96. zk., 2004ko maiatzaren 24a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
Bestelako Xedapenak
Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
2689
EBAZPENA, 2004ko maiatzaren 12koa, Merkataritza eta Kontsumo sailburuordearena; horren bitartez, merkataritzako banaketa-arloan integrazio estrategikoak sortzeko eta garatzeko, 2004ko ekitaldian laguntzak emateko deialdia argitaratu zen jendaurrean.
Industria, Merkataritza eta Kontsumo sailburuaren 2003ko ekainaren 25eko Aginduz merkataritzako banaketa-arloan integrazio estrategikoak sortzeko eta garatzeko laguntzak esleitzea arautu zen.
Aipatutako diru-laguntzak helburu dituzten kredituek indarrean dauden legezko xedapenen testu bateginaren IX. tituluan ezarritako luzapen erregimenak dioenari jarraitu beharko diote. Irailaren 27ko 1/1994 Legegintza Dekretuak onartu zuen Euskadiko Diruegitasmoen Jaurpideari buruzko xedapenak dira horiek.
Aipatutako aginduaren 15. artikuluan ezarritakoaren arabera, egoki da hor iragarritako diru-laguntzak emateko, 2004ko ekitaldirako deialdia egitea, eta, horretarako, eman beharreko arau guztiak ematea.
Horrenbestez, aipatutako aginduaren 15. artikuluan ezarritako eskumena erabilita, honako hau
XEDATU DUT:
1. artikulua.– Xedea.
Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuak 2003ko ekainaren 25ean emandako Aginduaren bitartez, merkataritzako banaketa-arloan integrazio estrategikoak sortzeko eta garatzeko, laguntzak esleitzea arautu zen. Ebazpen honen helburua da laguntza horietarako deialdia egitea 2004. ekitaldirako.
Helburu hori betetzearren, guztira, 210.000,00 euro zuzenduko dira horretara Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorretan, arlo horretarako izendatutako aurrekontu-kredituari jarraituz.
Deialdi honi lotuta, gehienez jota eta guztira emango den diru-laguntzen zenbatekoa ez da izango artikulu honetan finkatutako diru-kopurutik gorakoa, edo, indarrean dagoen legeriari jarraituz, kredituen arteko loturarik edo aurrekontu-aldaketarik badago, lehengoa eguneratuta sortutako diru-kopurutik gorakoa. Horrenbestez, diru-kopuru hori ahitutakoan, ezin izango da diru-laguntza gehiago eman, eta, beraz, hortik aurrera, baliorik gabe geratuko da ebazpen hau. Egoera horietakoren bat gertatuz gero, horren berri jakinaraziko da Merkataritza eta Kontsumo sailburuordearen ebazpenaren bidez.
2. artikulua.– Betekizunak.
Eskabidea egin nahi dutenek, Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuaren 2003ko ekainaren 25eko Aginduan iragarritako diru-laguntzetakoren bat eskuratu ahal izateko, agindu horretako 3. artikuluan ezarritako betekizunak errespetatu beharko dituzte.
3. artikulua.– Eskabideak eta epea.
1.– Eskabideak eta gainerako agiri osagarriak Industria, Merkataritza eta Turismo Saileko Merkataritza Zuzendaritzari zuzenduta bidali beharko dituzte, eta, aurkeztu, proiektua gauzatu nahi den lurralde historikoko Industria, Merkataritza eta Turismo Sailaren lurralde bulegoan aurkeztu behar dituzte, edo, bestela, azaroaren 26ko Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/92 Legearen 38.4 artikuluan ezarritako lekuetan.
2.– Eskabidea eta inprimakiak betetzeko ereduak Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saileko lurralde-bulegoetan jaso daitezke, edo, bestela, interneteko helbide honetan ere bai: www.eragintza.net.
3.– Eskabideak aurkezteko epea deialdia egiteko ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean hasiko da eta 2004ko irailaren 15ean amaituko.
AZKEN XEDAPENAK
Lehena.– Deialdia egiteko ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean.
Bigarrena.– Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.
Vitoria-Gasteiz, 2004ko maiatzaren 12a.
Merkataritza eta Kontsumo sailburuordea,
RODRIGO GARCÍA AZURMENDI.