erregistroetan azaltzen den pertsona bera izango da eskubidearen jabea.

6. artikulua.– Nekazaritzako Elikagai Politika eta Industriarako Zuzendaritzak ezarritako ereduaren arabera egingo dira hautesle-erroldak. Errolda horietan, alfabetoaren hurrenkeraren arabera eta udalerrika azalduko dira hautesleak.

7. artikulua.– 1.– Hautesle-erroldak onartu eta jendaurrean jartzea.

1.– Kontseilu Arautzaileak Hauteskunde Batzordeari bidaliko dizkio hautesle-erroldak, jendaurrean jartzeko behar den beste ale bidali ere. Hauteskunde Batzordeak, bestalde, bidezkotzat jotzen dituen egiaztapen guztiak egin ondoren, bete beharrreko eginbideak beteko ditu hautesle-errolda guztiak bideratzeko, beti ere batzordeko idazkariaren izenpearekin eta batzordeburuaren oniritziarekin. Batzordeak, azkenik, Kontseilu Arautzailearen egoitzan eta eskualdeko nekazaritza-bulegoetan jarriko ditu erroldak jendaurrean.

Erroldei buruzko erreklamazioak eta errekurtsoak egiteko, I. eranskineko egutegiari lotu beharra dago.

2.– Aldi berean ekoizleen eta elaboratzaileen hautesle-erroldetan agertzen diren titularrek bata ala bestea aukeratu beharko dute, eta horrela egiteko eskatuko die Hauteskunde Batzordeak. Interesatuek aukeratu ezean, Hauteskunde Batzordeak berak erabakiko du, jardun bakoitzaren garrantzia eta jardun bakoitzean emandako denbora kontuan hartuta.

III. KAPITULUA
KONTSEILU ARAUTZAILEKO KIDEA IZATEKO HAUTAGAIEN AURKEZPENA: HAUTAGAIAK ALDARRIKATZEKO MODUA

8. artikulua.– 1.– Errolda bakoitzeko kontseilukideak aukeratzeko prozesuan, errolda eta azpierrolda bakoitzean daudenak izango dira hautesle eta hautagai.

2.– Kontseilukideak eta ordezkoak hautatzeko hautagai-zerrendak irekiak izango dira errolda bakoitzerako.

3.– Talde bakoitza ordezkatu behar duten kontseilukideak aukeratzeko hautagai-zerrendak Hauteskunde Batzordeari aurkeztu behar zaizkio. Horretarako, aldarrikapen-eskabidea aurkeztu behar da I. eranskinean zehaztutako epean.

9. artikulua.– 1.– Nekazaritzako erakundeek, lanbide-elkarteek eta independenteek aurkeztu ahal izango dituzte hautagai-zerrendak; baina, independenteen kasuan, dena delako azpierroldako hautesleen ehuneko hogeiren abala (%20) beharko dute.

2.– Ezein erakundek edo lanbide-elkartek ezin izango du hautagai-zerrenda bat baino gehiago aurkeztu errolda bakoitzeko. Hautagaien zerrendak aurkeztean, ezin izango da erabili alderdi politikoen ikur edo bereizgarririk.

10. artikulua.– 1.– Baldin eta nekazaritzako erakunde edo lanbide-elkarte bat beste handiago batean sarturik badago, ezin izango du hautagai-zerrendarik aurkeztu, handiago horrek aurkeztuz gero.

Nekazaritzako erakundeek edo lanbide-elkarteek hautagai-zerrendarik aurkeztuz gero, haien estatutuen arabera ordezkari direnek izenpetu beharko dituzte zerrendok. Gainerako hautagai-zerrenden kasuan, sustatzaileek aurkeztu beharko dituzte. Zerrendak hautesleek aurkeztuz gero, izenpetzaileen nortasuna egiaztatuko zaio Hauteskunde Batzordeari, eta, orduan, proposatutakoak eta atxikimendua adierazi dutenak azaldu beharreko erroldetan azaltzen ote diren egiaztatuko du batzordeak.

2.– Hauteskunde Batzordeari aurkeztuko zaizkio zerrendok, honako datu hauek argi azalduko direlarik:

a) Proposamena egiten duen erakundearen edo elkartearen izena eta hautagai-zerrendarena.

b) Sartutako hautagaien izen-abizenak.

c) Zerrenda bakoitzeko hautagaien eta ordezkoen hurrenkera.

Hauteskunde Batzordeko Idazkaritzak eginbide-agiria beteko du, hautagai-zerrenda zein egunetan eta ordutan aurkeztu den adieraziko duena; horrez gain, aurkezpen-paperak jaso izanaren agiria emango du.

Zerrenda bakoitzari, aurkeztu ahala, ondoz ondoko hurrenkera-zenbakia emango zaio.

3.– Hautagaiek hautagarri izateko baldintzak bete behar dituzte, eta, horrez gain, zerrenda onartzen dutelako adierazpena izenpetu behar dute, adierazpen hori zerrendarekin batera aurkeztu behar baita.

4.– Hauteskunde Batzordeak hautagai-zerrendak onartzeko, ezinbestekoa da zerrenda bakoitzak ordezkari bat izendatzea, jakinarazpenak berari bidaltzeko. Ordezkari horrek ez du zertan hautagai izan. Zerrenda aurkezten denean, ordezkariaren helbidea adieraziko zaio Hauteskunde Batzordeko Idazkaritzari, aurrerantzean jakinarazpenak ordezkari horri bidaltzeko.

11. artikulua.– Agindu honen I. eranskinean jasotakoaren arabera, hautagaiak aurkezteko epea bukatzen denean, hautagaien zerrendak irmoak izango dira, eta Hauteskunde Batzordeak hala aldarrikatuko ditu. Batzordeak, halaber, bere arioz edo erreklamazioren batek eraginda, bazter utziko ditu hautagarritasun-baldintzak hausten dituzten hautagai-zerrendak edota aurkezteko nahiz aldarrikatzeko eskatzen diren baldintzak betetzen ez dituztenak.

12. artikulua.– 1.– Hautagai-zerrendak aldarrikatutakoan, Hauteskunde Batzordeak jendaurrean jarriko ditu, hautesle-erroldak ikusgai egon diren toki berean, hain zuzen ere.

2.– Hautagai-zerrendak aldarrikatu eta jendaurrean jarri ondoren, haren aurkako errekurtsoak aurkeztu ahal izango zaizkio Nekazaritza eta Arrantza Saileko Nekazaritzako Elikagai Politika eta Industriarako Zuzendaritzari, beti ere I. eranskineko epeen arabera.

3.– Erroldaren batean hautagai-zerrenda bakarra aurkezten bada, Hauteskunde Batzordeak -aurreko paragrafoan aipatutako errekurtsoak ebatzitakoan, halakorik egonez gero- zerrenda horretako hautagaiak aldarrikatuko ditu kide eta ordezko, eta kide postuak esleituko dizkie, bozketarik egin gabe. Eta hori bera kasu guztietan gertatuz gero, hauteskunde-prozesuak aurrera egingo du: aldarrikatutako hautagaiak karguez jabetuko dira eta lehendakaria eta lehendakariordea hautatuko dituzte, Hauteskunde Batzordeak horretarako zehaztuko duen egunean.

IV. KAPITULUA
HAUTESKUNDE MAHAIAREN ERAKETA, BOZKETA ETA BOTO-ZENBAKETA
A) HAUTESKUNDE MAHAIA:

13. artikulua.– 1.– Hauteskunde Mahaiaren zereginak hauek dira: bozketaren buru jardutea, botoak zenbatzea eta bozketaren garbitasuna zaintzea.

2.– Hauteskunde Batzordeak izendatutako mahaiburu batek eta bi mahaikidek osatuko dute Hauteskunde Mahaia. Agindu honetako I. eranskinean azaltzen den egunean, zozketaren bidez hautatuko dira karguok hautesleen artetik. Jardunbide bera erabiliz, mahaiburuaren eta mahaikideen bina ordezko izendatuko dira.

Kontseilukide izateko hautagaiak eta haien ordezkoak ezin izan daitezke Hauteskunde Mahaiko kide.

3.– Hautagai-zerrendek ikuskatzaileak izendatu ahal izango dituzte (Hauteskunde Batzordeari jakinaraziko diote), bozketa eta boto-zenbaketa ikus ditzaten eta Hauteskunde Mahaian parte har dezaten. Ikuskatzaileok hautesle-erroldan egon behar dute, baina ezin dira hautagaiak izan.

14. artikulua.– Hauteskunde Mahaiko kide izatea egokituz gero, derrigorrez bete beharko da eginkizuna. Izendapena egin ondoren, interesatuei jakinaraziko zaie, eta horiek, izendapena ez onartzeko arrazoirik izanez gero, delako arrazoi hori azaldu eta agiri bidez frogatu behar izango dute I. eranskinean ezarritako epearen barruan. Hauteskunde Batzordeak, horrelakoetan, ebazpena emango du, eta ezingo zaio errekurtsorik jarri.

Mahaian egotea galarazten duen arrazoia geroago sortzen bada, berehala ohartaraziko da, eta beti mahaia eratu baino lehenago. Horrelako kasuetan ere, batzordeak berehala emango du ebazpena.

Mahaia osatzeko behar diren kide guztiak ager ez badaitez, agertutako kideren batek hala jakinaraziko dio Hauteskunde Batzordeari; batzordeak, jarraian, hauteskundeak eta boto-zenbaketa ondo egiteko pertsona egokiak izendatu ahal izango ditu askatasunez.

15. artikulua.– Bozketa-egunean, mahaiburua eta mahaikideak, bai eta ordezkoak ere, 09:00etan bilduko dira Kontseilu Arautzailearen egoitzan, bozketa egingo den tokian, alegia.

Mahaiburua azaldu ez badadi, lehenengo ordezkoak hartuko du haren lekua; azken honek huts eginez gero, bigarrenak. Bigarren ordezkoa ere azaldu ez badadi, lehenengo mahaikideak eta bigarrenak, hurrenez hurren. Mahaiburuaren tokian diharduen mahaikidearen eta bertaratzen ez direnen tokiak haien ordezkoek beteko dituzte.

Mahaia osatzeko ezinbestekoa izango da mahaiburu bat eta bi mahaikide egotea.

Bozketa-eguneko 09:30ean, mahaiburuak mahaiaren eraketako akta egingo du, eta berak, mahaikideek eta, egotekotan, ikuskatzaileek izenpetuko dute.

Aktan ondoko hauek zehaztu behar dira: batetik, zein pertsonek osatu duten mahaia kide moduan, eta, bestetik, ikuskatzailerik baldin badago, haien izenen zerrenda, ikuskatzaile bakoitzak ordezkatzen duen hautagai-zerrenda adierazita.

Mahaiburuak, bozketa-tokiaren barruan, aginte-ahalmen osoa izango du ordena zaintzeko, hautesleen askatasuna bermatzeko eta legea begiratzen dela ziurtatzeko.

16. artikulua.– 1.– Hauteskunde Mahaiak bete eta Hauteskunde Batzordeari bidali behar dizkion agiriak hauek dira:

– Mahaiaren eraketako akta

– Ikuskatzaileen zerrenda

– Boto-zenbaketaren akta

Agiri horiek gutun-azal itxian bidaliko dira.

2.– Zerrenden ordezkariek, hautagai-zerrendetako kideek edo mahaiko ikuskatzaileek eskatuz gero, Hauteskunde Mahaiak boto-zenbaketaren aktaren ziurtagiriak luzatuko ditu.

17. artikulua.– 1.– Hauteskunde Batzordeak boto-paperak eta gutun-azalak emango dizkio Hauteskunde Mahaiari, mahaiburuak izenpetutako jaso-agiriaren truke. Hautagai-zerrenden ordezkariei ere emango zaizkie, errolda bakoitzean inskribatutako hautesle-kopuruaren heinean, eman ere.

2.– Hautesle guztiek beren azpierroldan sartuta daudela egiaztatzen duen agiria jasoko dute, eta, horrekin batera, azpierrolda horretako bina boto-paper eta bina gutun-azal.

B) BOZKETA:

18. artikulua.– Mahaiaren eraketako akta egindakoan, 10:00etan hasiko da bozketa, eta 19:00ak arte iraungo du, etenik gabe.

Ezinbesteko arrazoia beharko da bozketa ez hasteko, eta hasita badago, bertan behera uzteko; horren erantzulea mahaiburua izango da. Mahaiburuak, idazki arrazoituaren bidez, horri buruzko ebazpena emango du. Idazki hori berehala bidaliko zaio Hauteskunde Batzordeari, azaldutako arrazoiak azter ditzan eta, bidezkoa bada, kontuak eska ditzan. Aipatutako idazkiaren kopia mahaiburuaren esku geratuko da.

Bozketa bertan behera geratuz gero, ordurarte emandako botoak ez dira kontuan hartuko, ez eta zenbatuko ere. Mahaiburuak hautestontzietako boto-paperak suntsitzeko aginduko du, eta horrela jasoko da aurreko paragrafoan aipaturiko idazkian.

19. artikulua.– Botoa emateko eskubidea egiaztatzeko, beharrezkoa da hauteslea erroldako zerrenda ziurtatuan inskribaturik egon dadin eta bere nortasuna agiri bidez froga dezan.

20. artikulua.– Bozketa pertsonala eta isilpekoa izango da, eta mahaiburuak emango dio hasiera. Hautesleak banan banan hurbilduko dira mahaira eta euren izena eta abizenak adieraziko dituzte. Mahaikideek edo ikuskatzaileek hauteskunde-erroldako zerrendak begiratuko dituzte, bertan hauteslearen izena dagoen ala ez ikusiko dute, hauteslearen nortasuna egiaztatuko dute, eta hauteslea botoa ematera aurkeztu dela idatziko dute. Jarraian, hautesleak boto-papera emango dio eskuaz mahaiburuari, dagokion gutun-azal koloredunaren barruan. Mahaiburuak hauteslearen izena esango du, eta hautestontzian sartuko du boto-papera.

21. artikulua.– 19:00etan mahaiburuak bozketa bukatzeko dagoela iragarriko du eta ez dio inori sartzen utziko bozketa-tokira. Bozketa-tokian hauteslerik geratuz gero, mahaiburuak galdetuko du ea baten bat botoa eman gabe dagoen, eta, horrela izanez gero, bozketa-tokiaren barruan dauden horien botoak onartuko ditu.

Ondoren, mahaiburuak, mahaikideek eta -egonez gero- ikuskatzaileek emango dute botoa. Eta haiek guztiek izenpetuko dituzte aktak.

22. artikulua.– Ez bozketa-tokian, ez inguruetan, ezin izango da inolako propagandarik egin ezelango hautagai-zerrendaren alde.

23. artikulua.– Mahaian hautestontzi bat egongo da hautesle-errolda bakoitzeko, bakoitzari dagozkion ezaugarriekin.

Boto-paperak eta gutun-azalak kolore ezberdinetakoak izango dira: zuriak ekoizleenak, eta sepiak elaboratzaileenak. II. eranskinean zehazten dira boto-paperen formatua eta ezaugarriak. Mahaiburuak jasotako boto-paperen kopuruak, gutxien-gutxienez, hautesle-kopurua bi halako izan behar du.

24. artikulua.– Kontseilu Arautzailearen barruko errolda bakoitzari kontseilukide-kopuru jakin bat dagokio, eta, gehienez ere, beste horrenbeste hautagairi eman ahal izango zaio botoa eredu ofizialeko boto-paperen bidez. Hortaz, hortik gorako boto-kopurua dakarten boto-paperak baliorik gabe utziko dira.

25. artikulua.– 1.– Bozketa bukatutakoan, mahaiburuak bozketa itxita dagoela adieraziko du eta botoak zenbatzeari ekingo zaio. Horretarako, banan-banan aterako dira boto-paperak hautestontzitik, eta ozenki irakurriko dira aukeratutako hautagaien izenak. Mahaiburuak boto-paperak irakurriko dizkie mahaikide eta ikuskatzaileei; jarraian, boto-paperak erakutsiko dizkie; eta, azkenean, egiaztatuko da boto-paperen kopurua eta zenbatutako hautesleena bera ote den.

2.– Baliogabeko botoak hauek izango dira:

a) Ofiziala ez den boto-paperean emandako botoa.

b) Edozein arrazoi dela eta, aukeratutako hautagaia argi zehazten ez dutenak, edo erroldari dagokion kontseilukide-kopurutik gorako boto-kopurua dakartenak.

3.– Ezein hautagairen aldeko aukerarik adierazten ez duten boto-paperak hartuko dira boto zuritzat.

26. artikulua.– 1.– Goiko jarraibideen arabera botoak zenbatuta, mahaiburuak galdetuko du proposamenik ote dagoen boto-zenbaketaren aurka. Proposamenik egin ez badadi, edo egindakoak mahaiko kideen gehiengoz ebatzi ondoren, mahaiburuak ozenki adieraziko du bozketaren emaitza: boto-emaileen kopurua, boto-paper baliodunena, baliogabeko boto-paperena, boto zuriena eta hautagai bakoitzak lortutako botoena.

2.– Bertaratutako guztien aurrean apurtuko dira hautestontzietatik ateratako boto-paperak. Hala ere, baliogabeko bototzat jotakoak edo erreklamazioren bat izan dutenak gorde egingo dira, beti ere mahaiko kide guztiek izenpetuta eta bozketako aktari erantsita.

3.– Zeregin guztiak amaituta, mahaiburuak, mahaikideek eta ikuskatzaileek (ikuskatzailerik badago) bozketako akta izenpetuko dute. Akta horretan honako hauek zehaztu beharko dira: erroldaren araberako hautesle-kopurua, botoa eman duten hautesleen kopurua, boto-paper baliodunena, baliogabekoena, boto zuriena eta aldarrikatutako hautagai bakoitzak lortutako botoena. Horrekin guztiarekin batera, ondoko hauek azalduko dira laburki: egindako erreklamazioak edo protestak, mahaiak emandako ebazpenak eta gertatutako gorabeherak (halakorik egonez gero), beti ere gorabehera horiek sorrarazi dituztenen izen-abizenak adierazita (III. eranskina, boto-zenbaketako akta-eredua).

27. artikulua.– Jarraian, emaitzen ziurtagiria egingo da eta bozketa egin den egoitzako leku ageri batean jarriko da. Boto-zenbaketako jatorrizko akta Hauteskunde Batzordeari igorriko zaio, bai eta bozketaren eraketako akta, eta baliogabeko boto-paperak eta erreklamazioa izan dutenak ere.

V. KAPITULUA
HAUTATUTAKO KONTSEILUKIDE TITULAR ETA ORDEZKOEN ALDARRIKAPENA. KONTSEILU ARAUTZAILEKO LEHENDAKARIA ETA LEHENDAKARIORDEA HAUTATZEKO BIDEA
A) HAUTATUTAKO KONTSEILUKIDE TITULAR ETA ORDEZKOEN ALDARRIKAPENA.

28. artikulua.– Hauteskunde Mahaiaren hauteskunde-aktak jasota, Hauteskunde Batzordeak kontseilukide-karguak esleituko ditu, ondoko irizpide hauen arabera:

a) Errolda bakoitzean boto gehien lortu dituzten hautagaiak izango dira kontseilukideak; eta ordezkoen postuak boto-paperetan ordezko agertzen direnei esleituko zaizkie.

b) Hainbanakorik egonez gero, zozketaren bidez egingo da hautatutako karguen esleipena.

29. artikulua.– Karguak esleitu ondoren, Hauteskunde Batzordeak -batzordeburuaren bitartez- Kontseilu Arautzaileko kide hautatuak aldarrikatuko ditu, 12.3 artikuluan aurreikusitako aukera baztertu gabe.

Kontseilukideen aldarrikapenaren aurkako errekurtsoak egiteko, I. eranskineko egutegia errespetatuko da.

Kontseilukideak aldarrikaturik, dagozkien izendapen-agiriak igorriko zaizkie hautatutakoei, beti ere I. eranskineko egutegiaren arabera.

B) KONTSEILU ARAUTZAILEKO LEHENDAKARIA ETA LEHENDAKARIORDEA HAUTATZEKO BIDEA:

30. artikulua.– Hauteskunde-egutegian zehaztutako egunean (I. eranskina), Kontseilu Arautzaileak osoko bilkura egingo du, eta, horretan, hautatutako kontseilukideak eta Nekazaritza eta Arrantza Sailaren organo eskudunak izendatutakoak karguaz jabetuko dira. Ondoren, eta bilkura berean, kontseilukideek lehendakaria eta lehendakariordea hautatuko dituzte, eta haren berri emango zaio Nekazaritza eta Arrantza Sailari, izenda ditzan.

Berriemate horretan, hautagaiek lortutako boto-kopurua jasoko da.

Horietako baten bat kontseilukideen artetik hautatu bada, parekotasunari eusteko, kontseilukide horren tokia ez da beteko eta, lehendakariaren kasuan, kalitatezko botoa galduko du.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenengoa.– Arau hau ezartzean zalantzarik sortuz gero, Hauteskundeen Araubide Orokorrari buruzko ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoaren arabera ebatziko da.

Bigarrena.– Baldin eta, hautatutako kontseilukideen agintaldiko lau urteetan zehar, arau honek xedatu legez hautatutako pertsonetariko edozeinek hauts badeza ordezkatzen duen enpresarekiko lotura, edo utz badiezaio hautagai proposatu duen erakundekoa izateari, orduan baja hartuko du kide moduan eta dagokion ordezkoak hartuko du bere tokia. Irizpide bera erabiliko da baldin eta kontseilukideren bat agintaldian zehar Kontseilu Arautzaileak bere eginkizunetatik baztertzen badu zehapen moduan, jatorrizko deituren arloko arau-hauste larria egin duelako, dela berak zuzenean, dela beraren enpresak edo sozietateak, edo agintaldian zehar hiltzen bada.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Agindu honen aurka, aukeran, interesatuek berraztertzeko errekurtsoa jar dezakete, Nekazaritza eta Arrantza sailburuari zuzenduta, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita; edo bestela Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa EAEko Auzitegi Nagusian, Administrazioarekiko auzietarako Salan, bi hileko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Bigarrena.– Agindu hau, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2004ko maiatzaren 11.

Nekazaritza eta Arrantza sailburua,

GONZALO SÁENZ DE SAMANIEGO BERGANZO.

I. ERANSKINA
«CHACOLÍ DE ÁLAVA-ARABAKO TXAKOLINA» JATORRIZKO DEITURAREN KONTSEILU ARAUTZAILERAKO HAUTESKUNDEAK
HAUTESKUNDE-EGUTEGIA

2004/05/28.– Jatorrizko Deituraren Hauteskunde Batzordean erakundeen ordezkari izateko hautagaiak aurkeztuko zaizkio Nekazaritza eta Arrantza Saileko Nekazaritzako Elikagai Politika eta Industriarako Zuzendaritzari.

2004/06/01.– Erakundeeek Jatorrizko Deituraren Hauteskunde Batzordean izango dituzten ordezkariak izendatuko dira.

2004/06/03.– Hauteskunde Batzorderako izendatutako ordezkariak direla eta, Nekazaritzako Elikagai Politika eta Industriarako Zuzendaritzari errekurtsoa aurkezteko aukera.

2004/06/07.– Errekurtsoak ebatziko dira, eta Nekazaritzako Elikagai Politika eta Industriarako Zuzendaritzak Hauteskunde Batzordearen behin betiko osaketa zehaztuko du.

2004/06/09.– Hauteskunde Batzordea eratuko da, eta haren osaketaren berri emango zaio Nekazaritzako Elikagai Politika eta Industriarako Zuzendaritzari.

2004/06/10.– Erroldak ikusgai jarriko dira, 7.1 artikuluan zehaztutako tokietan.

2004/06/14.– Hauteskunde Batzordeari errolden aurkako erreklamazioak aurkezteko aukera.

2004/06/16.– Hauteskunde Batzordeak erreklamazioak ebatziko ditu.

2004/06/18.– Nekazaritzako Elikagai Politika eta Industriarako Zuzendaritzari errolden aurkako errekurtsoak aurkezteko aukera.

2004/06/23.– Nekazaritzako Elikagai Politika eta Industriarako Zuzendaritzak errolden aurkako errekurtsoak ebatziko ditu.

2004/06/24.– Behin betiko erroldak ikusgai jarriko dira.

2004/06/28.– Kontseilu Arautzaileko kide izateko hautagaiak aurkeztuko dira.

2004/06/30.– Hauteskunde Batzordeak hautagaiak aldarrikatuko ditu.

2004/07/02.– Hauteskunde Batzordeari hautagaien aldarrikapenaren aurkako erreklamazioak aurkezteko aukera.

2004/07/06.– Hauteskunde Batzordeak erreklamazioak ebatziko ditu.

2004/07/08.– Nekazaritzako Elikagai Politika eta Industriarako Zuzendaritzari hautagaien aldarrikapenaren aurkako errekurtsoak aurkezteko aukera.

2004/07/12.– Aipaturiko errekurtsoei buruzko ebazpena emango du Nekazaritzako Elikagai Politika eta Industriarako Zuzendaritzak. Egun honetatik aurrera, Hauteskunde Batzordeak boto-paperak eta inskripzioaren egiaztagiriak bidaliko dizkie hautesleei, bakoitzari dagokion erroldaren arabera.

Hauteskunde Batzordeak Hauteskunde Mahaiko kideak izendatuko ditu, eta hala jakinaraziko die interesatuei.

2004/07/14.– Hauteskunde Mahaia osatzeko kideen izendapena dela eta, Hauteskunde Batzordeari aitzakiak alegatzeko aukera.

2004/07/16.– Alegatutako aitzakiei buruzko ebazpena emango du Hauteskunde Batzordeak.

2004/07/20.– Hauteskunde Mahaia eratu eta bozketa egingo da. Hauteskunde Batzordeak kontseilukideak aldarrikatuko ditu. Hauteskunde Batzordeak kontseilukideak aldarrikatuko ditu.

2004/07/23.– Kontseilukideen aldarrikapenaren aurkako errekurtsoak aurkeztu ahal izango zaizkio Nekazaritzako Elikagai Politika eta Industriarako Zuzendaritzari.

2004/07/26.– Aipaturiko errekurtsoei buruzko ebazpena emango du Nekazaritzako Elikagai Politika eta Industriarako Zuzendaritzak.

2004/07/29.– Hautatutako kontseilukideak karguaz jabetuko dira eta lehendakaritzarako proposamenak egingo dira.

II. ERANSKINA
BOTO-PAPER OFIZIALAREN EREDUA

«Arabako Txakolina» Jatorrizko Deituraren Kontseilu Arautzailean ekoizleen/elaboratzaileen ordezkari izateko hauteskundeak

SEKTOREA (1)

Honako hautagai hauei ematen diet botoa (2):

+ Titularra:

+ Ordezkoa:

+ Titularra:

+ Ordezkoa:

(Markatu X banarekin botoa ematen diezun hautagaiak)

Oharra: Hautagai titularrak alfabetoaren hurrenkeraren arabera azalduko dira.

(1) Ekoizleak edo elaboratzaileak.

(2) Hautagai bakoitzaren izenaren ondoan, parentesi artean, hautagai-zerrendaren izena agertuko da.

III. ERANSKINA
BOTO-ZENBAKETAKO AKTA-EREDUA

«Arabako Txakolina» Jatorrizko Deituraren Kontseilu Arautzaileko kideak aukeratzeko bozketako Hauteskunde Mahaikook bildurik (mahaiburua eta mahaikideak -eta ikuskatzaileak, halakorik egonez gero-), honako hau

ZIURTATZEN DUGU: gaur egindako bozketako boto-paperak zenbatu ondoren, Hauteskunde Mahai honetan honelako emaitzak lortu dira:

Hautesleak:

Botoa eman duten hautesleak:

Boto-paper baliodunak:

Baliogabeko boto-paperak:

Boto zuriak:

Boto baliodunak honela daude banatuta:

jauna/andrea

(Hautagai-zerrenda):

(Hizkitan):

(Zenbakitan):

jauna/andrea

(Hautagai-zerrenda):

(Hizkitan):

(Zenbakitan):

jauna/andrea

(Hautagai-zerrenda):

(Hizkitan):

(Zenbakitan):

Eta hau dagokion lekuan ager dadin, Gasteizen, .......ko

Azterketa dokumentala