Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

96. zk., 2004ko maiatzaren 24a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Garraio eta Herri Lan Saila
2694

EBAZPENA, 2004ko maiatzaren 11koa, Garraio zuzendariarena, salgai arriskutsuen errepideko garraiorako segurtasun-ikuskatzaileek lanbide-gaitasuneko ziurtagiriak berritzeko Euskal Autonomia Erkidegoko azterketetarako deia egiten duena.

Urriaren 8ko 1566/1999 Errege Dekretuaren bidez, salgai arriskutsuen errepideko garraioa edo zama-lanak egiten dituzten enpresek, arlo horretako arriskuetatik babesteko, segurtasun-ikuskatzaile bat edo gehiago izan behar dituztela ezarri zen. Gainera, Dekretu horrek segurtasun-ikuskatzaile horiek bete behar dituzten eskakizunak eta eginkizunak finkatu zituen, betiere, Kontseiluaren ekainaren 3ko 96/35/EE Zuzentarauari jarraikiz.

Sustapen Ministerioaren otsailaren 27ko 605/2004 Aginduaren bidez, lanbide-gaitasuneko ziurtagiri horrek 5 urterako balio duela erabaki da, eta, hortaz, bost urtetik behin berritu egingo da, baldin eta ziurtagiria iraungitzen den egunaren aurreko urtean, titularrak azterketa bat gainditzen badu. Azterketa hori agindu honen 2. artikuluan adieraziko den froga besterik ez da izango, eta ziurtagiria ateratzeko eskatutako baldintza berberak bete beharko dira.

Ondorioz, 2004ko otsailaren 27ko 605/2004 Aginduan ezarritakoari jarraikiz, eta Eusko Jaurlaritzako Garraio eta Herri Lan Sailaren egitura organikoa eta egitekoak finkatzen dituen urtarrilaren 15eko 20/2002 Dekretuaren 9.1.h artikuluak Garraio Zuzendaritzari ematen dizkion ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

Artikulu bakarra.– Salgai arriskutsuen errepideko garraiorako segurtasun-ikuskatzaile titulua berritzeko azterketetarako dei egiten da (ADR-osoa), 1999an eta 2000n segurtasun-ikuskatzaileen azterketak gainditu zituztenentzat.

DEIALDIAREN ONARRIAK

Lehenengoa.– Azterketen esparrua.

Salgai arriskutsuen errepideko garraiorako segurtasun-ikuskatzaile titulua berritzeko azterketetarako dei egiten da (ADR-osoa), 1999an eta 2000an segurtasun-ikuskatzaileen azterketak gainditu zituztenentzat.

Bigarrena.– Azterketak.

Azterketak, horien egitura eta kalifikatzeko era Sustapen Ministerioaren otsailaren 27ko 605/2004 Aginduaren 6. artikuluari egokituko zaizkio (martxoaren 9ko 59. zenbakiko EBOan).

Hirugarrena.– Eskabideak.

1.– Azterketak egiteko eskabidea Eusko Jaurlaritzako Garraio Zuzendaritzak horretarako jarri duen (www.ej-gv.net/consejeros) web orrialdearen bidez aurkeztu ahal izango da, edo Eusko Jaurlaritzaren administrazio-egoitzetako informazio orokorreko guneetan:

Araba: Samaniego, 2. Vitoria-Gasteiz (945 01 68 65).

Gipuzkoa: Andia, 13. Donostia-San Sebastián (943 02 33 52).

Bizkaia: Kale Nagusia, 85 - Bilbao (94 403 18 08).

2.– Eskabidea aurkezteko, hamar egun balioduneko epea utziko da, behin deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik hasita.

3.– Eskabide-orria, web orrialdearen bidez nahiz Eusko Jaurlaritzaren egoitzetako informazio orokorreko guneetan, aurkeztutakoan, azterketa egiteko eskubidea ematen duen tasaren kitapena jasoko dute eskatzaileek. Azterketa egiteko 17,86 euroko tasa ordaindu beharko da, abenduaren 30eko 13/1996 Legearen 27.2.4.2.1 artikuluaren eta Estatuaren eta toki-tasen legezko araubidea eta ondarezko prestazio publikoen berrantolamendua aldatzen duen uztailaren 13ko 25/1998 Legearen azken xedapenetatik lehenengoaren 5. idatz-zatiaren arabera.

Tasa, zuzenean, interneteko web orrialdearen bidez (on line) edo zenbait banketxetako kutxazain automatikoetan (off line) ordaindu ahal izango da.

Off line erako ordainketan, kitapen horiek barra-kode bat izango dute, eta, beraz, finantza-erakunde laguntzaileetan (Cajavital, Gipuzkoa Donostia Kutxa, BBK, Euskadiko Kutxa, BBVA, Banco Santander Central Hispano eta Banco Guipuzcoanon) barra-kodea irakurtzekoa duten kutxazain automatikoetan ordaindu ahal izango dira, egunean 24 orduz. Baina eskabideak aurkezteko epearen barruan ordaindu beharko dira derrigor; ez baita onartuko, okerrak zuzentzeko utziko den epean egiten.

Ordainketa ez bada eskabideak aurkezteko epean egiten, izangaia ez da onartuko.

4.– Eskabideak aurkezteko epea amaitutakoan, onartutako eta baztertutakoen behin-behineko zerrendak interneten argitaratuko ditu Garraio Zuzendaritzak. Zerrendak ebazpen bidez onartuko dira.

Baztertutako izangaiek eta onartutakoen zerrendan ageri ez direnek edo, zerrenda horretan ageri arren, daturen bat gaizki dutenek, ebazpena jendaurrera ateratzen den egunaren biharamunetik aurrera 10 egun balioduneko epea izango dute okerrak zuzentzeko.

Akatsak zuzentzeko epea igarotakoan, Garraio Zuzendaritzak onartutako eta baztertutako izangaien behin betiko zerrendak onetsiko ditu, eta horiek ere interneten argitaratuko ditu.

Laugarrena.– Epaimahaia, eta azterketen lekua eta eguna.

Epaimahaia

– Lehendakaria: Manuel Sánchez Jiménez jauna.

– Epaimahaikideak: Ascensión Vegas Egaña andrea

Aintzane Izaguirre Etxeberria andrea

Francisco Javier González Gómez jauna

– Idazkaria: José Manuel Anabitarte Fernández jauna.

Azterketak egiteko egunak eta lekuak web orrialdean jarriko dira.

Bosgarrena.– Izangaien helbidea eta bete beharreko baldintzak.

1.– Azterketa hauek egin ahal izateko Euskal Autonomia Erkidegoan eduki beharko dute legezko helbidea izangaiek.

NANan ageri den helbidea Euskal Autonomia Erkidegoz kanpokoa izatea onartuko da, baldin eta eskabide-orriak aurkezteko epearen azken egunetik atzerako urtebeteko epean ehun eta laurogeita bost egun naturaletan helbidea EAEn izan duela egiaztatzen duen errolda-egiaztagiria aurkezten badu izangaiak.

2.– Azterketa-egunean nortasuna egiaztatzeko indarrean den agiri ofiziala (NANa, gidabaimena edo pasaportea) aldean dutela azaldu beharko dute izangaiek, eta, beharrezko dutenek, baita errolda-egiaztagiria ere. Hala ez bada, ez dituzte azterketan onartuko. Gainera, komeni da ordainagiriak ere eramatea.

Prozesu osoa interneteko (www.ej-gv.net/consejeros) web orrialdearen bidez jarraitu ahal izango da.

Azterketa egiteko izangaiek arkatza eta ezabagoma eraman beharko dituzte.

Vitoria-Gasteiz, 2004ko maiatzaren 11.

Garraio zuzendaria,

AITOR URIARTE UNZALU.


Azterketa dokumentala