Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

85. zk., 2004ko maiatzaren 7a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Kultura Saila
2364

EBAZPENA, 2004ko martxoaren 31koa, Soin Hezkuntzako Euskal Erakundeko Zuzendaritza Batzordeko buruarena. Ebazpen honen bidez, SHEE/IVEFeko Zuzendaritza Batzordeak ikastetxean sartzeko onartu dituen oinarriak ematen dira argitara 2004/2005 ikasturterako.

Ekainaren 29ko 11/1988 Legeak emandako ahalmenak erabiliz, Zuzendaritza Batzordeak 2004/2005 ikasturtean Jarduera Fisiko eta Kirol Zientzietako lizentziatura-ikasketak egiteko xedez, SHEE/IVEFen sartzeko probetara dei egitea ebatzi du, ondoren aipatutako diren oinarriei jarraituz.

Ebazpena oso-osorik argitaratuko da, Gobernu Organo horrek hartutako ebazpenarekin bat etorrita.

Horiek horrela, 11/1988 Legearen 5. artikuluan ezarritakoarekin bat etorrita, hau

EBATZI DUT:

Bakarra.– SHEE/IVEFeko Zuzendaritza Batzordearen 2004ko martxoaren 30eko Ebazpena argitaratzea, horren bitartez ezartzen baitira ikastetxean sartzeko oinarriak 2004-2005 ikasturterako.

Administrazio-bidea agortzen duen ebazpen honen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dezakete interesdunek, hilabeteko epean, ebazpen hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik hasita; edo, bestela, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez diezaiokete, bi hilabeteko epean, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiari, ebazpena EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik hasita. Horrela egiteak ez du zuzenbidezko bestelako bideak hartzeko aukerarik baztertuko.

2004-2005 IKASTURTEAN SOIN HEZKUNTZAKO EUSKAL ERAKUNDEAN (SHEE/IVEF) SARTZEKO OINARRIAK

LEHEN OINARRIA
XEDEA

1.– Sarrera-probetara dei egiten da, Soin Hezkuntzako Euskal Erakundean (SHEE/IVEF), 2004/2005 ikasturtean, Jarduera Fisiko eta Kirol Zientzietako Lizentzia ikasketak egiteko.

2.– Deialdiko tokiak, gehienez, hauek dira (betiere, hamargarren oinarrian aurrez ezarritako sarrera taldeen arabera banatuta): lehen zikloan sartzeko, 82; bigarren zikloan, 10. Aipatutako toki kopurua bakar-bakarrik gehitu daiteke 10. oinarriaren 5. idatz-zatian aurrez ezarri diren baldintzen arabera.

3.– Sarrera-probak oinarri hauen bidez arautuko dira, eta kasu guztietan urtarrilaren 21eko 69/2000 Errege Dekretuak agintzen duenarekin bat etorrita aplikatu dira; izan ere, dekretu horrek arautzen baititu unibertsitate-ikastetxeetan sartzeko hautabideak, eta Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateak gai horri buruz orokorrean emandako arauak baita horiek garatzeko emandakoak ere.

BIGARREN OINARRIA
SARTU AHAL IZATEKO BALIOETSIKO DIRENAK

1.– Hona zein diren sartu ahal izateko balioetsiko direnak:

– Sarrera-proba fisikoak; horien edukia, probetarako inskripzioaren epea iragartzen denean, SHEE/IVEFeko iragarki-taulan argitaratuko da, eta web orrialdean ere bai: www.shee-ivef.com.

– Unibertsitatean sartzeko gaitasun-proben kalifikazioa.

2.– Sarrerako balioetsiko direnak baldintza hauen arabera hartuko dira kontuan.

a) Proba fisikoei buruz.

a.1) Proba fisikoek kalifikazio bakarra izango dute: "GAI" edo "EZ GAI", eta ez da inoiz zenbakizko kalifikaziorik izango. "GAI" kalifikazioa atera beharko da sartu ahal izateko.

a.2) Dena dela, salbuespen gisa eta lehentasun-ordena ezarri behar denean, zenbakizko kalifikaziorik ez dagoela-eta kalifikazio bera izango luketen ikaslegaien kasuan, proba fisikoek zenbakizko kalifikazioa izango dute, talde jakin batzuetarako gordetako plazak esleitu ahal izateko (25 urtetik gorakoak, eta Europako Erkidegoko herrialdeetakoak edo Europako ekonomia-esparrukoak ez direnak).

a.3) Bederatzigarren oinarrian ezarritakoaren arabera, "Goi Mailako Kirolariak" direla egiaztatzen dutenak ez dira proba fisikoak egitera behartuta egongo. Baldintza hori egiaztatzeko hirugarren oinarriaren bigarren paragrafoan aipatutako agiriak aurkeztuko dira.

b) Unibertsitatean sartzeko gaitasun-probei buruz.

b.1) Unibertsitatean sartzeko gaitasun-probak balioesteko, bakar-bakarrik, eskumena duen unibertsitate-agintaritzak ematen duen behin betiko kalifikazioa onartuko da.

b.2) Balioetsiko direnak kontuan hartuta, gehienez jota, 100 puntu izango dira, kalifikazioak parametro bakar horretara egokituko baitira.

b.3) Hogeita bost urtetik gorakoentzako probak gaindituta izateagatik unibertsitaterako sarbide zuzena dutenei, edo aurrez ikusita dagoen beste bide batetik sartzeko asmoa dutenei eta zenbakizko kalifikaziorik ez dutenei, berrogeita hamabosna puntu emango zaizkie kalifikazio orokor gisa.

b.4) Aurkeztutako agirietan zenbakizko kalifikaziorik ez dagoenetan, kalifikazioen batez besteko nota ezartzeko, baremo hau erabiliko da:

Baliozkotuta.– 5,5

Gaindituta.– 5

Oso ongi.– 7

Bikain.– 9

Ohorezko matrikula.– 10

HIRUGARREN OINARRIA
PROBA FISIKOETARAKO IZEN EMATEA

1.– Ikastetxean sartzeko proba fisikoetan parte hartu ahal izateko, agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Proba fisikoetan parte hartzeko eskaera, SHEE/IVEFeko zuzendariari zuzenduta. Eranskinean datorren eredu estandarizatua erabili beharko da.

b) Nortasun agiriaren (NA) fotokopia edo indarrean dagoen pasaportearena.

c) Mediku Elkargoaren inprimaki ofizialean egindako osasun-ziurtagiria, gehienez, ziurtagiria aurkeztu baino bi hilabete lehenago eginda. Bertan, ikaslegaiak gaixotasun infektagarri naiz kutsagarririk ez duela eta proba fisikoak egiteko behar beste baldintza psikofisiko gainditzen dituela egiaztatu beharko da.

d) Proba fisikoetan izena emateko ezarritako 48 euro ordaindu izanaren agiria. Caja Vital-Kutxan ordainduko da kontu korronteko zenbaki honetan: 2097.0111.4900.1500.3096.

e) Elbarriak direla alegatzen dutenek, elbarriak direla egiaztatzen duten agiriak aurkeztu beharko dituzte, bederatzigarren oinarriaren 5) paragrafoan adierazitakoaren arabera.

2.– Goi-mailako kirolariak direla uste dutenek aukera izango dute egoera horri dagozkion agiriak ekartzeko, horretarako jarritako epean, epaimahaiak azter eta egiazta ditzan. Azterketa horren arabera goi-mailako kirolari ez direnek izena eman beharko dute proba fisikoetarako, SHEE/IVEFek ematen dituen ikasketetara sartu ahal izateko.

3.– Maiatzean iragarriko da SHEE/IVEFeko iragarki-taulan, lurraldeetako Kultura Saileko lurralde-zerbitzuetan eta SHEE/IVEFen web orrialdean (www.shee-ivef.com), proba fisikoak egin nahi dituztenek izena emateko epea. Aurrerago, prozedurak iraun bitartean, bide horiexek erabiliko dira aurrerantzean egingo diren jardunen berri emateko. Aurrez ikusi diren epeen kontaketari begira, beti hartuko da kontuan SHEE/IVEFeko iragarki-taulan jarriko den jakinarazpenaren eguna, agiriaren datarekin bat etorriko dena.

4.– Sarrera-probak gainditzeak ez du inolako eskubiderik emango, baldin eta Jarduera Fisiko eta Kirol Zientzietako Soin Hezkuntzako Lizentzia ikasketetan matrikulatzeko baldintzak betetzen ez badira.

LAUGARREN OINARRIA
PROBA FISIKOAK EGITEKO ONARTUTAKOEN ETA BAZTERTUTAKOEN ZERRENDA

1.– Eskaerak aurkezteko epea bukatuta, lehenago adierazitako bideez baliaturik argitaratuko da proba fisikoak egiteko onartutakoen eta baztertutakoen behin-behineko zerrenda, baztertu izanaren zergatia barne. Baztertutakoek, gehienez, hamar egun balioduneko epea izango dute bere bazterketa eragin duten akatsak zuzentzeko.

2.– Adierazitako epea pasa ondoren, akatsak zuzendu ez badira, proba fisikoetan parte hartzeko onartutakoen eta baztertutakoen behin betiko zerrenda jendaurrean argitaratzeko ebazpena emango da. Baztertutakoen eskaera bertan behera utziko da ondorio guztietarako.

Ebazpen horretan, bestalde, proba fisikoak egiteko eguna, ordua eta tokia agertuko dira.

BOSGARREN OINARRIA
PROBA FISIKOEN GARAPENA ETA EBALUAZIOA

1.– Gaitasun-probek ikaslegaien gaitasunak neurtuko dituzte, betiere, ikasketetan eman beharreko irakaspenei begira.

2.– Nahiz eta azkenean "GAI" edo "EZ GAI", hau da, bi irizpideotako bat bakarra erabiliko den ikaslegaia gai den ala ez zehazteko, behar-beharrezkoa izango da, batez beste, 5 puntu ateratzea, proba guztiak batera hartuta. Igeriketan, berriz, gutxienez lau puntu lortu ezean, "EZ GAI" izango da.

3.– Ikaslegaiek, kostuak bere gain hartuta, erabakitako balioespenaren aurka joz gero, nahi adina baliabide tekniko aurkez ditzakete, errekurtsoaren baliagarritasuna erakusteko. Hala ere, probak epaimahaiak bakarrik kalifikatuko ditu, ikaslegai guztientzat irizpide eta elementu tekniko berberak kontuan hartuta.

4.– Proba fisikoak erabakitako egunetan egingo dira, eta ezin izango dira inorentzat atzeratu edo aurreratu, ezta ikaslegairen bat proba fisikoak egin bitartean lesionatzen bada ere.

5.– Epaimahaiak bertan behera utz lezake probaren bat, ustekabeko larriren bat gertatuz gero.

6.– Epaimahai Kalifikatzaileak, proba fisikoak egin behar dituzten pertsonen elbarritasun ezaugarriak kontuan hartuta, baldin eta parte hartzeko eskaeran delako elbarritasuna azaldu eta egiaztatu badute, behar beste erabaki hartuko ditu, gaitasun-probak ikaslegaien baldintza berezietara egokitzeko.

Horretarako, proba fisikoak egin baino lau egun baliodun lehenago, epaimahaiak horren berri emango die probetan parte hartu behar dutenei, eta jendaurrean argitaratuko da lehenago adierazitako bideez baliatuta.

SEIGARREN OINARRIA
ERREKLAMAZIOAK PROBA FISIKOAK EGIN
BITARTEAN

Probak egin bitartean erreklama lezakete ikaslegaiek, eta proben aktan jaso dadin eskatu, gorabehera gertatu eta berehalaxe. Erreklamazioez, gutxienez, epaimahaiko hiru kideren adostasuna lortu ondoren erabakiko da, eta erreklamaziogileari jakinarazi beharko zaio hartutako erabakia, bai eta proba agirian jaso ere.

ZAZPIGARREN OINARRIA
PROBA FISIKOETAKO GAI ETA EZ GAIEN
ZERRENDAK

Proba fisikoak egin ondoren, Epaimahai Kalifikatzaileak jendaurrean argitaratuko ditu ohiko bideez baliatuta proba fisikoetan "GAI" atera duten ikaslegaien behin-behineko zerrendak.

Interesdunek, behin-behineko zerrenda horien aurka, erreklamazioa aurkez diezaiokete epaimahaiko buruari, hiru egun balioduneko epean, jendaurrean jarriz geroztik. Kide anitzeko organo honek ebazpena emango du erreklamazioez, epea pasatu ondorengo hiru egun balioduneko epean, eta jendaurrean jarriko ditu proba fisikoak gainditu dituzten pertsonen behin betiko zerrendak.

ZORTZIGARREN OINARRIA
SHEE/IVEFEKO 2004-2005 IKASTURTERAKO
ONARPENA

1.– Proba fisikoak gainditu dituzten pertsonen zerrendak argitaratu ondoren, epe bat zabalduko da SHEE/IVEFen, 2004-2005 ikasturtean, sartu nahi duten ikaslegaiek agiri hauek aurkez ditzaten:

– SHEE/IVEFen, 2004/2005 ikasturtean onartua izateko eskaera-idazkia. Inprimakia ikastetxeko idazkaritzan jasoko da.

– Dagokion unibertsitateko agintaritzak azken kalifikazio akademikoaz egindako formazko agiria, bederatzigarren oinarrian ezarritakoarekin bat etorrita.

– Kasuaren arabera, berariazko agiriak, dagokion oinarriaren arabera aurkeztu behar dituztenak, dagokien sarrera-formularekin bat etorrita.

Agiri horiek aurkezteko epe-hasiera eta -iraupena lehenago adierazitako bideez baliatuta jakinaraziko da. Dena dela, toki horietan jakinarazten denetik, gutxienez, 10 egun balioduneko epea izango da.

2.– Aurreko idatz-zatiak aipatzen duen epea bukatutakoan, Epaimahai Kalifikatzaileak SHEE/IVEFeko 2004-2005 ikasturterako onartutakoen eta baztertutakoen taldeen behin-behineko zerrendak, baztertutakoen zergatia barne, jasotzen dituen ebazpena emango du. Interesdunek, behin-behineko zerrenda horien aurka, erreklamazioa aurkez diezaiokete epaimahaiko buruari, bost egun balioduneko epean, jendaurrean jartzen direnetik hasita. Kide anitzeko organo honek ebazpena emango du erreklamazioez, hurrengo bost egun balioduneko epean.

3.– Epaimahaiaren behin betiko ebazpenaren aurka, gorako errekurtsoa aurkez dakioke Soin Hezkuntzako Euskal Erakundeko Zuzendaritza Batzordeko buruari, hilabeteko epean, SHEEko iragarki-taulan jartzen denetik hasita, gorago adierazi diren beste jakinarazpen-bideetan argitaratzea eragotzi gabe.

4.– 69/2000ko Errege Dekretuarekin bat etorrita, ekaineko deialdian tokiak bete ezean, orduan bakarrik, toki horiek deialdi berezian unibertsitate-ikasketetarako sarrera gainditu duten ikaslegaiekin beteko dira.

BEDERATZIGARREN OINARRIA
ONARPENERAKO AURKEZTU BEHARREKO
AGIRI AKADEMIKOAK

1.– Hautespen-taldea.

Hautespen-bidetik etorriz gero, unibertsitatean sartzeko gaitasun-probak gainditu izanaren egiaztagiria, kalifikazio eta guzti.

Unibertsitatean sartzeko gaitasun-probak deialdi berezian gainditzen dituztenek bere kalifikazioa aurkeztu beharko dute, unibertsitateak kalifikazioak argitaratu eta hiru egun balioduneko epean. Edonola ere, talde hori tokien erabilgarritasunaren mendean egongo da, 8. oinarriaren 4. paragrafoan ezarritakoaren arabera.

2.– 25 urtetik gorakoentzako taldea.

Ikaslegaiak 25 urtetik gorakoentzako proben bidetik etorriz gero, unibertsitateak bertan sartzeko antolatutako gaitasun-probak gainditu izanaren egiaztagiria.

3.– Beste ikasketa batzuk: Atzerriko Tituluak, Jarduera Fisiko eta Kirol Jarduerak Sustatzeko Goi Mailako Teknikariaren Titulua eta Heziketa Fisikoko Irakasle Ikasketak.

Ikaslegai horiek unibertsitateko tituluaren edo unibertsitatean zuzen sartzeko bide zuzena ahalbidetzen duen egiaztagiri baliokidea aurkeztu beharko dute, batez besteko zenbakizko kalifikazioa ere aurkeztuta, halakorik badin badago.

4.– Goi-mailako kirolariak.

Lehenago eskatutako agiriez gainera, ikastetxera sartzeko asmoa duen taldearen arabera, SHEE/IVEFen goi-mailako kirolari gisa sartu nahi duten ikaslegaiek goi-mailako kirolari izan behar dute, Eusko Jaurlaritzak eta/edo Kirolaren Goi Kontseiluak ezarritako xedapenekin bat etorrita. Eta, azken kasu horretan, dagokion agiri ofiziala aurkeztu beharko dute (Hirugarren oinarriaren bigarren paragrafoan ezarritakoari jarraituz aldez aurretik egiaztatua izan ezik).

5.– Elbarritasuna aitortuta duten pertsonak.

Lehenago eskatutako agiriez gainera, ikastetxera sartzeko asmoa duen taldearen arabera, SHEE/IVEFen eskakizun horrekin sartu nahi duten ikaslegaiek, baldin eta proba fisikoetan izena ematerakoan egin ez badute, dagokien Foru Aldundiko Balorazio eta Orientazio Zentroak (BOZ)egindako egiaztagiria, Euskal Autonomia Erkidegokoak direnen kasuan; edo eskumena duen erakundeak egindakoa, beste lurraldeetatik etorritakoek. Talde honetakoek, egiaztatu dituzten ezaugarriak izanda ere, SHEE/IVEFen ikasketa-plana gauzatzeko gai izan behar dute.

HAMARGARREN OINARRIA
TOKI-KOPURUA ETA HORIEN ESLEITZEA

Toki kopurua eta horien esleitzea honela gauzatuko da:

1.– 63 toki, 2. oinarrian adierazitako behin betiko kalifikazioan punturik gehien lortu dituzten ikaslegaientzat.

2.– 19 toki, bere taldean puntu gehien lortu dituzten ondorengo taldeetako ikaslegaientzat:

a) 3 toki, unibertsitatean sartzeko 25 urtetik gorakoentzako probak gainditu dituztenentzat.

b) 3 toki, unibertsitatean sartzeko bide zuzena ematen duen titulazio akademikoa duten ikasleentzat.

c) 3 toki, Jarduera Fisiko eta Kirol Jarduerak Sustatzeko goi-mailako teknikariaren titulua dutenentzat.

d) 6 toki, goi-mailako kirolarientzat.

e) 2 toki, Europako Erkidegokoak eta Europako ekonomia-esparrukoak ez diren pertsonentzat. Bi toki horiek 69/2000 Errege Dekretuaren 15. artikuluak ezarritakoarekin bat etorriko dira.

f) 2 toki, elbarritasun-izaera legala onartuta dutenentzat.

3.– Aurreko idatz-zatietan azaldutako tokiez gainera, lehen zikloan ikasketak hasi behar dituztenentzat direnak, beste 10 toki izango dira Irakasle Eskolako Heziketa Fisiko Diplomatura dutenentzat, bigarren zikloko ikasketak egin ditzaten.

4.– Bigarren idatz-zatian aurrez ikusitako tokiak betetzen ez badira, e) eta f) paragrafoetan aurrez ikusitakoak izan ezik, 1. paragrafoan aurrez ikusitakoei gehituko zaizkie.

5.– Goi-mailako kirolariak direla onartuta duten pertsonek ikastetxean bide arruntetik sartzeko, unibertsitate-ikasketetan nota nahikoa dutela egiaztatu dutenean, bide horretakoentzako matrikula egingo du. "Goi-mailako kirolariak" direnentzako aurrez ikusitako toki-kopurua ez da aldatuko.

6.– Epaimahai Kalifikatzaileak gehitu dezake toki-kopurua, salbuespen gisa, baldin eta, hautatzeko irizpideetan, sarbideko talde bakoitzeko azken tokian berdinketarik badago.

HAMAIKAGARREN OINARRIA
MATRIKULAZIOA

Onartutako pertsonek SHEEko zuzendariak ezartzen duen epearen barruan matrikulatu behar dute. Epe hori jendaurrean agertuko da onartutakoen zerrendekin batera. Epea, ahal den neurrian, Euskal Herriko Unibertsitateak dituen epe orokorretara egokituko da.

Ezarritako epean ez matrikulatzeak esan nahiko du tokiari uko egiten zaiola, SHEE/IVEF toki horretaz balia daitekeela, eta lortutako emaitza ez dela gordeko SHEE/IVEFen ikasteko antolatzen den beste hautapen-prozesu baterako.

Matrikulatzeko epean, onartutakoren batek bere lekuari utzi edo uko eginez gero, lekua hutsik geratutako talde horretan bertan, eta behin betiko zerrendetan agertzen den hurrenkerari jarraituz, hasieran kanpoan utzi diren ikaslegaiei deitu dakieke.

HAMABIGARREN OINARRIA
PROZEDURARAKO ETA AKATSAK ZUZENTZEKO EPEAK

Deialdi honek, gehienez ere, sei hilabeteko epean ebatzita egon behar du, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita. Deialdia epe horren barruan ebatzita egongo ez balitz, ebatzi beharra egon badagoen arren, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen 44.1 artikuluak aurrez ikusitako ondorioak izango ditu.

Prozedura bideratu bitartean, edozein alditan delarik, aurkeztutako agiriek eragingarri izateko baldintza formalak betetzen ez dituztela ikusten denean, dagokion pertsonari eskatuko zaio, hamar egun balioduneko epean akatsa zuzen dezan, edo behar diren agiriak aurkez ditzan. Horrekin batera, jakinaraziko zaio, egindako eskaerari erantzuten ez badio, behar bezala dokumentaturik dauden zirkunstantziak eta agiriak kontuan hartuko direla bakarrik.

Halaber, eskatzailearen eskaera baliorik gabe utziko litzateke, eskatutako agirien akatsak zuzenduta ez baleude, eta horrela balegokio, SHEE/IVEFeko zuzendariak emandako administrazio-ebazpenaren bitartez, administrazio-jardunbide orokorrean aurrez ikusita dagoen moduan.

HAMAHIRUGARREN OINARRIA
EPAIMAHAI KALIFIKATZAILEA

1.– Sarrera-prozedura kalifikatzeko epaimahaia era honetan egongo da osaturik:

– Epaimahaiburua: SHEE/IVEFeko zuzendaria edo, beste pertsona bat, zuzendariak ardura haren esku uzten badu. Pertsona horrek prozeduran dauden bozketetan kalitatezko botoaz baliatzeko gaitasuna izango du.

– Epaimahaikideak eta idazkaria: ikastetxeko Zuzendaritza Akademikoko kideak. Haietatik idazkari akademikoak egingo ditu idazkari-lanak; eta, horretarako, SHEE/IVEFeko langile teknikarietakoren batek lagun diezaioke.

2.– Epaimahaiak beharrezkotzat jotzen dituen erabaki guztiak har ditzake, SHEEko ikasleen sarrera-proben garapena eta gauzatzea behar bezalakoak izan daitezen. Horrenbestez, lan horietarako, beharrezkoak diren aholkularitza eta laguntza teknikoa emango dioten aholkulariak hartzea erabaki dezake.

3.– Epaimahaiaren osaera eta erabakiak hartzeko moduak behar bezala gertatzeko, kide anitzeko organoak direla eta, indarrean dagoen araudian, Administrazio Jardunbideari buruzkoa eta azaroaren 26ko 30/1992 Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legeari buruzkoa errespetatuko dira.

Vitoria-Gasteiz, 2004ko martxoaren 31.

Zuzendaritza Batzordeko burua,

MIREN AZKARATE VILLAR.


Azterketa dokumentala