85. zk., 2004ko maiatzaren 7a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
Xedapen Orokorrak
Nekazaritza eta Arrantza Saila
2350
42/2004 DEKRETUA, martxoaren 2koa; honen bidez, behien entzefalopatia espongiformea (BSE) antzemateko test azkarra egindakoan positibo eman duen kanalaren hilketa-kate bereko aurre-aurreko kanala, ondorengo biak eta hortik datozen azpi-produktuak galtzearren emango diren kalte-ordainak ezartzen dira.
Europako Parlamentuak eta Kontseilu Europarrak 2001eko maiatzaren 22an emandako Araudian (EK-999/2001 zk.) ezarri ziren entzefalopatia espongiforme kutsagarri batzuk prebenitzeko, kontrolatzeko eta desagerrarazteko xedapenak, eta, geroago, Kontseiluak 2003ko ekainaren 27an emandako Araudia (EK-1139/2003 zk.) oinarri hartuta, honako hau erabaki zen III. eranskinean, I. 6.5 kapituluan: gizakiak kontsumitzekoa den animalia hildakoan, egiten zaizkion probetan positibo ematen duela ikusten bada, suntsitu egingo da positibo emandako kanal hori, eta, horrekin batera, hilketa-kate berean, gutxienez, aurre-aurreko kanala eta ondorengo biak ere bai.
Betekizun hori Europako Batzordeak ekainaren 22an emandako Araudian (EK-1248/2001 zk.) sartu zuen, eta, era horretara, zati batean aldatu zuen gorago aipatutako EK-999/2001 Araudia. Ondoren, betekizuna jasota geratu zen azaroaren 27ko 329/2001 Dekretuko 27. artikuluaren zazpigarren idatz-zatian, horren bidez ezarri baitziren haragitarako azienden entzefalopatia espongiforme kutsagarriak prebenitzeko, zaintzeko eta kontrolatzeko neurriak (gerora, urriaren 21eko 257/2003 Dekretuaz aldatu zen). Dena dela, esan behar da, Dekretu horren arabera, Osasun Sailak atzera bota lezakeela aipatutako behi-kanalak suntsitu beharra, baldin eta hiltegiak egiaztatzen badu kanalen arteko kutsadura saihesteko sistemaren bat baduela, baina, dena dela, ohitura legez, aurre-aurreko kanala eta ondorengo biak ere suntsitu egiten dira, elkarren artean kutsatzeko inolako arriskurik egon ez dadin.
Halaber, EK-999/2001 Araudiaren 13.4 artikuluan ezartzen denez, jabeei, abereak hil behar izan badituzte, edo animalia horiengandik etorritako produktuak suntsitu behar izan badituzte, kalte-ordaina ordaindu behar zaie berandutzarik gabe, halaxe ezarrita baitago 12. artikuluko 2. paragrafoan eta artikulu honetako 1. paragrafoko a) eta c) idatz-zatietan.
Euskal Autonomia Erkidegoan, probetan positibo eman duten kanalak suntsitzearren, kalte-ordainak ematen dira foru-aldundien bitartez, lurralde historikoei baitagokie animalien ekoizpen- eta osasun-arloak garatzea eta burutzea. Ez da, ordea, gauza bera gertatzen hilketa-kate bereko aurre-aurreko kanalarekin eta ondorengo biekin; aipatutako horiek ez dira suntsitzen aberea gaixo dagoelako, kutsatzeko egon litekeen arrisku oro ezabatzeko baizik, ezin da-eta erabat baztertu kanal horiek eta beren azpi-produktuak ere kutsatuta ez daudenik, esan dugunez, animalia horiek hilketa-kate berean hil dituzte-eta entzefalopatia espongiformea (BSE) antzemateko test azkarra eginda positibo eman duen aberearekin batera.
Ildo horretatik, beharrezko ikusten da kanal horien galera arintzeko kalte-ordainak ezartzea, horretarako, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan diru-atal bat zuzenduta.
Dekretu hau osatzerakoan, aholkua eskatu zaie bai foru-aldundiei, bai nekazaritza-arloko erakunde profesionalei, baita sektore horietako elkarteei ere.
Beraz, Nekazaritza eta Arrantza sailburuak halaxe proposatuta, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2004ko martxoaren 2an egindako bileran gaia aztertu eta onartu ondoren, hauxe
XEDATU DUT:
1. artikulua.– Xedea.
1.– Euskal Autonomia Erkidegoan, gizakiak kontsumitzekoa den animalia hildakoan (betiere, Euskal Autonomia Erkidegoan dauden eta baimen egokia duten hiltegietan hildako animaliez ari garelarik), entzefalopatia espongiformea (BSE) antzemateko test azkarra eginda positibo eman duen abereaz gainera suntsitu beharreko kanalak (alegia, hilketa-kate bereko aurre-aurretik joan den kanala eta ondoren datozen hurrengo biak) eta hortik eratorriko produktuak suntsitu eta galtzearren, abere horien jabeei kalte-ordainak emateko modua arautzea, horixe da dekretu honen xedea.
2.– Aipatutako kanal horiek eta horietatik eratorritako produktuak suntsitu behar direla ezarrita dago, batetik, azaroaren 27ko 329/2001 Dekretuko 27. artikuluaren zazpigarren idatz-zatian, horren bidez ezarri baitziren haragitarako azienden entzefalopatia espongiforme kutsagarriak prebenitzeko, zaintzeko eta kontrolatzeko neurriak (gerora, urriaren 21eko 257/2003 Dekretuaz aldatu zen), eta, bestetik, Europako Parlamentuak eta Kontseilu Europarrak 2001eko maiatzaren 22an emandako EK-999/2001 Araudiaren III. eranskineko A kapituluko I. ataleko 6.5 puntuan, hor ezarri ziren-eta entzefalopatia espongiforme kutsagarri batzuk prebenitzeko, kontrolatzeko eta desagerrarazteko xedapenak.
2. artikulua.– Onuradunak eta betekizunak.
Dekretu honetan ezarritako laguntzak jaso litzakete, entzefalopatia espongiformea (BSE) antzemateko test azkarra eginda, positibo eman duen kanalaren aurre-aurretik joan den kanalaren eta/edo ondoren datozen hurrengo bien jabeek, betiere, honako betekizun hauek beteta:
a) Nekazaritza-ustiategiak direnean, Euskal Autonomia Erkidegoan egon behar dute kokatuta, eta, gainera, foru-aldundiek kudeatzen duten nekazaritza-ustiategien erregistroan ere egon behar dute behar bezala inskribatuta, bakoitzak dagokion erregistroan.
b) Nekazaritza-industriak direnean, Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritzako elikagaien industrien erregistroan egon beharko dute alta emanda.
c) Betiere, abereak Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritza-ustiategi batekoa izan behar du, eta ustiategiak EAEko nekazaritza-ustiategien erregistroan egon behar du behar bezala inskribatuta.
3. artikulua.– Finantzaketa eta laguntzen zenbatekoa.
1.– Diru-laguntza hauek emateko erabiliko diren diru-baliabideak beren aurrekontu-kreditutik etorriko dira, berariaz horretarakoxe baitago ezarrita Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan. Aurrekontu-ekitaldi bakoitzean guztira emango den diru-kopurua ez da inoiz izango ez goiko diru-atal hori baino handiagoa, ez eta, aurrekontu-atalen artean dauden loturak erabilita, edo aurrekontuan aldaketak onartuta, legearen arabera jatorrizko diru-saila eguneratuz sor litekeen kopurua baino handiagoa ere. Aurrekontua aldatzekotan, horren berri eman beharko du Nekazaritza eta Landa Garapeneko sailburuordeak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian horretarako ebazpena emanda.
2.– Urtero, ekitaldiko lehen hiru hilabeteen barruan, Nekazaritza eta Arrantza sailburuak Agindua emango du, eta, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuta, neurri hori betetzen erabiliko den kopuru osoaz gainera, aplikatu beharreko baremoa ere ezarriko du, dagokion ekitaldian ematekoak diren kalte-ordainetan bakoitzari dagokion diru-kopurua kalkulatzeko, betiere, Lehen, Bigarren, Hirugarren eta Laugarren Xedapen Iragankorretan 2004. eta 2003. ekitaldietarako ezarritakoaren aurka joan gabe.
3.– Kalte-ordainak emateko baremoan, kanala bera ordaintzeaz gain, honako hauek ere sartuko dira: abere-hilketa, kanalak eta bere azpi-produktuak dagokion lekura eramateko eta suntsitzeko gastuak eta konfiskatutako larruaren balioa.
4.– Kanala baimendutako transformazio-industria batera eraman behar denean (gero han suntsitu dezaten), edo suntsipen-industria batera eraman behar denean, kanala konfiskatu eta tindatzen den une horretan indarrean dagoen baremoa, horixe izango da kalte-ordaina kalkulatzeko erabiliko dena, eskaera noiz aurkeztu den alde batera utzita.
4. artikulua.– Bateragarritasuna eta kalte-ordainak.
1.– Dekretu honen bitartez emango diren kalte-ordainak itzuli beharrik ez duten diru-laguntzak izango dira.
2.– Dekretu honetan ezarritako kalte-ordainak ez dira bateragarri izango beste edozein administrazio edo erakunde publiko zein pribatutatik helburu berbererako jaso litekeen diru-laguntza, baliabide, diru-sarrera edo beste edozein eratako laguntzekin.
5. artikulua.– Eskaerak.
1.– Kalte-ordaina jasotzeko eskaerak dekretu honen I. eranskinak dakarren ereduari jarraituz bete behar dira, eta Nekazaritza eta Abeltzaintza zuzendariari zuzenduta, Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Arrantza Saileko Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzan aurkeztu behar dira. Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan zehaztutako lekuetan eta han ezarritako eran ere aurkez daitezke, lege hori urtarrilaren 13ko 4/1999 legeak aldatu zuela aintzat hartuta.
2.– Eskabidea hiru hilabeteko epean aurkeztu behar da, kanala baimendutako transformazio-industria batera eramateko (gero han suntsitu dezaten), edo suntsipen-industria batera eramateko, kanala konfiskatu eta tindatzen den une horretatik hasita. Adierazitako hori horrela izanda ere, 2003ko urtarrilaren 1etik aurrera eta dekretu hau argitaratu arte konfiskatu diren kanalen jabeei zuzenduta, dekretu honen Hirugarren Xedapen Iragankorrean ezarritakoa errespetatu behar da.
3.– Dekretu honen I. eranskinak dakarren eskaera-inprimakiarekin batera, honako dokumentazio hau ere aurkeztu behar da:
a) Eskaera-egilearen NANaren fotokopia, edo, hala badagokio, IFKarena.
b) Legezko ordezkaria bada, NANaren fotokopia eta legezko ordezkaria dela frogatzeko dokumentazioa.
c) Eskaera-egilea nekazaritza-industria bat bada, Euskal Autonomia Erkidegoko Nekazaritzako Elikagai Industrien Erregistroan alta emanda dagoela frogatzeko egiaztagiria.
d) Behi-azienda identifikatzeko agiriaren fotokopia, kalte-ordaina eskatzeko zio diren animaliei dagokiena, eta lurraldean lurraldeko foru-aldundiko Abeltzaintza Zerbitzuak emana.
e) Kanala erabat konfiskatu dela egiaztatzeko ziurtagiria, Osasun Publikoko Albaitaritza Zerbitzuak emana; hor adierazi behar da kanala tindatu dela, eta baimendutako transformazio-industria batera (gero han suntsitu dezaten), edo baimendutako suntsipen-industria batera eraman dela.
f) Konfiskatutako abereari jatorriz dagokion ustiategia Euskal Autonomia Erkidegoko Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan inskribatuta dagoela egiaztatzeko txartelaren fotokopia.
g) Hiltegian emandako ziurtagiria, ondorengo datu hauek guztiak bertan jasota daudela:
– Aberearen belarritakoaren zenbakia.
– Arraza.
– Espeziea.
– Sexua.
– Kanalaren pisua, egurastu ondoren.
– Kanalaren sailkapena.
– Entzefalopatia espongiformea (BSE) antzemateko test azkarra eginda positibo eman duen aberearen hilketa-zenbakia, baita kalte-ordaina eskatzeko arrazoi den animaliarena edo animaliena ere.
– Abeltzainaren eta abereak hiltegira eramateko arduradunaren izena, helbidea eta NAN/IFZ.
h) Hirugarrenaren Kodean alta emanda dagoela erakusteko inprimaki ofiziala, dekretu honen II. eranskinean dagoen eredu normalizatuaren araberakoa.
i) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak beteta eta eguneratuta dituela egiaztatzeko ziurtagiria.
4.– Aurkeztutako eskaeran akats, hutsune edo okerren bat dagoela ikusiz gero, Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzak eskaera egin duenari jakinaraziko dio horren berri, eta hamar eguneko epea emango dio zuzendu beharrekoa zuzen dezan. Epe hori igarota, egin beharreko zuzenketak egin ez badira, eskabidea bertan behera geratu dela adierazteko ebazpena emango da, azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 42. artikuluan ezarritako arauei jarraituz (Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legea).
5.– Aurrekoez gainera, Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzak bere iritziz beharrezko den informazio eta dokumentazio osagarri guztia eska dezake.
6. artikulua.– Kudeaketa.
1.– Dekretu honetan araututako diru-laguntzak kudeatzeko organo eskuduna Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza izango da.
2.– Eskaera egin duten guztiei emango zaie kalte-ordaina, eskabideak zein ordenatan aurkeztu diren, hurrenkera horretan, betiere, dekretu honetan ezarritakoa eta dekretua garatzeko eta betetzeko arauetan xedatutakoa betetzen badute. Hemen aipatutako xede hori betetzera zuzendutako funtsak bukatzen badira, ekitaldi horretan etenda geratuko da kalte-ordainak emateko bide hori. Horrelakorik gertatzekotan, horren berri eman beharko du Nekazaritza eta Landa Garapeneko sailburuordeak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian horretarako ebazpena emanda.
3.– Dekretu honetan ezarritako baldintzak bete arren, kalte-ordaina jaso gabe geratu, eta, horretara zuzendutako aurrekontu-saila amaitu delako, ezetsi egin behar izan diren eskaerak, hurrengo ekitaldirako geratuko dira; hurrengo ekitaldi horretan, beraz, erantzungo zaie eta lehentasuna izango dute gainera, ekitaldi horretan aurkeztutako gainerako eskaeren aurretik; hori bai, kalte-ordaina jasotzeko beste eskaera bat aurkeztu beharko dute. Dena den, ez da beharrezkoa izango 5. artikuluaren 3. paragrafoan eskatutako dokumentazioa berriz ere aurkeztea, lehen eskaera egiterakoan dokumentazio hori aurkeztu bazen.
7. artikulua.– Ebazpena.
1.– Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzari dagokio kalte-ordainak jasotzeko eskaerak emango diren ala ukatuko diren ebaztea.
2.– Ebazpena, gehienez jota, sei hilabeteko apean eman eta jakinaraziko da, eskaera aurkeztu zen egunetik hasita. Epe hori igarota, esanbidez ebazpenik egon ez bada, eskabidea ezetsi egin dela ulertu behar dute interesatuek, hala ezarrita baitago Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 43. artikuluan.
3.– Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzak kalte-ordainak eman edo ukatzeko emandako ebazpenaren aurka interesatuek gora jotzeko errekurtsoa aurkez lezakete, Nekazaritza eta Landa Garapeneko sailburuordeari zuzenduta, hilabeteko epean, ebazpen horren jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik hasita, edo, bestela, hiru hilabeteko epean, administrazioaren isiltasunak ondorioak izan dituen egunaren biharamunetik hasita, betiere, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114 eta 115. artikuluetan. Ezarritakoaren arabera.
4.– Urtero, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da kalte-ordain hauek jasoko dituzten onuradunen zerrenda, bakoitzari emango zaion kopurua ondoan zehaztuta dagoela.
5.– Dekretu honek arautzen dituen kalte-ordainak onuradunei esleitu, eta, hala badagokio, ordaindu aurretik, buruturik egon behar dira Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorrak edo haren erakunde autonomoek antzeko laguntzak edo diru-laguntzak onuradun horiei itzularazteko edo haien zioz zehapenak ezartzeko oraindik izapidetze-fasean dauden prozedura guztiak.
8. artikulua.– Ordainketa.
Ordainketa bakar bat eginda emango da kalte-ordaina, hamabost eguneko epea igaro ondoren, kalte-ordaina onartu (edo kalte-ordaina onartzeko gehienez jota emandako epea igaro) eta hurrengo egunetik kontatzen hasita.
9. artikulua.– Onuradunaren betebeharrak.
Dekretu honetan araututako kalte-ordainen onuradunek, egoera edozein dela ere, honako betekizun hauek izango dituzte:
a) Emandako kalte-ordaina onartu behar dute. Ildo horretan, hamabost eguneko epean, kalte-ordaina eman izanaren jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik hasita, onuradunek berariaz eta idatziz laguntzari uko egiten ez badiote, kalte-ordaina onartu egin dutela ulertuko da.
b) kalte-ordaina emateko oinarri den egoeran egon behar dute onuradunek, eta kalte-ordaina jaso ahal izateko bete beharreko baldintzak eta betekizunak betetzen dituztela justifikatu behar diote Nekazaritza eta Arrantza Sailari.
c) Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Arrantza Sailak egin behar dituen egiaztapen-jardunak oztoporik jarri gabe onartu behar dituzte onuradunek, eta, horrez gain, Kontrol Ekonomikoko Bulegoak edota Herri Kontuen Euskal Epaitegiak, dekretu honi jarraituz emandako kalte-ordainak direla-eta, beren kontrol-lan horretan eskatzen dieten informazio guztia eman behar diete.
d) Kalte-ordaina emateko orduan kontuan hartu ziren egoera edo gorabehera objektibo nahiz subjektiboetan edozelako aldaketak egonez gero, horren berri jakinarazi behar diote onuradunek Nekazaritza eta Arrantza Sailari.
e) Behien entzefalopatia espongiformearen (BSE) arloan aplikagarri diren arauak eta animalien osasun-arloan indarrean diren gainerako araudiak bete behar dituzte onuradunek.
10. artikulua.– Laguntza emateko baldintzetan aldaketak gertatzea.
Kalte-ordainak emateko orduan kontuan hartu ziren baldintzetan edozein aldaketa izanez gero, Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzak kalte-ordainak emateko ebazpena aldatu ahal izango du, betiere, dekretu honetan eta dekretua garatzeko arauetan kalte-ordainen onuradun izateko ezarritako gutxieneko baldintzak betetzen badira. Halaxe izango da, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako testu bateginaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Ogasun Nagusiaren Antola Arauei buruzko Legeko 49.2 artikuluan xedatutakoari jarraituz.
11. artikulua.– Baldintzak ez betetzea eta dirua itzultzea.
1.– Kalte-ordainaren onuradunak, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoaren arabera, jasota dituen zenbatekoak itzuli beharko ditu, baita laguntza ordaindu zenetik legez dagozkion interesak ere, baldin eta honako dekretu honetan, dekretua garatzeko aginduetan edo laguntza emateko ebazpenean zein ezar daitezkeen gainontzeko arauetan finkatutako baldintzetakoren bat edo betekizunetakoren bat betetzen ez badu, edo, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako testu bateginaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 53.1 artikuluan ezarritako ez-betetze egoeretakoren batean sartzen bada.
2.– Dirua itzultzeko espedienteak Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzak hasi, tramitatu eta ebatziko ditu, betiere, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan oro har ezarritako prozeduraren arabera.
XEDAPEN GEHIGARRIA
Europar Batasuneko araudiak, animalien gaixotasunen aurkako jardun-esparruan, animaliak galtzearren kalte-ordainak eman behar direla ezartzen badu, eta kalte-ordain hori ordaintzea, egitura-dekretuaren arabera, Nekazaritza eta Arrantza Sailari badagokio, orduan, Nekazaritza eta Arrantza sailburuak kalte-ordainak emateko baldintzak ezarri ahal izango ditu, nekazaritza-arloan estatuak laguntzak emateari buruzko Europako jarraibideen 11.4 idatz-zatian adierazitakoa oinarri hartuta (2000ko otsailaren 1eko EEAO-C 28/2, 2000/C 28/02 jarraibideak).
XEDAPEN IRAGANKORRAK
Lehena.– Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretako aurrekontu-kredituan 2004ko ekitaldirako erabilgarri dagoen kopurua Hamar mila eta zortziehun (10.800) eurokoa da.
Bigarrena.– Kalte-ordainak zenbatekoak izango diren kalkulatzerakoan erabiliko den baremoa ondorengo hauxe izango da 2004ko ekitaldiari dagokionez:
SAILKAPENA	KALTE-ORDAINA euro/kg (egurastuta)
A atala (24 hiletik beherako arrak, zikiratu gabeak)	3,95 euro	
E atala (emeak, umerik egin gabeak)	4,26 euro	
C eta B atala (idiak eta zezenak)	2,51 euro	
DU eta DR atala (emeak, umea egindakoak)	3,23 euro	
DO atala (emeak, umea egindakoak)	2,82 euro	
DP atala (emeak, umea egindakoak)	1,49 euro	
C atala (24 hiletik beherako arrak, zikiratuak)	4,05 euro	
Hirugarrena.– Baimendutako transformazio-industria batera eramateko (gero han suntsitu dezaten), edo suntsipen-industria batera eramateko, 2003ko urtarrilaren 1etik aurrera dekretu hau argitaratu bitartean konfiskatu eta tindatu diren kanalen jabeek hiru hilabeteko epea izango dute, dekretua argitaratzen den egunetik hasita, eskabideak aurkezteko.
Laugarrena.– Ondorengo baremo hau erabiliko da 2003. urtean konfiskatu eta tindatu diren kanalak direla-eta emango diren kalte-ordainak zehazteko, betiere, 3. artikuluko 4. paragrafoan ezarritakoa aintzat hartuta, eta Hirugarren Xedapen Iragankorrean xedatutakoa betetzearren:
SAILKAPENA	KALTE-ORDAINA euro/kg (egurastuta)
A atala (24 hiletik beherako arrak, zikiratu gabeak)	3,70 euro	
E atala (emeak, umerik egin gabeak)	4,00 euro	
C eta B atala (idiak eta zezenak)	2,30 euro	
DU eta DR atala (emeak, umea egindakoak)	3,00 euro	
DO atala (emeak, umea egindakoak)	2,60 euro	
DP atala (emeak, umea egindakoak)	1,30 euro	
C atala (24 hiletik beherako arrak, zikiratuak)	3,80 euro	
AZKEN XEDAPENA
Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean.
Vitoria-Gasteizen, 2004ko martxoaren 2an.
Lehendakaria,
JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.
Nekazaritza eta Arrantza sailburua,
GONZALO SÁENZ DE SAMANIEGO BERGANZO.
I. ERANSKINA, MARTXOAREN 2KO 42/2004 DEKRETUARENA; DEKRETU HORREN BIDEZ, BEHIEN
ENTZEFALOPATIA ESPONGIFORMEA (BSE) ANTZEMATEKO TEST AZKARRA EGINDAKOAN POSITIBO EMAN DUEN KANALAREN HILKETA-KATE BEREKO AURRE-AURREKO KANALA, ONDORENGO BIAK ETA
HORTIK DATOZEN AZPI-PRODUKTUAK GALTZEARREN EMANGO DIREN KALTE-ORDAINAK EZARTZEN DIRA.
KALTE-ORDAINA ESKATZEKO INPRIMAKIA
ERREGISTROKO SARRERA-EGUNA:
ESKAERA-EGILEA: 	
NAN ZK.: 	..............
SOZIETATEAREN IZENA:	
(eskabide-egilea sozietatearen ordezkaria bada)
.............................. IFZ/IFK:...........................
NEKAZARITZA-USTIATEGIAREN IZENA: 	
NEKAZARITZA-USTIATEGIEN ERREGISTROKO INSKRIPZIO-ZK.:.............................. IFZ/IFK: ..............................
HELBIDEA: 	
UDALERRIA: 	................... LURRALDEA:.............................................
P.K.: 	........................ TELEFONOA:
FAX ZK.: 	..................... E-MAIL:
ESKAERA: ___________AREN ______KO __/2004 DEKRETUAN EZARRITAKO KALTE-ORDAINA JASO NAHI DU ESKAERA-EGILEAK; DEKRETU HORREN BIDEZ EZARTZEN BAITIRA BEHIEN ENTZEFALOPATIA ESPONGIFORMEA (BSE) ANTZEMATEKO TEST AZKARRA EGINDAKOAN POSITIBO EMAN DUEN KANALAREN HILKETA-KATE BEREKO AURRE-AURREKO KANALA, ONDORENGO BIAK ETA HORTIK DATOZEN AZPI-PRODUKTUAK GALTZEARREN EMANGO DIREN KALTE-ORDAINAK.
LEKUA: .............................(e)n
EGUNA: 200.................aren ......(e)an.
SINADURA (eskaera-egilearena/legezko ordezkariarena)
Norberaren Datuen Babeserako abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan ezarritakoari jarraituz, automatizatutako fitxategi batean jaso ahal izango dira datuak, kudeaketa hobea izan dadin; informazio hori Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Arrantza Sailak izango du erabilgarri. Eskaera-egileak berariaz baimena ematen du datu pertsonal horiek osorik zein zati batean erabili ahal izan daitezen, betiere, Nekazaritza eta Arrantza sailburuaren 2002ko abenduaren 16ko Aginduan datuen erabileraz eta helburuez ezartzen denaren arabera, agindu horren bitartez arautu baitziren Nekazaritza eta Arrantza Sailak kudeatzen dituen Norberaren Datuei buruzko fitxategi automatizatuak (gerora, 2003ko uztailaren 14ko Aginduak eraldatu zuen aurrekoa). Interesatuek eskubidea dute beren datuak ikusteko, zuzentzeko, baliogabetzeko edo aurkatzeko, eta eskubide hori baliatu lezakete Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Arrantza Saileko Zerbitzu Orokorretako Zuzendaritzan, horixe baita datuen tratamenduaz arduratzen dena (helbidea: Donostia- San Sebastian kalea 1, 01010; Vitoria- Gasteiz).