Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

85. zk., 2004ko maiatzaren 7a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Lurralde Antolamendu eta Ingurumen Saila
2365

EBAZPENA, 2004ko martxoaren 25ekoa, Ingurumen sailburuordearena, "A.B.S.I.4 Sansinenea Erreka. Arroa Behekoa – Zestoa (2. fasea) industria-sektorea hiritartzeko proiektua egokitzea" proiektuaren Ingurumenaren gaineko Eraginari buruzko Adierazpena egiteko dena.

Euskal Autonomia Erkidegoko ingurugiroa babesteko otsailaren 27ko 3/1997 Lege orokorraren arabera, I. Eranskineko B) atalean agertzen diren proiektuak ingurumenaren gaineko eragina banaka ebaluatzeko jardunbide baten menpe izango dira eta jardunbide honi amaiera emateko Ingurumenaren gaineko Eraginari buruzko Adierazpena egin beharko da, betiere proiektu horiek egiteko edo, hala badagokie, baimentzeko hartzen den administrazio erabakiaren aurretik.

Hasi da "A.B.S.I.4 Sansinenea Erreka. Arroa Behekoa – Zestoa (2. fasea) industria-sektorea hiritartzeko proiektua egokitzea" proiektua onartzeko jardunbidea, eta aplikagarria denez bai Euskal Autonomia Erkidegoko ingurugiroa babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Legean xedatutakoa, bai Ingurumenaren gaineko eraginaren Ebaluazioari buruzko ekainaren 28ko 1302/1986 Legegintzako Errege Dekretuan eta hori garatzeko Araudia onartu duen irailaren 30eko 1131/1988 Errege Dekretuan xedatutakoa, proiektu horrekin zerikusia duten izapideak gauzatu dira, beste batzuen artean ondokoak:

Ingurumenaren gaineko Eraginaren Ebaluazioari buruzko ekainaren 28ko 1302/86 Legegintzako Errege Dekretua betearazteko Araudia onartu duen irailaren 30eko 1131/88 Errege Dekretuko 13. artikuluan eta hurrengoetan ezarritako aurretiazko kontsulten izapidea. 2003ko martxoaren 14an izapide horren emaitza bidali zitzaion proiektuaren sustatzaileari.

Proiektua eta ingurumenaren gaineko eraginaren azterlana hamabost egunez jendaurrean egon ziren (2003ko azaroaren 12ko 216 zenbakiko Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala).

Zestoako Udalak Ingurumen Sailburuordetzara bidali zuen espedientea. Espediente hori 2004ko otsailaren 4an agiri teknikoak bidaliz osatu da.

Erreferentziazko proiektuaren espedientean dauden txostenak eta dokumentazio teknikoa aztertu ondoren, eta ingurumenaren gaineko eraginari buruzko azterketa zuzena dela, eta indarrean dagoen araudian aurreikusten diren alderdiei egokitzen zaiela aintzat hartuta, Ingurumen Sailburuordetzak, Ingurumenaren gaineko Eraginari buruzko Adierazpena emateko eskumena duen organoa izanik eta Euskal Autonomia Erkidegoko ingurugiroa babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren eta Lurralde Antolamendu eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 20ko 306/2001 Dekretuaren arabera, ondokoa

EBATZI DUT:

1.– "A.B.S.I.4 Sansinenea Erreka. Arroa Behekoa – Zestoa (2. fasea) industria-sektorea hiritartzeko proiektua egokitzea" proiektuaren Ingurumenaren gaineko Eraginari buruzko aldeko Adierazpena egitea.

2.– Proiektua gauzatzeko ondoko baldintzak finkatzea.

2.A.– Ingurumenaren gaineko eragina aztertzeko prozeduraren barruan Ingurumen Sailburuordetza honetan aurkeztu diren agirien arabera burutuko da proiektua, bai eta Ebazpen honetantxe jasotako zehaztapenekin ere.

2.B.– Proiektua zabaldu edo aldatzen bada, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurugiroa babesteko otsailaren 27ko 3/98 Lege orokorraren 50. artikuluan xedatutakoa aplikatuko da.

2.C.– Babes neurriak eta neurri zuzentzaileak.

Proiektuaren sustatzaileak aurkeztutako agirietan onartutakoaren arabera bete beharko dira neurri babesleak eta zuzentzaileak, Ingurumenaren gaineko Eraginari buruzko Ebaluazioa egiteko. Gainera, Ebazpen honetan ezarritakoak gehitu beharko zaizkie. Neurri horiek guztiak obraren kontratazioko baldintza pleguen baitan sartuta geratuko dira, eta neurriak betetzea bermatuko duen aurrekontua izan beharko dute.

2.c.1 Ondare naturala babesteko neurriak

2.c.1.1 Lurzorua atzematea eragiten duten obrak, eta bai obron eragiketa osagarri guztiak ere, proiektuaren mugen barruan landuko dira. Arestion aipatu diren mugetatik at ahalik eta gehien murriztuko da makineriaren eta obrako ibilgailuen zirkulazioa.

Adierazi den eremutik kanpo ustekabeko eraginik gertatuko balitz, zuzentzeko eta lehengoratzeko neurri egokiak aplikatuko lirateke, ebazpen honetako 2.c.1.10 idatz-zatian ezarritako ingurumen-aholkularitzak txostena egin ondoren.

2.c.1.2 Obrako instalazio lagungarriak, makineriaren parkea eta obrako materialak biltegiratzeko eremuak kontratistaren instalazio-alderdietan kokatuko dira; alderdiok ingurumenaren gaineko eraginaren azterlanean aurreikusi dira eta azterlan horretako 12. planoan, "Neurri zuzentzaileen proposamena" izenekoan, agertzen dira.

Alde horiek Kontratistak egokituko ditu, garatu asmo diren jarduera guztiek ingurumenean izan ditzaketen eragin kaltegarriak gutxiagotzeko.

Nolanahi ere, obrako ibilgailuen mantentze-eragiketei eta erregaia kargatzeari dagokienez, eta bai tailerreko berezko jarduerei doakienez ere, eragiketa horiek zoladura iragazgaitza eta isurketak biltzeko sistema duen alde batean egin beharko dira.

2.c.1.3 Poligonoa hiritartzeko obren planetan, eta sarbideak egiteko eta pista osagarriak egiteko planetan, bereziki, landaretza autoktonoa kentzea saihestuko da, betiere esparru horietan zuzeneko okupaziorik aurreikusten ez bada. Horretarako, mantendu eta kontserbatu beharreko landaretza-esparruak zehazki mugatu eta balizatuko dira. Esparruok izango dira ingurumenaren gaineko eraginaren azterlanean enklabe interesgarri bezala agertzen direnak: Sansinenea ibaiko haltzadia, eta ibai horren eta GI-631 errepidearen artean dauden harizti eta baso misto unadak.

Hori dena, Baso-espezie autoktonoen erregimen bereziari buruzko urriaren 14ko 11/1997 Foru Arauan jasotako baldintzak betetzeaz gainera.

2.c.1.4 Eraikuntza fasea substantzia finen emisioa minimizatuz egin beharko da. Horretarako, urak eroateko gailuak aurreikusi eta abian jarriko dira, bai eta solido esekien andelak, horrela obren eraginez poluitutako urak biltzeko.

2.c.1.5 Makineria ur-ibilguetatik igarotzea beharrezkoa bada, egun dauden bideen eta sarbideen fabrika-obrak erabiliko dira horretarako, edo, hala badagokio, fabrika-obra eraikitzea aurreikusita duten zonak (1. faseko sarbidetik 2. faserako sarbidea, Sansinenea errekaren gainean, Telleria poligonora sartzeko zubia eta Txindurri errekaren gainean egingo dena). Obrako makineria ez da inola ere Sansinenea, Txindurri eta Telleria erreken ibilguetatik ibiliko, horiek zeharkatzeko adierazitako lekuetatik izan ezik.

2.c.2 Ibaiko ekosistema berreskuratzeko neurriak.

Uren arloan eskumena duen organoak ibilguak eragiten dituen industri poligono hau hiritartzeko obrak baimentzeko emandako ebazpenean ezarritakoaren kalterik gabe, proiektuak eragindako errekak —Sansinenea, Txindurri eta Telleria— lehengoratzeko eta ubideratzeko obrak "A.B.S.I.4 Sansinenea Erreka. Arroa Behekoa – Zestoa (2. fasea) industria-sektorea hiritartzeko proiektua egokitzea". IV. liburukia; IV. eranskina: Ekologia-paisaia lehengoratzeko proiektua. 2003ko maiatza delako dokumentuan aurreikusitakoaren arabera burutuko dira. Horrekin batera, ondoko zehaztapenak bete beharko dira:

2.c.2.1 Telleria eta Txindurri erreken ibilgu berria ubideratzeko obrak burutzerakoan ibai-ohe irregularra eratzea bilatuko da, horrek udaldian emaria pilatzea eta ohe horretan fauna urtarrarentzako mikrohabitatak sortzea lagundu dezan. Orobat, ibai-ohean hondo zimurtsua sortuko da, arrainak bertatik igaro eta bertan instalatzeko aukera izan dezaten.

2.c.2.2 Erreken hegietan landare-berritzeak egingo dira, eta horretarako, erriberako espezie autoktonoak erabiliko dira, ubideari gerizpea emateko ahalmena dutenak, Ingurumenaren gaineko eraginaren azterlanean jasotako landare-berritzeko proiektuaren arabera. Lan horiek guztiak egiterakoan, ahalik eta gehien errespetatuko da lehendik dagoen landaredia, eta hori garbitu eta kentzea saihestuko da.

2.c.2.3 Landare-berritzeko proiektuan aurreikusitako aldaxken landaketarako batez ere obraren inguruetan dauden sahatsetako aldaxkak erabiliko dira, Salix alba, S. atrocinerea eta S. purpurea espezietakoak, esaterako. Ez dira Salix caprea espezieko adarrak erabiliko.

2.c.2.4 Proiektuak eragindako erreken bide-zortasuneko eremua denbora baterako edo modu iraunkorrean okupatzea saihestuko da,. Gainera, bide-zortasun hori ahalik eta baldintzarik naturalenetan geratu behar da, horren eginkizuna oztopatzen duten betelan, itxitura eta beste okupaziorik gabe.

2.c.2.5 Obrak amaitu ondoren, Sansinenea errekaren ordeka alubialaren morfologia jatorrizkoa izan behar da, obrak hasi aurrekoa, alegia. Horretarako, beharrezkoa den lur begetal guztia erantsi behar da. Halaber, ibilguak zeharkatzeko erabilitako ibai-zatien morfologia lehengoratu behar da.

2.c.2.6 Proiektuak aurreikusitako zerbitzuek (saneamendua, sare elektrikoa, telefonia) ur-ibilguak zeharkatu behar badituzte, instalazio horien babes-egiturek, ibilguak zeharkatzerakoan, ez dute ondoriorik sortu behar obrak amaitutakoan eragindako ur-ibilguen zatien funtzionaltasuna berreskuratu ahal izateko.

Hodiak instalatu eta lubakia itxi ostean, ibai-ohea lehengoratuko da, oheko bertako materialekin, eta jatorrian zeukan morfologia errespetatuko da.

2.c.2.7 Fallopia japonica moduko landare inbaditzaile ez hedatzeko ekintzak jarriko dira abian. Hau dela eta, landaretza lehengoratzeko lanetan erabiltzen diren lurren jatorria kontrolatu beharko da batez ere eta aipatu espezieak kutsatu dituen lurrak erabiltzen ez direla bermatuko da.

2.c.3 Hauts-igorpenak gutxitzeko xedatzen diren neurriak

2.c.3.1 Lanak irauten duten bitartean, zorrotz kontrolatuko dira ibilgailuak pasatzeko bidearen garbiketa-lanak, bai lanek eragindako aldean bai obra-gunerako sarbideetan. Pistak eta aldi batean gorri egongo diren azalerak ureztatzeko sistema bat izango da.

2.c.3.2 Obrak dauden lekuan eta bereziki, indusketako materialez betetako kamioiak ibiliko direla aurreikusten den obra-guneko irteeretan, dekantazio-putzuei lotutako gailuak jarriko dira ibilgailuak garbitzeko.

Elementu horien ezaugarriak, kokapen zehatza eta tamaina Ebazpen honetako 2.c.10 puntuan adierazitako agirietan jasota egon beharko du.

2.c.4 Zaratek eta dardarek eragindako efektuak gutxitzeko neurriak.

2.c.4.1 Obra aldian, ingurumenaren gaineko eraginaren azterlanean jasota dauden obrak egiteko jardunbide egokien multzoa aplikatu beharko da, bereziki obrako makinak oro har mantentzeko eta zarata jatorrian murrizteko dauden horiek.

2.c.4.2 Lehergailuak erabili behar izanez gero, leherpenak 22-381-93 UNE arauari egokituko zaizkio, eta ingurumenaren gaineko eraginaren azterlanaren eremuan dauden eraikinetan eta instalazioetan erregistratuko diren dardarek ez dituzte arauan aurreikusitako mugak gaindituko. Aire uhinaren presioak ez du 128 dB (L), goreneko balioa, gaindituko eraikinetako agerieneko fatxadan.

2.c.5 Hondakinak kudeatzeko xedatuko diren neurriak

2.c.5.1 Obrek iraun bitartean sortutako hondakinak Hondakinei buruzko apirilaren 21eko 10/1998 Legean eta arautegi zehatzetan aurreikusitakoarekin bat etorriz kudeatuko dira.

Zabortegira eramaten diren arriskurik gabeko hondakinak, bestalde, hondakinak zabortegira botata desagerrarazteari buruzko abenduaren 27ko 1481/2001 Errege Dekretuaren arabera eta hondakin geldo eta geldotuen kudeaketari buruzko azaroaren 2ko 423/1994 Dekretuaren arabera kudeatuko dira.

Era berean, erabilitako olioentzat Euskal Autonomia Erkidegoan erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen irailaren 29ko 259/1998 Dekretua aplikatuko da.

2.c.5.2 Erabilitako olioak aldi baterako biltegiratzea, hau da, baimendutako kudeatzaileak biltzen dituen arte, ontzi edo segurtasun sistema batean gordetako andeletan egingo da, horrela andel nagusia apurtuz edo galduz gero olioa sakabanatzea saihesteko.

2.c.5.3 Ingurumenaren gaineko eraginaren azterlanean jasotako proposamenarekin bat, obrek eragindako lur-eremuak egokitu eta lehengoratzeko erabiltzen ez diren indusketa-soberakinak Artxubia – Aldea ibarbidean baimenduta dagoen betelanean utziko dira; ibarbide hori bat dator ingurumenaren gaineko eraginaren azterlanean "Egaña" izenarekin jasotako aukerarekin.

Edonola, Baldin eta indusketa-soberakinen biltegiak egin behar badira, azaroaren 2ko aipatutako 423/1994 Dekretuan ezarritakoa betez, dagokion proiektu edo proiektuak idatzi beharko dira, eta horren edukiak bat etorri beharko du Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurumen sailburuaren 1995eko otsailaren 15eko Aginduan zehazturik dagoenarekin; izan ere, agindu hori hondakin geldo eta geldotuen hondakindegien instalazioen, betelanen eta lurren gaikuntzen gaineko proiektuen eta deskribapen-txostenen edukiei buruzkoa da. Horrez gain, ondoko hauek ere zehaztu beharko dira:

Aurreikusitako sarbideak, dauden edo berritik egingo direnak.

Gehieneko hedaduraren seinaleztapena.

Paisaia lehengoratzeko diseinua, biltegi guztietarako xehekatua.

Proiektu horiek Ingurumen Sailburuordetzaren baimena beharko dute.

2.c.5.4 Hondakinak teknikoki eta ekonomikoki bideragarriak badira, baimendutako hondakinen baloratzailera eraman behar dira.

2.c.5.5 Araudi hau betetzea errazte aldera, zeregin desberdinetan sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak prestatuko dira. Sistema horiek zeregin bakoitzaren arduradunek kudeatuko dituzte eta beraiek arduratuko dira langileei behar bezala betearazteaz. Bereziki, inolaz ere ez da eragingo kontrolatu gabeko efluenterik erregai eta produktuak biltegiratzean eta makineria mantentzeko lanak egitean, ezta hondakinik erreko ere.

2.c.6 Kultura ondarea babesteko neurriak

Euskal Kultura Ondareari buruzko 7/1990 Legean xedatutakoa kaltetu gabe, lur-erauzketa lanetan edo lurzorua harrotzerakoan arkeologia aztarnaren bat aurkituz gero, zuzenean jakinaraziko zaio Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Sailari. Horrek adieraziko ditu hartu beharreko neurriak.

2.c.7 Paisaiarekiko egokitzapena

2.c.7.1 Lur mugimenduak egitean, lur begetala bereizita kendu, bildu eta zabalduko da. Horren helburua da ingurumena lehengoratzeko lanak eta eragina jasan duten tokien landare-berritzeko lanak erraztea.

2.c.7.2 Obrak eragindako eremu guztiak lehengoratuko dira, ingurumenaren gaineko eraginari buruzko azterlanean jasota ez badaude ere obraren amaieran eragina jasaten dutenak barne. Ingurumena lehengoratzeak landare azalera izan dezaketen guneen landare-berritzea barneratuko du.

2.c.7.3 Lehengoratu ondoko hurrengo hiru urteetan, mantentze-lanak egin behar dira: tarteak aitzurtzea, ongarritzea, ureztatzea eta landaredian dauden hutsuneak betetzea.

2.c.8 Garbiketa eta obra bukatzea.

Obrak amaitzen direnean, garbiketa kanpaina zorrotza burutuko da eta proiektuak eragindako area guztiz garbi geratuko da obra hondakinetatik.

2.c.9 Ingurumenari buruzko aholkularitza

Obrak amaitu arte eta horren bermeak dirauen arte, ingurumen gaietan eta bereziki neurri babesle eta zuzentzaileetan ondo jantzitako aholkularitza eduki beharko du Obraren Zuzendaritzak. Betekizunen pleguan Obraren Zuzendaritzari izendatutako egitekoak direla eta, aipatutako gaiei buruz Obraren Zuzendaritzak erabakiak hartu aurretik aholkularitza horretako espezialistek egindako txostena hartu beharko dute gogoan.

2.c.10 Lan-programaren diseinua

Ondoren zehazten diren azpiataletako alderdiei buruzko jarduera xehatuen proposamenak landu beharko ditu kontratistak. Proposamen horiek Ingurumenaren gaineko Eraginaren Adierazpen honetan ezarritako irizpideen arabera egingo dira, eta lanak burutzeko programaren barne geratuko dira. Obraren Zuzendaritzak esanbidez onetsi beharko ditu, aurreko atalean aipatutako Ingurumen Aholkularitzaren txostenaren ondoren. Honakoak dira agiriok:

Kontratistaren instalazio-aldeen ezaugarrien kokapena eta berorien xehekapena.

Kamioien gurpilak garbitzeko gailuen ezaugarriak eta kokalekua.

Ura eramateko sareen eta solidoen dekantazio-idoien xehekapena.

Naturaren alorreko interesik handiena duten aldeen posizioak, ebazpen honen 2.c.1.3. idatz-zatian aipatu direnak eta artatu beharrekoak direnak, xehekapenezko kartografian seinalizatzea.

Indusketa-sistemen deskripzioa. Leherketak egin behar izanez gero, 22-381-93 UNE arauari egokitu behar zaizkio. Beraz, ingurumenaren gaineko eraginaren azterlanaren eremuan dauden eraikinetan eta instalazioetan erregistratuko diren dardarek ez dituzte arauan aurreikusitako mugak gaindituko.

2.D.– Ingurumena zaintzeko programa

Ingurumena zaintzeko programa sustatzaileak proiektuaren ingurumenaren gaineko eragina aztertzeko aurkeztutako dokumentazioan aurreikusten denaren arabera (lekuak, parametroak eta neurketen maiztasuna) egingo da. Hori guztia "Dokumentazio osagarria. A.B.S.I.4 Sansinenea Erreka. Arroa Behekoa – Zestoa (2. fasea) industria-sektorea hiritartzeko proiektuaren ingurumenaren gaineko eraginaren azterlana 2004ko urtarrilaren 15a" liburukian dago jasota, eta Zestoako Udalak 2004ko otsailaren 5ean bidali zuen. Horri, ondoren zehazten diren beste kontrol hauek erantsi behar zaizkio. Programa obra kontratatzeko baldintza pleguetan txertatuta egongo da, dagokion atalean, eta beharrezko aurrekontua ere izango du.

2.d.1 Obrak egin ahala sortutako gorabeheren erregistroa egin beharko da, baita neurri zuzentzaileak eta babesleak noraino bete diren jasotzeko ere. Erregistro horrek Ingurumen Sailburuordetzak ikuskatzeko modukoa izan beharko du, eta, obrak amaitzen direnean Sailburuordetzari bidali beharko zaio. Hala badagokio, proiektua garatu bitartean sartutako aldaketak xehetasunez dokumentatu beharko dira. Aldaketa horiek ingurumenean duten eraginaren ikuspegitik justifikatu egin beharko dira.

2.d.2 Uren kalitatearen kontrola

2.d.2.1 Obra martxan dagoen artean, azaleko uren kontrola eta zaintza osatzearren, solidoen dekantazio-idoiei darizkien efluenteak kontrolatu behar dira. Horretarako, honako parametroak neurtuko dira hilabetean behin: pH-a, eroankortasuna, uhertasuna, solido esekiak, materia jalkikorrak eta olio eta koipeak.

2.d.2.2 Sansinenea, Telleria eta Txindurri errekak ekologikoki berreskuratzea lortzeko ezarri diren neurri zuzentzaileen eraginkortasuna baieztatzeko, obrak amaitu eta hurrengo bi urteetara luzatuko da, indize biotikoen kontrolari dagokionez, ingurumenaren gaineko eraginaren azterlanean proposatutako ingurumena zaintzeko programa. Puntuak ingurumenaren gaineko eraginaren azterlanean lehenengo urterako ezarritako berberak izango dira, eta maiztasuna, berriz, sei hilerik behingoa izango da.

2.d.3 Bibrazioak eta aire uhinaren presioa kontrolatzea, leherpenak gertatzen diren bitartean.

Leherpenaren puntutik hurbilen dauden etxebizitza, jarduera eta azpiegituretan egingo dira bibrazio eta aire uhin neurketak. Lan horiek UNE 22-381-93 arauan ezarritakoari egokituko zaizkio eta emaitzak aurkezterakoan, leherpenari dagozkion datu guztiak adieraziko dira.

2.d.4 Lehengoratzearen arrakasta kontrolatzea

Obrak dirauten bitartean eta obrak amaitu eta hurrengo hiru urteetan, hiritartzeko proiektuak eragindako azaleren lehengoratzearen jarraipena egingo da aldian-aldian. Berariazko jarraipena egingo zaio, aldiz, proiektuak eragindako ur-ibilguetako (Sansinenea, Telleria eta Txindurri) ertzen landare-berritzeari.

2.d.5 Ingurumena zaintzeko programa osatzen duten txosten eta analisien emaitzak behar bezala erregistratu eta Ingurumen Sailburuordetza honetara bidaliko dira. Ingurumena zaintzeko programaren emaitzak urtean behin bidaliko dira ingurumenean aditua den erakundeak egindako txostenarekin batera. Aipatutako txostenean emaitzen analisia jasoko da, epe horretan emandako gertakari nagusiak, gertakarien arrazoiak eta konponbideak bereziki aipatuta.

Sustatzaileak datuak euskarri egokian bilduko ditu bi urtez gutxienez eta Herri Administrazioen ikuskaritza zerbitzuen eskueran egongo dira; hori guztia, hala ere, ez da eragozpen izango kasu bakoitzean aplikagarri den araudia betetzeko.

2.E.– Neurri babesle eta zuzentzaileak eta, halaber, ingurumena zaintzeko programa aldatu ahal izango dira, baita neurtu behar diren parametroak, neurketa egiteko maiztasuna eta parametro horien mugak ere. Araudi berriak indarrean jartzeak edo inplikatutako sistemen egitura eta funtzionamenduari buruzko ezagutza esanguratsu berrietara egokitzeko beharrak hala gomendatzen duenean egingo dira aldaketok. Halaber, bai neurri babesle eta zuzentzaileak bai ingurumena zaintzeko programa aldatu ahal izango dira, sustatzaileak eskatuta zein ofizioz, ingurumena zaintzeko programaren emaitzen arabera.

2.F.– Aurreko ataletan ezarritakoa kaltetu gabe, proiektuaren titularrak honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu Ingurugiro Sailburuordetza honetan espedientean sartzeko:

2.f.1 Urtero, obrak hasten direnetik, Ebazpen honen 2.d.5 atalean aurreikusitako ingurumena zaintzeko programari buruzko dokumentua.

2.f.2 Obrak amaitzean, obra horiek garatu bitartean sortutako gorabeheren erregistroa, neurri babesleak eta zuzentzaileak zein neurritaraino bete diren jasoko duena, Ebazpen honen 2.d.1 atalean aurreikusitakoaren arabera.

3.– Euskal Autonomia Erkidegoko ingurugiroa babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege orokorraren 47.8 artikuluaren arabera, bi urteko epea zehazten da proiektuaren burutzapenari hasiera emateko, Ingurumenaren gaineko Eraginaren Adierazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik. Epe hori proiektuari hasiera eman gabe bukatzen bada, sustatzaileari egotzi dakizkiokeen arrazoiengatik, Ingurumenaren gaineko Eraginaren Adierazpen hau baliogabetu egingo da. Hala ere, organo aginpidedunak hasiera emateko epea luzatu ahal izango du, behar bezala justifikatutako arrazoirik balego.

4.– Ingurumenaren gaineko Eraginaren Adierazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.

Vitoria-Gasteiz, 2004ko martxoaren 25a.

Ingurumen sailburuordea,

IÑAKI EZKURRA YURREBASO.


Azterketa dokumentala